Ireki menu nagusia

Entzima alosteriko

Gune katalitikoaz gain gune alosterikoa duen entzima. Zinetika sigmoidea erakusten du, eta maiz bidezidor metabolikoen entzima erregulatzaileak dira.

Entzima alosterikoak efektore izeneko substantziek kontrolatzen dituzten entzimak dira. Efektore horiek entzima alosterikoen jarduera baldintzatzen dute, entzima horiekin elkartzen direnean entzimen egitura eta konformazioa aldatzen dutelako.

Entzima alosterikoekin lotzen diren efektore horiek bi motatakoak izan daitezke: inhibitzaileak eta aktibatzaileak. Entzimaren jarduera inhibitu edo aktibatzen dute, hurrenez hurren.

Efektorea entzimari atxikitzen zaio gune alosteriko izeneko toki batean, bere konformazioa aldatuz. Gune alosterikoa ez da entzimaren gune aktiboarekin nahastu behar. Entzimari lotu ondoren, efektoreak gune aktiboaren konformazioa aldatu egiten du: aktibatzailea denean, entzimak afinitate handiagoa erakusten du substratuarekiko, eta erreakzio kimikoa azkartu egiten da; efektorea inhibitzailea denean, aldiz, entzima ez da substratuarekin lotuko eta erreakzio kimikoa ez da gertatuko.

Alosterismoak zeregin oso garrantzitsua betetzen du hainbat bide metabolikotan. Bide horietan parte hartzen duten entzima asko entzima alosterikoak dira.