Carmen Maura
Carmen García Maura (Madril, 1945eko irailaren 15a -) espainiar antzezlea da.
Biografia Aldatu
25 urte zituela antzezle izateko erabakia hartu zuen. Los Goliardos abangoardiako antzerki-taldean hasi zen lanbide horretan. 1970eko hamarraldian zehar jardun zuen talde hartan, Madrilgo kontrakulturaren mugimenduaren barruan, eta orduan ezagutu zuen Pedro Almodóvar zuzendari espainiarra, zeinarekin grabatu baititu hainbat film, adibidez Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (1980), Entre tinieblas (1983), ¿Qué he hecho yo para merecer esto? (1984), La ley del deseo (1986) eta Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988), 1987an atzerriko filmik onenaren Oscar sarirako hautagai izendatua.
Almodóvarrekin egindako film horiei esker azken urteetako espainiar antzezle ezagunenetakoa bihurtu da Carmen Maura, eta atzerrian hainbat lan egiteko aukera izan du, Frantzian batez ere, arrakasta handiaz gainera. Carlos Saura zuzendari ezagunarekin ere lan egin zuen ¡Ay, Carmela! (1990) filmean.
Carmen Mauraren beste film aipagarri batzuk dira Tigres de papel (1977), ¿Qué hace una chica como tú en un sitio como éste? (1978), Gary Cooper que estás en los cielos (1980), Sé infiel y no mires con quién (1985), Matador (1986), Sombras en una batalla (1993), El palomo cojo (1995), La comunidad (2000), Reinas (2005), Volver (2006), Tetro (2009).
Sari asko jaso ditu bere karreran, besteak beste, antzezle onenaren bi Goya sari.
2013an Donostiako Zinemaldian Donostia Saria jaso zuen.
Erreferentziak Aldatu
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak Aldatu
Artikulu hau Madrilgo Erkidegoko biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |