Desinfekzio
Desinfekzioa eragile fisiko edo kimikoen bitartez objektu baten mikroorganismoen suntsiketa prozesua da, horretarako desinfektatzaileak erabiliz. Prozesu prebentiboa da, infekzioa ekiditen duena. Esterilizazioarekin alderatuta, desinfekzioa murritzagoa da, ez baititu mikrobio guzti guztiak suntsitzen; mikrobio patogeno nagusiak besterik ez ditu hiltzen. Beste alde batetik, desinfekzioa objektu eta instalakuntzei aplikaturiko kontzeptua da; ehun organikoei (gaixo eta medikuen larruazalei, esaterako) desinfektatzaileak ez baizik eta antiseptikoak aplikatzen zaizkie, mikrobioak suntsitu eta horien hazkuntza eragozteko.
Desinfekzioa bi modutan garatu daiteke:
- Mikrobioen hazkuntza galarazten. Eragin bakteriostatikoz edo mikrobiostatikoz hitz egiten da kasu honetan. Mikrobio patogenoak ez dira suntsitzen, baina haien hazkundea ekiditen da.
- Mikrobioen suntsiketa eragiten. Eragin bakterizidaz edo mikrobiozidaz hitz egiten da mikrobioak hiltzen direnean.
Desinfektatzaile ohikoenen artean honako hauek aipatu daitezke:
- bero hezea: pasteurizazio izeneko prozesuan erabiltzen da. Prozesu horrekin zenbait janaritan (esnean, ardoan...) dauden mikrobio patogenoak suntsitzen dira.
- kloro eta iodoren eratorriak, proteinen oxidatzaile bortitzak.
- hidrogeno peroxidoa
- formaldehidoa
- alkoholak
- fenolaren eratorriak
- amonio koaternarioaren eratorriak (bakterio Gram positiboen aurka eraginkorrak direnak)