Dalmaziarra, txakur-arraza bat da, eta zera du bereizgarri: larruazal zuria, orban beltz txikiz zipriztindua.

Dalmaziar
Txakur arraza
EspezieaCanis lupus familiaris
Jatorria Kroazia
Altueraarra: 56 cm gutxienekoa
arra: 62 cm gehienez
emea: 54 cm gutxienekoa
emea: 60 cm gehienez
Kumaldiaren tamaina8,4
Katalogo kodea153

Tamaina ertaina eta gihar sendoak izaten ditu, eta iraupen-ahalmen handia ematen dio horrek. Ilea motza, gogorra eta trinkoa izan ohi du. Oin biribilak, eta hatz kakotuak; azazkalak, berriz, zuriak edo orbanen kolore berekoak. Dalmaziar txakurkumeek, jaiotzen direnean, ez dute orban beltzik, baina lehen urtean zehar ateratzen zaizkie. Sudurra ere orbanen kolorekoa izaten du, eta begiak, marroi ilunak edo anbar kolorekoak. Belarri bigunak ditu, eta tolestu eta behera erortzen zaizkio.

Garai batean, zalgurdien ondoan eramaten zituzten dalmaziar txakurrak zaldiei bidea erakusteko. Ariketa fisikoa ezinbesteko zaio. Iraupen-ahalmen handiko korrikalaria da. Bizi-bizia da, eta jolasteko gogo handia izaten du. Primerako laguna izaten da pertsonentzat. Izaerari dagokionez, txakur independente eta barea dirudi, baina lurraldekoia eta izaera gogor eta zailekoa da.

Zabalduta dagoen uste baten arabera, Kroaziako Dalmazia eskualdekoa izateagatik du izen hori, baina ez dago horren erakusgarri fidagarririk. XIX. mendekoak dira dalmaziar izenaren lehen aipamenak. Txakur hau, haatik, antzinako txakurra da; izan ere, Egiptoko grabatuetan dalmaziarren irudiak aurkitu dituzte, zalgurdien ondoan korrika ari direla. Oso ongi konpontzen dira oraindik zaldiekin, eta eskoltaren lekuan jartzen dira zalgurdiren batekin topo eginez gero.

Kanpo estekak aldatu