Epika

literatura genero bat
Epiko» orritik birbideratua)

Epika (antzinako grezieratik ἐπικός, epikos, eta horren jatorria ἔπος, epos, «hitza, istorio, poema»[1]) gertakizun eta ekintza gogoangarriak –bortitzak edo heroikoak gehienetan– kantatzen dituen literatura generoa da. Alor honetan bi testu mota bereizten dira: epopeia (oso luzea) eta kantu epikoa (laburragoa eta berriagoa)[2].

Iliada: Helena eta Paris (K.a. 380-370ko kratera, Louvre museoa).

Antzinako gizarteek herrien ohituretan eta gertakizun historikoetan oinarritutako poemak egin eta bildu zituzten. Lan horietan herrian izandako borrokak eta heroien ekintzak goraipatzen ziren. Homerok eta Virgiliok beren poema epikoetan gai horiek jaso zituzten (Homeroren Iliada eta Odisea; Virgilioren Eneida).

Ekialdeko herrietan ere gauza bera egin zuten. Mesopotamian Gilgamexen epopeia (K.a. 3.000. urte ingurukoa) hartu izan da epikaren aitzindari, baina Homeroren poemak (K.a. 900-750) dira zalantzarik gabe epikaren hasiera adierazi zutenak, eta epikaren arauen iturri nagusia eman dutenak. Homeroren lan horien ezaugarriak, deskripzioak, adjektiboak, esaerak, bat-bateko ahozko poesia, eta poesia-mota horren arauetan oinarritzen dira.

Ezaugarriak aldatu

Gai historikoak, nazionalak, erlijiozkoak eta kondaira garrantzitsuak jasotzen dira epopeia eta olerki epikoetan. Ezaugarri hauek dituzte: heroi nagusi bat izatea protagonista, batzuetan ia jainkoen ezaugarriak dituena; borrokaldia izatea; eta erdi jainko diren izakiek parte hartzea. Gaiaren aurkezpena egin ondoren, musei dei egiten zaie, eta kontaketaren erdiraino jauzi egin ondoren, berriro ere atzera egiten da. Europan Erdi Aroan ohiturazko epikari bultzada berria eman zioten arabiarren, germaniarren eta eskandinaviarren kondairek.

Historia aldatu

 
Gilgamexen epopeiaren Uholde Handiaren taulatxoa, akadieraz.

Jatorri indoeuroparra duten kulturei dagokienez, azpimarratzekoak dira, lehen-lehenik, germaniar, indiar eta greziarren arteko zenbait gai eta kontakizunetan aurkitu dituzten antzekotasun harrigarriak (gudariaren hiru bekatuen gaia, esate baterako, Eskandinaviako Starkad, Indiako Sisupula eta Greziako Herakles heroien kontakizunetan agertzen da), edo Cúchulainnen gudari-hastapenei buruzko irlandar kontaerak (Nechtanen hiru semeak elkarren segidan hiltzen dira) hiru Horazioetako batek hiru Kurizioak hilez lorturiko garaipenaren kontakizun latinoarekin dituen parekotasunak, azken hau Indiako Trita Aptya eta Irango Hiruburukoa garaitu zuen Thraetaona kontakizunen berdintsua delarik.

Hasierako mitoen eta kontakizun epikoaren arteko erlazio genetiko honek argitzen du, alde batetik, zenbait kontaera arkaiko (Mesopotamiako kulturako Nergal eta Ereshkigal poema, Gilgamexen epopeia, etab., gai nagusiak erlijiosoa eta jainkoen agerpena dituztenak) genero epikoan sartu behar den edo ez erabakitzeko zailtasuna, eta, bestetik, jainkoek epopeia handietan (hala nola Indiako Mahābhārata eta Ramayana, edo Greziako Iliada eta Odisea-n) parte hartzen jarraitzea. Dena den, poesia epikoetako protagonistak ez dira jadanik jainkoak, kontakizun teogoniko edo mitikoetan bezala, heroi mailara igotako gizakiak baizik. Heroi hauek herri baten etorkizunerako garrantzitsuak diren gertaeretan esku hartzen dute; gertaera horiek gertakari historikoei dagozkienak izan daitezke batzuetan, eta elezaharretako lehenaldiari dagozkienak beste batzuetan, baina, nolanahi ere, kontakizunaren jasotzaileek benetan gertatutzat jotzen dituztenak.

Antzinako Grezia aldatu

Antzinako Grezian kantari anonimo batzuk (aedoak) eratu zuten kontakizunaren oinarrizko gaia, eta gero olerkari batek (Homero izan edo ez, K.a. VII. mende inguruan) behin-betiko moldean garatu zuen: Iliada. Parisek Helena bahitu ondoren pizturiko greziarren eta troiarren arteko gerran esku hartzen duen Akiles heroiaren gorespena da kontakizun horren gai nagusia; poetak gerra horretako funtsezko gertaera batzuk aukeratzen ditu, berrogeita hamaika eguneko segida kronologikoan kontatzeko. Akilesen eta Agamemnonen arteko tirabirak, Akilesen laguna den Patrokloren heriotza, Akilesek Troiako Hektorrekin izandako borrokaldia eta protagonistek dituzten grinen (maitasuna, haserrea, gudarien harrotasuna eta mendekurako joera) nahasketa burutsua dira, jainkoek dituzten esku hartzeekin batera, interesa eta handitasun epikoa sortzeko narratzaileak erabiltzen dituen baliabideetako batzuk.

Odisea-n, berriz, Ulises heroia da kontakizunaren protagonista, eta hiru narrazio-gune daude kontakizunaren oinarrian: Troiako gerra amaitzean, aberrira itzultzeko egiten duen itsas-bidaia eta bere nahia lortzeko aurkitzen dituen oztopoak; heroiaren bila dabilen haren seme Telemakoren gorabeherak; eta, azkenik, itzulera, aitorpena (anagnorisia) eta protagonistaren mendekua, haren emazte Peneloperekin ezkondu nahi zutenen aurka. Hain zuzen ere, bi poema hauetan finkatzen dira epopeia grekolatindar jasoaren oinarriak, bai egiturari eta edukiei dagokienean (gaien, historiaren eta mitoaren arteko lotura, heroi-eredua eta moral aristokratikoaren balio-eskema: indar fisikoa, trebetasun militarra, leinua, ohorea, etab.), baita formari dagokionean ere: bertso hexametroak, estilo irmoa, epiteto epikoak, solasaldien dramatikotasuna, guduak eta pertsonaiak deskribatzeko teknikak, etab. Antzinako Greziako epikak, hala ere, alde batera utzi zuen geroago kontakizunen osagai mitikoa, eta aurrerantzean soldadu greziarren adore militarra eta antzeko balioak goraipatzen zituzten gertaera historikoak izan ziren kontakizun horien ardatza.

Antzinako Erroma aldatu

 
Virgilio Klio eta Melpomene musen artean (Bardo Museoa, Tunis)

Epika latinoan, Virgilio poema homerikoen eredura itzuli zen, halako moldez itzuli ere, non Eneida Erromako Iliada-tzat hartu izan baita bere azken sei kantutan, eta Erromako Odisea-tzat hexametro latinotan idatzitako lehen seietan. Poema horretan, Ulises bezala Troiatik datorren Eneas protagonistaren gorabeherak kontatzen dira, Italiara iristean, Latino erregek harrera egin, haren alaba Laviniarekin ezkondu eta, tronua oinordetzan hartu ondoren, bere erreinua sendotzearen aurka zeuden inguruko herrien kontra borrokatu behar izan zuelarik. Virgiliok latinezko poesia arkaikotik (Ennio eta Nevio) datozen elezaharrak eta osagai mitologikoak erabiltzen ditu berriro, eta aldi berean Erromako orainaldi, lehenaldi ospetsu eta etorkizunari buruzko goraipamen-prozesu bat finkatzen du. Poema hauxe izan zen, hain zuzen, Pizkundeko epikaren erreferentzi puntua.

Geroago, Lukanok norabide berria eman zion erabilera epikoari Farsalia-n, kronika itxura duen ikuspegi errealistatik hurbileko gertaerak (Zesar eta Ponpeioren jarraitzaileen arteko gerra zibila) kontatzen dituelako. Nolanahi ere, honek guztiak epikaren barruan funtsezko aldaketak gertatu direla adierazten du: lehen ahozkoa zena orain idatzi egiten da, tradizioari loturik zegoena epika jasoa bilakatzen da, eta talde edo herri lana izatetik idazle bakar baten lana izatera bihurtzen da.

Erdi Aroa aldatu

Erdi Aroan, Europako lurralde askotan hedatu eta hainbat elezahar eta tradizio epiko original zekartzaten herri germaniarren eraginez berpiztu zen epika. Lehenaldi historiko eta mitikoan oinarritu eta ahozko tradizioaren bidez gordetako elezahar hauek Eskandinavian, Ingalaterran eta Alemanian sortutako zenbait poema epikotan kopiatu zituzten, eta bertan agertzen ziren gai, arrazoi eta pertsonaietako batzuk Frantziako eta Espainiako epika erromanikoetan ere azaltzen dira. Elezahar germaniar hauek, VI. mendean |frankoak|frankoei aurre egin eta IX.ean elezaharretako pertsonaia bilakatzen den Beowulf errege godoari buruzko poeman agertzen dira Ingalaterran, eta Mabinogion delakoetan Galesen.

 
Errolanen kantuaren zortzi eszena.

Eskandinaviako herrialdeetan, germaniar epikak bi mota azaltzen ditu: Eddak (Islandian eta Norvegian sortutako narrazio poemak) eta Sagak, prosazko narrazioak, ahoz hedatu eta XIII. mendeaz geroztik transkribatuak. Azken hauetan, elezaharretako ekintzen kontakizunak daude, benetako historiatzat hartuak. Saga hauen artean aipatzekoak dira Thidrekssaga (Italia konkistatu eta elezahar germaniarretako pertsonaia mitikoa bilakatu zen Teodoriko Handia errege ostrogodoari buruzkoa) eta Volsunga saga, Sigfrid heroia agertzen dena. Elezahar germaniarretatik sortutako poema epikorik garrantzitsuena, ordea, Nibelungenlied («Nibelungoen Kanta») delakoa da, XIII. mendearen hasieran Austriako poeta batek idatzia. Bertso parekatu errimatuez osaturiko hogeita hemeretzi kanta ditu eta, poesia jaso eta gortearen gustukoari dagokionez, egitandi kanta erromanikoen antzeko ezaugarriak azaltzen ditu. Epopeia germaniarrak, bestalde, geroago zalduntza liburuek, erromantzeek, etab., bildu zituzten hainbat gai eta elezahar ere hedatu zituen, hala nola Parsifal, Tristan eta Iseo, Walter (Gaiferos eta Melisendaren erromantzea), etab.

Gai tradizional hauetan oinarriturik eratzen da Frantzian epika erromanikoa, Karlomagnoren Gortearen inguruan (karolingiar zikloa: Mainet, Fierabras eta Errolan) eta Mahai Biribileko zaldunen inguruan (Artur erregearen edo bretainiarren zikloa: Artur, Lantzelot, Pertzeval) agerturiko egitandi kanta eta poema laburrak sorraraziz. Frantziako epikaren Kantarik garrantzitsuena, Chanson de Roland delakoa, VIII. mendeko gertaera historiko batean (Orreagako guduan, alegia, euskaldunek Karlomagnoren armadari Orreagatik igarotzerakoan eragin zioten porrotean) oinarritutakoa da.

Espainiako epikari dagokionean, Cantar de mio Cid da ia osorik gordetzen den ale bakanetako bat. Segur aski XIII. mendeko lehen urteetan Burgos inguruan idatzia, Gaztelako behe mailako nobleziako kide baten bi hamarkadetako bizitza, Rodrigo Díaz de Vivarena, kontatzen zaigu, eta poemaren oinarrizko gaiak, berriz, honako hauek dira: heroia aginpidera nola iristen den, ohorea nola berreskuratzen duen, soldadu onaren arrakasta, Ciden zintzotasun morala, eta behe mailako nobleziaren balioak goi mailakoarenak baino hobeak direlako adierazpena. Behe Erdi Aroan gainbehera joan zen jendeak egitandi kantarako zuen interesa. Zaletasun handiagoa pizten zuten poesia epikoaren molde berriek: gertuagoko gaiak (Gaztelak Granadako Erresumarekin zuen gerra), edo lirika eta nobela gaiak ukitzen zituzten erromantzeek, alegia.

Pizkundea aldatu

Pizkundean, Virgilioren eredura itzultzen da berriro, eta aldi berean, Italian, Matteo Maria Boiardok eta Ludovico Ariostok ikuspegi desmitifikatzaile eta fantastikotik bereganatzen dituzte Frantziako gai epikoak: Orlando innamorato (1492, «Orlando maitemindua») eta Orlando furioso (1516, «Orlando haserre»). Epika jasoak ere estetika handiko lanak ondu zituen: Luís de Camõesen Os Lusiadas (1572) eta Alonso Ertzillaren La Araucana (1570-1589). Pierre de Ronsardek Frantzian goresten duen La Franciade (1572) poema epikoa egin zuen. Italian, aipaturiko bi poema nagusiez gain, obra mota honen bertsio epiko erlijiozkoa azaldu zen, eta lanik garrantzitsuena Torquato Tassoren La Gerusalemme liberata (1575, «Jerusalem askatua») izan zen, Bouillon edo Boulogneko Godofredok Lur Santura gidaturiko Lehenengo Gurutzadari buruzkoa. Erlijiozko epopeiaren adibide gisa, berriz, John Milton ingelesaren The lost paradise (1667, «Paradisu galdua») eta Diego de Hojeda espainiarraren La Cristiada (1611) aipatu behar dira.

Epopeia burleskoak, bestalde, epika jasoaren alderdi desmitifikatzailea adierazten du: Luigi Pulciren Morgante maggiore (1481), eta Teofilo Folengoren Baldo (1517) Italian, eta Lope de Vegaren La Gatomaquia (1634) eta José de Villaviciosaren La Mosquea (1615, Eulien eta inurrien arteko gerra) dira adibide batzuk.


XVIII. mendetik aurrera aldatu

XVIII. mendeaz geroztik, egile garrantzitsu gutxi izan zuen poesia epikoak Europan (Voltaireren Henriade, esate baterako) . Badirudi, ordea, Erromantizismoan halako susperraldi bat izan zuela Frantzian (Alphonse de Lamartine eta Alfred de Vigny) eta Espainian (Rivasko dukea, José Zorrilla eta José de Espronceda).

XIX. mendean, ordea, egile gutxik lantzen zuten olerki egitura anakroniko bilakatu zen epika. Victor Hugoren La legende des siecles («Mendeetako elezaharra», 1859) osatzen duten kanta epikoak eta Jacinto Verdagueren bi epopeia katalanak (L'Atlàntida, 1877, eta Canigo, 1886) dira mundu mailan oihartzun handiena lortu zutenak. Egia esan, epopeia jasoa desagertu egin zen, eta herrialde batzuetan indarrean zegoen poesia tradizionalak nabarmenki egin zuen atzera. Hala ere, halako joera epiko batek bizirik iraun zuen molde zaharkituak desagertzean; Walt Whitmanek badu, esate baterako, handitasun kutsu bat, eta talde esperientziaren mundua bereganatzeko gogo bizia, antzinako epopeiaren ezaugarriez libratu ondoren, neurri batean epopeia horren jarraipena eta eguneratzea adierazten dutena.

Jokaera honek oihartzun nabarmena izan zuen XX. mendean, eta, honela, epopeiatzat hartzerik ez badago ere, Pablo Nerudaren Canto general liburua (1950) arrazoi epikoen mosaiko bat dela esan daiteke.

Erreferentziak aldatu

  1. Epic. in: Online Etymology Dictionary. etymonline.com.
  2. Igerabide, Joan Krutz. Epika. in: Literatura Terminoen Hiztegia. euskaltzaindia.eus.

Kanpo estekak aldatu