DNA polimerasa edo ADN polimerasa DNAren erreplikazioan parte hartzen duen funtsezko entzima da, DNAren kate berria sortzen duena kate zahar bat moldetzat hartuz. Zehatz esanda, DNA polimerasa entzima bakarra baino konplexu entzimatikoa da, eukariotoetan hainbat DNA polimerasak ezagutzen baitira.

DNAren erreplikazioa

DNA polimerasek DNAren nukleotidoen (desoxirribonukleotidoen) elkarketa katalizatzen du, beren polimerazioa eraginez. Nukleotidoen elkarketa horretan azido fosforikoen 2 molekula askatzen dira.

Prozesua ekuazio honekin laburbil daiteke:

(DNA)n + dNTP ↔ (DNA)n+1 + PPi

DNA polimerasak 5' → 3' norabidean soilik katalizatzen du erreplikazioa. Abiadura handian lan egiten du: DNA berrian 1000 nukleotido/segunduko elkartzen ditu.

Bizidun guztiek, birusek, prokariotoek eta eukariotoek DNA polimerasa behar dute bere material genetikoa ugaldu ahal izateko.

DNA berriaren sintesia hasteko, DNA polimerasak talde 3'-OH askea behar du. Hots, kate berri bat hasteko, beharrezkoa da abierazle edo "primer" bat izatea: DNA polimerasak lehen nukleotidoa lot dezakeen gunea. Kasu gehienetan, RNA kate motz bat izaten da abiarazle hori [1].

Sintetizatzen ari den DNAren kate berrian nukleotidoak jartzeaz eta lotzeaz gain, DNA polimerasak beste zeregin garrantzitsua ere burutzen du: prozesu horretan gertatzen diren akatsak zuzentzen ditu. Kontuan hartu behar da milioka nukleotido sartzen direla sintetizatzen ari den DNA berrian eta, noizean behin, ereduko katearen osagarri ez den nukleotido bat sartzen dela katean. Hori gertatzen denean, DNA polimerasak segituan antzematen du akatsa eta nukleotido okerra kentzen du (atzera egiten du bere lanean akatsa zuzentzeko). Horri esker, mutazioak ekiditen dira eta DNAren erreplikazio prozesua oso zehatza da.

Erabilera bioteknologian aldatu

Polimerasaren kate-erreakzioak (PCR deituak) bioteknologian erabiltzen den teknika da, DNAren zati batetik abiatuta DNA horren milioika kopia egiten dituena. Hasierako ADN kopurua oso txikia izan arren (molekula bakarra, esaterako), PCRaren bitartez molekulen kopurua izugarri ugaritzen da, gene jakinen baten kopia asko lortuz, klonatzeko edo sekuentziatzeko.

DNAren kopiak egiteko, PCRk DNA polimerasa entzima erabiltzen du. Baina tenperatura altuetan lan egiten duenez, PCRk entzima bereziak behar ditu, termoegonkorrak direnak. Horrenbestez, bioteknologiako laborategietan erabiltzen den DNA polimerasa bakterio termofilo batetik lortzen da (Thermus aquaticus-etik). Entzima honek (Taq pol) aurre egiten die DNA desnaturalizatzeko PCRn erabiltzen diren tenperatura altuei.

Erreferentziak aldatu

  1. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:185 orr.

Kanpo estekak aldatu