Datu-base eta datu-banku terminologikoak

Datu-base eta datu-banku terminologikoak terminologiako informazioa antolatzeko egiturak dira biak, baina oso desberdinak dira beren helburuan, antolamenduan eta tamainan.[1]

Datu-base terminologiko batek gai jakin bati lotutako terminoak jasotzen ditu, eta orokorrean, elebidunak izaten dira, baita eleanitzak ere.[2]

Datu-base terminologikoen helburua hiztegi tekniko bat lantzea izaten da. Hau da, arlo konkretu bateko terminoak, hizkuntza batean edo gehiagotan, bildu, sistematizatu eta txukun-txukun ordenatuta prestatu. Hiztegi terminologiko bat lantzeko prozesuan eraikitzen dira, eta hiztegia amaitu ondoren, normalean, datu-base hauek ez dira sistematikoki eguneratzen.

Datu-banku terminologikoek helburu zabalagoak dituzte:

  1. Arlo askotako terminoak bildu eta sistematizatzea.
  2. Termino horiek garaian garaiko normalizazio-irizpideen arabera eguneratuta mantentzea.
  3. Zientzia edo teknikako arlo landu berrietako terminoak bankuan gehitzea.
  4. Bankuaren edukia kontsulta-sistema irekien bidez kanpora eskaintzea.

Iraunkortasuna eta publikotasuna dira datu-base eta datu-banku terminologikoen ezaugarri garrantzizkoak.

Azaldu beharreko informazioa[1]Aldatu

Fitxa terminologiko batek ondorengo informazioa eskaini behar du:

Terminoari buruzko informazioaAldatu

  • Termino-tipoa: forma nagusia, sinonimoa, forma laburra, forma luzea.
  • Oharra: esanahia argitzeko azalpen laburra.
  • Informazio gramatikala: kategoria gramatikala, generoa, numeroa.
  • Erabilera geografikoa.
  • Iturria: terminoa aurkitu den dokumentuaren erreferentzia.
  • Testuingurua: terminoa agertzen den esaldia, nonbaitetik hartua.
  • Ponderazioa: terminoaren normalizazio-egoerari edo erabilgarritasunari dagokion marka.

Kontzeptuaren deskribapenari buruzko informazioaAldatu

  • Sailkapena: gaiaren eremu-zuhaitzaren araberakoa.
  • Definizioa: esanahiaren adierazpen formala.
  • Azalpena: kontzeptuaren adierazpen informalagoa.

Informazio administratiboaAldatu

  • Kontzeptu-zenbakia.
  • Fitxaren arduraduna.
  • Azken aldaketaren data.

Azpiegitura antolatua[1]Aldatu

Datu-base eta datu-banku terminologikoek azpiegitura antolatua dute, eta ISO definizioaren arabera, hori da ezaugarri bereizgarria. Terminologiako datu-bankuak, goian aipatutako helburuak betetzeko, azpiegitura antolatu iraunkor bat behar du: terminologoak, dokumentazio-arduraduna, informatikaria...

Tamaina eta euskarria[1]Aldatu

Bolumena da bi egituren arteko beste desberdintasun nabaria.

Terminologiako datu-baseetan lantzen den fitxa-kopuruari dagokionez, alde handiak egon daitezke batetik bestera, baina, oro har, esan daiteke, 50 fitxako hiztegi txiki batetik hasi eta 2.000 kontzeptuko hiztegi mardul baterainokoa izan daitekeela. Kasu berezietan, izan daitezke handiagoak ere, 5.000 edo 10.000koak. Honelako bolumenak kudeatzeko mahai gaineko ordenagailuetako aplikazioak erabiltzen dira, datu-baseak kudeatzeko sistemak, terminologiarako bereziak normalean.

Terminologiako datu-bankuak, aldiz, askoz handiagoak izaten dira. Txikiek 100.000 erregistro izan ditzakete, eta milioi bat baino gehiagokoak ere badira. Fitxa-egitura konplikatuagoa da eta ordenagailu eta datu-baseak kudeatzeko programa ahaltsuagoak behar izaten dira, ordenagailu profesionalagoak.

Dokumentazio-euskarria[1]Aldatu

Seguruenik hau izango da datu-base eta datu-banku terminologikoen arteko diferentziarik handiena ezartzen duen ezaugarria.

Terminologiako datu-base bat eraikitzeko, dokumentazio aldetik ez da baliabide handiegirik behar. Proiektuan zehar erabiltzen diren obren bibliografia kontrolatu behar da, eta argitalpena prestatzean, han txertatzearekin nahikoa da.

Terminologiako datu-bankuan, aldiz, ezinbestekoa da datu-base dokumental bat behar bezala antolatuta izatea. Bertan, terminoen egiaztagarritasuna posible egiten duten erreferentzia bibliografikoak egoten dira jasota. Fitxa terminologikoan, termino baten edo testuinguru baten jatorria adierazten duen kode bat ezartzen da, eta datu-base dokumentalean kode horren esanahia zehazten da erreferentzia bibliografiko baten bitartez: autorea, titulua, argitaletxea, urtea etab.

Terminoen iturriak argitaratzeko unean, arazoak sor daitezke obra argitaratuen autore-eskubideekin eta barne-dokumentuen konfidentzialtasunarekin.

Euskalterm datu-danku terminologikoa[1]Aldatu

Euskalterm ez da banku handi bat, ez oso txikia ere. Gutxi gorabehera, ia 100.000 fitxa ditu, eta 400.000 termino pasa. Datu-bankua 1987an sortu zen, UZEIk egindako hiztegi guztiak fusionatuz. Ondorengo urte guztietan handituz eta eguneratuz joan da, erakunde publikoen diru-laguntzari esker.

Terminoen eguneraketa[1]Aldatu

Hiru modu daude terminoak eguneratzeko:

  1. Termino berriak gehituz.
  2. Lehengo terminoen formak eguneratuz. Hori etengabe egin beharreko zeregin bat da.
  3. Une bakoitzeko normalizazio-egoerak eskatzen duen termino egokia proposatuz. Terminoen eguneratzea ez da forma-egokitzearekin amaitzen. Badago beste eguneratze bat, une bakoitzean normalizazioaren ikuspegitik egokia den terminoa aukeratzearena, alegia.

Datu-banku terminologikoak interneten[3]Aldatu

EspainianAldatu

  • BD TERMINESP
  • PORTAL CiT
  • CERCATERM
  • EUSKALTERM
  • TERMINOTECA
  • BACUS
  • RECURSOS
  • RECURSOS TECNOLETTRA
  • TERMOTECA
  • UPFTERM

NazioartekoakAldatu

  • IATE
  • UNTERM
  • ELECTROPEDIA
  • FAOTERM
  • ITU Terms
  • METEOTERM
  • TEDDI
  • FMI-ko terminologia

Beste herrialde batzuetanAldatu

  • BELTERME (Service de Langue Française de la Fédération Wallonie-Bruxelles, Belgika)
  • FRANCETERME (Comission générale de terminologie et néologie, Frantzia)
  • Le Grand Dictionnaire Terminologique (Office québécois de la langue française, Kanada)
  • TEPA (The Finnish Terminology Centre TSK, Finlandia)
  • TERMIUM (Translation Bureau, Gobierno Federal, Kanada)

ErreferentziakAldatu

Kanpo estekakAldatu