documenta (d xeheaz) Alemaniako Kassel hirian arte garaikidea sustatzeko aldian behin egiten diren erakustaldi nagusietako bat da. Veneziako Bi Urtekoarekin batera, garrantzitsuenetakoa da. documentak bete dituen berrogeita hamar urte inguruan jakin izan du nazioarteko arteari aurkikuntza berriak azaltzen, joera berrien gaineko eztabaida proposatzen edo horien nondik norakoak erakusten.

Fridericianum Museoa documenta 12 egin zenean, 2007.

documenta bi gizonen asmoa eta erantzukizuna izan zen hasieran: Arnold Bode, Kasseleko Arte Ederretako Akademiako irakaslea, pintorea eta erakusketa-arkitektoa, 1954an artea sustatzeko elkarte bat sortu zuena (XX. mendeko Mendebaldeko Artea); eta Werner Haftmann, artearen historialaria, urte horretan bertan "XX. mendeko pintura" aldizkaria sortu zuena. Lehenengoaren interesa zen artea plazaratzearen ingurukoa, eta bigarrenarena, aldiz, Alemaniako artearen egoerari buruzko gogoeta bat egitea; elkartu ziren unetik bertatik bi nahi horiek bateratu zituzten, eta saiatu ziren belaunaldi gazteei ezagutarazten ez bakarrik arte garaikidea, baita abangoardiako artea (erregimen faxistak guztiz debekatua) ere.

Fridericianum Museoa hautatu zuten documentaren egoitza. Aurrekontuari eta antolamenduari dagozkion hainbat arazo gainditu ondoren, 1955ean antolatu zen documenta 1. 1905. urteaz geroztik Europan izan zen artea erakutsi zuen, eta ehun eta berrogeita hamar artistaren seiehun obra inguru bildu zituen. Lehenengo ekitaldi horrek izugarrizko arrakasta izan zuen, eta kudeaketa-egitura berriak osatu behar izan zituzten. Erakunde bat osatu zen, eta horretan Kasseleko Udalak hartu zuen parte nagusia. Erakunde horrek Bode eta Haftmann izendatu zituen erakusketaren hautaketa eta osaeraren arduradun. documenta 2 1959an antolatu zen. Sorkuntza garaikidea izan zen bigarren erakusketa horren gai nagusia, eta margolaritza, eskultura eta serigrafia-lanak erakutsi zituen. documenta 3 ezin izan zen 1964. urtera arte antolatu. Arte abstraktua kode nagusia eta nazioartekoa dela izan zen documenta horren ideia nagusia. Horrez gainera, 1960ko hamarraldiaren hasieran sortu zen guztia, Pop Art izenkoa edo Errealismo Berria besteak beste, ez ziren behar bezala erakutsi. Jarrera horrek kritika latzak izan zituen, eta erakusketaren ordezkarien kontra gogor egin zuten. Hala, kudeaketaren arduradun zen elkarteak bi sortzaile haietatik bereiztea erabaki zuen, eta 1968an garai hartako arte moldeetara egokitutako bertsio bat proposatu zuen. 1970ean documenta elkarteak erabaki zuen idazkari nagusi bat izendatzea, aldian-aldian aldatuko zena eta proiektuaren erabateko arduradun izango zena. Harald Szeemann (Bernako Kunsthalleko zuzendari ohia) izan zen kargu hori hartu zuen lehena. Horrela, 1972ko documentak aurreko erakusketekiko haustura ekarri zuen, arte biziari buruzko galdetegi antropologikoa izan baitzen. documenta 6-ren (1977) arduraduna, berriz, Manfred Schneckenburger izan zen, eta formari buruzko ikerketak, materialaren erakusketak eta komunikabideen gogoeta izan ziren erakusketa haren oinarriak; ingurumena, argazkilaritza eta bideoa izan ziren osagai berriak. Rudi Fuchsek zuzendutako erakusketa (1982) saiatu zen azaltzen 1980ko hamarraldian sortzen ari zen artea ez zela berrikuntzaz arduratzen, baizik eta berrikuntza horren aurreko ikerketa zuela xede. documenta 8 erakusketak aldiz, Schneckenburger buru zela, artearen alderdi soziala eta historikoa erakutsi nahi izan zuen; 1980ko hamarraldiaren bukaeran garrantzitsuena ez zen estrategia berriak sortzea, konbinazio berriak asmatzea baizik. documenta 9 (1992) Jan Hoet belgikarrak zuzendu zuen, eta gorputza izan zen gai nagusia, hainbat instalazio edo tresna multimediaren bidez erakutsi zuena. 1997an Catherine David frantsesa izan zen zuzendari. documenta 10 erakusketarako ehun eta hogei artista hautatu ziren, eta beren lanak Kasseleko hainbat lekutan erakutsi ziren. Horrez gainera, hainbat artista eta intelektual gonbidatu zituzten erakusketak irauten zuen bitartean ikusleekin eztabaidan aritzeko.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu