Ireki menu nagusia

Chūya Nakahara (japonieraz: 中原 中也 Nakahara Chūya?, Yamaguchi, Japonia, 1907ko apirilaren 29a - Kanagawa, Japonia, 1937ko urriaren 22a) japoniar idazle eta poeta izan zen, Shōwa enperadorearen garaian idatzi zuena. Bizirik zela ez zuen arrakasta handirik lortu, baina gerora jarraitzaile ugari izan ditu, eta gaur egun eskolan ikasi beharreko poeten artean dago Japonian. Haiku-ak eta tanka-k bere kasa egokitu zituen, efektu erritmiko eta musikal bat erantsiz; hala, bere poema ugari musikatuak izan dira. Bizimodu bohemioa izan zuen, eta gazterik hil zen, 30 urterekin, garuneko gaitz baten ondorioz.

Chūya Nakahara
Nakahara Chuya.jpg
Bizitza
Izen osoa 柏村中也
Jaiotza Q35799181 Itzuli1907ko apirilaren  29a
Herrialdea  Japonia
Lehen hizkuntza japoniera
Heriotza Ōgigayatsu Itzuli1937ko urriaren  22a (30 urte)
Heriotza modua berezko heriotza: tuberkulosia
meningitisa
Familia
Aita Kensuke Nakahara
Bikotea(k) Yasuko Hasegawa Itzuli
Familia
Hezkuntza
Heziketa Q11466740 Itzuli
Q17224394 Itzuli
Chuo University Itzuli
Nihon University Itzuli
Q11467062 Itzuli
Q11597793 Itzuli
Tokyo School of Foreign Languages Itzuli
Hizkuntzak japoniera
Jarduerak
Jarduerak poeta, idazlea, tanka poeta eta itzultzailea

Eduki-taula

Lehen urteakAldatu

Nakahara 1907ko apirilaren 29an jaio zen, gaur eguneko Japoniako Yamaguchi hirian. Kansuke eta Fuku Nakahararen seme zaharrena, aita armadako mediku hagitz kondekoratua zuen. Lehen haurra jaio zenean, aita etxetik urrun zegoen lanean, Port Arthur-en, eta eskutitz baten bidez Chūya izena eman zion semeari; hurrengo urtean ezagutu zuen, Yamaguchira itzuli zenean. Denbora horretan, haurra amak eta amamak hazi zuten.

Nakahara txikia zelarik, aita zirujau izendatu zuten, eta lehenengo Hiroshimara eta gero Kanazawa-ra bidali zuten; orduko hartan, Kansuke 1914an itzuli zen etxera. 1915ean, Nakahararen anaia txiki Aro meningitisak jota hil zen. Haren heriotzagatiko tristurari bide emateko, Nakahara poesia idazten hasi zen. Gurasoek garrantzi handia ematen zioten Nakahararen hezkuntzari, eta 1918an Yamaguchiko Unibertsitatera bidali zuten. Ikasle ona zen, eta oso emaitza onak lortu zituen.

Lehen hiru olerkiak emakumeei zuzendutako aldizkari batean eta hiriko egunkari batean argitaratu zituen, 1920an, artean lehen hezkuntzako ikasle zela. 1923an Kioto-ko Ritsumeikan Middle School eskolara joan zen, eta 1924ko apirilean Yasuko Hasegawa aktorearekin bizitzen jarri zen.

Literatura-ibilbideaAldatu

Hasiera batean, Nakaharak Japoniako tanka poesia tradizionalarekiko interesa agertu zuen. Nerabezaroan, ordea, hainbat estilo moderno aztertu zituen; esate batera, bertso askea, Shinkichi Takahashi poeta dadaistak eta Tarō Tominaga-k hagitz laudatua.

Tokiora aldatu zenean, Tetsutaro Kawakami eta Shōhei Ōka nobelagile eta poetak ezagutu zituen, eta haiekin batera Hakuchigun [Ergelak] izeneko poesia-aldizkaria argitaratzen hasi zen. Geroago, Hideo Kobayashi itzal handiko literatura-kritikariaren lagun egin zen, eta hark gidaturik Arthur Rimbaud eta Paul Verlaine frantziar idazle sinbolisten lanak ezagutu zituen, zeinen poemak japonierara itzuliko baitzituen. Rimbaudek Nakahararengan izan zuen eragina poesiaz haragokoa izan zen; alta, bera ere bizimodu bohemioak egin zuen ezagun.

Nakaharak haiku-an eta tanka-n ohikoak diren bertso tradizionalak egokitu zituen, 5-7-5 morako (mora: silaba baino maila txikiagoko hizkuntza-unitatea) hiru lerroz osatu ohi direnak. Alabaina, mora-kopurua askotan aldatzen zuen, efektu erritmiko eta musikal bat lortzeko; eta, izan ere, Nakaharak idatzitako hainbat poema abesti bihurtu ziren gerora, beraz, izan liteke musika-efektu hori hasieratik bilatu izana.

Hainbat argitaletxek uko egin zioten Nakahararen lanak kaleratzeari, eta oroz gain literatura-aldizkari txikietan aurkitu zuen babesa, nagusiki Yamamayu aldizkarian, Hideo Kobayashirekin batera argitaratzen zuena. Behin edo behin Shiki eta Bungakukai aldizkarien bidez ere zabaldu zituen bere poemak.

1927ko abenduan, Nakaharak Saburō Moroi konpositorea ezagutu zuen, zeinak geroago idazlearen poesia batzuk musikatuko baitzituen.

1931ko apirilean, Nakahara Kanda-ko (Tokioko auzoa) Foreign Language College eskolan onartu zuten frantsesa ikasteko, eta 1933ko martxora arte bertan ikasi zuen. 1933ko abenduan ezkondu egin zen, eta 1934ko urrian Fumiya semea jaio zen. 1936ko azaroan, seme bakar izan zuena hil egin zen, eta Nakaharak nerbio-krisialdi bat izan zuen, inoiz erabat gaindituko ez zuena. Orduz geroztiko poema askotan bizipen horrek eragindako samina apaltzeko saiakerak suma daitezke.

1937ko urtarrilean ospitaleratu egin zuten, Chiba prefeturan. Hurrengo urteko otsailean alta eman zioten, eta Kamakurara itzuli zen, beraren lanetako asko Kobayashiren eskuetan utzita.

1937ko urrian, Yamaguchira itzultzeko prestaketatan zebilela, meningitis zerebral batek jo zuen, eta berehalakoan hil zen, 30 urte zituela. Yamaguchi sorterrian hilobiratu zuten.

OndareaAldatu

 
Chūya Nakahararen omenezko monumentua, Yamaguchi sorterrian.

Artean bizirik zela, ordura arteko poesia-lanen antologia bakarra argitaratu zuen, Yagi no Uta (1934); berak autofinantzatu zuen, eta berrehun ale atera zituen. Hil aurretxoan beste bilduma bat ere apailatu zuen, Arishi Hi no Uta [Iraganeko poemak], Kobayashiren ardurapean utzi zuena; eta, arduratu ere, Kobayashik bera arduratu zen Nakaharen lanaren argitalpenaz. bideratuko zuena. Eta hil ondoren baita ere, Shōhei Ōka-k Nakahara Chūyaren obra osoa liburua apailatu zuen, poemak, egunerokoak eta hainbat gutun jasotzen dituena.

Izan ere, bizi zen artean japoniarrek ez zuten herrialdeko poeta handienekotzat hartu, eta, halere, jarraitzaile ugari izan ditu beti, baita gaur den egunean ere. Japoniako eskoletan ikasleek Nakahararen poesia aztertzen dute, eta beraren argazki ezaguna, begirada hutseko gazte kapeladunarena, ondo ezaguna da japoniarren artean.

Herri-kulturaAldatu

  • 1996an, Yamaguchiko Udalak Nakahara Chūya Saria sortu zuen, Seidosha eta Kadokawa Shōten argitaletxeen babesarekin.
  • Kazuki Tomokawa folk-abeslariak Nakahararen hitzekin osatutako abestiak biltzen dituzten bi disko grabatu zituen: Ore no Uchide Nariymanai Uta eta Nakahara Chuya Sakuhinnshu.
  • Yamato 2199 Espazioko Gerraontzia animean, Shiro Sanada zientzialari-burua Nakahararen poesia-bilduma batekin agertu ohi da.
  • Bungō Kale Txakurrak animean, pertsonaietako batek Nakahara izena du, poetaren omenez.

EuskarazAldatu

ErreferentziakAldatu

  1.   «Xabi Bordak Seamus Heaneyren poesia euskaratu du Munduko Poesia Kaierak egitasmorako», Urola Kostako Hitza, 2017-09-04, . Noiz kontsultatua: 2017-09-22 .
  2.   [|Ugalde Pikabea, Iraitz], «MPK», Uzta Erradioaktiboa .

Artikulu hau euskarara ekartzeko, ingelesezko orria hartu da kontuan, non erreferentzia hauek erabili baitiren:

  • Nakahara, Chuya. (Beville, Ry. itz.), Poems of Days Past (Arishi hi no uta) (2005)
  • Nakahara, Chuya. (Beville, Ry. itz.), Poems of the Goat (2002)
  • Nakahara, Chuya, (Paul Mackintosh, Maki Sugiyama. itz.) The poems of Nakahara Chūya (1993)
  • Kurahashi, Ken’ichi. Shinso no jojo: Miyazawa Kenji to Nakahara Chuya (Miyazawa Kenji ron sosho). Yadate Shuppan; (1992)
  • Thunman, Noriko. Nakahara Chuya and French symbolism (1983)

Kanpo loturakAldatu