El Castillar

aztarnategi arkeologikoa

El Castillar herrixka protohistorikoa izen bereko muinoan dago, Mendabian. Hainbat indusketa arkeologiko egin zizkioten 1970 eta 1980ko hamarkadetan, eta, ondorioz, Brontze Aroaren eta Burdin Aroaren arteko kultura-sekuentzia interesgarri bat argitara eman zuten.

El Castillar
Motaarkeologia-aztarnategi eta Kultura Intereseko Ondasun (Espainia)
Geografia
Map
Koordenatuak42°28′36″N 2°17′53″W / 42.4766723°N 2.297954°W / 42.4766723; -2.297954
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaMendabia

Gaur egun, garatzen ari den proiektu arkeologiko baten eta diziplina anitzeko zaharberritze-proiektu baten parte da.

Nafarroako ondare arkeologikoari buruzko legeek babesten dute aztarnategia: 62/1994 Foru Agindua, 1994ko martxoaren 2koa (1994ko martxoaren 28ko NAOn argitaratua).

Kronologia aldatu

1970eko hamarkadako lehen indusketa arkeologikoetan, Brontze Aroaren eta Burdinaren Lehen Aroaren arteko aztarna kulturalak aurkitu zituzten.[1]

Azken kanpainetan, 14Cko datazioak egin dituzte. Hauen arabera, herriaren azken okupazio-mailak k.a. VI. mendearen bigarren erdiko datazio absolutuak ematen dituzte.[2] Herrixkako maila zaharrenen datazioa oraindik aztertzen ari dira.

Aztarnategiaren ingurunea aldatu

3.000 m²-tik gorako azalera duen bere gailurretik, eremuaren ikuspegi zabala dago. Herrixkan harresi arrastorik aurkitu ez den arren, hegoaldeko eta ekialdeko hegalak oso malkartsuak dira, eta babes nahikoa eskaintzen dute. Ipar-ekialdeko alboei dagokienez, lubakiak identifikatu dira, ziurrenik artifizialak, eta herrixkako defentsen parte izan daitezke.[3]

Gaur egungo egoeran ez bezala, garaiko ur-iturriak ugariak ziren, eta, beraz, fauna eta flora ere oso desberdinak izan ziren gaur egungoekin alderatuta. Eremua pinu, hurritz, gorosti eta almeza basoz inguratuta zegoen, baina, azkenaldiko mailetan, soroen mesedetan eremua basogabetzetzen hasi zen.[4]

Horrez gain, inguruneak eskaintzen zizkien beste baliabide batzuk ere baliatzen zituzten, hala nola buztina zeramika egiteko, edo inguruko ibai-terrazetako harriak, etxebizitzak eraikitzeko.

 
Aztarnategiko muinoaren ikuspegia

Herrixka aldatu

Herrixkak hainbat okupazio-maila ditu, Brontze Aroan sortu zenetik Burdin Aroan utzi zuten arte.

Gehien aztertutako okupazio-maila Burdin Aroko azkena da, eta k.a. VI. mendearen bigarren erdian hustu zuten. Azken herrixka hau elkarri atxikitako etxebizitzez osatuta zegoen, harrizko zimenduekin eta karezko estalduradun adobezko hormekin eraikiak. Gutxi gorabehera, 27 m2 ditu ekialdeko sektorean, eta 15 m2 inguru mendebaldekoan. Etxebizitzen barruko estalduretan kolore laranja, gorri eta beltzeko pigmentuen arrastoak ageri dira, baina oraingoz ez da dekorazio-patroi zehatzik aurkitu.[5] Herrixkaren ekialdean, gutxienez 4 laberen aztarnak aurkitu zituzten, ziur aski zeramika ekoizteko erabiliak.[6] 1980ko hamarkadatik 2017ko arkeologia-lanei berrekitera arte aztarnategiak izan zuen babes eskasak labe horiek kolapsatzea ahalbidetu zuen, aire zabalean eta horren ondoriozko hondatze-faktoreen eraginpean egotearen ondorioz.[5] 2020an horietako bat berreraiki zuten, zegoen tokian, eta etorkizuneko kanpainetan gehiago egitea planteatu zuten.

Okupazio-maila horren azpitik, gutxienez beste lau etxebizitza-mailaren aztarnak aurkitu dira, eta badirudi espazioaren egituraketa oso antzekoa dela. Kultura materialaren aztarnek zein eraikuntza-egiturek homogeneotasun formala dute.

Azken okupazio-maila, datazio erlatiboen arabera, Azken Brontzeari dagokiona, oso gutxi aztertu da,[7] eta oraingoz ezin izan da datazio absolutu zehatzik lortu.

Indusketak aldatu

Herria 1970eko hamarkadan aurkitu zuten Ángel Elvira eta María Inés Sainz mendabiarrek, eta 1972an lehen indusketa-kanpaina abiatu zuten, Rafael García Serranok zuzenduta. Aztarnategira egindako lehen hurbilketa izan zen. Aztarnategiaren potentzia estratigrafikoa zehazteko, 3,5 metroko prospekzio-kata egin zuten. 1977an, Amparo Castiellak kanpaina sistematiko batzuk hasi zituen, 1982ra arte iraun zutenak. Indusketa horietan, gaur egun ezagutzen dugun planoa lortu zen, bai hego-ekialdeko sektorekoa, bai hego-mendebaldeko sektorekoa, eta muinoaren erdialdea induskatu gabe geratu zen. Indusketak amaitu ondoren, 1985ean harrizko egiturak finkatu zituzten. 1991. urtean, aztarnategian berriro lan egiteari ekin zioten, Brontze Aroko mailetan sakontzeko helburuarekin.

2017an, Mendabiako Udalak El Castillar zaharberritzeko, balioztatzeko eta zabaltzeko proiektu bat hasi zuen. Proiektu hori gaur egun ere garatzen ari da, diziplina anitzeko talde baten zuzendaritzapean eta nazioko zein nazioarteko boluntarioen laguntzarekin.

Erreferentziak aldatu

  1. (Gaztelaniaz) Castiella Rodríguez, Amparo. (1985). «El Castillar de Mendavia. Poblado Protohistórico» Trabajos de Arqueología Navarra.
  2. (Gaztelaniaz) Arróniz Pamplona, Leyre; Fonseca de la Torre, Héctor J.; Pérez Legido, Daniel; Calvo Hernández, Clara; Bayer Rodríguez, Xavier. (2021). «Intervención arqueológica y de restauración en el poblado de El Castillar de Mendavia. Campañas de 2017-2020» Trabajos de Arqueología Navarra  doi:10.35462/TAN31-32.21..
  3. (Gaztelaniaz) Armendariz Martija, Javier. (2008). De aldeas a ciudades. El poblamiento durante el primer milenio a.C. en Navarra. Iruñea: Gobierno de Navarra. Fondo de Publicaciones ISBN 8423531015..
  4. (Gaztelaniaz) Castiella Rodríguez, Amparo. (1993). «De la Protohistoria en Navarra, la Edad del Hierro» Cuadernos de Arqueología de la Universidad de Navarra.
  5. a b (Ingelesez) Fonseca de la Torre, Héctor J; Arróniz Pamplona, Leyre; Calvo Hernández, Clara; Sirvent Cañada, Laura M; Meana Medio, Lorena; Bayer Rodríguez, Xavier; Pérez Legido, Daniel. (2021). «The problematic of adobe wall conservation in the open-air site of El Castillar, Mendavia, Navarra» Earthen Construction Technology in: Proceedings of the XVIII UISPP World Congress (4-9 June 2018, Paris, France). (Archaeopress).
  6. (Gaztelaniaz) Castiella Rodríguez, Amparo. (1983). «Hornos protohistóricos de "El Castillar", de Mendavia (Navarra)» Homenaje al prof. Martín Almagro Basch.
  7. (Gaztelaniaz) Castiella Rodriguez, Amparo. (1979). «Memoria de los trabajos arqueológicos realizados en el poblado proto-histórico de El Castillar (Mendavia)» Trabajos de Arqueología Navarra.

Kanpo estekak aldatu