Egizan 1987an sortutako erakunde feminista bat izan zen. KASen barruko adar autonomo baten moduan sortu zen eta ENAMen barruan, emakumeen askapenerako borroka borroka-eremu espezifikoa zela aitortu zuen orduko Ezker Abertzaleak. 2000. hamarkadan desagertu zen eta bere lekukoa Bilgune Feministak hartu zuen[1].

Egizanen aitzindariak aldatu

Ideia feministaren agerpena Ezker Abertzalearen baitan Ipar Euskal Herrian kokatzen da. Hango emakume batzuek hasi ziren Ezker Abertzalearen erakundeetan emakume bezala sentitzen zutena arrazionalizatzen eta elkarren artean jartzen.

1974ean, Ipar Euskal Herrian Aizan! erakunde feminista sortu zen. Talde hau izango da gero Egizan bihurtuko zenaren aitzindari. Aizaneko partaideak Baionan hasi ziren biltzen, eta ezinezkoa ikusten zuten beren buruak emakume bezala adieraztea militantzia zuten erakunde politiko abertzaleetan.

Ipar Euskal herriko Ezker Abertzaleko emakumeak, ekarpen teoriko nabarmenak egiten ari ziren eta Frantziako Mugimendu Feminista izan zuten erreferentzia puntua. Eragin horren ondorioz, Iparraldeko emakume hauek praktika feminista baino maila teorikoan aritu ziren. Beren ideia feministak praxi politiko abertzalearekin uztartzeko beharra hasi ziren mamurtzen. Maila teorikoan nahiko garatua zegoen nazio eta klase askapenerako ereduaren barnean errotutako ikuspuntu feminista hasi ziren planteatzen,. Iparraldeko Ezker Abertzaleko emakumeek maila teorikoan sakontzen zuten bitartean, Hegoaldean emakumeak maila praktikoan lortzen dute garaipen handiagoa.

Nahiz eta 1974tik funtzionatu, Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Aldeko taldeko partaideak 1976an hasi ziren siglak EEBAA erabiltzen. Beren helburua “nazio eta gizarte askapenerako borroka eduki ez patrialkalaz hornitzea” zen. Talde hau Ezker Abertzalearen barnean eratzen den lehengo talde burujabea da.

Hego Euskal Herriko feminista abertzaleekin elkartzen saiatu ziren baina praxi feminista era desberdinetan garatzen ari zen Hegoaldean eta Iparraldean eta asmoa bertan behera geratu zen. EEBAA izan zen Zapalkuntza Hirukoitzaren Teoria garatzen hasi zen lehenbiziko taldea. Hego Euskal Herrian, emakume batzuk hasi ziren Ezker Abertzalearen erakundeetan emakume bezala sentitzen zutena arrazionalizatzen eta elkarren artean jartzen.

1977ko “Euskadiko Emakumeen topaketak” egin zirenetik herrialdeetan erakunde asanbladak sortzeak, emakumearen zapalkuntza espezifikoaren aurka borroka kolektibo eta antolatu bidezko mugimendu feminista sendotzeko balioa izan zuen.

1978an, EEABB taldeko emakume batzuek, Koordinadora Abertzale Sozialistako emakumeak izeneko antolakundea garatzen dute (KAS emakumeak). Alternatiba honen helburuari, ” Euskadi independentea, sozialista, batua eta euskalduna” helburu laukoitzari, haiek ez patriarkala helburua gehitzen zioten.

Emakumeak, langileak eta euskaldunak ziren aldetik, beraien ustetan jasaten zuten zapalkuntza hirukoitza aurre egiteko, emakume sozialista eta independentistaz osatutako erakunde bezala definitzen ziren.

Zapalkuntza hirukoitzaren inguruko teorikoetatik abiatuz, aldarrikapen feministei eman nahi zieten eduki politikoan sakondu zuten. Euskal Herriko emakumeen egoera azaltzeko Marxismoaren tresna teorikoak erabili zituzten. Euskal emakume langileak jasaten duten zapalkuntza, maila ekonomikoan, juridiko politikoan eta ideologikoan aztertu zuten. Emakumearen askapenerako alternatiba taktiko eta estrategikoaran KAS Emakumeen helburuak islatzen dira:

1. Berdintasunezko partehartzea soldatapeko lanean eta etxeko lanaren sozializazioa.

2. Berdintasunezko partehartzea gizartearen kudeaketa ekonomikoa, politiko eta kulturalean.

3. Afektu eta sexu-harremanaren garapen librea eta nork bere gozputza kontrolatzea.

KAS Emakumeen planteamendu teoriko eta Aizanek egindako txosten teoriko arteko ideiak bat eginez sortu zen Egizan.

Euskal Herriko mugimendu feminista antolatzeko ekintza zehatzen inguruko koordinazioa planteatzen zuten, ezinezkoa ikusten baitzuten helburu oso desberdinak zituzten joera feministak erakunde bakar batean antolatzea.

Eratzeko arazoak aldatu

Egizan eratzeko prozedurak agerian utzi zituen Ezker Abertzalearen barneko kontraesanak feminismoarekiko. Bere osotasunean hartuta, Ezker Abertzaleak ez zuen kontzientzia feministarik. Europako ezkerreko mugimendu iraultzaileetan feminismoarekiko eratutako topiko berberak errotuta zeuden bere baitan.

Militante batzuen ustez, Feminismoa mugimendu burgesa zen, XVIII. mendeko emakume burguesen aldarrikapenetan jatorria zuen mugimendua, alegia. Gainera, beren ustetan, Feminismoak sexu-kontraesana besterik ez zuen kontuan hartzen emakumearen zapalkuntzaren zergatia edo oinarria azaltzeko. Arrazoi sozialak eta nazionalak kontuan hartzen ez zituenez, ezin iraultzailerik izan.

Militantziaren beste sektore batek, nahiz eta borroka feministaren beharra onartu, ez zuen erakunde espezifiko bat sortzeko beharrik ikusten, borroka feminista sektoriala zelan planteatzen zuten, hau da, beste erakundeetatik bidera zitekeen borroka.

Hala ere, erakunde feminista sortzeko erabakia ez zen kolokan jarri. Egizan eratuz, emakumeen askapenerako borroka, borroka-eremu espezifikoa zela aitortu zuen Ezker Abertzaleak. Aizanen egondako emakumeen lan egiteko era eta Ezker Abertzaleko emakumeen antolatzeko esperientzia bildu ziren erakunde berrian. Bai feminismoaren arloan, bai Ezker Abertzaleko beste erakundeetan esperientzia zuten emakumeek oinarri militante zabala eman zioten Egizani.

1988ko maitzaren 8an “Emakumeak organizatzen, Euskadiren askatasuna gauzatzen” lemapean, hirurehun emakume inguru bildu ziren Egizanen Asanblada Eratzailean bere Oinarri Ideologikoak, KAS Bloke Gidaria Txostena eta behin-behineko egitura onartzeko. Emakumeen zapalkuntzaren jatorria zein zapalkuntza ezabatzeko markoa zehaztu zituzten oinarri ideologikoetan. Egizanen helburuak KAS blokearen berberak ziren, hots ” Taktikoki KAS Alternatiba lortzea eta estrategikoki Euskadi Independiente, batu, sozialista eta euskalduna eraikitzea”.Asanblada Eratzailetik aurrera, “euskal emakume langileen zapalkuntzaz kontzientziatzeko eta ENAM antolatzeko zeregina”hartu zuten, “emakumeen arazo espezifikoei alternatibak emanez” eta “emakumeak nazio askapenerako prozesuaren partehartzaile bihurtuz”.

« -Egizan-eko kideek zer ekarpen egin zenioten ezker abertzaleari?[2]

-Rakel Peñaː Borroka feminista ez zegoen gaur egun bezala ikusita, ez gizartean, ez ezker abertzalean, ezta politikan ere. Feminismoa borroka marginaltzat eta erradikaltzat jotzen zen, zentzu ezkor batean, kontraesanak sortzen baitzituen. Erresistentzia handiak zeuden borroka feminista planteatzeko eta garatzeko orduan, esparru guztietan. Horrek sortu zituen hainbat liskar ezker abertzalearen barruan, eta uste dut hura izan zela abiapuntu bat gauzak beste modu batean ikusteko. Gaur egun, ematen du feminismoa eztabaidaezina dela, baina bere garaian gu oso kuestionatuak izan ginen, baita ezker abertzalearen barruan ere. Hala ere, pentsatzen genuen diskurtso hori uztartu beharra zegoela ezker abertzalean, eta horregatik jarraitu genuen aurrera.

»
Rakel Peña, Ezker Abertzaleko politikaria, 2018

Kongresu eratzailea aldatu

1989ko otsailean burutatuko Kongresu Eratzailean, euskal emakume langileen egoera ekonomikoa, juridiko, politiko eta ideologikoaren azterketati abiatuz, Ildo Politikoa eta Estatuak onartu zituzten Egizaneko militanteek.

Egizanen eginkizuna, beraz, bikoitza zen: alde batetik KASek planteatutako helburu eta borroketatik abiatuz emakume eta mugimendu feministarengan eragitea, emakumeen kontzientzia eta auto-antolakuntza bultzatzea, eta bestetik, Ezker Abertzaleko kontzientzia eta implikazio feminista maila areagotzea.

Bitxikeriak aldatu

1996an, Juan Maria Atutxak, Egizan ilegalizatzearen alde agertu zen publikoki. KAS, Jarrai, eta Amnistiaren aldeko batzordeak legez kanpo uztearen alde agertu zen.[3].

« Nik ulertzen dut agian ez dela zuzenena baina zera esan ahal dut: legez kanpo utz ditzagun sigla alegal horiek. Ilegaltzat har ditzagun. Eta hauek legez kanpo uztea diot: Jarrai, Egizan, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta KAS. Gutxienez sigla hauek. Beraz, komunikabideen aurrean erakunde hauen siglen ordezkari, bozeramaile edo arduraduna ustezko delitugilea dela adierazi dezagun »
Juan Maria Atutxa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren burua, 1996

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu