Dario Urzayren Athleticeko zamarra

Athletic Kluben elastiko artistikoa

Dario Urzayren Athleticeko zamarra Dario Urzay margolari bilbotarrak diseinatutako Athletic Club-en futboleko elastiko eta ekipazio ikoniko bat izan zen, 2004ean egina, Athletic-ek Europako lehiaketetan erabiltzeko sortua, baina polemika handi baten ondoren, behin bakarrik erabili zen zelai batean, lagunarteko partida batean. Kolore zuri-gorri nabarmenak zituen zamarrak, baina ez lerro bertikal klasikoetan, orbain edo likido-isuri irregularren forma jostalari batzuetan baizik.

Urzayk diseinatutako zamarra.

Historia aldatu

Dario Urzayren ekimen propioz, bi urteko prozesu baten ondoren, Athletici eskaini zion zamarra diseinua artistak[1], eta klubak azkenean, Ignacio Ugartetxe presidente zela, onartu egin zuen eskaintza. Zamarrak inprimatu egin ziren, eta haien erabilpenerako aitzakia aurkitu ere bai; 2003-2004 denboraldia amaitzen zelarik, hurrengo urtean UEFA lehiaketan parte hartu behar zuen Athletic-ek, eta Europako lehiaketarako zamarra hau erabiltzea erabaki zen.

Halaxe aurkeztu zen beraz Urzayren zamarra 2004eko ekainean. Aurkezpenean Lezamako harrobiko bi jokalarik jantzi zuten zamarra, Mikel Dañobeitiak eta Gontzal Perezek[2]. Berehala, polemika piztu zuen diseinuak. Zaletu batzuek kontzentrazioa deitu zuten Ibaiganeko egoitzaren aurrean, eta Aupaathletic.com webguneak inkesta egin zuen: itsusi edo oso itsusia zeritzon %62ak, polita edo oso polita %27ak[3].

Zamarra behin bakarrik erabili zuen taldeak. Uda hartako aurredenboraldian, lagunarteko bat izan zen Herbeheeretan Groningen taldearen kontra, 2004ko abuztuaren 5ean, eta 3-2 galdu zuen Athleticek. Egun hartan Urzayren elastikoarekin jokatu zutenen jokalarien artean izan ziren Ismael Urzaiz eta Joseba Etxeberria[2].

Irailean UEFA lehiaketarako garaia iritsi zenean, Trabzonsporren zelaian jokatu behar zuen Athletic-ek, eta han zen estreinatzekoa zamarra. Bitartean, UEFAk albisteren bat argitaratu zuen irri eginez elastikoari, Ketchup shirt edo ketxuparen zamarra deitu zioten, eta horrek haserretu egin zuen Urzay artista[1]. Era berean, UEFAk elastikoak auzi legalak aipatu zituen esateko ezin zela zamarra erabili. Hortaz, betiko zamarrarekin ekin zion lehiaketari Athleticek[4]. Gainera, udan aldaketa izan zen Athletic-eko presidentzian, eta presidente berriak, Fernando Lamikizek, aldea markatu nahi izan zuen aurreko talde direktiboarekin, eta irail hartan bertan erabaki zuen ez zela elastikoa gehiago erabiliko.

Hurrengo hilabetean, zamarraren esplotaziorako akordioa eten zuen Urzayk klubarekin. Izan ere, salgai jarri zirenetik, bi hilabetean 4.400 ale saldu ziren. Salmenta horietan fakturazioaren %12 zegokion Urzayri (bere esanetan, artelanen deribatuekin ohikoa dena baino askoz gutxiago), baina uko egin zion gehiago saldu eta irabazteari, oso minduta zegoela adieraziz[1].

2005ean, Urzayren zamarrak Espainiako Arte Grafikoen Sari Nazionala jaso zuen (beste bi egilerekin banatutako saria izan zen). Epaimahairen aburuz, "irudi grafikoaren eta bere oinarrien kontsumoaren alor konbentzionalak hausten zituen" lana izan zen saritua[5].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c (Gaztelaniaz) Rodrigálvarez, Eduardo. (2004-10-14). «Darío Urzay anula la explotación de la camiseta europea del Athletic» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  2. a b (Gaztelaniaz) Camiseta del Athletic de Darío Urzay | Cómo era y curiosidades | Athletic Club Bilbao. 2014-03-19 (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  3. (Gaztelaniaz) AS, Diario. (2004-06-16). «Manifestación anticamiseta» AS.com (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  4. (Gaztelaniaz) Rodrigálvarez, Eduardo. (2004-09-15). «Con Gurpegui y sin ropa nueva» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).
  5. (Gaztelaniaz) Tuesta, M. José Díaz de. (2006-01-19). «Premio para una camiseta repudiada» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-03-26).

Kanpo estekak aldatu