Endodontzia terapia hortz-mamia kendu, hortz barneko bakterioak ezabatu eta mamiaren ordezko material bat jartzean oinarritzen den tratamendu sekuentzia bat da, helburu bezala hortzeko infekzioa ezabatu eta bere biziraupena luzatzea duena.

Endodontzia terapiaren sekuentzia ezberdinak (haginaurreko hortza)

Tratamendu sekuentzia honi endodontzia soilik deitzea ohikoa bada ere, erabilera hau okerra da, endodontzia hortz-mamiaren inguruko zientzia bat baita, odontologiako espezialitate bat.


Diagnostikoa aldatu

Edozein tratamendu hasi aurretik, beharrezkoa da diagnostiko egoki bat edukitzea. Honetarako, irizpide objektibo eta subjektiboak jarraitu beharko dira. Hortzaren min egoerak oinarrizko informazioa ematen badu ere baliteke honek ez izatea zerikusirik benetan hortz-mamiak duen egoera histologikoarekin.

 
Hotz proba egiteko ohikoena hotz espraia erabiltzea da.

Hau dela eta, diagnostiko egoki bat lortzeko hainbat metodo garatu dira:

Begiz egindako esplorazioa aldatu

  • Aho kanpoko esplorazioa: Batzuetan, jatorria hortzean duten patologiak azaleratu egiten dira. Horrela, baliteke azalean hainbat lesio topatzea (ultzerak, hantura, fistulak)
  • Aho barneko esplorazioa: Aho barnean informazio garrantzitsua eman dezaketen lesio ugari egon litezke. Askotan, minaren sortzaile den hortza bera txantxarrak jota egon daiteke, eta, bestalde, azalean bezala, baliteke fistula edo hanturak topatzea. Hortz koroaren kolore aldaketa batek ere patologia baten presentzia adieraz dezake.

Sentikortasun probak aldatu

  • Hotz froga: Hortzaren egoera jakiteko proba adierazgarriena da. Hortz-mamiaren egoeraren arabera, hotzarekiko izango duen erantzuna guztiz ezberdina izango da. Gainera, froga honek mindutako hortza zehazki zein den zehazten lagun dezake, ohikoa baita okerreko hortza tratatzea. Honetarako hotz lapitzak (-20 °C), esprai bidezko hotza (-40 °C) edo karbono-elurra (-70 °C) erabili daiteke.
  • Kolpatze proba: Hortz bat kolpatzearekiko sentikorra bada, honek erro erpinean hantura dagoela adieraz dezake. Ezaugarri hau hortz-mamiaren egoeraren adierazgarri da.
     
    Txantxarrak jotako bi hagin erradiografia batean. Irudi teknika hauei esker lesioen sakontasuna jakin daiteke.
  • Haztapen proba: Hortz erroaren ingurua haztatuz, erroaren eta haren inguruko ehunen egoera susma daiteke, batez ere hantura dagoenean.

Proba erradiologikoak aldatu

Endodontzia terapian garrantzitsua da ustez arazoaren errudun den hortzaren erradiografia bat izatea. Erradiografiei esker, begi hutsez ikusi ezin diren lesioak topa daitezke, eta gainera, txantxarren, hausturen edo bestelako lesioen benetako tamaina ikus daiteke, baita lesio horrek hortz-mamia harrapatzen duen ere. Hortzaren inguruko hezurraren egoera ere aztertu daiteke bertan, baita erro inguruko patologiaren bat dagoen edo ez.

Hortzaren berreskuragarritasuna aldatu

Hortz baten tratamendua hasi aurretik, beharrezkoa da honen berreskuragarritasuna aztertzea. Batzuetan, hortza txantxar handi batek jota baldin badago edo haustura handiren bat badu, baliteke gero hortzaren egitura osoa berezarri ahal izateko egitura nahikorik ez edukitzea. Egoera horretan, endodontzia terapia burutzea alperrikako lana litzateke, tratamendu egokia hortz hori kentzea izango zen eta.

Materialak aldatu

Endodontzia terapia burutu ahal izateko hainbat material anitzen beharra dago, pauso bakoitzean instrumentu eta betetze material ezberdinak erabiltzen direlarik.

 
Carpule motako kartutxoa erabiltzen duen anestesia xiringa
  • Anestesia
    • Anestesia karpuleak
    • Anestesia xiringa
  • Lan eremuaren bakartzea
    • Gomazko dikea
    • Grapak
    • Gomazko dikearentzat arkua
    • Zetazko haria
    • Egurrezko ziriak
 
Hortzean irekiera egiteko erabiltzen den abiadura handiko turbina
  • Kamera irekiera
    • Abiadura handi eta txikiko instrumentuak
    • Fresak
  • Hortz kanalen neurketa
    • Erradiografia plakak
    • Limak
    • Erro ertza topatzeko gailu elektronikoak
 
Hortz kanalen instrumentaziorako erabiltzen diren limak
  • Instrumentazioa
    • Limak
    • Alkohola
    • Lima-ontzia
    • Erregela
    • Irrigazio xiringa
  • Hortz kanalen betetzea
    • Paperezko puntak
    • Gutapertxa puntak
    • Zementua
    • Kondentsatze punta
  • Kamera irekieraren betetzea
    • Betetze materiala
    • Betetze lanetarako instrumentuak

Tratamendua aldatu

Anestesia aldatu

Tratamendua minik gabe burutu ahal izateko, beharrezkoa izango da lanean arituko den eremua ongi anestesiatzea. Honetarako, hortzaren arabera teknika ezberdinak erabili beharko dira.

  • Beheko hortzak: Baraileko hezurraren trinkotasuna dela eta, beheko hortzetan ezin izango da erpin-teknikarik erabili hortza lokartzeko, zaila bait da anestesiak hezurra zeharkatzea hortzaren erroetara iristeko. Horregatik, nerbio enbor nagusiago bat lokartzea beharrezkoa da. Ohikoena beheko hortz nerbioa lokartzea izango da, mihi nerbioarekin batera, orratza azken haginaren atzetik sartuaz barailaren adarrerantz.
  • Goiko hortzak: Barailean ez bezala, masailezurrean hezurrak ez du hainbesteko trinkotasunik, eta beraz erpin teknika erabili ahal izango da, zuzenean landu beharreko hortza lokarturik.

Batzuetan, hortz-mamia nekrosi egoeran egon daiteke tratamendua egin behar den unean. Kasu honetan, hortzak berak ez du sentikortasunik (sentikortasun proba guztietan erantzun negatiboa jasoko dugu), baina bakartze lanerako zein beste zeregin batzuetarako inguruko ehunak ere mindu daitezkeenez, gomendagarria da hortza edo hortzaren ingurua anestesiatzea.

 
Gomazko dikearekin bakartutako haginak

Lan eremuaren bakartzea aldatu

Lan eremua bakartzea oinarrizkoa eta derrigorrezkoa da endodontzian. Lanean aritu beharreko hortza bakartzeak abaintaila nabarmenak ditu, bai tratamenduan zehar baita gerora honek izango duen iraupenean ere. Bakartze teknika ezberdinak badaude ere, egokiena gomazko dikearekin burutzen dena da, hau baita lanean aritu beharreko hortza ingurutik guztiz bakartzea lortzen duen teknika bakarra. Honi esker, hainbat onura lortzen dira:

  • Lan eremua modu argiago batean mugatzea
  • Lan tresna txikiak irenstea galaraztea
  • Kutsatze gurutzatuak saihestea
  • Lana behar bezala burutzeko behar diren baldintzak (garbi egotea, lehor mantentzea) lortzen laguntzea
  • Lan eremua babestea ahoko bakterio edo gai kutsakorretatik
  • Inguruko ehun bigunak babestea (ezpainak, mihia, hortz-oia)

Kamera irekiera aldatu

Koroa-barrunbera eta mami-kanaletara heldu ahal izateko, koroan irekiera bat egitea beharrezkoa da. Irekiera hau ezberdina izango da hortz bakoitzean, bakoitzak egitura eta kanal kopuru ezberdina bait du.

  • Ebakortzak: Mihi aldetik egin behar da irekiera, koroaren egitura jarraituz eta mami-adar guztiak ezabatuz.
  • Betortzak: Betortzetan, ahal den neurrian, mihi aldetik egin beharko da irekiera.
  • Haginaurreko hortzak: Herste-aldearen erdigunetik egin behar da irekiera, mamia estaltzen duen sabaia ezabatuz, baina barrunbearen zorua ukitu gabe.
  • Haginak: Haginaurreko hortzetan bezala, sarrera herste-aldetik egin behar da, modu perpendikular batean, koroa-barrunbearen sabai guztia kenduz.

Irekiera egiterakoan, ahal den neurrian, hortzaren egitura mantentzen saiatzea garrantzitsua bada ere, guztiz beharrezkoa da ikusmen eta sarbide egoki bat lortzea lanerako. Honegatik, traba egiten duten egitura guztiak kendu beharko dira, barrunbearen eta kanalen prestatzea modu egoki batean burutzeko.

Hortz kanalak topatzea aldatu

 
Mami kanaletara sarrera, hagin baten koroa-barrunbeko zoruan.

Koroa-barrunbearen zorua agerian geratzen denean, beti ez dira erro kanalak zuzenean ikusten. Batzuetan hauek topatzeko instrumentu bereziak erabili beharko dira, baina hala ere, lagungarriena kanal hauen sarrerak non egon ohi diren jakitea da:

  • Erdiko goi ebakortza: Mami kanal bakarra dauka, eta ohikoena erroaren erdialdean topatzea da, mihi-ezpain ardatzean oso estua den arren.
  • Alboko goi ebakortza: Erdiko goi ebakortzaren antzera, mami kanal bakarra dauka erroaren erdialdean kokaturik. Kanala aurrekoak baino estuagoa du oraindik ere.
  • Erdiko behe ebakortza: Erro bakarra izan arren, bi mami-kanal eduki ditzake (%3).
  • Alboko behe ebakortza: Ohikoena (%75) mami kanal-kanal bakarra edukitzea bada ere, erdikoan bezala bi eduki ditzake kasu batzuetan.
  • Goi betortza: Erroa bakarra izaten da, inoiz bitan banatutakoren bat aurki badaiteke ere. Gehienetan mami kanala estua da, itxura biribilekoa.
  • Behe betortza: Ohikoena ez bada ere, gerta liteke bi erro edo bi mami-kanal aurkitzea, bata ezpain-aldean eta bestea mihi-aldean. Gainontzeko kasuetan, kanala erdigunean topatuko da.
  • Lehenengo goi haginaurreko hortza: Erro bakar bat, bi (kasu gehienak) edo hiru izan ditzake. Ohikoena (%62) bi mami-kanal agertzea da, baina hirugarren bat ere izan dezake.
  • Bigarren goi haginaurreko hortza:Erro bakarra eta mami-kanal bakarra izan ohi du.
  • Lehenengo behe haginaurreko hortza: Gehienetan mami-kanal bakarduna da (%74), bi ager badaitezke ere.
  • Bigarren behe haginaurreko hortza: Erro bakarra du, eta gehienetan baita mami-kanal bakarra ere.
  • Goiko haginak: goiko lehen eta bigarren haginek hiruna erro dituzte, bi masail-aldean eta bat mihi-aldean, bakoitza mami-kanal banarekin. Hirugarren hagina aldakorra da oso, eta gehienetan hiru erro baditu ere, askotan errook bat eginik egoten dira.
  • Beheko haginak: beheko lehen eta bigarren haginek bina erro dituzte, bat hurbila bata eta urruna bestea. Erro hurbilak bi mami kanal izan ohi ditu, eta erro urrunak kanal bakar handi bat. Hirugarren behe hagina oso aldakorra da, baina ohikoena bigarren behe haginaren antza edukitzea da, bi errorekin.
 
Mami-kanalaren neurketa elektronikorako gailua.

Hortz kanalen neurketa aldatu

Behin erro kanal guztiak aurkiturik, hauek neurtzea ezinbestekoa izango da, "lan luzera" jakin ahal izateko. Honetarako lima eta erradiografiak erabili beharko dira, edo bestela, erro erpinak aurkitzeko tresna elektronikoak.

  • Esku-neurketa: Mami-kanalen luzera jakiteko, lima bat kanalean sartuaz eta erradiografiak ateraz, limaren punta erro erpinean dagoenean kanalaren luzera osoa jakin ahal izango dugu.
  • Neurketa elektronikoa: Erro erpinaren inguruko ehunak sumatzen dituen gailua da. Honi esker, lima bat gailura konektaturik dugula kanalean sartuz, berak ohartuko digu noiz heltzen garen erro erpinera.

Instrumentazioa aldatu

Instrumentazioa erro kanalak prestatzeko prozesua da. kanalak, berez, ez dira zabalera jakin batekoak, eta gehienetan estuegiak dira lanean modu egoki batean aritzeko. Hori dela eta, loditasun ezberdineko limen bidez kanal horiek prestatzea beharrezkoa da, lodiera uniformeago eta egokiago bat eduki dezaten.

Hasieran, lan-luzera ezartzen dugunean, kanalaren gutxi gorabeherako diametroa zein den ere begiratzea beharrezkoa da, eta diametro horretatik abiatuz, pixkanaka gero eta lima lodiagoak sartu behar dira. Limatze bakoitzaren artean beharrezkoa da erro-kanala garbitzea, horretarako irrigazio xiringarekin lixiba (%0,2ko kontzentrazioan) botako dugularik koroa-barrunbera.

Instrumentazio prozesua beheko haginaurreko hortzean. Honi esker, ikusmen eta sarbide egokiago bat lortzen da.
 
 
 
 

Hortz kanalen betetzea aldatu

Hortz erroen kanalak betetzeko erabiltzen den ohiko materiala gutapertxa da, naturan aurki daitekeen polimero termoplastiko bat.

 
Endodontzia terapia buruturik duen beheko hirugarren hagin bat.

kanalak betetzeko, azkenekoz erabili den limaren diametro berdineko gutapertxa punta nagusi bat erabiliko dugu. Gutapertxa punta hau zementu batekin erabiltzea beharrezkoa da, hortzarekiko lotura eta isolamendua hobetzeko, eta gainera gutapertxazko punta gehigarriak ere erabiltzen dira, punta nagusiarekin ez bait da lortzen erro-kanal zabaldua guztiz betetzea.

Gutapertxa puntekin erabiltzen diren zementuak gehienetan erretxina epoxikoak izaten dira, mota ugarikoak aurki badaitezke ere merkatuan. Biek, punta zein zementuak, erradiopakoak izan beharko dute, gerora erradiografia plakan kanalen tratamendua modu egokian egin dela ikusi ahal izateko.

Kanalen betetze lan hau koroa-barrunbearen zorura arte egin behar da soilik, hortik gora gutapertxa erabiltzen segiz gero hortzaren egitura ahuldurik geratu baitaiteke. Erro-erpin aldean, garrantzitsua da gutapertxarekin egindako betetze lana erpinetik ez irtetea, izan ere erpin inguruko ehunetan sartuz gero egoera patologikoa sor dezake, hantura eta hezur zein erroaren birxurgapen prozesu bat emanaz.

 
Erpin-erauzketa egina duen hortz bat. Teknika hau beharrezkoa da endodontzia-terapiak behin eta berriro huts egiten badu.

Kamera irekieraren betetzea aldatu

Kanalak gutapertxaz beterik egonda, hauen gainean betetze lan bat egin beharko da, hasieran bertara heltzeko egindako irekiera berregin ahal izateko. Honetarako, odontologian ohiko irekieretan erabiltzen den teknika eta material berberak erabiliko dira (amalgama edo erretxinazko materialak). Batzuetan, hortz-mamia ezabatzearen ondorioz, hortzaren egitura oso ahuldurik geratzen da. Hau dela eta, komenigarria izan daiteke betetze lanaren gainetik koroa bat jartzea honen egitura indartu eta hausturak saihesteko.

Tratamenduaren huts egitea aldatu

Endodontzia terapia batek denboran zehar huts egin dezake. Huts egite hori tratamendua bukatu bezain laster edo denbora batera eman daiteke, arrazoi oso ezberdinengatik. Ohikoena, betetze lanetik bakteriak iragaztea da, egindako lanak ez duelako lortu hortz erroaren erpina hauengandik babestea. Kasu honetan, edo beste arrazoi batengatik huts egiten badu, tratamendua berriro egiteko aukera dago, hortz-mamia kendu beharrean betetze lana eta gutapertxa ezabatuaz, eta berriro ere lan bera eginaz.

Tratamendua behin eta berriz errepikatu arren ez bada lortzen bakterien iragazpen hori sahiestea, beste teknika batzuk erabili beharko dira, erpin-erauzketa adibidez. Honekin, teknika kirurgiko bati esker zuzenean erro erpinera heldu daiteke, erpinaren azken milimetroak ezabatu eta modu zuzen batean erroa berriro ere betetzeko.


Bibliografia aldatu

  • Canalda Sahli C. Brau Aguadé E., Endodoncia - Técnicas Clínicas Y Bases Científicas, Masson
  • Goldberg F. José Soares I., ENDODONCIA. Técnicas y fundamentos, Panamericana
  • Azkue Barrenetxea J.J., Odontoanatomi eskuliburua, EHUko Argitalpen Zerbitua

Kanpo estekak aldatu