Dortoka berde
Dortoka berdea (Chelonia mydas) Cheloniidae familiako itsas dortoka da. Mundu osoko itsaso tropikal eta subtropikaletan bizi da, Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneoan populazio bat du eta Indiako Ozeanoan eta Ozeano Barean beste bat. Espeziearen izen arrunta bere gantzaren kolore berdetik dator, eta ez oskolaren koloretik.[1] Espezie honek bizitza-historia konplexua du, eta zehatz aztertzea zaila da espazio-eskala eta denbora-eskala handiengatik. Kumeak eta gazteak hainbat habitaten artean mugitzen dira garapenean zehar eta helduek elikadura eta habia egiteko guneen artean migratzean ehunka edo milaka kilometro egiten dituzte, haien jarraipena oso zaila eginez. Gainera, soilik emeak irteten dira habia egiteko hondartzetara, beraz, itsas dortoken inguruan ezagutzen denaren zati handi bat soilik habia egiten duten emeei buruzko esperimentuetatik etorri da.[2] Beraien elikadura, anatomia eta bizilekua hazten doazen heinean aldatzen da. Dortoka berdeak herbiboroak dira gehienetan, nahiz eta gazteenak askotan marmokez elikatzen diren. Beste espezie askotan bezala, bere mehatxurik handiena gizakia, bere ekintzak eta hauen ondorioak dira; nahi gabe arrantza-sareetan trabatuta geratu, klima aldaketaren eraginez habitatak suntsitu, dortoken haragia lortzeko ehizatu, haien habietatik arrautzak jaso jateko… Guzti horren ondorioz, IUCNren arabera galzorian dagoen espeziea da dortoka berdea.
Dortoka berde | |
---|---|
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Testudines |
Familia | Cheloniidae |
Generoa | Chelonia (en) |
Espeziea | Chelonia mydas Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Ostalaria | Chlamydia pneumoniae |
Eguneko zikloa | cathemeral (en) |
Genomaren kokapena | dnazoo.org… |
Anatomia
aldatuDortoka honek izena bere oskol azpiko koipearen koloreari zor dio (dieta herbiboroa dutenez, landare berdeen pigmentuek koloreztatua).[3] Dortoka berdea Cheloniidae familiako dortokarik handiena da; beraien luzera 90-160 cm bitartekoa da, eta pisua 80-230 kg bitartekoa. Ezagutu den dortoka berde handienak 152 cm neurtu zituen eta 395 kg pisatu. Cheloniidae familiako beste dortokek ez bezala, espezie honek mutur motza du eta mokoak ez du gako itxura. Buru biribila dute, eta proportzioan, gorputza baino dezente txikiagoa da, 15 cm inguru neurtzen du, eta beste espezie batzuek ez bezala, ezin dute burua oskolaren barruan sartu.[4] Dortokaren buruaren bizkar aldean ezkata pare bakarra dago. Oskolak forma obalatua du eta 5 ezkutu zentralez (irudian v) eta alboetan lau ezkutu parez (irudian c) osatuta dago. Azpian, lau ezkutu pare ditu (irudian h, p, a eta f). Horretaz gain, aurreko hegatsetan azazkal bakarra dute. Espezie honetako arrek emeek baino buztan luzeagoa dute. Gorputz-adarrak ilunak dira eta horiarekin delineatuak daude, askotan, orban marroi handi bat izaten dute erdian. Dortoken oskolaren kolorea denborarekin aldatu egiten da, berde argitik hasi eta berde ilun, marroi edo horiraino, batzuetan marra distiratsuak tartekatuz.[5] Orokorrean, kumeak direnean, ertz zuriz inguratutako oskol eta hegats beltzak izaten dituzte.[6] Gazteak direnean, kafe eta oliba berde koloreak dira nagusi. Aldiz, helduarora iristean, beraien oskola erabat kafe bihurtzen da marra distiratsuekin. Bitxikeria bezala aipatzekoa da kumeek hortz berezi bat garatzen dutela arrautza apurtzeko.[7] Biriken bidez arnasten dute, beraz, tarteka burua uretatik atera behar dute arnasa hartzeko. Hala ere, dortokak sakon eta denbora luzez murgiltzeko gai dira bihotz-taupadak moteltzeko duten mekanismoari, garunak oxigeno-kontzentrazio murriztuarekin lan egiteko duen gaitasunari eta ehunetara oxigenoa askatzen duten globulu gorrien egokitzapenari esker.[8]
Dieta
aldatuDortoka berdearen dieta adinaren arabera aldatzen da. Jaioberritan eta gaztetan omniboroak dira, seguraski hazkuntza ziurtatzeko. Beraien dieta poliketo, krustazeo, itsas intsektu, molusku, marmoka, itsas landare eta algetan oinarritzen da.[6] Nagusitan aldiz, gainerako itsas dortoka espezieak ez bezala, ia erabat herbiboroak dira.[7] Dieta aldaketa honek garezurreko morfologian eragin nabarmena dauka, baraila zerratuak algak murtxikatzen laguntzen baitie. Gizakiaren gehiegizko ustiapenaren aurretik ur tropikal eta subtropikaletako itsas belar kontsumitzaile nagusia zen egun galzorian dagoen dortoka berdea.[9]
Ugalketa eta bizi zikloa
aldatuUste da, heldutasun sexualera beranduen iristen den espeziea dela dortoka berdea (25-50 urte). Emeek ugalkidea aurkitu eta estali ostean jaio ziren hondartzetara itzultzeko joera dute arrautzak bertan erruteko. 2600 km baino gehiago migra ditzakete elikadura eta habia egiteko guneen artean. Errute-sasoia lekuaren araberakoa da. Ohikoa izaten da errute-sasoi bakoitzean behin baino gehiagotan errutea, errute batetik besterako denbora tartea populazioaren araberakoa da. Emeak 2-4 urtero parekatu ohi dira.[9]
Itsasoan ernaldu ostean, emeak hondartzara itzultzen dira eta marea altua iritsiko ez den lekuan, atzeko hegatsekin zuloa egiten dute eta 115 arrautza inguru erruten dituzte bertan, arrautzak, propietate fungizida eta bakteriostatikoak dituen eta lubrifikatzaile gisa balio duen likido mukitsu batez lagunduta erortzen dira.[8] Ondoren, zuloa hareaz estaltzen dute eta itsasora itzultzen dira. Arrautza hauek 60 egun inguru inkubatu ostean hautsi egiten dira gauez eta kumeak intuizioz itsasora bideratzen dira. Bide horretan, askok ez dute lortzen itsasora iristea, izan ere, inguruan dabiltzan kaioek eta karramarroek, beste harrapatzaile batzuen artean, harrapatu egiten dituzte.
Behin habia dagoen hondartzatik irtetean, dortoka berdeen arrastoa galdu egiten da, iraupen ezezaguneko bizi-etapa batean sartzen dira.[10] Etapa horretan zehar, ozeano zabalean bizi dira eta oro har omniboroak dira, sarritan dortoka berde gazteek korrontearen aurka distantzia luzeak egin behar dituzte helduak bizi diren kostaldeko habitatetara itzultzeko.[11] Dortoka berdeek 25 eta 35 cm-ko oskola lortzen dutenean, sakonera gutxiko uretan agertzen hasten dira eta elikadura herbiboroa hartzen dute. Etapa honetan, bazka-habitatetan dortoka berdeak sedentarioak dira, honek haiek aztertzea errazten du.[12] Dortoka berdeak 80 urte izatera irits daitezke.[1]
-
Dortoka berde kume bat itsasora bidean.
-
Dortoka eme bat gauean arrautzak erruten.
-
Dortoka berde gazte bat Karibeko itsas sakonean igerian.
Habitata
aldatuDortoka berdeak landaredi ugariko eta sakonera txikiko ur tropikaletan eta subtropikaletan bizi dira, hala nola, badietan, paduretan, arrezifeetan eta babestutako urertzetan. Ez da ohikoa izaten itsas zabalean dortoka hauek aurkitzea.[6] Espezie honen populazioak Ozeano Barean, Atlantikoan zein Indiakoan aurki daitezke. Beste hainbat alderditan bezala, beraien habitata bizitzaren etaparen araberakoa da eta gutxienez 3 aldiz aldatzen dira habitatez. Gazteak direnean (lehen 5 urteak), ur sakonetan eta ozeano zabalean bizi dira, eta, beraz, zaila izaten da haiek ikustea. Helduak direnean, aldiz, sakonera gutxiko itsasertzeko uretan ematen dute denbora gehien, landaredian aberatsak diren eremuetan batez ere. Arrautzak erruteko orduan, beti jaio ziren hondartzara itzultzen dira.[9]
Populazioak
aldatuOzeano Atlantikoko eta Mediterraneoko dortoka populazioa eta Indiako Ozeanoko eta Ozeano Bareko dortoka populazioak bereizten dituen funtsezko zatiketa filogenetiko bat dago, hau da, espezie honetan 2 populazio nagusi bereiz daitezke. Dirudienez, desberdintzapen hau geografiak (ozeano-arroen bereizketak) eta portaerak (jaiotza/errute hondartzen kokapen desberdinak) bultzatu dute.[1] [2]
AEBetako Atlantikoko eta Mexikoko Golkoko uretan, dortoka berdeak itsasertzetan aurkitzen dira Mainetik Texas, AEBetako Birjina Uharte eta Puerto Ricoraino. Floridako elikadura gune garrantzitsuak Indian River Shores, Florida Keys, Florida Bay, Dry Tortugas Parke Nazionala, Homosassa, Crystal River, Cedar Key eta St. Joseph Bay dira.[13] Ozeano Bareko ipar-ekialdean, dortoka berdeak Alaskako hegoalde zein iparraldean ibili ohi dira, baina, batez ere, Kalifornia hegoaldetik Mexiko ipar-mendebalderaino. Horretaz gain, dortoka berdeak Hawaii uharteetan, non habien % 90 baino gehiago French Frigate Shoals-en jartzen dituzten, eta AEBetako ozeano Bareko uharteetan (Guam, Galapago uharteak, Marianak eta Samoa Estatubatuarra) ere badaude.[14]
Aipatzekoa da ere Karibe itsasoko dortoka berde kolonia handienetako bat Isla de Aves-en, Venezuelan, dagoela.[15]
Mediterraneoko ekialdean gehienbat Zipren eta Turkian daude, non urtero 2.200 arrautza baino gehiago erruten dituzten. Dortoka berde gazteak Mediterraneoaren mendebaldean egiten dute bazka, zehazki ozeano sakonean eta azaleko plataforma kontinentaletan. Mediterraneoaren ekialdean, helduak iparraldeko Adriatiko eta Tunisiako azaleko plataforma kontinentalean ibili ohi dira, eta gazteek ozeano zabalean jarraitzen dute. Dortoka berde helduak Turkian, Sortaldeko (Ekialde Hurbila) kostaldean eta Afrika iparraldeko ertzetan (Libiako mendebaldeko mugaraino) bazkatzen dute. Gazteen bazka batzuk Mediterraneo ekialdean, Greziako Peloponesoko kostaldean eta hego Adriatikoan ere aurkitu dira.[16] Gainera, Persiar golkoko iparraldean eta Oman itsasoan tamaina ezberdinetako dortoka berdeak daude, baina nagusiki gazteek eremu hau erabiltzen dute bazka- eta garapen-eremu gisa.[17]
Ozeano Bareko mendebaldean eta Japonia eta Errusia hegoaldeko zenbait tokitan ere badaude dortoka berdeen komunitate batzuk. Hegoalderantz, Zeelanda Berrira eta Tasmaniatik hegoaldeko uharte batzuetaraino iristen dira. Dortokak Indiako Ozeano osoan aurki daitezke. Australian, zazpi eskualde ezberdinetan egiten dituzte habiak; Koral Hesi Handiaren hegoaldea, Koral Hesi Handiaren iparraldea, Koral Itsasoa, Carpentaria Golkoa, Ashmore eta Cartier uharteak, Mendebaldeko Australiako ipar-mendebaldeko plataforma kontinentalean eta Scott Reefs.[11]
-
Erromero arrainak dortoka garbitzen Akumalen (Mexiko).
-
Chelonia mydas Naha ondoan, Okinawa (Japonia).
-
Dortoka berdea Humpback Whale Itsas Santutegi Nazionalean (Hawaii).
-
Dortoka berde kumeak Ras al-Jinz-en (Oman).
Gizakiaren eragina
aldatuDortoka berdea IUCNren arabera galzorian dagoen espeziea da, kopuruz eta hedaduraz murrizten ari dena. Honen eragile nagusia gizakia izan da.
Alde batetik, "dortoka zopa" ezagunaren osagai nagusia da eta ia desagertzeraino arrantzatua izan da. "Calipee" eta "calipash" (goiko eta beheko oskoletako substantzia gelatinosoak, hurrenez hurren) zopa honetako bi osagai garrantzitsu dira zopa famatu egiten duen testura gelatinosoa lortzeko. Asiako hego-ekialdean, urtean 100.000 dortoka berde kontsumitzen dira gutxi gorabehera. Dortoka jateak aberastasuna eta prestigioa adierazten ditu leku hauetan eta haien kulturan eta erlijioan errotuta dago.[9] Historikoki, dortoka berdeak bere koipe, haragi eta arrautzengatik ustiatuak izan dira, populazio globalaren beherakada eraginez. Herrialde askok, itsas dortokak hiltzea eta haien arrautzak biltzea debekatu duten arren zenbait eremutan, haien haragia lortzeko edo fauna-trafikoa maskorrez hornitzeko dortokek mehatxupean jarraitzen dute.
Bestetik, arrantza-aparailuetan harrapatuta geratzea, itsasontzien kolpeak, kostaldeko garapenaren ondorioz habia egiteko habitata galtzea eta klima-aldaketa dira dortoka berdeek gaur egun dituzten mehatxurik handienak.[18] Hala ere, itsas dortoken biziraupenerako oztopo nagusienetakoa plastiko iraunkorrak eragindako itsas kutsadura da.[19] Plastiko hondar hauek dortoken dietaren parte diren elementuekin nahastean gerta daiteke ustekabe irenstea, dortokek bazka identifikatzeko batez ere ikusmena erabiltzen dutenez, elementuak gaizki identifikatu ahal bait ditzakete, hala nola, erosketa-poltsak eta plastikozko puxikak. Plastikoa irenstearen ondorioak hilgarriak izan daitezke. Digestio-aparatuaren kaltea (zati gogorrak hesteetatik igarotzeak sortutako barne-lesioak… ) eta buxadura dira ondorio nabarmenenak. Horretaz gain, hondarrezko itsasertzetan itsas-hondakinen metaketa ematen da eta itsas dortoka emeak arrautzak jartzeko jaioterrira itzultzean, hondakin handiek oztopatu egiten die habia-lekua aukeratzeko fasean, habia egiteko saiakera bertan behera utzi eta arrautzak errun gabe itsasora itzultzera bultzatuz hainbat kasutan. [20]
Klima aldaketa
aldatuKlima aldaketak dortoka berdeen populazioetan eragiten dituen ondorio nabarmenak jada ikus daitezke. Hasteko, prezipitazio-ereduak aldatzeak eta muturreko gertaera klimatikoen kopurua areagotzeak hareazko dunen higadura, eta ondorioz, habiak urpetzeko arriskua areagotu du. Gainera, habiak egiteko dagoen espazioa murrizteak habia-dentsitatea areagotu du, eta horrek aurretik dauden habiak suntsitzea eragin dezake, eta era berean, harrapakin izateko arriskua areagotu.
Baina, klima aldaketak itsas dortoketan izan ditzakeen eraginen artean kezka nagusienetakoa kumeen sexu-ratioaren inguruan dago. Itsas dortoken sexua tenperaturaren arabera zehazten da (TSD: Temperature-dependent Sex Determination), ez baitute sexu kromosoma identifikagarririk. Beraz, enbrioi-garapenaren lehen erdiko inkubazio tenperaturak gizabanakoen sexua zehazten du. Habiak 26 °C-ko edo beheragoko tenperaturak jasaten baditu kumeak arrak izango dira, aldiz, habiak 29 °C-ko edo goragoko tenperaturak jasaten baditu emeak. Tarteko tenperatura duten habiek bi sexuetako kumeak sortzen dituzte, arrautza bakoitzaren tenperaturaren arabera.[8] Klima aldaketaren eraginez 2100. urterako munduko batez besteko tenperatura 2,6ºC igoko dela aurreikusten denez, itsas dortoka-populazio asko arrautzen heriotza-tasaren igoera pairatzearen eta kumaldietan soilik emeak izateko arrisku larrian daude.[21] Ondorio hauei aurre egiteko, dortoka berdeek itzalpeko eremuetan habia egiteko hobespenak lagun dezake, salbu eta itzalpean dauden eremuetako tenperaturak arrak ekoizteko tenperaturetatik gora igo ezean. Iradoki da TSD duten espezieak klima-aldaketara egokitzeko mekanismoetako bat eremu freskoagoetan habiak egitera egokitzea dela.[22]
Kontserbazioa
aldatuDortoka berdeen kontserbazioa eraginkorra izateko, hainbat herrialde eta kultura lankidetzan aritu behar dira. Horretarako, legeak, nazioarteko hitzarmenak, ikerketak eta giza parte-hartze zuzena funtsezkoak dira. Hartu beharreko neurrien artean honako hauek daude besteak beste: elikadura eta habia egiteko guneak babestea, fauna kontserbatzeko etika publiko bat sustatzea, gobernuko lege eta arauetan dauden hutsuneak betetzea.[23]
2001eko maiatzean Amerika kontinentean bizi diren itsas dortoken populazio desberdinak kontserbatzeko asmoz Itsas Dortokak Babesteko eta Kontserbatzeko Amerika arteko Hitzarmena (CIT) sartu zen indarrean itsas dortoken kudeaketaren elkarrizketarako eta ekintzarako gune gisa. Gaur egun, hamahiru herrialdek parte hartzen dute hitzarmen honetan (Belize, Brasil, Costa Rica, Ekuador, AEB, Guatemala, Herbehereak (Holandarren Antillak), Honduras, Mexiko, Panama, Uruguai, Peru eta Venezuela). Hitzarmen honek, lege-tresnak eta jarraibideak ezartzen ditu herrialde bakoitzak itsas dortoken populazioak eta haien habitata babestu eta kontserbatu ahal izateko.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «⊛ Tortuga Verde o Chelonia mydas ⊛ Características | Hábitat | Ciclo Vital» Tortugas Tenerife 2019-04-16 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ a b Bowen, Brian W.; Meylan, Anne B.; Ross, J. Perran; Limpus, Colin J.; Balazs, George H.; Avise, John C.. (1992). «Global Population Structure and Natural History of the Green Turtle (Chelonia mydas) in Terms of Matriarchal Phylogeny» Evolution 46 (4): 865–881. doi: . ISSN 0014-3820. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ «Search Results for “CHELONIA MYDAS”» www.widecast.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ a b «Inter-American Sea Turtle Convention» www.iacseaturtle.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ «Reptiles del Ecuador» bioweb.bio (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) webmaster. «Tortuga Verde (Chelonia mydas) - Fundación CRAM» CRAM (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ a b (Ingelesez) Menez, Author Ana. (2019-10-14). Green Sea Turtle Facts (Chelonia Mydas) - All Turtles. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ a b c (Ingelesez) Fonseca, Ana C.. (2011-06-01). «Efectos del cambio climático en la anidación de las tortugas marinas» Revista de Ciencias Ambientales 41 (1): 11–18. doi: . ISSN 2215-3896. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c d «Chelonia mydas - Reproduction» bioweb.uwlax.edu (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ Bjorndal, Karen A.; Bolten, Alan B.; Chaloupka, Milani Y.. (2000). «Green Turtle Somatic Growth Model: Evidence Fordensity Dependence» Ecological Applications 10 (1): 269–282. doi: . ISSN 1051-0761. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ a b (Ingelesez) Department of Climate Change, Energy the Environment and Water, Australian Government..
- ↑ (Ingelesez) Godley, B. J.; Richardson, S.; Broderick, A. C.; Coyne, M. S.; Glen, F.; Hays, G. C.. (2002-06). «Long-term satellite telemetry of the movements and habitat utilisation by green turtles in the Mediterranean» Ecography 25 (3): 352–362. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ (Ingelesez) Fisheries, NOAA. (2022-09-15). «Green Turtle | NOAA Fisheries» NOAA (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ «Header - Left Side Fixed | Canvas» www.molokini.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ (Ingelesez) García-Cruz, Marco A.; Lampo, Margarita; Peñaloza, Claudia L.; Kendall, William L.; Solé, Genaro; Rodríguez-Clark, Kathryn M.. (2015-12-10). «Population trends and survival of nesting green sea turtles Chelonia mydas on Aves Island, Venezuela» Endangered Species Research 29 (2): 103–116. doi: . ISSN 1863-5407. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ (Ingelesez) «Sea Turtles of the Mediterranean Sea» The State of the World's Sea Turtles | SWOT (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ (Ingelesez) Mobaraki, Asghar; RastegarPouyani, Eskandar; Kami, Haji Gholi; Khorasani, Neamatollah. (2020-09-01). «Population study of foraging Green sea turtles (Chelonia mydas) in the Northern Persian Gulf and Oman Sea, Iran» Regional Studies in Marine Science 39: 101433. doi: . ISSN 2352-4855. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ (Ingelesez) «Green Turtle | Sea Turtles | Species | WWF» World Wildlife Fund (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ (Ingelesez) Bugoni, Leandro; Krause, Lı́gia; Virgı́nia Petry, Maria. (2001-12-01). «Marine Debris and Human Impacts on Sea Turtles in Southern Brazil» Marine Pollution Bulletin 42 (12): 1330–1334. doi: . ISSN 0025-326X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ Nelms, Sarah E.; Duncan, Emily M.; Broderick, Annette C.; Galloway, Tamara S.; Godfrey, Matthew H.; Hamann, Mark; Lindeque, Penelope K.; Godley, Brendan J.. (2015-10-09). «Plastic and marine turtles: a review and call for research» ICES Journal of Marine Science: Journal du Conseil 73 (2): 165–181. doi: . ISSN 1054-3139. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ Jensen, Michael P.; Allen, Camryn D.; Eguchi, Tomoharu; Bell, Ian P.; LaCasella, Erin L.; Hilton, William A.; Hof, Christine A.M.; Dutton, Peter H.. (2018-01). «Environmental Warming and Feminization of One of the Largest Sea Turtle Populations in the World» Current Biology 28 (1): 154–159.e4. doi: . ISSN 0960-9822. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
- ↑ .
- ↑ (Ingelesez) Información sobre tortugas marinas: Estrategias de conservación – Sea Turtle Conservancy. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).