Erle langileak 1,5 cm inguruko erle eme antzuak dira- Erle emea, genetikoki diploidea, antzua eta erlauntzeko eta kanpoko lan guztiak egiten dituena. Erladiko erle motarik ugariena da, uda aldean erlauntz bakarrean 60.000 buru izatera iritsi daitezke (10.000 eta 60.000 artean). Taldearen iraupenerako eginkizunak bere gain hartzen dituzte: argizarizko abaraskak egin, jaioberriak elikatzeaz arduratu, eta loreen nektarra, ura eta lore hautsa biltzen dute. Lanerako aroan 4-8 asteko bizitza du, baina neguan 5 edo 7 hilabetez ere bizi izaten da. Erle jaioberria ez da kanpoko lanetan berehala hasten. Bere lehen 20 egunak erlauntz barneko lanetan pasatzen ditu. Ondorengo lanak egiten ditu hogei egun horietan hurrenez hurren: umesabi eta erlauntzaren garbiketa; inudetza, bere barnean sartzen zaion erregina-jeleaz larbak elikatzea; argizarigintza, abdomenean sortzen zaion argizariaz abaraska berriak eraikitzea; biltegi-lana, kanpoko lanetan dabiltzan erle larrelariek dakarten nektarra edo polena dagozkien gelaxketan sartzea; eta, azkenik, atezaintza edo erlauntzaren defentsa. Lan horietan guztietan jardun ostean, hegan egiteko saio eta beroketak egin eta gero, hasten da erle langilea kanpoko lanetan. Sabel muturrean ezten pozoiduna du, eta inori sartuz gero zaurian lotua geratzen zaio sabel-barru zati batekin batera, eta horren ondorioz hil egiten da erlea. Hartzen duten arduraren arabera langile mota hauek bereizi daitezke:[1]

  • Langile argizarigilea: Erle langilea jaio eta erlauntzetik kanpoko lanetan hasi aurretik egiten duen hirugarren etxeko lana. Bere abdomenean dituen argizari-guruinak garatzen zaizkio eta abaraskagintzan jarduten da.[1]
  • Langile atezaina: Erlauntzaren defentsa duen erle langilea, beste erle edo animalietatik babestuz. Erle langileak jaio eta erlauntzetik kanpoko lanetan hasi aurretik egiten duen azkeneko etxeko lana. Erlezainak ere bere babesak bilatu behar ditu erle atezainen aurka, gorputza babestuz eta batez ere ke bidez erleen portaera aldaraziz.[1]
  • Langile erruleak: Erle langileak antzu jaiotzen dira larba-aldian izandako elikadura-aldaketa dela eta. Antzutasun hori erreginarengandik jasotzen dituzten feromonek mantentzen dute. Feromona horiek antzutasunez gain, erreginak langileen bereganako arta bermatu eta erregina berrien sorrera eragozten du. Erregina hil edo zahartzen denean feromona hori ez da iristen langileengana eta orduan langile batzuen obulutegiak garatu egiten dira eta erruten hasten dira. Langileak ernaldurik ez daudenez, arrautza horietatik erlamandoak bakarrik jaiotzen dira.[1]
  • Langile ikuskatzailea: Jendeak uste du eguraldi onarekin erleak purrustadan irteten direla harat honat lore bila. Ez da hori gertatzen dena. Goizean goiz, eguraldi ona denean, langile batzuk bakarrik irteten dira erlauntzetik, langile ikuskatzaile deituak. Hauek han eta hemen ibiliz lore nektardunik aurkitzen badute, erlauntzera itzuli eta dantza bidez adierazten diete besteei non aurkitu duten janaria. Ikuskatzaileen berririk gabe ez dira besteak irteten.[1]
  • Langile inudea: Larbak elikatzeaz eta horiek zaintzeaz arduratzen den erle langilea. Etxeko lanetan bigarrena da egiteko hau. Langile gazteei buru barneko guruin hipofaringeoak garatzen zaizkie eta erregina-jelea sortzen zaie haietan. Erregina-jelea ahora heltzen zaie eta horrekin larbak elikatzen dituzte.[1]
  • Langile larrelaria: Nektarra, polena, propolia edo ura biltzera erlauntzetik kanpora joaten den erle langilea. Beste modu batera esanda, larrera joaten edo irteten den langilea.[1]
Erle langileak (erlamarekin)

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Aizpurua, Martxel. (2020). «Erleekin solasean» www.buruxkak.eus (UEU) ISBN 978-84-8438-706-0. (Noiz kontsultatua: 2020-03-02).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu