Edgar Allan Poe

idazle estatubatuarra

Edgar Allan Poe (Boston, Massachusetts, Ameriketako Estatu Batuak, 1809ko urtarrilaren 19a - Baltimore, Maryland, Ameriketako Estatu Batuak, 1849ko urriaren 7a) poeta, ipuin idazlea eta literatura kritikaria izan zen. Estatu Batuetako erromantizismo mugimenduko kidetzat jotzen da. Idazteaz bizitzea erabaki zuen lehenengo estatubatuar idazle ospetsua izanik, bizimodu zaila izan zuen. Narrazioak eta olerkiak idatzi zituen batik bat. Estatu Batuetako ipuin idazle goiztiarra, fantasiazko, beldurrezko eta umorezko ipuinaren maisu izan zen, eta polizia eta zientzia fikzio generoen aitzindari. Genero gotikoaren erakusgarrietako bat da, eta misteriozko eta beldurrezko lanek eman zioten ospea: Belea poemak eta Morgue kaleko hilketak kontakizunak, adibidez, oso fama handia izan zuten, eta gaur egun ere bizi-bizi jarraitzen du fama horrek. Bestalde, idazle gutxi dago literaturaren historian Poek adina interpretazio eta hipotesi sorrarazi duenik. Oso idazle gutxik liluratu dituzte Poek bezala belaunaldiz belaunaldi irakurleak eta mitomanoak.

Edgar Allan Poe

(1849)
erredaktoreburu

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakEdgar Allan Poe
JaiotzaBoston1809ko urtarrilaren 19a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Lehen hizkuntzaestatubatuar ingelesa
HeriotzaBaltimore1849ko urriaren 7a (40 urte)
Hobiratze lekuaWestminster Hall and Burying Ground (en) Itzuli
Heriotza modua: ezezaguna
Familia
AitaDavid Poe, Jr.
AmaEliza Poe
Ezkontidea(k)Virginia Eliza Clemm Poe (en) Itzuli
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaVirginiako Unibertsitatea
Estatu Batuetako Akademia Militarra
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakpoeta, idazlea, saiakeragilea, literatura-kritikaria, eleberrigilea, antzerkigilea, kazetaria, zientzia-fikzio idazlea, polizia generoko idazlea, autorea, kanta-idazlea, literary theorist (en) Itzuli eta editore-laguntzailea
Lan nabarmenak
Mugimenduaerromantizismoa
Izengoitia(k)Edgar A. Perry
Genero artistikoadetektibe-fizkioa
Gothic literature (en) Itzuli
dark romanticism (en) Itzuli
olerkigintza
fantastique (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Adar militarraAmeriketako Estatu Batuetako Armada

IMDB: nm0000590 Allocine: 36902 Allmovie: p313943 TCM: 358455 Metacritic: person/edgar-allan-poe TV.com: people/edgar-allan-poe IBDB: 5209
Facebook: EdgarAllanPoeAuthor Spotify: 6pcPyOpEwaoP9q7wOjqHx0 iTunes: 2066399 Musicbrainz: f72fcfda-b560-4f16-95e1-8c25acf60288 Discogs: 436717 IMSLP: Category:Poe,_Edgar_Allan Allmusic: mn0001585029 Find a Grave: 822 Deezer: 357570 Edit the value on Wikidata

Literatura kritika zorrotzak idatzi zituen. Estatu Batuetako kritikak gaitzetsi zuen, baina Europan berehala arrakasta handia izan zuen, Charles Baudelairek eta Stéphane Mallarmék haren lanak frantsesera itzuli eta goraipatu zituztelako batik bat. Poe da atzerrian izena lortu zuen Estatu Batuetako lehen idazlea.[1][2]

Biografia

aldatu

Hasierako urteak: gurasoekin eta gurasoordeekin

aldatu
 
Plaka honek markatzen du Poe gutxi gorabehera non jaio zen, Boston hirian.

Antzezleen semea zen Poe. Ama zen berez antzezlea, eta arrakasta handia zuen bere lanetan; aitak berriz ez zuen antzerkirako batere balio, eta edaten hasi zen. Alkoholak markatuko zituen gero ere bikotearen hiru seme-alabak: William, zaharrena, gazterik hil zen, tuberkulosi alkoholikoz; bigarrena, Edgar, delirium tremenseko krisi batek jota hil zen; eta alaba gazteena, Rosalie, adimen urrikoa zen. Edgarrek bi urte zituela, etxetik alde egin zuen aitak. Ama, haurdun eta gaixorik, hegoaldera joan zen, han sustraituagoa baitzegoen antzerkia. Hogeita lau urterekin hil zen, Edgarrek lau urte ere bete gabe. Amaren eritasunak eta heriotzak arrasto sakona utzi bide zuten Poeren memorian. Umeak familia banatan geratu ziren.

John eta Frances Allan arduratu ziren Poeren heziketaz, formalki adoptatu ez bazuten ere. Eskoziar jatorriko familia aberatsa zen, presbiterianismo zorrotzekoa. John Allan Richmondeko tabako merkatari handietako bat zen. 1815ean Allan jauna Londresa joan zen, eta berekin eraman zituen emaztea eta haurra. Lau urte eman zituzten han barnetegietan Edgarrek. Han, alde batetik, asko ikasi zuen -frantsesa, historia, latina eta literatura-, baina, bestetik, kalte handia egin zion Ingalaterrako egonaldiak, aldaketak ekarri zion bakardade eta noraezagatik, hegoaldeko paisaia eguzkitsuetatik atera eta «ingeles herri goibel» batean utzi baitzuten, bakarrik, iparreko lainoetan, zaharkinen artean.

Hango eraikinak agertuko ziren hogei urte geroago, William Wilson kontakizunean, eta orobat da hangoa Usher etxeko dekoratua (The Fall of the House of Usher, «Usher etxearen hondamena» ipuinekoa), ipuin gehientsuetako bera: etxe zahar izugarri handia, lainoetan galdua, horma altukoa, ate astunekoa, ziegez beteak diruditen sotoak dituena, eta, leku orotan, inoiz bertan bizi izan ziren hilen arrastoa igarri zaiona. Dekoratu erromantiko hori ez da bakarrik «literatura gotiko»aren oroitzapena, era berean da haurtzaroko bizikizun latzen emaitza.

1820ko udan itzuli ziren Allandarrak Richmonda. Edgar, hamaika urterekin, haur ikaratia, isila, goibela zen, eta, bere heroi guztiak bezalaxe, bere baitan itxi zen.

1823 eta 1824 artean, Lord Byronen lana eredu hartuta, ondu zituen lehen poemak. 1826an Virginiako Unibertsitatean sartu zen, filologia modernoa eta klasikoa ikastera. Baina, ikaskideekin batera, edanean eta jokoan hasi zen. Izan ere, edariak ekarriko zion Poeri hondamendia : taldean ondo hitz egiteko bizkorgarriren bat behar izaten zuen, baina jerez kopa bat hartzea ikaragarrizko mozkorraldi baten hasiera gertatzen zitzaion ; eta intoxikaziora gutxitan iristen bazen ere, behin baino gehiagotan sortu zituen eskandalu izugarriak. Esan izan da halaber drogazalea zela, baina ez dirudi egia denik.

Nolanahi dela ere, zor handiak egin zituen unibertsitatean; aitaordeak ez zituen ordaindu nahi izan, eta 1827an gurasoen etxetik alde egin zuen Edgarrek, Bostongo hirira.

Emantzipazioaz geroztik

aldatu

Idatzita zituen poema batzuk besterik ez zuen hartu bidaiarako, eta laster argitaratuko zituen: Tamerlane and Other Poems (1827, «Tamerlan eta beste poema batzuk»); bere izenaz sinatu beharrean, «bostondar bat» ezizenarekin izenpetu zuen.

Poek berak idatzitako ohar biografiko batzuen arabera, sekulako abenturak bizi izan zituen garai hartan, askatasunaren aldeko borrokan, Grezian, Errusian, Siberian... Dena gezurra zen, ordea. Soldadu joan zen, eta hegoaldeko hainbat gotorlekutan ibili ondoren, West Pointeko Akademia Militarrean sartu zen. Gogokoa zuen hango diziplina, hantxe aurkitu zuen behar-beharrezko zuen bizitza ordenatua. Bere izaera zakarrak, baina, berehala sortu zizkion arazoak agintariekin. Azkenean bota egin zuten eskola militarretik, eta gurasoengana itzultzen saiatu zen. Ez zuten onartu, ordea, eta izeba batengana joan zen, Maria Clemm, beti zainduko zuen emakume eraman onekoa, Poeren emazte izango zenaren ama.

 
Poe hogeita sei urte zituela, hamahiru urteko bere lehengusu Virginia Clemmekin.

1833rako argitaratuak zituen hiru poema liburu, baina, ez baitzuten arrakastarik izan, hitz lauz hasi zen idazten. Baltimore Saturday Visitor egunkariak ehun dolarreko saria eskaintzen zuen ipuin lehiaketa batean. Poek sei kontakizun bidali zituen, eta Ms. Found in a Bottle («Botila batean aurkitutako eskuizkribua») kontakizunarekin (1833) lehiaketa irabazi zuen. Adiskide batek eskatuta, Southern Literary Messenger aldizkariko zuzendaritza hartu zuen: eginahal guztian, hamazazpi aleko argitaraldia hamabost milaraino igotzea lortu zuen. Literaturako kritikaritzat ospea lortu zuen.

Bizitza herri bat hasteko gogoa zuen, aldizkariko lanak segurtasuna eskaintzen zion, eta zoriontsua zela zioen. 1835tik 1837ra literatura kritika egin zuen Southern Literary Messenger aldizkarian.

1835ean Baltimore hirian ezkondu zen, hogeita sei urte zituela, hamahiru urteko bere lehengusu Virginia Clemmekin (bere izeba Mariaren alaba). Ezkondu eta zazpi urtera, ordea, tuberkulosiak jo zuen Virginia, eta ondoezik larrienak jota zegoen poeta: «[...] alferrik borrokatu naiz malenkoniaren kontra. Zorigaitzak jota nago, eta ez dakit zergatik». Edari alkoholdunak hartzen zituen bere egonezina ahazteko asmoz. Neurrigabe edaten hasi zen, eta zenbait egunez desagertzen zen, taberna zulo miserableenetan. Krisiak gero eta gogorragoak ziren.

Hainbat aldizkaritako zuzendari izan zen, eta modu berean errepikatzen ziren beti gertaerak: gau eta egun lan eginez, bere ardurapean zituen aldizkarien argitaraldiak biderkatu ondoren, arrakasta eta dirua lorturik, bat-batean depresiozko krisiak jotzen zuen, eta lur jota geratzen zen. Bazekien edariek izugarrizko kaltea egiten ziotela, baina ezin zuen utzi. 1845ean Poek bere poemarik famatuena argitaratu zuen: The Raven (Belea). 1847an hil zen Virginia emaztea. 1848an, Baltimoreko kale batean aurkitu zuten Poe, delirium tremensak jota, eta handik egun batzuetara hil zen, 40 urte zituela.

Poeren poesia eta kontakizunak

aldatu
 
Poeren hilobia Baltimore hirian dago.

Poek poesia, fikzioa eta literatura kritikaren teoria landu zituen. Zenbait kritikariren iritziz (T. S. Eliot, Aldous Huxley), ez zuen ezertan obra biribilik lortu. Poeren poesiak, oso bakuna baita, oso erritmo markatuko lelo baten efektua eragiten du, eta sentimendu sakon eta primitiboak azaleratzen ditu. Poemek musikaltasun agerikoa dute, baina egileak sarritan belarrira ondoen jotzen duen hitza hautatzen du, ez poemak benetan behar duena. Izan ere, hitzen esanahiek ez zuten Poe bereziki arduratzen, ezta poemaren beraren esanahi orokorrak ere.

Izumenezko eleberria anglosaxoniar erromantizismoko genero herrikoia eta tradizio handikoa da. Poek leialtasunez jarraitzen dio tradizio horri, topiko guztiei eutsiz, baina osagai berriak txertatu zizkion, eta generoa bikain berriztatu. Lehen begiratuan, klasikoak bezalakoxeak dira Poeren izumenezko ipuinak: heroia hakar-bakarrik dago, gaztelu zahar batean, edo ziega batean itxia, edo basoan galduta. Osagai horiek, ordea, Poek ez ditu inoiz deskribatzen: halako lekuetan, egoera horietan egoteak dakarren egonezina eta larritasuna deskribatzen ditu. Izuzko ipuinetan gehiago nabarmentzen da izaki bat leku bat baino, sentsazio bat objektu bat baino. Poek ez du eszenografia bat antolatzen, izumenezko ipuin klasikoetan bezala; aitzitik, gogo-egoera iradokitzea da helburua.

Irakurketa poliki-poliki hasten da, irakurlea egoeraren dimentsio psikologikoaz jabe dadin; Poeren unibertsoa ez baitago ez benetako munduan ez izadiaz gaindikoan: adimenaren mundua da, gogoarena, errealitate objektiboaren gainean eraikia. Egileak ez du irakurlea mundu horren existentziaz konbentzitu nahi; kontzientzia guztiz nahasirik duen pertsona baten gogo egoeraren kide egin nahi du.

Kontakizun askotan, benetan gertatuak fantasia bitxienekin nahastu zituen. Horren adibide argiak dira The Narrative of Arthur Gordon Pym (1838, Arthur Gordon Pymen kontakizuna), Herman Melvilleren Moby Dicken aurrekaritzat hartzen dena. Poeren beste istorio famatu batean, gorago aipatutako Usher etxearen hondamena kontakizunean, neurosi kasu bat aztertzen da, oraintsu jakin denez, bere ezagun batena, ez, uste zen bezala, berea.

Poeren ipuinek eragin handia izan dutela ez du inork eztabaidatzen; areago, literatura genero berri baten sortzailea izan zela ere esaten da, polizia eleberriarena hain justu. Detektibe logikaz betea eta sen handikoa, Sherlock Holmesengandik hasita detektibe guztien eredua izango zena. Monsieur Auguste Dupin da, Morgue kaleko hilketak (1841) eta The Purloined Letter (1842, Gutun ebatsia) istorioetako protagonista. Dupin dandy bat da, bai itxuran, bai arrazoiketen adimen egituran, bere lana dotoretasun matematikoz egiten duena, eta matematikaren logika zehatzaz harilduko dira istorio hauek.

Interpretazioak, eraginak

aldatu

Asaldagarria izaten da beti Poeren ipuinen irakurketa. Eta hala gertatzen da halako egonezin batek hartzen duelako irakurlearen irudimena, ez plazerik gabe ordea. Poeren kontakizunek sentikortasunari eragiten diote, haren alderdirik senezkoen eta ezkutuenari. Eta eragin hori negatiboa da, ez baitu ekintzara edo ezer baiestera bultzatzen; gehienera ere, ezezagunak edo ezagutu daitekeenaren mugak gugan duten indarrari buruzko hausnarketa sorrarazten dute. Hala ere, erromantizismo mugimenduko bigarren mailako epigonotzat hartu dute Poe adituek; fikziozko lanetan, eleberrigile gotikoen ondorengotzat, eta Lord Byronen eta Mary Shelleyren jarraitzailetzat olerkietan. Hori dela-eta, badirudi Ingalaterrako tradizioan kokatu beharra dagoela, baina, obra ingelesez idatzia badu ere, Poe ez da britainiar idazlea, estatubatuar idazlea da, areago, Estatu Batuetako hegoaldekoa: badira bere obran errepikatzen diren gai batzuk geroago William Faulkner, Eugene O'Neill edota Tennessee Williamsen lanetan ere agertuko direnak, familiako krimen baten obsesioa edo izugarrikeria batzuk.

Berehala ezagutu eta goretsi zuten atzerrian Poeren izena. Bi frantses poeta izan zituen batez ere propaganda egile: Charles Baudelaire eta Stéphane Mallarmé. Haiek ezagutarazi zuten, ez bakarrik Frantzian eta Europan, baita Estatu Batuetan bertan ere. Poek paper erabakigarria jokatu zuen Frantsesezko literaturan: poesian, ereduzko maisu izan zen, eta kritikan gidari. Frantses sinbolismoa Poeren Konposizioaren filosofia lanean oinarritu zen, haren irudiak baliatu zituen, eta haren adibideak erabili zituzten «poesia huts» delakoaren teoria modernoa sortzeko.

Idazlan nagusien zerrenda

aldatu

Ipuinak

aldatu
 
Édouard Manet margolari inpresionistak egindako irudia, Stéphane Mallarmék The Raven olerkiaz egindako frantsesezko itzulpenerako (1875).

Poeren hiru ipuin bilduma daude euskaraz: Botila batean aurkitutako eskuizkribua eta beste ipuin batzuk, Koro Navarrok itzulia; Ligeia, izu ipuinak, Migel Anjel Unanuak itzulia; eta Kontakizunak, Koro Navarrok itzulia.

Olerkiak

aldatu
  • Belea (1845).
  • To Hellen (Hellen-entzat)
  • Ulalume
  • Anabel Lee
  • The Bells (Kanpaiak)
  • Alone (Bakarrik)

Eleberria

aldatu
  • The Narrative of Arthur Gordon Pym of Nantucket (1837, Nantucketeko Arthur Gordon Pymen abenturak)

Saiakerak

aldatu
  • The Philosophy of Composition (1846, Olerki baten filosofia)
  • Eureka (1847). Belea olerkia nola idatzi zuen azaltzen du.
  • The Poetic Principle (1850, Poesiaren hatsapenak).


Erreferentziak

aldatu
  1. «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-05).
  2. www.funtsak.com, Funtsak-Diseño y Programación Web-. «Edgar Allan Poe-(r)en liburuak. Biografia eta bibliografia» www.txalaparta.eus (Noiz kontsultatua: 2022-07-08).

Bibliografia

aldatu
  • Poe, Edgar Allan; Etxeberria, Gillermo (itzul.): Edgar Allan Poe (Boston, 1809-Baltimore, 1849). - Egan, 2017-1/2, 253-267.

Kanpo estekak

aldatu