Nekeen Andra Mariaren eliza-komentua

Babestutako eraikina Lesakan

Lesakako Doloreetako Ama Birjinaren komentua XVIII. mendeko komentu karmeldar oinutsa da. Gaur egun soilik komentua zenaren kapera besterik ez da gelditzen.

Nekeen Andra Mariaren eliza-komentua
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaLesaka
Koordenatuak43°14′57″N 1°42′09″W / 43.24929°N 1.70259°W / 43.24929; -1.70259
Map
Ondarea

Historia aldatu

Ignacio de Arriola y Mazola indiano pasaitarrak ordaindu zituen orduko lanak. Arriola, bere anaiari segika joan zen Perura eta bertan hainbat kargu lortu zituen. Dirutza lortu zuen urteen poderioz eta hiri hartan zein inguruetan zazpi komentu eta eliza eraiki zituen.

Hasiera batean bere herrian eraiki nahi izan zuen karmeldarren komentua bere besoetakoa zen Josefa Ignacia Zelarain bertan moja sar zedin, baina Iruñeako apezpikuak ez zuen hura aurrera eramateko baimenik eman. Zelarain Lesakara ezkondu zenean bertan komentua eraikitzeko ideia izan zuen Arriolak. Fundazio hau ordaintzeko bere ondasun guztiak bidali zituen eta ospitalera joan zen bizitzera. Bertzeak bertze zilar landuzko zazpi kutxa bidali zituen Cuzcotik Lesakara, hainbat urregintzazko elementu eta oihalekin batera.

Fundatzailea hil eta hamabost urtetara hasi ziren komentua eraikitzen, izan ere oztopo anitz gainditu behar izan baitzituzten Arriolaren senideek. Bederatzi kokapen ezberdin proposatu ziren komentua eraikitzeko (Legarbaratzea, gaur egungo frontoia dagoen parajea…) azkenerako, erabakia arkitektuak hartu behar izan zuen San Martin Parrokiako kanpandorretik proposatutako toki denak aztertuz.

Garai hartan oso ezaguna zen Jose de San Juan de la Cruz fraide karmeldarrak diseinatu zuen eraikinaren planoa; Logroñoko komentuan bizi zen hura eta Gaztela zein Nafarroan lan garrantzitsuak gauzatuak zeuzkan. Oraindik ere gordetzen dira plano-egileak Lesakan 1767ko azaroaren 28an sinaturiko planoak.

Barrokotik klasizismorako garaian koka badaiteke ere komentuaren diseinua erabat karmeldarra da, apaingarririk gabea, apala. Aitzinaldean, kaperako atea gordetzen duten bi pilastra handik kanpai-horma batek hausten duen frontoia eusten dute. Puntu erdiko sarreraren gainean Juan Adánek Errukiari eskeinitako eskultura ikus daiteke. Pilastren ondoan fundatzailea eta patroien armarriak daude. Eskuinekoa Arriolatarrena da; ezkerrekoak Arriola, Zelarain, Vértiz eta Bordako armak biltzen ditu.

Bi klaustro zeuzkan: bata prozesioetarako; besteak baratzera eramaten zuen. Klasura hiru puntutan lotzen zen kaperarekin: Koruan, bigarren solairuan eta aldarearen ondoan. Elizaren ezkerreko hegalean serora eta kaperauaren etxeak zeuden.

Barrukaldea Jose Ramirezek diseinatu zuen. Erretaula ugari zeuzkan kaperak eta nagusiak hamalau eskultura zeuzkan, Ama Doloretakoaren irudia bereziki ederra izanik, honen seinale garaian irudiari egin zitzaion grabatua. Erretaula honen diseinua oraindik ere gordetzen da.

Elizako altzari artistikoak Independentzia Gerra garaian suntsitu zituzten komentua bera ere aurri-egoeran utziz. Monjek Erriberrira egin zuten ihes. Arriolaren ondarearen apurra salduz eta Iparraldeko moja gazte batek ekarritako dotearekin moldatu ahal izan zuten eraikina eta erretaula berri bat eraiki 1887an.

1989 abenduaren 3an utzi zuten komentua karmeldarrek eta Lizasorat joan ziren.

1991. urtean, komentuaren zati bat eraitsi zuten, eta eliza besterik ez zen gelditu. 1993an kaperako aldareak, erretaulak, irudiak, kanpaiak… Nafarroako eliza ezberdinetara bidali ziren: Andosilla, Barañain… 2008tik Erretaula Nagusia Elizondoko elizan dago.

2013ko abendua geroztik alboko eraikinean Harriondoa Kultur Etxea kokatzen da.

Kanpo estekak aldatu