Emantzipazio (Espainiako zuzenbidea)

Emantzipazioa, Espainiako zuzenbidean, adingabearen emantzipazioaz ari da, nahiz eta emantzipazioa, adiera zabalenean hartuta, edozein gizabanakorena edo gizabanako talderena izan daitekeen (emakumearen emantzipazioa, kolonien emantzipazioa, eta abar).

Emantzipazio formalaAldatu

Emantzipazioaren bilakaeraAldatu

Garai batean emantzipazio ugari egiten zen, gaur egun ostera, askoz ere emantzipazio gutxiago eskatzen dira. Adingabeen emantzipazioaren murrizketa horren atzean adin nagusitasuna murriztea (zeina lehenik 20 urtetan, ondoren 25 urtetan, geroago 23 urtetan, beranduago 21 urtetan eta azkenik 18 urtetan ezarri zen) eta adinez nagusia ez denaren eskumenen aitortza zabalagoa daude. Gaur egun, hamasei urtetik gorako pertsonek autonomia zabala dute bai eremu pertsonalean bai ondare alorreko eremuan.

Emantzipazioari esker, adingabeak adinez nagusi denaren jarduteko gaitasuna izango du. Hala ere, ez dira maila berean geratzen adinez nagusia denaren eta emantzipatuaren jarduteko gaitasunak. Pisu ekonomiko handiko erabakietan kuradorearen edo gurasoen oniritzia behar du emantzipatua (Kode Zibileko 323 eta 324 artikuluetan biltzen da hau).

Emantzipaziorako betekizunakAldatu

Emantzipazio kasu guztietan betekizun batzuk daude: Alde batetik, emantzipatu nahi duenak 16 urte izan behar ditu; ezkontza kasuetan izan ezik, non 14 urte izatea besterik ez den eskatzen. Bestalde, emantzipatuko denak emantzipazio horrekin ados egon beharko du. Emantzipatuaren aldeko adostasuna egon behar da derrigorrez, hau da, gurasoek emantzipazioa nahi baldin badute, seme-alabaren oniritzia beharko dute.

Emantzipazio motakAldatu

Emantzipazioa gauzatzeko hainbat forma ezberdin daude:

  1. Gurasoek emandakoa: Gurasoek beren semeen emantzipazioa eska dezakete baldin eta semeak burujabetasuna eskuratzearekin ados baldin badaude. Emantzipazio mota hau eskritura publikoan edo Erregistro Zibilaren arduradunaren aurrean egin beharra dago. Emantzipazio hau guraso boterepean bizi diren semeentzat bakarrik da baliagarria, tutoretzapean daudenentzako ez du balio emantzipazio mota honek, tutoretzaren inguruko arauak askoz ere zorrotzagoak baitira.
  2. Epaileak emandakoa: Emantzipazioa mota hau tutoretzapean eta guraso boteretzapean dauden 16 urtetik gorako adingabeek eska dezakete. Guraso boterepean dagoen adingabeak burujabetza eskatzearen arrazoiak azaldu beharko dizkio epaileari eta epaileak emantzipazioa guraso boterea egikaritzeko arazo larriak daudenean bakarrik emango du, adibidez gurasoak banantzen direnean edo bigarren aldiz ezkontzen direnean. Tutoretzapean dagoenak ostera ez du inolako arrazoirik eskatu behar, nahiz eta, Ministerio Fiskalari abisatzeko eskatzen zaion. Epaileak auto bidez erabakiko du burujabetasuna emango duen ala ez. Baiezkoa bada Erregistro Zibilean inskribatu beharko da eta ezezkoa baldin bada errekurritzeko aukera egongo da.
  3. Ezkontza bidezkoa: Ezkontzak emantzipatu egiten du eta ezkondu ahal izateko 14 urte behar dira. Ezkontza Erregistro Zibilean inskribatu behar da.
  4. Bizitza independentea daraman adingabea: Adostasunez bere kontura bizi bada emantzipatutzat hartzen da baina ez da guraso boterea desagertzen eta emantzipazio errebokagarria da. Kasu hauetan ez da Erregistro Zibilean jasoko.

EfektuakAldatu

Emantzipatuak obligazioak har ditzake eta bere ondarearekin erantzungo die sortutako kalteei (ikus, 5/2000 Lege Organikoa, Adingabeen Erantzukizun Penalari buruzkoa), testamentua egiteko gaitasuna lortuko du eta judizioan parte har dezake. Adingabe emantzipatuaren gaitasunari muga batzuk ezartzen zaizkio, Kode Zibilaren 323 artikuluarenak, hain zuzen. Ondarezko eremuari dagozkio adingabe burujabetuaren jarduteko gaitasunari ezartzen zaizkion mugak. Adingabearen ekimenez, ondarearen administrazio arrunta gainditzen duten erabakiak hartzeko legezko ordezkoen onespena beharko du. Jardute hori ez da ordezkari gisa, ez baita adingabearen borondatea ordezkatzen. Beren zeregina borondatea osatzea da, ez ordezkatzea. Onespen hori gurasoek, bere kasuan biek, eman beharko dute eta gurasorik ezean, epaileak izendatutako kuradoreak eman beharko du baimen hori. Adingabea ezkondua bada, beste ezkontideak eman beharko du ondasun komunak besterentzeko edo zamatzeko baimena. Beste ezkontidea adingabea denean, ordea, bakoitzaren guraso edo kuradoreak hartu beharko du erabakia (KZeko 323. art.). Horien artean adostasunik egon ezean, epaileak zehaztuko du nork erabaki. Adingabeak gurasoen edo kuradorearen onespenik gabe egindako negozioak deuseztagarriak dira (KZeko 1303. art.). Aipatu mugez gain:

Kode ZibilakAldatu

Kode Zibilak ezarritako mugak honokoak dira: (1) Guraso-boterea salbu, adingabeek ezin dituzte ordezkapen funtzioak bete (ikus, 157, 181, 184, 241, 291 eta 893 artikuluak). 2) Pertsona juridikoen administratzaile izateko ere hainbat mugapen jartzen zaizkie (Merkataritza Kodearen 13 eta 14. artk.).

Lege bereziekAldatu

Lege bereziek ezartzen dituztenak berriz: (1) 14/2006 Legeak, Giza Ugaltze Teknikei buruzkoak, adibidez, 18 urte eskatzen ditu teknika horiek erabili ahal izateko (Legeko 5.6 eta 6. artk.). (2) Arbitraia Legeak ere 18 urte eskatzen ditu arbitro izateko.

Egitatezko emantzipazioaAldatu

Egitatezko emantzipazioa adinez nagusi ez dena independenteki bizitzetik sortzen den kontzeptua da. Kode Zibilak dio efektu guztietarako emantzipatutzat joko dela gurasoen adostasunarekin beraiengandik independente bizi den hamasei urtez gorakoa, nahiz eta, gurasoek adostasun hori errebokatu ahalko duten. Artikulu horrek ez du tutoretzapekoen inguruko ezer gehitzen, hori dela eta, badirudi egoera hau ere aplikagarria dela kasu honetan daudenentzat.

Eraginkortasunerako baldintzakAldatu

Adin txikikoak bizi duen egoerari benetako eraginkortasuna emateko, hots, hura emantzipatutzat hartzeko hiru baldintza eskatzen dira.

  1. Adina: Hamasei urte beteta izatea.
  2. Bizitza independentea: Familiarekiko autonomia ekonomikoa eta pertsonala izatea (negozio bat pertsonalki ustiatzea edota lan ordaindu bat egitea adibidez). Baldintza horrek ez du eskatzen egungo familiarra ez den beste desberdin bat izatea.
  3. Gurasoek edo tutoreak bizitza independente hori baimentzea, hau da, adostasuna ematea. Esanbidezkoa eta isilbidezkoa izan liteke. Bigarren kasu honetan gurasoek ez dute ezer esaten, seme-alaba emantzipatu izana onartu egiten dute. Bestalde, adostasun hori emateak ez du esan nahi guraso boterea edo tutoretza iraungitu denik, haien menpe jarraituko du adin txikikoak menpekotasun pertsonalean eta ondarezkoan izan ezik.

Adostasuna edozein momentuan erreboka daiteke eta errebokatzen denean egitatezko emantzipazioz emantzipatu zena adin txikitasuneko egoerara itzuliko da. Errebokazioa esanbidez egin behar da, errebokazio honen eragina jasoko duten guztiak abisatuz. Errebokazioa ez dago justifikatu beharrik, baina, hala ere, ezin da inondik inora arbitrarioa izan. Emantzipazio formala ez denez, ez da inolako egiaztatze ofizialik eskatzen (Erregistro Zibilean ez da inskribatzen).


Seme-alaben emantzipazioa gurasoenganAldatu

Gauza jakina da seme-alabek beren bilakaera pertsonalak uzten dien neurrian erantzukizunak beregain hartzen ikas dezaten lagundu behar dutela gurasoek eta haien autonomia bultzatu behar dutela, eta era independentean bizi izateko prestatzen lagundu. Sarritan hain ahalegin, kezka eta angustia handia eskatzen duen dedikazio hori, askotan zuzen ari ote diren kezka eragiten duena, beren buruari ere eskaintzen ote diote gurasoek, pertsona bezala beren autonomia propioa ere sendotzeko? Seme eta alaba askok, etxetik alde egiteko gogotsu egon eta horretarako aukera izan arren, atzeratu egiten dute une hori, gurasoei hutsune sentsazio desatsegin hori ez sentiarazteagatik. Eta guraso askok, borondaterik onenez, moteldu egiten dute seme-alaben eta beren emantzipazioa, etorkizunak sortzen dien kezkaren beldur. Seme-alabek gurasoen etxea utzi eta proiektu autonomoa garatzen hastea erabakitzen dutenean, ordura arte bezala guraso izaten jarraitu behar duen galdetzen dio aita-ama askok bere buruari. Erantzuna argia da: guraso izango dira bizi diren artean. Eta beste hainbeste seme-alabak ere, familia sortu edo beste etxe batean bizi arren. Gurasoen emantzipazio prozesuak seme-alabek aldegiteak sortzen duen galera sentsazioa gainditzea eskatzen du eta emantzipazio horrek dakartzan etapa berrietan eta bilakaeran inplikatzea.

Kanpo estekakAldatu