Elosuko fusilamenduak

Espainiako Gerra Zibilean Elosun (Araba) izandako pasartea.

Elosuko fusilamenduak Espainiako Gerra Zibilean errepublikarren armadak Legutioko udalerriko Elosu herrian (Araba) borrokatik kanpo egindako hilketa masiboa izan zen.[1]

Elosuko fusilamenduak
Irudia
Motasarraski
Honen parte daEspainiako Gerra Zibila
Denbora-tarte1936ko urriaren 20a - 1936ko urriaren 21a
Data1936ko urria
KokalekuLegutio
HerrialdeaEspainia
Parte-hartzaileak
Pertsona hilak18

Herritar batek bultzatu zuen salaketa, zati handi batean mendeku pertsonalen eta familiarren eraginez. Horren eraginez, Facundo Perezagua batailoi komunistako kideek 17 herritar eta pertsona ezezagun 1 exekutatu zituzten, Araban gerra honetan izandako sarraskirik handiena burutuz.[2]

Aurrekariak

aldatu

Marcelino Urkiola Elosuko herritarra gizon handia, indartsua zen ("El Buey" esaten zioten). 46 urte, ezkondua, zazpi edo zortzi ume zituen eta familia behartsua zen.[3] Gerra aurretik herrian liskar asko izan zituen; esate baterako, herritar bati belarria erauzi zion, eta gertakari horiengatik epaitua izan zen.[4]

Gertakariak

aldatu

1936ko udazkenean, gerra-mugimenduek Legutio "inor ezen lurraldean" utzi zuten, bi aldeetako gudarien maniobren artean. Urriaren 20ean, errepublikazaleen Perezagua Batailoia sartu zen herrian, Julián Teixeira[5] komandantearen aginduetara; haiekin zetorren Marcelino Urkiola. Herriaz jabetzearekin batera, Urkiolak seinalatutako etxeetan sartu ziren, balioko gauzak hartuz eta biztanleak atxilotuz. 17 eta 70 urte arteko 17 lagun hartu zituzten, gehienak familia batekoak, eta Castañares baserrira eraman zituzten.[6] Gauean tratu txarrak eman eta gero, urriaren 21eko goizaldean, Zigoitiako bidean 300 bat metrora eraman zituzten;[7] han fusilatu eta gero, launaka lurperatu zituzten. [8]

Atxilotutako gehienak nekazariak ziren. Batzuk ideologia karlistakoak baziren ere, haietako gehienak errepublikazale edo abertzaleak ziren; are, frontean Errepublikaren alde borrokatzen ari ziren anaiak edo semeak zituzten. Atxilotuen artean, Urkiolaren etxearen ondoan bizi zen familia oso bat zegoen, 5 kidekoa.[3] Haiek atxilotzeko argudiatu zen arrazoia militarra izan bazen ere (miliziano biren heriotzan parte hartzea),[9] gaia aztertu duten historialariek uste dute salaketak Marcelino Urkiolaren mendeku pertsonal eta familiarrekin ere zerikusia izan zuela;[2] ez dago argi, ordea, nola lortu zuen batailoiaren buruak ekintza hau burutzeko konbentzitzea.[5]

Hildakoak

aldatu

Herriko fusilatuak 17 izan ziren:

  • Timoteo González de Mendibil (53 urte).
  • Valentina Urkiola (47).
  • Félix González de Mendibil Urkiola (21).
  • Leocadio Urkiola González de Mendibil (37).
  • Celedonio Urkiola González de Mendibil (34).
  • Victoriano Urkiola González de Mendibil (47).
  • Antonio García de Kortazar (53).
  • Juana Armentia Txopitea (57).
  • Antonio García de Kortazar (17).
  • Félix Basabe (69).
  • Andrés Basabe (35).
  • Teresa Biteri (60).
  • Dolores Domínguez Puértolas (70).
  • Román Sáez de Buruaga (64).
  • Lucía Ruiz de Erentxun (64).
  • Eugenio Mendizabal (54).
  • Juan Ruiz de Erentxun Garmendia (40).

Haiekin batera beste gorpu ezezagun bat aurkitu zen. Lekukoen arabera, fusilamenduetan parte hartzeari uko egin zion miliziano batena izan daiteke.[5][10]

Ondorengoak

aldatu

1937an, Legutio kolpisten esku geratu zenean, Marcelino Urkiola Elosura itzuli eta arrebaren etxean ezkutatu zen. Ez salatzeko mehatxu egin bazien ere, azkenean familiako kide batek salatu zuen,[6] eta guardia zibilek atxilotu zuten, Gasteizko espetxera eramanez. 1938ko uztailaren 28ra arte egin zen bertan, eta handik Donostiako espetxera aldatu zuten;[5] han garrotez exekutatuko zuten 1939ko urriaren 30ean.[8]

Kolpistek aurrera egin eta frontea mugitu zenean, Araba Batailoiko zenbait gudari (fusilatutakoen senideak) Teixeira komandantearen bila aritu ziren, mendekua hartzeko; batailoiko buruek lanak izan zituzten gudariak baretzeko, auzia gerra-epaitegietara eramango zutela aginduz.[9] Dena den, tropak Santoñan pilatu zirenean autoritate errepublikazaleek Teixeira atxilotu zuten, bere segurtasuna bermatzeko. Handik gutxira aske laga zuten, Santoñatik alde egiteko baldintzarekin.[5]

Hilketatik bi urtera -oraindik gerra amaitu gabea zegoela, alegia-, biktimak deshobiratuak izan ziren kanposantuan ehortziak izateko. Ustekabean, 17 gorpu barik 18 aurkitu zituzten, hamazortzigarrena aginduei uko eginiko milizianoren bat izan zela ondorioztatuz.[8]

Oroimen historikoa

aldatu

Urteetan Elosuko fusilamenduen gainean isiltasuna izan da nagusi, seguru aski biktimak nekazari karlista xumeak izan zirelako, eta hiltzaileak errepublikazaleak. Frankisten aldetik ere ez zitzaion propagandarik eman krimenari,[6] ahulezia irudirik ez ematearren; beraz fusilatuak ahanzturan erori ziren, hain da ezen 80ko hamarkadan argitaratutako lehen lan historikoetan ez ziren aipatu ere egin. Esate baterako, 2006ean ospatu zen Memoriaren Urtean ez zen inolako ekitaldirik egin Elosun gertatutakoa oroitzeko.[2]

2006 urtean, Sancho de Beurko elkarteko historialariek Arabako fronteari buruzko lan bat argitaratu zuten ("El frente de Álava", Ed. Beta III Milenio). Bertan argitaratu ziren Elosuko fusilamenduari buruzko lehen lekukotasunak.[5]

Marcelino Urkiolaren ondorengoek ez dute haren erantzukizunik onartzen Elosuko fusilamenduaren gainean,[6] eta haien aita "frankismoaren errepresaliatu bat" izan zela adierazi izan dute.[8]

2019 urtean, Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuak, EHU/UNESCOk eta Aranzadi Zientzia Elkarteak eginiko txosten batean, Elosuko fusilamenduak aztertu zituzten, teknikoki gizateriaren aurkako krimentzat jo ezin zitezkeela adieraziz, errepublikanoek eginiko horrelako beste zenbait exekuzio bezala (Donostia eta Bilboko espetxeetan zeuden presoen aurka egin zirenak) plan ezarri eta antolatu baten araberakoak izan ez zirenez.[1]

Gaur egunean, Elosuko hilerrian 17 fusilatuak oroitzeko plaka bat dago.[5]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Irekia. Gerra Zibilean eta frankismoan Euskadin izandako giza eskubideen urra…. (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  2. a b c De Pablo, Santiago. (2006). Todas las víctimas. El Diario Vasco.
  3. a b «Gerrako istorio krudelak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  4. Aguirregabiria, Josu M. (Josu Mirena). ([2006-2014]). El frente de Álava. Ediciones Beta III Milenio ISBN 84-89212-12-0. PMC 70767766. (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  5. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Beurko, Asociación Sancho de. (2020-10-22). «Elosu, 21 de octubre de 1936. Un crimen de guerra de los milicianos vascos» ElDiario.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  6. a b c d (Gaztelaniaz) «Los 17 de Elosu: Asesinato en masa durante la Guerra Civil» El Correo 2013-10-15 (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  7. (Gaztelaniaz) «Los nidos de Ollerías, historia, tipología y grafitis (1ª parte) por Josu M. Aguirregabiria y José Ángel Brena» www.cinturondehierro.net (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  8. a b c d (Gaztelaniaz) «RUFIANES HISTÓRICO-MEMORABLES» El Cadenazo 2015-12-09 (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  9. a b Iakakortexarena, Txomin.. (D.L. 1993). Dos ideales en la vida. T. Ikakortexarena ISBN 84-604-6278-1. PMC 435390944. (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).
  10. «Elosuko hiltzailea epaitu eta urkatu egin zuten - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-26).

Kanpo estekak

aldatu