Digital Cinema Package

DCP (ingelesezko Digital Cinema Package -tik) zinema, audio, irudi eta datu digitalaren korronteak gordetzeko eta garraiatzeko erabiltzen den fitxategi digital bat da, nolabait, 35 mm-ko film baten bertsio digitala da.

Hainbat abantaila ditu, hala nola, tamaina. Formatu digitala izanik, DCP-a biltegiratze-gailu digital (disko gogorra, USB memoria...) baten barruan sartzen da eta, beraz, erraz garraiatzen da. 16 GBko USB memoria batek film labur bat, trailerrak edo spotak gorde ditzake. Bobina zaharrak baino askoz arinago eta egonkorragoa da. Prezioaren faktorea ere kontuan hartu behar da: prozesua guztiz digitala denez, 35 mm-ra transferitzearekin lotutako kostuak eta arazoak aurrezten dira.

Bestetik, DCP-ren ezaugarri nagusia biltegiratze digitala izanik, beste hainbat abantaila dakartza: errazago eta modu ekonomikoan proiektatzeko aukera, zeluloidea igarotzean bobinen zarata murriztea, proiekzioen kalitatearen igoera, zeluloidearen dardara eta irudi eta soinu-banden higadura ekiditea...

DCP-n MXF luzapena duten bi fitxategi mota daude hornitzaileak DCP erreproduzitzeko erabiliko dituenak. Batak irudia dauka eta besteak soinua. Gainerako fitxategiak zerbitzariak erreproduzitu ahal izateko DCP-ri buruzko informazioa dira. DCP batek minutuko gigabyte bateko ratioa hartzen du. Beraz, 90 minutuko film batek 100 GB inguru hartzen ditu. [1]

DCP terminoa Digital Cinema Initiatives (DCI) partzuergoak zehaztutako Zinema Digitalaren (DC) edukien ontziratzeari buruzko gomendioetan oinarrituta definitua izan da. [2]

Zinema digitalaren historia aldatu

2000. urtearen inguruan, 1280x1024 pixeleko bereizmena zuten lehen zinema digitaleko proiekzioak ikusten hasi ziren. Horretarako, filma hainbat DVD-ROMetan gordetzeko zerbitzari bat erabili zen. Modu honetan proiektatu zen lehen filma AEBtako “Star Wars Episode I” izan zen. Espainian, sistema honekin proiektatu zen lehen filma "Fantasia 2000" izan zen.

2001 eta 2005 bitartean, DCP ofizialki agertu eta DCI partzuergoa sortu zen urtean, berrikuntzak gertatu ziren biltegiratze eta proiekzio sistemei dagokienez, mundu osoan erabiliko zen formatua definituz.

Bilakaera eta DC-en motak aldatu

1999an hasi zen zinema digitala bere lehenbiziko zantzuak ematen. DCP formatua oraindik ez zegoen, baina filma gorde eta DVD baten bidez erreproduzitzeko zerbitzari bat erabiltzen zen jada.

2002an Amerikako zazpi estudiorik boteretsuenak (Fox, MGM, Sony, Universal, Warner, Paramount eta Disney) bat egin zuten DCI partzuergoa sortzeko, zeinaren zeregina zinema digitalaren estandar tekniko zehatzak adostea eta sortzea zen. Ondorioz, DCI-k zehazten zituen baldintzak betetzen zituen formatuari INTEROP izena jarri zioten.

Geroago, SMPTE (Society of Motion Picture and Television Engineers) formatu berriagoa agertzen da, DCI-rekin bateragarria izatea eta DCI-aren segundoko 24 fotogramen ordez, 25 eta 30 fps-ra erreproduzitzea ahalbidetzen zuen.

Bi formatuen arteko aldea azpititulu sisteman dago, bata bestearekin bateraezina, baina SMPTE -ren kasuan hobetua.

DCP erreprodukzio formatuak aldatu

Hiru bideo formatu daude: Flat, Full eta Scope :

  • Flat : 1998 x 1080 pixeleko bereizmena du.
  • Full : 2048 x 1080 pixeleko bereizmena du. Ez da erabiltzen.
  • Scope : formatu panoramikoena da, 2048 x 858 pixelekin.

Audioari dagokionez, ahalik eta kalitate handiena du.

Biltegiratze sistemak aldatu

DCP-ek bi biltegiratze mota izan ditzakete iraupen mota ezberdinen arabera. 10 minutu baino gutxiago irauten duten iragarkiak, trailer edo aurrerakinak eta film laburrak normalean USB memorietan gordetzen dira, oso leku gutxi hartzen dutelako. Aitzitik, 10 minutu baino luzeagoak diren film laburrak, dokumentalak eta filmak disko gogor eta SSD-tan gorde ohi dira.

DCI zerbitzariak aldatu

DCI zerbitzariak DCP-ak kudeatzeaz, erreprodukzio-zerrendak sortzeaz eta informazioa proiektorera bidaltzeaz arduratzen dira. Gehienetan Linux sisteman oinarritzen dira, Windows-en exekutatzen direnak badaude ere. Funtsean, lau zerbitzari marka daude merkatuan, eta guztiak dira DCI estandarrekin bateragarriak.

DCP-en enkriptatzea aldatu

DCP fitxategi bat edozein zinema zerbitzaritan kopiatu eta ikus daiteke. Iragarki edo dokumentalei dagokienez ez dago arazorik, baina pelikulaz hitz egiten dugunean horrek arazoak sor ditzake. Banatzaileak MXF fitxategiak enkriptatzea aukera dezake pirateriari aurre egiteko. Zifratze-gakoak desberdinak dira proiektore bakoitzeko eta KDM (Key Delivery Message) babes eta kontrol sistemaren bidez sortzen eta garraiatzen dira. KDMren berezitasunetako bat filmaren diskoa inoiz saltzen ez dutela da. Bidaltzeko modua desberdina izan ohi da eta normalean posta elektronikoaren bidez edo zerbitzarian sartzean, filma desblokeatu eta erreproduzitzeko aukera ematen duen USB memoria propio batean egiten da. [3]

KDM (Key Delivery Message) babes-sistemak filma hiru modutan babesten du: Lehenik eta behin, DCPrako egokia den gailu batean erreproduzitzen uzten ez duten JPEG2000 fitxategiak sortuz. Bigarrena, denboraren arabera erreprodukzio kontrolaren bidez eta, hirugarrena, zerbitzaria non erreproduzi daitekeen mugatuz.

3D eta DCP aldatu

DCP formatua eduki estereoskopikoa (3D) gordetzeko ere erabiltzen da. 3D sistema digitalak simulatzen du hiru dimentsioko objektu bat hautematean giza begian gertatzen den efektua. Prozesua proiektagailu digitalak ezkerreko eta eskuineko begiko irudiak segundoko 144 fotogrametan era tartekatuan erreproduzitzen dituenean sortzen da. Irudien abiadura eta erabilitako betaurrekoak direla eta, ikuslearen begi bakoitzak ikuspuntu ezberdinetatik jasotzen ditu irudiak, irudien fusioaren bitartez burmuinak sakontasuna interpretatzen du.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu