Deustuko ubidea

Bilboko Deustu eta Zorrotzaurre auzoak banatzen dituen ubidea

Deustuko ubidea edota Deustuko kanala Bilbo udalerriko ubidea da, Deustu barrutian kokatuta dagoena eta Zorrotzaurre eta Deustuko Doneperiaga auzoak banatzen dituena. 2018ko urriaren 8ra arte Bilboko itsasadarraren adar artifiziala baino ez zen izan, baina ubidea guztiz irekitzeko lanak gauzatu ondoren itsasadar beraren parte da.[1]

Deustuko ubidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaBilbo
Koordenatuak43°16′23″N 2°57′44″W / 43.272939°N 2.962231°W / 43.272939; -2.962231
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza1950 - 1968
Erabilera1968ko abuztua - 2006ko otsaila
Erabilerakaia
Dimentsioak7 (zingoa) × 100 (zabalera) × 2.936 (luzera) m

Historia aldatu

 
Deustuko baratzak, 1945eko ortoargazki batean.
 
Deustuko ubidea eraikitzen, 1959.
 
Zorrotzaurreren urbanizazioa eta ubidearen obrak bidean, 1965ean.
 
Uharte izateko falta zen zatia, 2012ko ortoargazkian.

Bilboko hiribilduak Deustuko elizatea bereganatu zuenetik inguru horretan ubidea eraikitzeko aukera aurreikusita zegoen. Deustuko elizatea, Begoñako errepublika eta Erandio zati bat Bilbora atxikitzeko Bilboko Hiribilduaren Hiri-Handipen Proiektuan, Segurola eta Odriozola arkitektoek 1929an idatzitakoa, adierazten zen itsas-zerbitzu eta zerbitzu komertzialak areagotzeko aukera. Horretarako bi aukera azaleratu ziren: jatorrizko ibaibidea aldatzea edo bide berria eraikitzea. Lehenengo aukera alde batera utzi zen erriberan kokatutako eraikinak eraistea zekarrelako, eta bigarren aukerak trazadura zabalagoa baimentzen zuelako. Horretaz gain, Elorrieta eta Olabeaga inguruetako kurbak saihesten ziren.

Hala, 1929an hasierako proiektua onartu zen, baina Espainiako Gerra Zibila zela eta lanak bertan behera gelditu ziren, bi hamarkada eta gero proiektu berria onartu zen arte. Lanak bi zatitan hasi ziren, lehenengo zatia 1950ko urriaren 11n hasita, eta bigarren zatia urtebete geroago.

1968ko abuztuan ubidea zerbitzuan jarri zen, Botikazar Erribera inguruan oraindik 400 metro faltan osoko irekierararko.[2]

Ubidea zerbitzuan mantendu zen 2006ko otsailaren 7a arte, Bilboko portuko kanpo-kaien handipenen lanak iraun zuten arte. Fri River itsasontzia ubidea erabiltzen azkena izan zen, zeinak 3.051 altzairu bobina deskargatu zituen. Deskarga horrek hiriko portu-aktibitateari amaiera eman zion, Zorrotzako kaia salbu, gaur egun ere martxan dagoena.[3]

2014ko maiatzaren 15ean Zorrotzaurre industrialdea eta Deustuko Doneperiaga auzoa elkarlotzen zituen 400 metro luzedun lur eremu txikia aztarrikatu eta kentzeko lanei ekin zitzaien, inguruan etorkizunean gerta litezkeen uholdeak saihesteko, eta hala, Zorrotzaurre uharte bilakatuz.[4]

2018ko irailaren 26ko itsasgoran Frank Gehry zubiak ura zeharkatzen hasi zuen.[5] Hala ere, lanetarako eraiki zen lur hesiak saihestu zuen Zorrotzaurre eta Deustuko Doneperiaga oraindik lotzen zuen lur eremua guztiz gainditzea, Zorrotzaurre lehen aldiz uharte bihurtzea ekidinez.[6] Urte bereko urriaren 8an ubidea guztiz ireki zen eta Zorrotzaurre azkenik uharte bilakatu zen.[1]

Ezaugarriak aldatu

Ubidea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera garatzen da, Zorrotzaurre edo Deustuko Erribera izeneko uhartea sortaraziz. Euskalduna ontziolatik Elorrietaraino irekitzeko proiektua egin zen, hasiera partean 130 metro, eta azken partean 100 metro zabal izanik. Ubidearen irekieraren ondoren, ezkerraldean 3.336 metro luze, eta eskuinaldean 2.809 metro luze da, eta itsasbeheran 7 metroko sakonera du.

Gaur egun bi dira ubidea zeharkatzen duten zubiak: Frank Gehry zubia (2015eko irailaren 14an zabaldu zen, Deustuko Doneperiaga eta Zorrotzaurre Hegoaldea elkarlotuz) eta San Ignazio zubia (2020an eraikia, San Ignazio eta Zorrotzaurreko Iparraldea lotuz).

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Gaztelaniaz) SER, Cadena. (2018-10-07). «Bilbao abrirá este lunes el Canal de Deusto y creará una isla en la ría» Cadena SER Euskadi (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  2. «La Ría y el Canal de Deustu» Bilbao (Noiz kontsultatua: 2018-02-28).
  3. El Puerto abandonó ayer el Canal de Deusto tras 38 años de actividad comercial Deia. 2009-01-24 (Noiz kontsultatua: 2018-02-28).
  4. «Deustuko ubidearen irekidura - Zorrotzaurre» www.zorrotzaurre.com (Noiz kontsultatua: 2018-10-07).
  5. (Gaztelaniaz) «El agua de la ría pasará bajo el puente de Frank Gehry a finales de septiembre» El Correo 2018-08-30 (Noiz kontsultatua: 2018-08-30).
  6. (Gaztelaniaz) «El agua circula por debajo del puente de Frank Gehry» El Correo 2018-09-26 (Noiz kontsultatua: 2018-09-26).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu