Elxeko Dama

iberiar eskultura

Elxeko Dama (katalanez: Dama d'Elx; gaztelaniaz: Dama de Elche) kareharrian zizelkaturiko soingain iberiar bat da, K. a. IV. eta K. a. V. mendeen artean datatua dagoena. 56 zentimetroko altuera du, eta, bizkarrean, 18 zentimetroko diametroa eta 16ko sakonera duen barrunbe bat du, segur aski, erlikiak, objektu sakratuak edo errautsak hildakoarentzako ofrenda gisan sartzeko balio zuena. Beste toki batzuetan aurkitutako izaera erlijiosoko beste irudi iberiar askok ere, zulo bat dute atzean, eta, Elxeko Dama bezala, euren sorbaldak, arinki aurrerantz bihurturik daude.

Elxeko Dama
Jatorria
Sorrera-urteaK.a. V. mendea
Aurkikuntza lekuaElx eta L'Alcúdia (en) Itzuli
Aurkikuntza data1897
Ezaugarriak
Materiala(k)kareharria
Dimentsioak56 (altuera) × 45 (zabalera) × 37 (lodiera) cm
Pisua65,08 kilogramo
Genero artistikoaSoingaina
Deskribapena
Kokapena
LekuaEspainiako Arkeologia Museo Nazionala
Louvre museoa
Pradoko Museoa
BildumaEspainiako Arkeologia Museo Nazionala
Inbentarioa1/10/1971

Eskultura Alacanteko probintziako Elx hiritik gertu aurkitu zen; hor, arabiarrek Alcúdia deitu zuten muino bat dago, antzinatean, ibai batek ia erabat inguratzen zuena. Grezieraz Helike izeneko finkapen iberiar bat zela ezagutzen da, erromatarrek, Ilici Augusta Colonia Julia deitu zutelarik. Arabiarrak iritsi zirenean, hiria, beherago kokatu zuten zati lauan, Ilici izen erromatarra mantenduz, Elx soinuak arabiartu zuena.

Espainiako hiriburu Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalean erakusten da.

Eskulturaren deskribapena

aldatu
 
Elxeko Dama Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean, Madril
 
Polikromiaren usteko marrazkia, Francisco Vivesen arabera

Haren jantzia erabat iberiarra da. Liho finezko tunika urdin bat eta apain-orrazi batek eutsitako mantila bat (tiara itxura izan lezakeena) daramatza; azken hori bularraren gainean zeharka erortzen da. Mantila gorrixka zen, eta bertan, oraindik, gastatutako margo hondarrak geratzen dira. Mantilaren gainean, oihal sendo eta astuneko mantu batek estaltzen zuen. Marroi kolorekoa zen, azpil gorri batekin. Ezpainek ere jatorrizko kolore gorriaren hondarrak mantentzen dituzte. Kareharri finez egina dago, laranja kolorekoa, eta aurpegiak, harri horren kolore naturala du, bere larruazalaren balizko kolorea.

Damak, iberiarren bereizgarri diren bitxi batzuk daramatza: belarriak estaltzen dituen eta bekokia estutzen dion larru tira batetara lotutako katetxo batzuetatik zintzilik dauden gurpil batzuk. Esferatxo eta filigranadun lepoko eta koroa batzuk. Euren jatorria, K. a. VIII. mendean Jonian izan zuten eta ondoren Etruriara pasa ziren bitxien erreprodukzioak dira. Azken analisietan, bizkarreko tolesduretako batean, urrebitsezko zati txiki bat aurkitu zen. Honek, eskulturako bitxiak, urrebitsez estaliak zeudela pentsarazten du.

Artemidoro Efesokoak, Iberiako kostaldeetatik K. a. 100. urte inguruan bidaiatu zuen Estatu gizonak, iberiar emakumea deskribatzen du egundaino iritsi den testu batean, eta non argi nabari daitekeen Elxeko Damaren deskribapena, duen antza dela eta.

« Iberiar emakume batzuk, burdinazko lepokoak eta armazoi handiak zeramatzaten buruan, honen gainean, eguzkitako bezala, zapia jartzen zutelarik, aurpegia estaltzen ziena. Baina beste emakume batzuk tympanon bat jartzen zuten lepoaren inguruan, garondoan eta buruan belarrietaraino estuki lotzen zutena eta gorantz, alborantz eta atzerantz tolesten zena. »


Aurkikuntza lekua

aldatu

1897ko abuztuaren 4an aurkitu zen. Haziendako langileak, l'Alcúdiako muinoaren hego-ekialdeko magala luerauzten ari ziren, nekazaritza asmoekin. Tokiko elezaharraren arabera, Manuel Campello Esclápez, Manolico ezizenekoa, 14 urteko mutiko bat (datu hau ez dator bat bere jaiotza ziurtagiriarekin) eta lanetan laguntzen ari zena izan zen aurkitzailea. Antonio Maciáren pikotxa erabiliz eta langileen atsedenaldi bat probestuz, zulatzen hasi zen.

  • RAMOS FOLQUÉS, Alejandro (1965) "La Dama de Elche" (8-9 orrialdeak)

Damaren soingaina aurkitu zen tokia, gaur egun, urteen igaroan, balio handiko txatal ugari aurkitu diren aztarnategi bat da, jatorri iberiar eta erromatarreko txatalak, zibilizazio hauen testigutza direnak. Herrixka iberiar-puniko bat aurkitu da, erromatar estolderia, mosaiko, harresi eta etxe erromatarrak, baita zimenduak ere, mosaiko bat eta lanpara bat San Abdonen irudiarekin, ustez, V. mendekoa den basilika kristau batekoak. Azken testigutza arkeologiko hau, Toledoko kontzilioen kodexek babesten dute, non Illici herrotik kontziliora joandako gotzainez hitz egiten den.

Elxeko Campello doktorearen nekazariek euren hamaiketakoa hartzen ari ziren, Manolico gazteak, l'Alcúdiako muinoko lubetan jarraitzen zuen bitartean. Aitzurkada bat jo ondoren, lurra ez zen zeozer gogorra jo zuela ohartu zen (oraindik ikus daiteke aitzurkadaren seinalea). Langileei deitu zien, eta, guztien artean, harea artean zulatzen hasi ziren. Honela agertu zen Elxeko Damaren soingaina. Une horretatik, Manolicok, mairu erregina bezala bataiatu zuen.

Bertsio hau, baina, Pedro Ibarrak urte bereko abuztuak 14an idatzitako txotenarekin ez dator bat. Txosten honen arabera, Antonio Maciá izan zen bere pikotxarekin Dama jo zuena.

Jazoerak

aldatu

Campello doktorea, Asunción Ibarrarekin ezkonduta zegoen, Aureliano Ibarra Manzoniren alaba, azken hau, XIX. mendeko humanista bat zelarik, zaletu gisa arkeologian ere aritzen zena, eta bere lan lurretan iberiar objektu eta hondakin ugari aurkitu zituena, baita Elx hiriko beste toki batzuetan ere. Honekin, oinordetza bezala bere alaba Asuncióni utzi zion bilduma oso baliotsu bat osatzen joan zen, bera hiltzen zenean, bere alabak, bilduma Historiaren Errege Akademiari saltzeko egin beharreko tramite guztiak egiteko enkarguarekin batera, azkenik, Espainiako Arkeologia Museo Nazionalean jartzeko. Testamentuan, bilduma, oso-osorik erosi behar zela esaten zen.

Aureliano hil zenean, bere alaba, testamentuan jarritakoa betetzeko prestatu zen, eta oinordetza zein zen esan zien Madrilgo arduradunei. Akademia, osoko bilkuran bildu zen 1891ko martxoak 18an Antonio Cánovas del Castilloren presidentziapean. Kontua aztertzea proposatu zen eta batzorde bat izendatu zen maiatzak 17an. Batzordekideak, Juan de Dios de la Rada eta don Juan de Vilanova izan ziren, Elxera laster joango zirenak egin beharreko tratua egitera. Bilduma erostearekin ados agertu ziren, hiru epetan ordaindua izango zena. Baina, epeetako bat, Elxeko Dama aurkitu zen egunetik gertu amaitu zen, eta, ordutik aurrera, auzi bat egon zen, bere jabea, Asunción Ibarra, ez baitzegoen gainontzeko eskulturei gehitzearekin ados, eta Akademia ez baitzegoen ordaintzen jarraitzearekin ados.

Bere aldetik, Pedro Ibarra Ruizek, (hildako Aurelianoren anaia eta Elxeko udal artxibatzailea) aurkikuntza berriagatik zuen irrikagatik, argazki bat egin zuen, honen kopiak José Ramon Meliá akademikoari, Arkeologia Museo Nazionaleko zuzendaria zen Juan de Dios de la Rada eta Emil Hübner arkeologo alemaniar ospetsuari bidali zizkiolarik. Guztiek erosi nahi zuten.

Elxen, mundu guztiak ezagutzen zuen aurkikuntza, eta hizketagai zen. Familiaren lagunak, etxera bisitatzera zihoazen, baina gainontzeko pertsonek ezin zuten gauza bera egin, eta, beraz, eskuzabaltasun adierazpen bat eginez, Dama balkoian erakutsi zen, herriko biztanle guztiek ikus zezaten.

 
Hirian zehar banatutako Elxeko Damaren errepliketako bat, Damaren aurpegiaren bitromosaiko baten ondoan

Abuztua iritsi zen, hilabete honetako 14an eta 15ean, Elxeko Misterioa ospatzen zelarik. Pedro Ibarrak, jaialdi hau ikus zezan, bere etxera gonbidatu zuen Pierre Paris frantziar arkeologoa. Arkeologoak soingain iberiarra ikusi zuenean, benetako harribitxi bat zela jakin zuen, eta Parisko Louvre museoko arduradunak informatu zituen, berehala erantzun zutenak, diru kopuru handi bat eskainiz: garaiko 4.000 franko. Asunción Ibarra ados ez zegoen arren, iberiar soingaina saldu egin zen, eta, 1897ko abuztuak 30ean, iberiar jainkosa, ondo paketatua abiatu zen Frantziako hiribururantz. 40 urtez, Elxeko Dama, Europako museorik garrantzitsuenetako batean erakutsi zen, Louvren. 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi ondoren, eta segurtasun neurri gisa, Montaubaneko gaztelura eraman zen, Tolosa Okzitaniatik gertu, Frantzia hegoaldean, Paris baino toki seguruagoa baitzen.

Elxeko Dama 1941ean berreskuratu zuen Espainiak, Philippe Pétain mariskalaren Vichyko Gobernuarekin artelanen elkartruke bat eginda. Oso akordio desorekatua izan zen, Espainiaren mesedetan. Trukearen barnean, Soulten Sortzez Garbia (Jean de Dieu Soult frantziar mariskalak lapurtu zuelako da izen horrekin ezaguna), Bartolomé Esteban Murillok egina, ere sartu zen (Dama bezala, Louvre museoarena zen), bai eta Guarrazarreko altxorraren zenbait atal ere (Parisko Erdi Aroaren Museo Nazionalarena zen); eta, horietaz gain, Osunako iberiar eskulturen hondakinak. Horien truke, Espainiak Frantziari Diego Velazquezek margotutako Mariana Austriakoaren erretratu bat eman zion, Pradoko Museoak horren kopia ia zehatz bat zuelarik (kalitate gutxiena zuela uste zen bertsioa eman zen, batzuen ustez lantegiko kopia soil bat baino ez dena), eta Grekoaren lan bat, Toledoko Santa Cruzeko Museokoa. Horregatik, izatez, Pradoko Museoarena da (E433 katalogo zenbakia), non 30 urtez egon zen, Espainiara itzuli zenetik, 1971n Espainiako Arkeologia Museo Nazionalera eraman zen arte, non gordailu bezala dagoen. Bitartean, 1965ean, Elxeko Dama Elxera itzuli zen, Elxeko Misterioaren zazpigarren mendeurrena zela eta.

Carmen Calvo Kultura ministroak, 2006ko urtarrilaren 19an, denbora batez, Dama, aurkitua izan zen herriari ematearen erabakia adierazi zuen. Une honetatik, 2006ko maiatzak 18an amaitu zen prozesu bat abiarazi zen, non Elxeko Damak, Elxeko Historia eta Arkeologia Museoaren (Altamirako Gaztelu-Jauregian) eta "Ilicitik Elxera, 2500 urteko historia" erakusketaren inaugurazioa presiditu zituen, azken hau, hiriko egoitza ezberdinetan egin zena.

Damaren benetakotasunari buruzko eztabaida

aldatu
  • Kritika eta iritzi ugari egon da pieza arkeologiko horren aurkikuntzaz, eta haren antzinatasuna ez dela hainbestekoa proposatu da, iruzur modernoa baizik. 1995ean, University Florida Pressen, John F. Moffitt irakasleak gai horri buruz idatzi zuen bere Art Forgery: The Case of the Lady of Elche lanean.
  • Berriki, Espainian, Zientzia Ikerketen Goi Zentroko Maria Pilar Luxánen taldeak eginiko bere polikromiaren analisiak, margoaren antzinatasuna eta inprimaketa eta margotze geruzen egituraren antzinatasuna agerian utzi dute, baita bere galera prozesua kolorea jasotzeko prestatu zen igeltsu morteroaren berkristaltze eta disolbaketaren ondorioz.

Beste Dama batzuk

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu