Egurbide Burdinola eta Errota multzoa

eraikitako euskal ondare nabaria Azkoitian

Egurbide monumentu multzoa Azkoitian (Gipuzkoan) dagoen XVI-XVIII. mendeko eraikin multzoa da, honakoek osatua:

  • Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak (XVII. mende hasierakoak)
  • Aingeru Zaintzaile Santuaren ermitak (XVIII. mendekoa)
  • Egurbideko errotak eta burdinolak, bertako instalazioekin (1568).
Egurbide monumentu multzoa
Egurbidetorrea baserria
Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita
Egurbideko burdinola eta errota
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Alde Zaharra (Azkoitia)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAzkoitia
Koordenatuak43°11′02″N 2°19′28″W / 43.18388°N 2.32445°W / 43.18388; -2.32445
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea114

2008ko maiatzaren 15an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Historian gertakari garrantzitsu baten hasiera bertan eman zen: 1766ko matxinada.

Egurbidetorrea baserria aldatu

Egurbidetorrea baserria XVII. mende hasierako eraikina da. Gerora, fatxadan bao batzuk egin eta handitu zaizkio. Berrikuntza horiek jatorrizko eraikina egoera onean babesten dute, eta eraikinaren elementurik nabarmenena zurajea da.

Lau isurialde ditu, familia bakarrekoa da eta Katuin errekaren meandro txiki batean dago, hain zuzen ere, 130 eta 140 koten artean; oinplano ia karratua du (15,50 x 16,50 metro), behe-solairu bat, bi solairu eta teilatupeko solairua; eraikinaren gorputza mendebaldeko fatxadara atxikita dago, eraikin nagusia bezain zaharra den fatxadara, 7 bider 10 metro ditu eta bi isurialde. Gorputz nagusian, hormak bigarren solairuraino iristen dira, eta morteroz apaindutako harlanduz egina da.

Kanpoaldea aldatu

 
 

Solairu horretatik aurrera, beste hiru fatxaden egitura zurezkoa da, mortero zarpiatuzko harlangaitzez betea, eta zementu-esne pixka batez luzitua. Laugarren fatxadan galeria bat dago. Teilatupeko solairua, solairu aldean, pixka bat goratu egin da eta bere lau fatxadetan irekita dago, hego-ekialdean izan ezik; bertako fatxada fabrikaz itxita dago, behe-bilbedunean bezala.

Mendebaldeko fatxadan, eraikin nagusiak bi gorputz ditu erantsita: hego-erdialdean zahar bat eta ipar-erdialdean, berriz, berri bat. Eranskin zaharra nagusia bezain zaharra da, eta, beraz, haren balio kultural bera du. Behe-solairuaz gainera -harlanduzko itxitura du eta ukuilu gisa erabiltzen da-, lehen solairu bat du -zurezko bilbaduraz egina eta adreilu trinkoz inguratua-, lastategi gisa erabiltzen dena, bi isurialdekoa. Eranskin horrek harlanduzko eskantzuak ditu, eta mendebaldetik zuzenean sar daiteke bertara. Halaber, eraikinaren ezkerreko zatiari metalezko egitura moderno bat erantsi zaio, xafla izurtu batez estalia. Biltegi eta lastategi gisa erabiltzen da.

Hegoaldeko fatxadak, lehen solairuaren garaieran, hiru bao desberdin ditu: aldeetakoak handiak dira eta erdian dagoena, berriz, txikixeagoa. Lerroan daude jarrita, tarte erregularretan, eta erdikoak harlanduzko ezpadura du. Bigarren solairuan, fatxadak zulo handi bat du eta, alderik alde eta luzetara, zurezko baranda bat dago; ezkerraldean, hormarte osoaren sakonerakoa eta eskuinaldean, berriz, pixka bat txikiagoa. Teilatupeko solairuan, fatxadak zurezko ohol-itxiturak ditu, tartekatuta.

Ekialdeko fatxada, behe-solairuan, gutxi ikusten da, euste-hormatik gertu baitago. Fatxada horretan duela gutxi egindako sarrera-zubi bati esker, eraikin nagusiaren lehen solairura zuzenean joan daiteke. Sarbide horretaz gainera, solairu horretan bi bao gehiago daude, harlanduzko ezpadurak dituztenak, eta ezkerrean, hirugarren bao bat, kareldun balkoikoa. Bigarren solairuan, fatxadak bao handi bat du ezkerraldean, zurezko karela duena, eta hegoaldeko fatxadaren galeriako ekialdeko ertzarekin bat datorrena. Horren parean, beste bi leiho-bao daude, tarte erregularretan jarrita.

Iparraldeko fatxadan, eraikin nagusirako sarbidea dago. Horregatik, ateburudun ate bat dago harlanduzko ezpadurarekin, fatxada horren behe-solairuan eta simetria-ardatza baino pixka bat eskuinerago. Gainera, leiho-bao bat dago sarrerako atearen ezkerraldean. Lehengo solairuan, hiru leiho-bao daude simetrikoki kokatuak eta harlanduzko ezpadura dutenak. Bigarren solairuan hiru bao daude, lehenengo solairukoak baino txikiagoak; ardatz bertikalean daude ipinita eta harlanduzko ezpadura dute. Gainera, teilatupeko solairuaren parean, fatxadak zurezko ohol-itxiturak ditu, tartekatuta.

Barnealdea aldatu

Eraikin nagusiaren egitura hiru hormartez osatzen da, lau ardatz simetrikoz eta euskarri desberdinez mugatua: horietako bi karga-hormaren kontra; bat sekzio karratuko harlandu-zutabean (lehen solairuraino iristen da), eta azkena, hormigoizko zutabearen kontra, eusteko eta errefortzu gisa. Solairuen bilbadura habeez eta sekzio handiko gapirioz egina dago. Estalkiaren armadurak egitura konplexua du, eta honako elementu hauek ditu: habeak, uhalak, atal bakarreko korbak eta gapirioak, enara-isats itxurako beso mihiztatuak dituzten tiranteez lotuak. Kanpo-perimetroko hormak zurezko habeetan eusten dira, zulo txikien lerrokada batean; zulo horietan teilatupea ixteko barrak zeuden, baina horiek desagertu, eta egun ohol batzuk daude.

Eraikinaren antolamendu funtzionala atal bakarreko eskailera batek osatzen du; eskailerak zurezko oinarriak ditu, eta behe-solairuko ukuilutik etxebizitza dagoen lehen-solairura joateko bidea dira. Bigarren solairura joateko bi ataleko eskailera dago, eta honek ere atal bakarreko oinarriak ditu, baranda bat, eta muturrak buru-irudi batez errematatuta daude. Hirugarren eskaileratik igota, teilatupera joaten da.

Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita aldatu

 
 

Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita XVIII. mendeko eraikina da. Eraikin exentua da, GI-2634 eskualdeko errepidearen eta Egurbidetorrea baserriaren artean dago. Oinplano karratua du (6,50 metro zabal eta 10,50 metro sakon) eta ipar-hegoaldera dago kokatuta. Estalkiak lau isurialde ditu, gailurra sarbideko fatxadarekiko elkarzut dago, eta arabiar teilak ditu. Hegoaldeko fatxadaren bertikalean, kanpai-horma bat nabarmentzen da kanpora. Kanpai-horma horrek kanpai bakarra du, zurezko bola bat eta burdinlaneko haize-orratza. Harlandu oneko aparailuaz egina da, eta zarpiatu eta zuriz margotu dira bertako harlanduzko eskantzuak eta baoburuak.

Hegoaldeko fatxadan dago sarrera, eta bertan erdi-puntuko arku inpostaduna dago; alboan, ur bedeinkatuarentzako bi ontzi. Atea tatxetez eta burdinsarez apaindu da. Arkuaren erdiko dobelan armarri txiki bat dago, eta eraikina egin ondoren jarri zen.

Mendebaldeko fatxadan dago eraikineko leiho-bao bakarra. Bao horiek harladuzko ezpadurak dituzte.

Barnealdean, espazioa bi ertz-gangak estaltzen dute. Burualdean, erretaula barrokoa dago. Hormak, berriz, margotutako armarriz apainduta daude.

Egurbideko burdinola eta errota aldatu

 

Egurbideko burdinolari buruzko dokumentazioa 1568koa da. Nahiz eta burdinolako eraikin nagusia ez egon, goratutako deposituaren instalazioek, ur-jauziak eta atxikitako eraikinek osatua.

Monumentu-multzoaren barruan, instalazio hauek mugatu dira: burdinolaren ate-aitzina eta atxikitako eraikuntzak. Ate-aitzina burdinolako ur-depositua da, eta goratuta dago. Depositu horren paretak harrizkoak dira, 5 metroko garaiera dute eta 20 bat metro luze; 1,5 metroko lodiera ekialdeko horman eta 1,9 metrokoa, berriz, mendebaldekoan. Depositu horren azpian, ganga formako eremu txiki bat dago harlauzazko ganga batekin. Garai batean, burdinola martxan jartzeko gurpilak egoten ziren bertan. Eremu horretara iristeko kanpoaldeko erdi-puntuko arku batetik igaro behar da.

Hegoaldeko fatxadan, ate-aitzinak bi horma bertikal ditu: mailakatutako kontrahorma gisa erabiltzen dira, harlauzaz eginak dira, estilo errustikoa dute, eta bi eskailera daude goratutako depositura joateko. Bi hormek puntu erdiko bi arkuak dituzte, behar bezala eskuairatutako dobelekin eraikiak, eta ekialdetik nahiz mendebaldetik ikus daitezke. Bi hormen erdian, harlanduzko pareta bat dago, 0,70 metroko altuera eta 1,50 metroko zabalerakoa. Dirudienez, ura gurpiletara erortzeko kanalaren zati bat da. Pareta horrek hiru bao ditu: bata, mendebaldekoa, sekzio angeluzuzena da, 0,70 metro ditu zabaleran, metrobete garaieran eta 1,30 metro sakoneran. Jarraian, 0,67 metrora, beste bao bat dago paretaren erdian; angeluzuzena da eta 4,40 x 0,50 x 1,1 metro ditu sakoneran. Ondaxka da, hau da, gurpila zegoen zuloa. Eskuinean, hirugarren baoa dago, sekzio angeluzuzenekoa eta 0,40 x 0,15 metrokoa; ate-aitzinaren barrualdearekin lotzen du, irteera gisa.

Ekialdeko fatxada harlanduzko pareta da, luzeran 19,50 metro ditu eta garaiera, aldiz, gorabeheratsua da, baina bost metro inguru neurtzen ditu. Horma horretan, dobelaz egindako erdi-puntuko arku bat dago. Ate-aitzinaren hasieratik 3,75 metrora, 1,45 metroko diametroko arkua dago. Fatxadan, eta ate-aitzinaren hasieran, eskailera batzuen aztarnak gelditzen dira –egun egoera txarrean daude–, 2 metroko zabalera dute eta, horietatik igota, goiko ur-depositura joan daiteke.

Mendebaldean, harlanduzko beste pareta bat dago, 17,50 metro luze dituena. Horma errota bat atxikitzeko aprobetxatu da, eta errotak ate-aitzinean gelditzen diren urei esker funtzionatzen du.

Ate-aitzineko isurketa erdi-puntuko arku bati esker egiten zen, baina egun arku itsua da; Katuin errekaren eskuinaldeko horman zegoen, ate-aitzinaren itxitura gisa. Dirudienez, sistema horrek ez zuen balio izan, eta ura bertan ez gelditzeko, egun dagoen hustubidea egin da: ura ate-aitzinetik ateratzen da, aipatutako hormaren azpitik errekarantz, eta gero, 50 metro luze eta 3 metro zabal dituen hustubide bati esker, ura errekaraino iristen da.

Ondo-ondoan, ate-aitzinaren ekialdean, burdinolarekin erlazionatutako eraikin baten aurriak daude. Harlanduzko paretak dira, 2,50 metro garai eta 0,60 metro lodi dutenak. Egitura horretan, beste horma baten hondakinak ere nabarmentzen dira, ekialdean eta mendebaldean; hormak 4,80 metro luze eta 0,50 metro zabal ditu, eta 0,30 metroko altuera besterik ez.

1766ko matxinada aldatu

Sakontzeko, irakurri: «1766ko matxinada»

Apirilaren 13an Azkoitiako apaizak bere igandeko sermoian aberatsei eskatu zien ez ateratzeko garaurik ezta jakirik kanpoan saltzeko, eta herritarrei ez baimentzeko janaririk kanpora atera zedin. Hurrengo egunean, bi emakumek gidatutako gurdi batek Leturiondo etxean alea bildu eta Azkarateko bidea hartu zuen. Laster iritsi ziren Egurbide Burdinolara. Bertan, buelta emateko eta ale guztia hartutako lekuan uzteko eskatu zien gizon talde batek. Gizonak herrira jaitsi ziren, eta goiz hartan bertan adostu zuten alearen prezio berria jauntxoekin[2].

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu