Emakumeak ingeniaritzan

Ingeniaritzak funtsezko zeregina bete du gizateriaren historian, inguratzen gaituen munduari buruzko informazioa eman baitu, baita etapa zailetan bizimodua hobetzeko aukera ere. Ingeniaritzaren garapenarekin batera, estereotipo sozialen edo kulturalen sorrera gertatu zen, eta horrela gizonezkoek adar teknikoetan espezializatzeko ohitura izan ohi zuten; emakumezkoek, aldiz, ikasketak dibertsifikatzen zituzten gizarte-zientzietan, osasun-zientzietan edo irakaskuntzan.

XX. mendeko 1970eko hamarkada funtsezko garaia izan zen emakumeak ingeniaritza-ikasketetan, esparru publikoan eta, batez ere, lan-merkatuan sartzeko. Horrek kultura-ereduen aldaketa-prozesuaren hazkundea ekarri zuen, emakumeei ate asko irekiz.

Azken urteotan, izugarrizko aldaketa gertatu da emakumezkoen eta gizonezkoen ikasketen aukeraketan, handituz joan baita emakumezkoek ikasketa teknikoak aukeratzeko tasa. Dena den, historian zehar hainbat emakumek lan izugarriak burutu dituzte ingeniaritza eta zientziaren arloan; baina haiek egindako aurkikuntzek edo lanek ez dute gizonezkoen aurkikuntzen oihartzun bera izan gizartean. Gaur egun oraindik ere, emakumeak gizonak baino gehiago ahalengindu behar dira lan-merkatuan sartzeko; baina oraindik, zoritxarrez, haiek baino aukera gutxiago dituzte. Ondorioz, berdintasun falta dago gizarte honetan, eta horrek muga bat ezartzen du bi generoen artean.

Zenbait emakume ingeniari aipagarri

aldatu

Historian zehar hainbat emakume ingeniarik egin dituzte lan eta aurkikuntza garrantzitsuak. Hona hemen horrelako batzuk:

Hipatia Alexandriakoa (370-415)

aldatu
 

Hipatia emakume zientzialari, filosofo, neoplatoniko eta maisua izan zen. Bere jakinduria eta ikasketekin, matematika eta astronomia garatzen lagundu zuen.

Erlijioen historia, oratoria, filosofia eta irakaskuntzaren printzipioak ere ikasi zituen. Bere garaiko epaileek kontsultak egiten zizkioten sarri; hain zuzen, politikan eragin handia izan zuen, mekanika eta teknologiarekin ere interes handia baitzuen. Badakigu ura iragazteko makina, likidoen dentsitatea neurtzeko hidrometroa eta uraren maila neurtzeko aparatua asmatu zituela; alegia, ingeniaritzako lanak ere egin zituen.

Lillian Moller Gilbreth (1878-1972)

aldatu
 

Lillian Moller Gilbreth estatubatuarra ingeniari eta kudeaketan aditua izan zen. Lanpostuko mugimenduen azterketa zientifikoa egin zuen, mikromugimenduak argazki-kamera bereziekin ikertuz.

Taylorrek aldezten zuen lan-denboraren kronometro-kontrolaren aldean, Gilbrethek denboraren erabilera efizienteagoa zela nabarmentzen zuen mugimenduen azterketaren bidez.

Gilbrethek bere metodoak garatu zituen: langilearen nekeari buruzko ikerketak egin eta ergonomia-hobekuntzak bultzatu zituen, taylorismoaren aurka ikuspuntu gizatiarragoa aldeztuz. Ikerketa haiek gutxituen bizimodua hobetzeko teknikak garatzeko ere balio izan zuten.

Barbara Crawford Johnson (1925-2005)

aldatu

Barbara Crawford Johnson NASAren ingeniaritza-taldean Ilargira heltzeko lanetan parte hartutako emakume bakarra izan zen. Halaber, 1946an, lehen emakumea izan zen Illinois Unibertsitateko ingeniaritza orokorreko lizentziatura eskuratzen. Graduatu ondoren, Rockwell International Space Division enpresan sartu zen, eta hogeita hamasei urtez egin zuen lan ingeniaritza aeroespazialeko konpainia horretan.

Bost urte igaro eta ingeniarien buru izendatu zuten, eta azterketa garrantzitsuak burutu zituen hegaldien dinamikari, misilen diseinuari, haize-tunelei, errendimenduaren analisiari eta aerodinamikari buruz.

Apollo misioetarako sarrera kontrolatzeko sistema diseinatu eta ebaluatu zuen. Hain zuzen, 1968an, Apollo Programan zuzendari izendatu zuten, misio eta ebaluazio-eskakizunak zaintzeko. Horixe izan zen lortu zuen posturik gorena.

Mary Winston Jackson (1921-2005)

aldatu

Mary Winston Jackson bere bizitza osoan zehar NASAn lan egindako matematikari eta ingeniari estatubatuarra izan zen.

Matematika eta fisikan graduatu zen Hampton Institute-n 1942an, eta ondoren, beltzentzako eskola batean aritu zen lanean, umeei matematika irakasten. Geroago, Langley ikerkuntza-zentroan aritu zen kalkulu-lanetan, eta ondoren NASAko lehen ingeniari beltza izatera heldu zen. Postu horretara iristean degradazioa eskatu zuen eta aldi berean bi programen zuzendari izatera pasatu zen: Federal Women’s Program eta Affirmative Action Program. Gogor lan egin zuen NASAn zientzia, ingeniaritza eta matematika arloetan emakumeen promozio eta kontratazioan eragina izateko.

Mary hil ondoren, 2016an, Hidden Figures izeneko film ospetsua estreinatu zen arrakasta handiz mundu osoan. Bertan Jacksonen, Katherine Johnsonen eta Dorothy Vaughanen bizitza kontatzen da, eta bereziki horiek Mercury eta Apollo 11 proiektuetan egindako lana.

Edith Clarke (1883-1959)

aldatu

Edith Clarke lehenengo emakume ingeniari elektrikoa izan zen. Sare elektrikoaren analisian espezializatu zen, eta haren ikerkuntzaren aplikazioa gaur egungo haize-sorgailuen kontrolean erabiltzen da. Metodo matematikoak erabili zituen potentziazko sistema elektrikoen diseinurako beharrezkoak ziren kalkuluak errazteko.

Matematika eta astronomia ikasi zituen Vassar College ikastetxean, eta 1908an graduatu zen, kalifikazio onenekin.

Graduatu ondoren, matematika eta fisikako irakasle izan zen. Hala ere, beraren ametsa ingeniari izatea zenez, 1911n Ingeniaritza Zibila ikasten hasi zen Wisconsingo Unibertsitatean.

Geroago, 1918an, Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT) ingeniaritza elektrikoko ikasketak hasi zituen, eta 1919an erakunde horretako Elektrizitate arloko lehen emakume ingeniaria bilakatu zen.

Ada Lovelace (1815-1852)

aldatu

Augusta Ada King, Lovelaceko kondesa, historiako lehen programatzailetzat jotzen da. Ekuazio diferentzialak askatzeko gai zen Babbageren konputagailu mekaniko aitzindariaren deskripzioa idazteagatik da batez ere ezaguna.

Matematika eta zientzia ikasten aritu zen, eta programazioan hain ezagunak diren begizta edo azpirrutina bezalako kontzeptuak garatu zituen.

Adaren ekarpen ezagunenetakoa Babbageren makina analitikoari buruzko deskribapena da. Bestalde, konputagailurako hasierako bertsioarentzako kalkuluak egiteko jarraibideak ere egin zituen.

Lehen pertsona izan zen konputagailuetarako programak egiten; halaber, Bernoulliren zenbakien balioak kalkulatzeko pausoak deskribatu zituen.

Elizabeth McGill (1905-1980)

aldatu

Elizabeth Muriel Gregory "Elsie" McGill, munduko lehenengo hegazkin-diseinatzailea izan zen, eta Bigarren Mundu Gerran aeronautika-ingeniari gisa lan egin zuen. Hasieran, aeronautikako ingeniari laguntzaile gisa lan egin zuen, Montrealgo aeronautika-eragiketetan 1934. urtean. Geroago, 1938an, Kanadako Ingeniaritza Institutuan (EIC) onartu zuten. Ingeniaritza Aeronautiko arduraduna izan zen Canadian Car and Foundry (CanCar) enpresan; munduko lehen emakumea izan zen posizio horretara iristen.

Hogeigarren mendeko hirurogeiko hamarkadan, emakumeen eskubideen aldeko borrokan parte hartu zuen. McGillek 1967ko Kanadako Gobernuko Mendeurreneko Domina jaso zuen.

Grace Murray Hopper (1906-1992)

aldatu

Grace Murray Hopper estatubatuar ingenieria izan zen. Bere ekarpen nagusia programatzeko programa sortzea izan zen, gaur egun konpiladore gisa ezagutzen dena. 1952. urtean sortu zituen, hain zuzen ere, lehen konpiladoreak. Geroago COBOL izenez ezagutzen den programazio hizkuntza garatu zuen.

Ellen Swallow (1942-1911)

aldatu
 

Ellen Henrietta Swallow Richards estatubatuar kimikari eta ekologoa izan zen. "Ingurumenaren higienea" kontzeptuaren sortzaileetakoa izan zen, zientzia ekologikoaren aitzindari. Emakumeak zientzia naturaletako graduak ikas zezaten ahalegindu zen Ellen hamarkada oso batean.

Ellenek matematika, frantses eta latinari buruzko unibertsitate-ikasketak burutu zituen 1859an. Horretarako, Vassar College ikastetxean izena eman eta onartutako emakume gutxietariko bat izan zen.

Ellen Swollow 1870an graduatu zen Vassar Collegen, eta geroago Massachusettseko Teknologia Institutuan (MIT). Han ikasitako lehenengo emakumea izan zen, Amerikako Estatu Batuetako zientzia-unibertsitate batean onartutako lehena. Graduatu ondoren, MITen jarraitu nahi izan zuen bere doktoretza lortzeko asmoz, baina ez zuten onartu. MITen emakume batek eskuratutako lehenengo doktoretza urte batzuk geroago lortuko zen, 1886an.

Inma Hernaez (1960-)

aldatu

Inma Hernaez Rioja Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle katedraduna da.

Kataluniako Unibertsitate Politeknikoan, telekomunikazio-ingeniaritzako ikasketak egin ondoren, gaur egun Bilboko Ingeniaritza Eskolan dihardu lanean irakasle gisa.

Euskarazko ahozko hizketa modu automatikoan lantzeko Aholab taldea sortu zuen 1995ean. Bertan egindako ikerketen ondorioz, euskara lantzeko sistema eraiki dute, hizketaren ezagutza automatikorako eta hizketaren sintesirako. Nazioarteko biltzarretan berrogei artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu ditu.

Euskal komunitate zientifikoaren Inguma datu-basean, Hernaezek idatzitako dozenaka lan azaltzen dira.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu