Dorothy Hansine Andersen

mediku pediatra eta patologoa

Dorothy Hansine Andersen (Asheville, Ipar Carolina, AEB, 1901eko maiatzaren 15a - New York, AEB, 1963ko martxoaren 3a) doktore estatubatuarra izan zen, pediatrian eta patologian espezializatua. 1938an, fibrosi kistikoa gaixotasun gisa identifikatu zuen lehen pertsona izan zen eta diagnostikorako proba erraz bat egin zuen, oraindik erabiltzen dena.[1][2] Bere bizitzaren zati bat glukogeno-biltegiratzearen ondoriozko gaixotasunak eta bihotzeko malformazioak aztertzen ere eman zuen, eta horretarako, bihotzean sortzetiko akatsak dituzten bihotzetako aleak bildu zituen. Esperientzia horri esker, hainbat ospitaletarako bihotz-kirurgian entrenamendu-programa sortzen lagundu zuen.[3]

Dorothy Hansine Andersen

Bizitza
JaiotzaAsheville (Ipar Carolina)1901eko maiatzaren 15a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
HeriotzaNew York1963ko martxoaren 3a (61 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: birikako minbizia
Hezkuntza
HeziketaJohns Hopkins Unibertsitatea 1926) Medikuntzako doktorea
Mount Holyoke College 1922) Artean graduatu
Columbia Unibertsitatea 1935) Medikuntzako doktorea
Irakaslea(k)Florence R. Sabin
Jarduerak
Jarduerakmedikua, zientzialaria, patologoa eta pediatra
Enplegatzailea(k)University of Rochester (en) Itzuli
Jasotako sariak

Biografia aldatu

Jaiotza eta hezkuntza aldatu

1901ean jaio zen Ashevillen, Ipar Carolinan, Estatu Batuetan. Hans Peter Andersen aita daniarra zen eta Mary Louise Mason ama Ingalaterra Berrikoa. Hamahiru urte besterik ez zituela, aita hil zitzaion, eta Vermont estatura joatea erabaki zuten. 1920 urtean hil zen arte bere ama ezinduaz arduratu zen Dorothy.[4]

1922an lortu zuen Arteetako Batxilergoa (B.A. izenekoa) Mount Holyoke Collegen. 1926 urtean Johns Hopkins Unibertsitatean lortu zuen Medikuntza titulua. Ikasketak amaitutakoan, barnetegi bat egin zuen Strong Memorial Ospitaleko Kirurgia Departamentuan, Rochesterren (New York), eta eskolak eman zituen Rochesterreko Unibertsitatean. Dorothyk Kirurgian espezializatu nahi zuen, baina emakumea izateagatik egoitzara sartzea ukatu zioten. Orduan, Columbiako Unibertsitateko Mediku eta Zirujauen Elkargoko Patologia Saileko lanpostu bat onartzea erabaki zuen 1929an.[4]

Ibilbide profresionala aldatu

1930ean Columbiako Unibertsitatean patologiako irakasle izendatu zuten.[4] Unibertsitatean zebilen artean, bere denboraren zati bat emakumearen funtzio endokrinoak eta ugalketa-funtzioak ikertzen eman zuen, eta 1935ean doktoretza lortu zuen medikuntza zientzietan. Urte horretan, Babies Hospital del Columbia-Presbyterian Medical Center-en laguntzaile izan zen. Andersenen eginkizunen artean autopsiak egitea zegoen. Bihotzeko malformazioetan interes handia zuenez, akats horiekin jaiotzen ziren haurren bihotzak biltzen hasi zen.[3] Ospitale horretan izan zuen, halaber, gaixotasun zeliakoa —glutenarekiko intolerantziak eragindako gaixotasuna— zuen mutiko baten kasuarekin harremana, eta, autopsian, lesio bat nabaritu zuen pankrean.[4] Ikerketa luze baten ondoren, aurretik ezagutzen ez zuten entitate bereizgarri bat aurkitu zuen, eta fibrosi kistikoa deitu zion.[3]

1940. urtearen erdialdean, bihotz irekiko kirurgia egiten saiatu ziren lehen espezialistek Dorothy Hansine Andersenen laguntza bilatu zuten, bai haurren kardiologian zuen ezagutza zabalagatik, bai bihotzeko akatsak zituen espezimenen bildumarengatik. Hainbat ospitaletan bihotz-kirurgiarako entrenamendu-programa bat sortzen lagundu zuen Andersenek. 1958an, Columbia-Presbyterian Hospital patologiaburu izendatu zuten, eta Columbiako Unibertsitateko Mediku eta Zirujauen Elkargoko patologiaburu. Azken urteetan, ikerketa-taldearekin batera, ikerketa ugari egin zituen, eta, horren ondorioz, fibrosi kistikorako diagnostiko proba sinple bat sortu zuen.[3] Tabakozale amorratua zen, eta biriketako minbiziaz hil zen 1963an, 62 urte zituela.[4]

Legatua eta aintzatespenak aldatu

Dorothy Andersen maistra preziatua izan zen eta medikuntzari egindako ekarpenei esker lortu zuen onarpena.[4] Bere bizitzako azken urteetan sortu zuen fibrosi kistikorako proba diagnostikoa erabili egiten da oraindik. Ameriketako Pediatria Akademiako ohorezko kide eta National Cystic Fibrosis Research Foundation-eko ohorezko presidente izan zen. Hainbat sari jaso zituen bere lanagatik, besteak beste, 1954an Elizabeth Blackwell saria eta 1963an Columbiako Zerbitzu Goraipagarrien Domina -Presbyterian Medical Center, hil ondoren emandakoa.[3] Bere lan zientifikoagatik National Women's Hall of Fame-n sartu zen 2002an.[1]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Dorothy H. Andersen. National Women's Hall of Fame.
  2. ANDERSEN, DOROTHY H.. (1938-08-01). «CYSTIC FIBROSIS OF THE PANCREAS AND ITS RELATION TO CELIAC DISEASE: A CLINICAL AND PATHOLOGIC STUDY» American Journal of Diseases of Children 56 (2): 344–399.  doi:10.1001/archpedi.1938.01980140114013. ISSN 0096-8994..
  3. a b c d e Dr. Dorothy Hansine Andersen. National Library of Medicine.
  4. a b c d e f Dorothy Hansine Andersen. Whonamedit.com.

Kanpo estekak aldatu