Iñigo Cabacas auzia

Cabacas auzia» orritik birbideratua)

Iñigo Cabacas auziak 2012ko apirilean izandako gazte horren hilketaren auziari egiten dio erreferentzia. Bilboko Athletic Club futbol taldearen jarraitzaile hura Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuen, Athletic Clubak apirilaren 5ean Bilbon jokatutako Europa Leagueko partidaren ondoren buruan jota larri zauritua izan eta egun batzuetara, poliziaren gehiegikeriazko esku-hartze batean.

Hilketaren inguruabarrek eta geroko auzian izandako mantsotasunak zein erantzukizun faltak eta ondoriozko protestek gizarte oihartzun handia eman diote auziari Euskal Herrian. Gertakariak argitzeko, Eusko Jaurlaritzatik jarritako oztopoak eta ordezkari politiko zenbaiten elkartasun eza ere salatu zituzten familiak, adiskideek eta hainbat politika- zein gizarte-eragilek. Ertzaintzaren arduradun politikoek, aitzitik, gertatutakoa akatsa eta istripua izan zela adierazi zuten, eta ez zuten inongo erantzukizunik hartu beren gain. Instrukzioa berehala abiarazi bazen ere, astiro garatu zen, eta 2016 arte ez zen epaiketa hasi.

Bizitza aldatu

Iñigo Cabacas Lizeranzu Manuel eta Josefinaren seme bakarra zen. Basaurin jaio eta han eman zuen haurtzaroa. Aitak Bilboko Poza Lizentziatua kaleko Biltoki taberna hartu zuenean, familia Bilbora aldatu zen, baina Iñigok Basauriko lagunekin zituen harremanak atxiki zituen. Colegio Cooperativa Basauri ikastetxean egin zituen lehen ikasketak eta herriko Kaleroko futbol taldean jokatu zuen. Musika-ikasketak egin zituen Arizgoiti Akademian, gerora Bilbon jarraitu zituenak, gitarra eta saxofoia joz. Loiuko futbol taldean, Erregioko Lehen Mailako Ligan jokatu zuen. Hil zenean, Amorebieta B futbol taldean ari zen. Surfa ere gogoko zuen eta horretarako Bakio eta Laredora joan ohi zen. 2002-2007 urte bitartean EHUko Lan Harremanen Unibertsitate Eskolan ikasi eta bertan diplomatu zen.[1] BBVAko langilea zen.[2][3]

Athleticen Piratak jarraitzaile taldeko kidea zen,[4] eta San Mamesko partidetara maiz joaten zen. Hain zuzen, 2012ko apirilaren 5ean, Athletic Club eta Schalke 04 futbol taldeek jokatu zuten partidara joan zen lagun batzuekin.

Heriotza aldatu

Partidaren ondoko ospakizunetan, Cabacas Maria Diaz de Haro kaleko Kirruli tabernara joan zen. Han zela, Ertzaintzak botatako gomazko pilota batek buruan jo zuen. Gauerdi inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz burezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran eta aireztapen mekanikoarekin egon zen, apirilaren 9ko goizeko bederatziak arte; orduan, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten. Ondoren egindako autopsiak Iñigo pilotakadak hil zuela egiaztatu zuen.[5] Familiak haren organo guztien dohaintza egin zuen, eta gorpua lurperatzea erabaki zuen, beharrezkoa balitz aurrerago beste autopsia bat egin ahal izateko.[6][ohar 1]

Aurrekariak aldatu

Euskal Memoria Fundazioak argitaratutako ikerlanetan jasota dagoenez, Iñigo Cabacasen aurretik lau pertsona hil ziren Euskal Herrian segurtasun indarrek jaurtikitako gomazko piloten ondorioz: Jose Luis Aristizabal eta Isidro Susperregi, 1973ko martxoan Donostian; Luis Santamaria, 1977ko maiatzean Iruñean; eta Rosa Zarra, 1995 urtean Donostian.[7] Zortzi egun lehenago, Xuban Nafarrate gaztea larri zauritu zuten Gasteizen 2012ko martxoaren 29ko graba orokorreko mobilizazioetan, Ertzaintzak botatako gomazko pilota batek jota familiak adierazi duenez. Plazaratutako hainbat iritzik diotenez, gertakari horren ondorioz Ertzaintzaren esku hartzeei dagokienez beharrezko neurriak hartu izan balira, Iñigo Cabacas ez zukeen ertzain baten pilotakadak hilko.[8]

Eusko Jaurlaritzaren bertsio ofiziala aldatu

Gertakarien ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak barne ikerketa bat ireki zuen eta Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordearen aurreko agerraldia egin zuten Rodolfo Ares Herrizaingoko sailburuak eta José Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak 2012ko apirilaren 12an, gertakariak izan eta astebetera, autopsiak Iñigo pilotakada batek hil zuela frogatu eta gero. Aresek adierazi zuen Iñigoren heriotza agian arduragabekeria edo istripua izan zela, eta edonola ere Ertzaintzaren hutsik gabeko jarduna gehiegikeria edo akats bakar batengatik ezin zela kolokan jarri.

Eman zuten bertsioaren arabera, apirilaren 5eko 23:27etan Maria Diaz de Haro kalean borrokaldi handi bat ari zen gertatzen: han, kaputxadun batzuk baziren, eta pertsona zenbaitek egindako eraso baten ondorioz zaurituak zeudela adierazten zuten deiak jaso ziren. Ertzainak bertaratu zirenean, objektuak botatzen hasi ziren haien aurka eta, horren ondorioz, bi atxiloketa egin zituzten. Istiluei aurre egiteko, Ertzaintzaren beste hiru furgoneta heldu ziren, eta Kirruli taberna dagoen plaza txikiaren parean jarri. Taberna hartatik objektuak botatzen hasi zitzaizkien. Horren aurka, itxurazko tiroak egin ondoren, gomazko pilota batzuk bota zituzten. Jendea sakabanatu ondoren, Iñigo Cabacas aurkitu zuten lurrean, emakume batek zaintzen zuela.[9] Agerraldi hartan bertan, bertsio ofiziala zalantzan jarri zuten beste ordezkari politiko batzuek: lekuko askoren testigantzak jasota, adierazi zuten Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen karga polizialaren aurretik istilurik ez zela izan, eta ertzainek modu basatian kargatu zutela. Ares sailburuak bertsio hori gezurra zela erantzun zuen.

Erabakiak aldatu

 
Iñigo Cabacasen heriotzak jendetza-kontrolean gomazko pilotak erabiltzeari buruzko eztabaida ekarri zuen. Irudian, ertzain bat, gomazko pilota bat jaurtitzeko prest.

Gertakariei buruzko lehen bertsio ofiziala eman zen agerraldi berean, Rodolfo Aresek iragarri zuen erabakita zegoela gomazko piloten jaurtigailuak 2013 urtetik aurrera Ertzaintzaren Brigada Mugikorrak eta Indartze Brigadak soilik erabiliko zituztela. Bitartean, horien erabileraren kontrol zorrotza ezarriko zen. Halaber, jakinarazi zuen 2012ko ekainaren 1etik aurrera ertzain guztiek identifikazio-zenbakia soinean eramango zutela.[9]

Beste alde batetik, 2011n Europar Batasunak zuzentarau baten bitartez gomazko pilotak ez erabiltzeko gomendio orokorra egin zuela zabaldu zen. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazia zuen arma hori guztiz kentzeko asmoa zuela.[10][11]

Hasieran zabaldutako barne ikerketa bertan behera geratzea erabaki zuen Herrizaingo Sailak, eta prozedura judiziala bukatzean soilik berrabiaraziko zela.[12] Erabaki hori epaitegien atzean ezkutatzea besterik ez zela leporatu zioten beste zenbait alderdi politikok, bereziki EAk eta ezker abertzaleak. Edonola ere, Ertzaintzaren barne-araudiak baztertu egiten du diziplina-espedienterik zabaltzea dagokion auzi judiziala abian dagoen bitartean.[13] Hala eta guztiz ere, Herrizaingo Sailari, eta baita gobernu berriko Segurtasun Sailari ere, auzitegietara beharrezko informazioa ez bidaltzea eta ikerketa oztopatzea leporatu zitzaien.[14]

2013ko apirilean, Iñigo Cabacas hil eta urtebetera, gertakarien lekuan zeuden ertzainen eta Deustuko polizia etxeko arduradun baten artean izandako komunikazio polemikoak zabaldu ziren. Komunikazio haietan, polizia etxeko buruak gertakarien lekura «daukagun guztiarekin» sartzea agindu zuen,[15] Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak,[ohar 2] Estefania Beltran de Heredia sailburuaren zuzendaritzapean, gertakarietan nahasitako sei ertzain beren ohiko zereginetatik baztertzea erabaki zuen, antolakuntza-arrazoiengatik soilik, diziplina-espedienterik zabaldu gabe eta komunikazioen filtrazioak haien lanari eragiten ziotela argudiatuta.[16][17] 2016ko udaberrian, ahozko epaiketaren hasieran, epaileak adierazi zuen Cabacas hil zuen ertzaintzaren kargak urratu egin zituela «proportzionaltasun, zuhurtzia, premia eta segurtasun printzipioak», bai eta jardunbide profesionalaren printzipioa ere. Ekainean, EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia Legebiltzarrean agertzea eskatu zuen, azalpenak eman zitzan, baina Legebiltzarrak eragotzi egin zuen EAJren, PSEren eta PPren botoei esker.[18]

Gomazko piloten erabilerari buruzko erabaki horiek indarrean jarri arren, 2012ko irailaren greba orokorreko mobilizazioetan Ertzaintzak gomazko pilotaz zauritu zuen aurpegian Mostapha Laakel gaztea, mobilizazioetan parte hartzen ari ez zelarik. Gazteak salaketa jarrita, 2013ko otsailean Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu eta berehala kanporatu zuen Espainiatik, legeztatu gabeko etorkina izateagatik, hasitako prozesu judiziala bukatu ahal izateko aukerarik eman gabe.[19]

Arartekoaren txostena aldatu

Gertakarien beste espediente bat zabaldu zuen beste erakunde ofizial bat Arartekoa izan zen. Herrizaingo Sailarekin desadostasunak sorrarazi zituen Arartekoaren esku hartzeak: alde batetik, Herrizaingo Sailaren iritziz, Arartekoak ez zuen aferan eskumenik, gertakariei buruzko prozesu judiziala abian zelako; eta, beste alde batetik, Arartekoak salatu zuen Herrizaingo Sailak gertakariak argitzeko beharrezko informazioa emateko borondaterik ez zuela. Desadostasun horiek iraun zuten Rodolfo Aresek kargua utzi eta gero, Idoia Mendia sailburu berriaren agintaldi laburrean ere.[20][21] Afera baloratzeko informazio eza zela eta, Arartekoa poliziaren jardunean nazioarteko erakundeek ezarritako gomendio orokorrak, bereziki indarraren erabilerari buruzkoak, nabarmentzera soilik heldu zen.[22]

Bertsio estraofiziala aldatu

Eusko Jaurlaritzak gertakariei buruz agindutako ikerketak ez zuen ondorio garbirik atera eta gertakarien lekukoen testigantzen aurkakoa izan zen. Hori dela eta, bertsio ofizialaren sinesgarritasun eza agerian geratu zen. Horren ondorioz, eta instrukzio judizialaren moteltasunak ere eraginda, hedabideetatik eta Iñigo Cabacasen familia eta lagunen aldetik, lekukoen testigantzak bilduta, gertakarien beste bertsio bat plazaratu zen, Cabacasen heriotza istripua izan ez zela izan agerian uzten zuena. Bereziki ertzainen bortizkeria salatu zen, istilurik ez zegoen une batean eta bake giroan, lagunartean eta poteatzen, zeuden pertsonen aurka kargatu zela, gomazko pilotak behin eta berriz jaurtikiz metro gutxitara eta pertsonek jotzeko asmoarekin. Iñigo lurrean zauriturik zegoelarik, berari laguntzera hurbildu eta ertzainei anbulantzia bat eskatzera joan ziren pertsonak kolpatu eta bertatik alde egiteko agindua eman zieten ertzainek.[23]

Bertsio estraofiziala baieztatu zuten 2013ko apirilean Gara egunkariak plazaratu zituen ertzainen arteko komunikazioek, non gertakarien lekura bertaratutako ertzainek giro lasaia zegoela adierazi arren, ertzainen buruak, Ugarteko ezizenez, indar guztiz kargatzeko agindu zien, polizia etxetik.[15]

Bilakaera judiziala aldatu

Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiak, Ana Torres epailearen zuzendaritzapean, hartu zuen kasuaren ardura. Laster, fiskaltza prozesuan sartu eta familia akusazio partikular moduan aurkeztu zen. Prozesuan, Jone Goirizelaia eta Irma Orozko abokatuak izan ziren familia ordezkatu zutenak. 2013ko apirilerako, prozesuan ez zen inor inputatua izan eta bereziki lekukoen eta polizia-jardunean aritu ziren ertzainen testigantzak eta adituen frogak jasotzera mugatu zen. Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Epaitegi Goreneko fiskal nagusiak kasuaren larritasuna nabarmendu zuen eta fiskaltzak auzi judizialean rol aktiboa izango zuela adierazi zuen. 2012ko uztailean fiskal berria sartu zen prozesuan eta horren interes eza gaitzetsi zuen akusazio partikularrak.[24][25][26]

2021eko apirilaren 20an jakin zen Iñigo Cabacas hiltzeagatik kondenatutako Juan Jose de Pablo Ertzaintzako agentea artean ez zegoela kartzelan eta Bizkaiko Auzitegiak haren bi urteko espetxealdia bertan behera utzi zutela, beste deliturik egiten ez duen bitartean.[27]

Erreakzioak aldatu

Cabacasen heriotzak erreakzio politiko ugari sorrarazi zituen alderdi politiko eta gizarte eragileetatik, Iñigoren gertakarien inguruan nahiz gertakariak argitzeko ekimen nahiz jarrerei buruz, eta eztabaida gaia izan zen hainbat hilabetetan zehar. Iñigo Gogoan izeneko plataforma osatu zen gertakariak argitu eta erantzukizunak eskatze aldera. Hedabideen arreta erakarri zuen eta nolabait auzia argitzen ere lagundu zuten, ikerketa ofizialak eskaintzen ez zuen informazioa plazaratuz. Familiaren aldetik egia eta justizia eskatu ziren eta politikariei gertatutakoa ezkutatu nahia leporatu zieten.

Alderdi politikoak aldatu

Eusko Alderdi Jeltzalea aldatu

EAJ alderdiak jarrera eztabaidatsua izan zuen aferan zehar izan zituen iritzi gorabehera eta jokabide aldaketengatik. Hasiera batean, gertatutakoari buruzko egia, justizia eta erantzukizun politikoak eskatu ziren Eusko Legebiltzarrean nahiz hedabideetan, bereziki Ertzaintzak jarduteko moduak erabakitzerakoan, eta Aresi epaitegien atzean ezkutatzea leporatu zitzaion. Ertzainen ardurez gainera, ardura politikoak ere bazirela adierazi zen EAJtik.[28][29] Iñigo Urkulluk, EAJko orduko lehendakariak, Euskal Herrian garai hartan bizi zen indarkeriari gabeko giroan poliziaren jokabideari buruzko hausnarketarako deia egin zuen, Ertzaintzaren aurkako kritika alderdikoiak gaitzetsita.[30] Iñaki Azkunak, EAJ alderdiko orduko Bilboko alkateak, jarrera gogorragoa azaldu zuen ordea Ertzaintzaren aurkako kritika egin zituztenekin: ezker abertzaleari Iñigoren heriotzan izandako alegiazko istiluak zerikusia izan eta Iñigoren heriotza manipulatzea leporatu zizkion;[31] gainera, uko egin zion Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako adierazpena[ohar 3] Bilboko udalean eztabaidatzeari, Ertzaintzaren barne-ikerketaren emaitzak ezagutu arte itxaron behar zela argudiatuz.[32][33]2012ko ekainean, EAJ alderdiak, EA alderdiarekin batera, auziari buruzko informazioa, elkartasuna familiarekin eta ardurak eskatzeko ekimena bultzatu zuen Eusko Legebiltzarrean, PSE, PP eta UPyD alderdiek atzera bota zutena.[34]

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, EAJ alderdiak gobernuaren ardura hartu eta Estefania Beltran de Heredia izendatu zuen Segurtasun Sailburu, Idoia Mendiaren ordez. Gobernuan zegoelarik, EAJ alderdiari auziari buruzko jarrera aldatzea leporatu zitzaion, auzia epaitegietara mugatuz eta Iñigoren heriotza istripua, Ertzaintzaren buru nagusia zen Gervasio Gabirondoren hitzetan, eta akatsa, Beltran de Herediaren hitzetan izan zela baieztatuz.[35][13]

Euskadiko Alderdi Sozialista aldatu

Euskadiko Alderdi Sozialistatik Rodolfo Ares sailburua izan zen auzia kudeatzearen ardura nagusia hartu zuena. Ertzaintzaren esku hartzea justifikatu zuen eta lekukoen testigantzak gezurrak zirela adierazi.[36] Patxi Lopez orduko lehendakariak eta alderdiko kargu politikoek auziari buruzko adierazpen gutxi egin zituzten; Aresen adierazpenak berretsi, auziari erantzukizun politiko globala kendu eta beste alderdietatik poliziaren jokabide orokorrari egindako kritikak saihestu zituzten beti. [37]Eusko Legebiltzarrean auziari buruz izandako eztabaidetan, Euskadiko Alderdi Sozialistako ordezkariek auzian Aresen aurka asmo elektoralista hutsez jardutea leporatu zioten EAJri alderdiari, alderdi horrek ardura politikoak eta gardentasuna egindako kritikei erantzuteko.[38]

2012 irailaren hasieran, Aresek Herrizaingo Sailburuaren kargua utzi zuen, Euskadiko Autonomia Erkidegoko legebiltzarrerako hauteskundeak antolatzaile lanetan aritzeko bere esanetan eta Cabacasen heriotza karguko une zailenetakoa izan zela adierazi zuen. [39]EH Bildu nahiz Cabacasen familiaren aldetik kargu uztea Cabacasen auziari itzuri egite moduan baloratu zen.[40] Aresen ordez, Idoia Mendiak hartu zuen Herrizaingo Sailaren ardura. Aresek auziari buruz egindako kudeaketa aldezteaz gainera, berdin jokatu zuen, heriotzaren ikerketa epaitegien eskura utziz, baina horretan inongo laguntzarik eman gabe.[41] Ildo horretatik, Arartekoak auzian Herrizaingo Sailaren lankidetza eza salatu zuenean, Mendiak Arartekoak auzian inongo eskumenik ez zuela adierazi zuen.[42]

Beste alderdiak aldatu

Ezker abertzaletik, Bildu eta EH Bildu koalizioetatik hain zuzen, Cabacasen heriotzan Ertzaintzak izandako jokabidea eta erantzukizunak ez aitortzeko Aresen jarrera iheskortasun politikotzat[43] eta estaltzailetzat jo zuen eta haren erantzukizun politikoa exijitu zuten. EAJko gobernu berriko Ertzaintzaren arduradunei ere jarrera estaltzaileaz jokatzea leporatu zien. Horretaz gainera, Ertzaintzaren jokabide politikoa salatu[44][45] eta poliziaren eredu berria eskatu zuten, herritarren zerbitzura.[46] Ertzaintzaren errepresio-eredua EAJ gobernuan izan zen urte luzeetan zehar finkatu zela ere salatu zuten.[47][48] Areago, Cabacasen heriotza Euskal Herriko bake-prozesua zapuzteko estrategia politikoaren ondorioa zela adierazi zen ezker abertzaletik.[49] Adierazpen horiek guztiak direla eta, beste alderdiek, hain zuzen PSE-EEk, PPk eta EAJk (bereziki, Iñaki Azkunaren aldetik), ezker abertzaleak auzia baliatuz eginiko manipulazioa gaitzetsi zuten.[50][51][52] Gertakariak izan eta urtebetera, erantzuleak zein diren argitu ez izana eta ardura politikoen gabezia salatuta,[53] ikerketa-batzorde bat osatzea eskatu zuen EH Bilduko legebiltzarreko taldeak Eusko Legebiltzarrean, gertakariak estaltzearren osaturiko isiltasun eta zigorgabetasun-geruza eragozteko.[54] Aurreko legegintzaldian, Juanjo Agirrezabala EA alderdiko legebiltzarkidea nabarmendu zen Iñigo Cabacasen heriotza salatzen eta Aresi erantzukizuna eskatzen.[36][55] Aralarrek eta Alternatibak ere ildo beretik baloratu zuten Iñigoren heriotza.[56][57]

PP alderditik, Antonio Basagoitik "demokrazia batean" gertatutako "onartezina" zela eta erantzukizun guztiak exijitu behar zirela adierazi zuen Iñigo hil eta gutxira.[52] Handik urtebetera, politikagintza utzi aurretik, erantzunik eza salatu eta Eusko Legebiltzarraren eremuan egin beharreko gertakarien ikerketa eskatu zuen.[58] Hala ere, EAJ eta EA alderdiek erantzukizunak exijitzeko prozesu judizialaz gaindi Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako ekimena atzera bota zuen PSE-EE eta UPyD alderdiekin batera.[34]

Bilboko Udala aldatu

2013ko apirilaren 11n, gertakariak izan eta sei egunetara, Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordean EAJ, PSE eta PP alderdietako ordezkariek mozio bat plazaratu zuen eta Cabacasen heriotza deitoratu eta doluminak agertu ondoren, gertakarien ikerketa eskatu zuen, Cabacasen heriotza futbolaren inguruko indarkeriarekin lotuz azken puntu batean.[59] Bildu koalizioko ordezkariek ez zuten testua sinatu eta aukerako mozioa aurkeztu zuen, non Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzeari uztea eta udalak akusazio partikular moduan aurkeztea eskatzen ziren besteak beste.[60] Maiatzaren 31an, EH Bilduk aurkeztutako mozio bat eztabaidatzeari uko egin zion Iñaki Azkuna alkateak, non Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako adierazpena berrestea eskatzen zen. Uztailaren 9an, Iñigoren heriotza eta hiru hilabetera, Udalak udaletxearen aurreko oroimen-bilkura baterako deia egin zen, nora Iñigoren gurasoak bertaratu ziren.[61] Geroago, Iñigoren gurasoen arabera, Iñaki Azkuna alkateak Iñigo zauriturik suertatu zen kalean oroimen-plaka jartzeko gogoa adierazi zien; gurasoek olerki bat nahi luketela erantzun zioten, baina Iñigo Gogoan ekimenaren baitan Jon Maiaren bertsoekin plaka jarri zenean Kirruli tabernaren ondoan, asmoa ezerezean geratu eta udaleko ordezkari batek Jon Maia ezker abertzaleko kidea zela aitzakia jarri zion Iñigoren aitari.[62] Azkuna 2013ko apirilaren 5ean egindako omenaldira bertaratu zen, ordea.[63]

Bizkaiko Batzar Nagusiak aldatu

Adierazpen instituzional batez Bizkaiko Batzar Nagusiek Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzea guztiz bertan behera utzi[ohar 4] eta ardurak argitzea eskatu zuten.[64]

Iñigoren gurasoak aldatu

Iñigoren gurasoek akusazio partikularra osatu zuen Iñigoren heriotza argitzeko prozesuan. 2013ko uztailean, Herrizaingo Saileko ordezkari batek akordio ekonomiko bat eskaini zion familiari, auzia ixtearen trukean. Gurasoek berehala egin zioten uko akordio horri eta justizia, egia eta Iñigori gertatutakoa berriz ere ez errepikatzea soilik nahi zutela adierazi zuten. Aresek gezurtatu egin zuen akordio horren proposamena egin zenik.[65]

2013ko maiatzaren 3an Iñigoren gurasoak Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Justiziaren batzordearen aurrean agerraldia egin zuten gertakariei buruzko xehetasunak eman, instituzioen aldetik pairatu duten abandonua eta euren samina agertu, laguntza eta, partikularzki, ikerketa-batzorde berezi bat eskatzeko. Aldi berean, Ertzaintzaren baitan isiltasun-hitzarmena zegoelako susmoa adierazi zuten.[66] Gurasoen eskakizunaren aurrean, EH Bildu legebiltzar taldea izan zen batzordea sortzearen aldeko jarrera erakutsi zuen bakarra; Legelbiltzarreko beste taldeek aukera aztertuko zutela adierazi zuten. [67][68]

Iñigo Gogoan eta beste herri ekimenak aldatu

 

Alderdi politiko eta erakundeebez gain, herri mugimenduek ere erreakzioak agertu zituzen. Gertakarien aurka protesta eginez, manifestazioak han eta hemen egin ziren: Ertzaintzak berriz gomazko pilotak erabiliz, borraz eta identifikazioak eginez erantzun zuen. Iñigoren heriotzaren aurka protestatuz jartzen ari zen gazteren bat ere polizia etxera eraman zuten.[69][70] 2012ko maiatzean Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko biltzarra ospatu zenean, Rodolfo Aresek eman zuen hitzaldi batean lau gaztek protesta ekitaldia egin zuten, Iñigoren hilketa salatu eta justizia eskatzeko. Gazteei epaiketa egin zitzaien.[71] Bilboko Aste Nagusian, Komantxe konpartsako gunean Aresen dimisioa eskatzen zuten kartelak erretiratzea exijitu zuen Ertzaintzak, Aresen aurkako irainak zirelakoan.[72]

Iñigo Gogoan plataforma sortu zen Iñigoren hilketa eragin zuen poliziaren gehiegikeria eta justiziak auzi horretan aurrera egiteko jartzen ari ziren oztopoak salatzeko. 2012ko urriaren 9an, esaterako, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, protesta ekitaldia egin zuten.[41] Ekimen nabarietako bat Iñigoren hilketa eta urtebetera polizia ereduari buruz antolatutako jardunaldiak izan ziren, Polizia ereduari, xake! lelopean, Iñigoren aldeko oroimen eta protesta-ekitaldiekin batera.[73][74]. Horien artean, 2013ko apirilaren 13rako, Iñigo hil eta urtebetera, Bilboko kaleetan zehar manifestazio baterako deia egin zuten.[75] Manifestaziora mila bat lagunek, Iñigoren gurasoak lagunduz, hartu zuten parte eta Ez zan istripu bat izan eta Ares gezurti zioten afixak eraman zituzten.[76] Egun batzuk lehenago, apirilaren 10ean, elkarretaratzea egin zuten plaza biribilean 50 lagunek, Cabacasen gurasoek lagunduta, BBVAko ELAk, LABek eta CGTk deituta.[77] Apirilaren 24an, Erne ertzainen sindikatuak Bilboko Euskalduna jauregian polizia ereduari buruzko jardunaldietan, Iñigo Gogoan ekimenak jauregiaren aurrena bilkura egin eta antolatzaileei aurpegi garbiketa leporatu zien.[78] Iñigo Gogoan ekimenak Iñigori gertatutakoaren testigantza egin zuen Euskal Herritik kanpo ere, bereziki Katalunian, gomazko pilotak erabiltzearen aurkako hango Stop Bales de Goma elkartearen eskutik.[79] Aldi berean, elkarte horren ordezkaritza Euskal Herrian izandako salaketa ekitaldi zenbaitetan ere izan zen. Iñigo Cabacasen heriotza 2012ko martxoaren 29ko greba orokorreko mobilizazioetan larri zauritutako Xuban Nafarrate Ertzaintzaren gomazko pilotaz gasteiztar gaztearen kasuarekin batera salatu zen batzuetan. Arartekoak bi kasuak batera aztertu zituen.[80] 2013ko abenduan, Iñigo Cabacas larri zauritu zuen polizia-operatiboa agindupean zuen ertzainburu nagusi Jorge Aldekoa Ertzaintzaren buru izendapen berriaren aurka, sinadura bilketa bati ekin zioten; guztira, 20.000 izenpetik gora bildu zituzten.[81]

Oroimena aldatu

Iñigoren oroimenezko bertsoak[ohar 5]
Elkartasuna zelai bat bada
maitasuna gure giro
zelai honetara hamaika datoz
zuregana maitekiro
injustiziak ez daigun ahaztu
gerta ez dadin berriro
justizia hitza esango dugu
zutaz oroitu aldiro
beti gogoan, beti ondoan
beti zurekin, Iñigo.
  • Iñigo Cabacas hil zen egun berean, ehunka lagun bildu ziren gaztea zauritu zuten lekuan haren oroimenez, Maria Diaz de Haro 13ko plaza txikian. Hamabost minutuko isilunea egin zen eta Athleticeko banderen eta ikurrinen artean kandelak piztu ziren.[82]
  • Iñigo Cabacasen aldeko hileta-elizkizuna Bilboko Corpus Christi parrokian ospatu zen 2012ko apirilaren 11an. Ehundaka pertsona bildu ziren hiletara, tartean Athleticeko jokalari zenbait. Inguruko balkoietan Athletic futbol taldeko bandera anitz ikus ahal izan ziren, dolu-xingolekin.[83] Iñigo Cabacas Okondon lurperaturik dago eta han lagunek haren omenezko trikuharri bat eraiki zuten.[6][3]
  • 2012ko apirilaren 15ean, Athleticaren jarraitzaile-talde zenbaitek deituta, milaka lagunen manifestazio isila egin zen Bilboko kaleetan zehar San Mames futbol zelaiko 37 ateraino (Cabacas partida ikustera bertatik sartu ohi zen), Iñigo, gogoan zaitugu zioen pankarta handi baten atzetik. Estadiora heltzean, familiaren ordezkariek oroimen eta salaketa-adierazpena egin zuten. Ondorengo Athletic-Mallorca partidan, jokalariek Iñigoren oroimenaren alde minutuko isilunea egin eta haren oroimenezko elastikoak jantzi zituzten. Jarraitzaileek ondorengo 9 minutuan ere isilik egon ziren, Iñigo hil zen egunari erreferentzia eginez. Ondoren, Herri Norte, Abertzale Sur eta Piratak jarraitzaile-taldeetako kideek alde egin zuten protesta moduan eta eserleku hutsetan bi ikurrina handi utzi zituzten. Athleticen lehen gola sartu zuen jokalariak —Fernando Llorentek— Iñigori eskaini zion. Halaber, Gescrasp Bizkaia saskibaloi-taldearen partidan ere txalo zaparrada egin zuten Iñigoren adina adierazten zuen 28garren minutuan. Egun berean, Erroman talde antifaxista batek Iñigoren heriotza salatzen zuen pankarta bat zabaldu zuen espainiar enbaxadaren aurrean.[84][4] Egun horietan, Errealaren eta Osasunaren futbol zelaietan ere Iñigoren aldeko mezuak zabaldu ziren.[69]
  • 2012ko urriaren 9an, Basauriko San Fausto jaietan, Basauriko Axular plazan (horren inguruetan bizi izan zen Iñigo txikitan) haren aldeko oroimenezko ekitaldia egin zen herriko elkarteek eta udalak antolaturik. Bertan, Iñigoren gurasoek plaka bat zabaldu zuten bere omenez. Bi egun lehenago, Basauriko Baskonia futbol taldeak jokatu zuen partidan egindako golak hari eskaini zizkioten.[85][41]
  • 2013ko apirilaren 5ean, Iñigo zauritu zuten lekuan, Kirruli herriko tabernaren ondoan, oroitzapen-ekitaldia egin zitzaion, Iñigo Gogoan herri-ekimenak deiturik: ehunka pertsona bertaratu ziren, baita Iñigoren gurasoak ere. Hil zuten lekuan, haren irudia eta Jon Maia bertsoak dituen plaka bat zabaldu zen, haren oroitzapenetan.[86]
  • Jare taldeak Zu Lagun abestia ondu zuen Iñigo Cabacasen oroimenez.
  • 2013ko apirilean, Iñigo Cabacasen heriotzaren inguruko gertakariei buruzko testigantzak jasotzen dituen Iñigo Cabacas, crónica de una herida abierta dokumentala estreinatu zen.
  • 2013an atheticzale talde eta norbanako batzuek Iñigo Cabacas Herri Harmaila kolektiboa sortu zuten, izena haren omenez hartuta.

Oharrak aldatu

  1. Zoritxarrak Iñigoren amama ere hiltzea ekarri zuen, Iñigo hil eta egun gutxira, guztiz nahigabeturik.
  2. 2012ko abenduaz geroztik, gobernu-aldaketaren ondoren, Herrizaingo Sailari Segurtasun Saila izena jarri zitzaion.
  3. Bilboko Batzar Nagusietan botu gehien (22 51tik) zituen EAJ alderdiaren aldeko botoz erabaki zen adierazpena
  4. Ares segurtasun sailburuaren eskutik, unitate berezien eskuetan soilik izango zirelako erabakia hartu zela erabaki zen.
  5. Jon Maiaren bertsoak, Iñigo hil zen lekuan jarritako plakan agertzen direnak.

Erreferentziak aldatu

  1. Lan Harremanen Unibertsitate Eskolako Aldizkaria, 16. alea, 2012ko maiatza.
  2. (Gaztelaniaz) Un chaval alegre y deportista que trabajaba en un banco, www.elcorreo.com, 2012-04-10.
  3. a b (Gaztelaniaz) «Creo que buscan más tiempo para manipular las pruebas», www.naiz.info, 2012-10-09.
  4. a b (Gaztelaniaz) Una multitudinaria marcha silenciosa exige justicia para Iñigo Cabacas, Gara egunkaria, 2012-04-16, www.kaosenlared webgunean jasoa, 2013-05-02an kontsultatua.
  5. (Gaztelaniaz) «La autopsia confirma que un pelotazo causó la muerte de Cabacas»[Betiko hautsitako esteka], Deia, 2012-04-10.
  6. a b (Gaztelaniaz) «Una muerte que da vida»[Betiko hautsitako esteka], Deia, 2012-05-05.
  7. Gomazko piloten azken punpa (Arrasto lazgarria), www.berria.info, 2011-06-29.
  8. (Gaztelaniaz) Sortu Bilbo, www.facebook.com, 2013-04-18.
  9. a b (Gaztelaniaz) Erakunde, Herrizaingo eta Justizia Batzordeak 2012ko apirilaren 12an egindako bilkuraren hitzez hitzeko transkripzioa[Betiko hautsitako esteka], Eusko Legebiltzarraren webgunea. 2013-04-15ean kontsultatua.
  10. (Gaztelaniaz) Iker Rioja Andueza: «La Comisión Europea prohíbe a la Ertzaintza el uso de pelotas de goma»[Betiko hautsitako esteka], El Mundo, 2011-06-05.
  11. (Gaztelaniaz) Ramón Sola: Europa instó a Lakua a dejar de disparar pelotas, Gara, 2012-04-10.
  12. (Gaztelaniaz) Ares anunció un expediente que se paralizó con la excusa del sumario, Naiz, 2013-04-17.
  13. a b «Erabateko gardentasunez ari gara jokatzen 'Cabacas auzian'», Berria, 2013-04-20.
  14. (Gaztelaniaz) «La familia Cabacas alerta de un "pacto de silencio" entre la Ertzaintza y Lakua»[Betiko hautsitako esteka], Deia, 2013-05-04.
  15. a b (Gaztelaniaz) «Comunicaciones de la Ertzaintza en la noche del 5/IV/2012 (Versión completa)», Naiz. 2013-05-08an kontsultatua.
  16. (Gaztelaniaz) «Cambian las funciones a seis ertzainas que participaron en el operativo Cabacas», Noticias de Gipuzkoa, 2013-04-19.
  17. (Gaztelaniaz) «Seguridad aparta a seis ertzainas relacionados con el caso Cabacas», EITB.com, 2013-04-19.
  18. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2017-06-19). «PNV, PSE y PP impiden que la consejera de Seguridad comparezca sobre el auto de Cabacas» Naiz (Noiz kontsultatua: 2017-06-20).
  19. (Gaztelaniaz) «Expulsan a un inmigrante que había denunciado a la Ertzaintza tras recibir un pelotazo durante la última huelga general», Bilbokobraka.info, 2013-02-25.
  20. (Gaztelaniaz) «El Ararteko arremete contra Interior por no investigar lo suficiente la muerte de Cabacas»[Betiko hautsitako esteka], Deia, 2012-12-05.
  21. (Gaztelaniaz) «El Ararteko concluye que “el uso de la fuerza” en los casos Cabacas y Nafarrate no estaba justificado», Naiz, 2012-12-04.
  22. (Gaztelaniaz) «Resolución del Ararteko, de 30 de noviembre de 2012, por la que se concluye su actuación en el expediente de oficio iniciado a raíz de dos intervenciones de la Ertzaintza en Bilbao y Vitoria-Gasteiz, en las que resultaron mortal y gravemente heridos, respectivamente, dos jóvenes», Ararteko.net. 2013-04-16an kontsultatua.
  23. (Gaztelaniaz) Laia: «Le taponé la herida con una bufanda del Athletic prestada, pero sangraba muchísimo», www.elcorreo.com, 2012-04-10.
  24. (Gaztelaniaz) La familia de Cabacas se persona en el proceso judicial, www.elpais.com, 2012-04-25.
  25. (Gaztelaniaz) El fiscal superior de la CAV insiste en que el caso de Cabacas «no puede quedar en nada», www.naiz.info, 2012-08-15.
  26. (Gaztelaniaz) Una orden de comisaría desató la carga que mató a Cabacas, www.naiz.info, 2013-04-01.
  27. Susaeta, Igor. «Bertan behera utzi dute Cabacasen heriotzaren harira kondenatutako ertzainari ezarritako zigorraren gauzatzea» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-04-20).
  28. (Gaztelaniaz) EAJ-PNV pide verdad y justicia en relación a la muerte de Iñigo Cabacas, www.eaj-pnv.eu, 2012-05-11.
  29. (Gaztelaniaz) El PNV endurece su posición sobre el 'caso Cabacas' por el silencio del consejero[Betiko hautsitako esteka], www.noticiasdealava.com, 2012-05-12.
  30. (Gaztelaniaz) Urkullu pide investigar "todos los extremos" sobre la muerte de Cabacas y denuncia críticas partidistas a la Ertzaintza, Eleconomista.es, 2012-04-16.
  31. (Gaztelaniaz) Azkuna acusa a la izquierda 'abertzale' de una manipulación "repugnante", www.elpais.com, 2012-04-17.
  32. (Gaztelaniaz) Azkuna se niega a debatir una moción sobre Iñigo Cabacas aprobada por unanimidad en las Juntas Generales, Bilboko Branka, 2012-05-31.
  33. (Gaztelaniaz) Azkuna aguarda la investigación sobre la muerte de Cabacas antes de adoptar medidas, www.elcorreo.com, 2012-06-01.
  34. a b (Gaztelaniaz) PSE, PP y UPyD se unen para impedir que Ares explique la muerte de Cabacas, www.deia.com, 2012-06-22.
  35. (Gaztelaniaz) PP acusa al Gobierno vasco de "cambiar de postura" en el ´caso Cabacas´ e intentar "pasar página"[Betiko hautsitako esteka], www.elsemanaldigital.com, 2013-04-14.
  36. a b (Gaztelaniaz) Ares afirma en el Parlamento que los testigos no cuentan la verdad, gara.naiz.info, 2012-04-13.
  37. (Gaztelaniaz) López afirma que «se asumirán responsabilidades» por Cabacas, gara.naiz.info, 2012-04-17.
  38. (Gaztelaniaz) El 'caso Cabacas' dilata la brecha de PNV y PSE[Betiko hautsitako esteka], www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-06-22.
  39. (Gaztelaniaz) Ares abandona el Gobierno de Lakua para centrarse en la campaña del PSE, www.naiz.info, 2012-08-29.
  40. (Gaztelaniaz) Idoia Mendia justifica la inacción de Lakua en el «caso Cabacas»[Betiko hautsitako esteka], gara.naiz.info, 2012-10-10.
  41. a b c (Gaztelaniaz) Idoia Mendia justifica la inacción de Lakua en el «caso Cabacas»[Betiko hautsitako esteka], gara.naiz.info, 2012-101-10.
  42. (Gaztelaniaz) Mendia cree "incompetente" al Ararteko para investigar el 'caso Cabacas' mientras esté abierta la causa judicial[Betiko hautsitako esteka], www.deia.com, 2012-12-04.
  43. (Gaztelaniaz) Aralar, Izquierda Abertzale, EA y Alternatiba tachan la comparecencia de Ares de escapismo político, alternatiba.net, 2012-04-13
  44. (Gaztelaniaz) Sortu advierte a PNV de que incurrirá en "encubrimiento" si reiteran que la muerte de Cabacas fue un accidente, www.noticiasdegipuzkoa.com, 2013-04-15.
  45. (Gaztelaniaz) Ares deja su cargo sin asumir responsabilidades por la muerte de Iñigo Cabacas, bilbokobranka.info, 2012-08-29.
  46. (Gaztelaniaz) Bilboko Udalak ez du oraindik aitortu Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas hil zuela[Betiko hautsitako esteka], bilbo.ehbildu.net, 2012-07-09.
  47. (Gaztelaniaz) La izquierda abertzale critica "hipocresía" de PNV y PSE en el caso Cabacas[Betiko hautsitako esteka], www.abc.es, 2012-04-17.
  48. Ertzaintzak eragindako Iñigo Cabacasen heriotzaren harira Rodolfo Aresek Legebiltzarrean emaniko azalpenei buruz[Betiko hautsitako esteka], www.ezberabertzalea.info, 2012-04-12.
  49. (Gaztelaniaz) «Iñigo Cabacas es la última víctima de la cruda violencia policial»[Betiko hautsitako esteka], gara.naiz.info, 2012-04-10.
  50. (Gaztelaniaz) Pastor cree que la izquierda abertzale intenta manipular el caso Cabacas[Betiko hautsitako esteka], www.noticiasdegipuzkoa.com, 2012-07-15.
  51. (Gaztelaniaz) Azkuna acusa a la izquierda 'abertzale' de una manipulación "repugnante", elpais.com, 2012-04-17.
  52. a b (Gaztelaniaz) Basagoiti cree 'inaceptable' un caso como la muerte de Íñigo 'en una democracia', www.elmundo.es, 2012-04-11.
  53. EH Bildu: "Onartezina da oraindik ere 'Cabacas auzian' erantzuleak zein diren argitu ez izana, berria.info, 2013-04-02.
  54. EH Bildu pide una comisión de investigación en el Parlamento para depurar las responsabilidades políticas del ‘caso Cabacas’, www.astekaridigitala.net, 2013-05-03.
  55. }}es}} EA denuncia que tres meses después "siguen sin depurarse responsabilidades" por la muerte de Iñigo Cabacas, www.elcorreo.com, 2012-07-09.
  56. Aralarrek tamalgarritzat jo du Cabacasen heriotzaren inguruko egia komunikabideen filtrazio baten bitartez jakin behar izatea[Betiko hautsitako esteka], www.aralar.net, 2013-04-15.
  57. (Gaztelaniaz) Alternatiba ve "claramente insuficiente" la explicación de Ares sobre la muerte de Cabacas y vuelve a exigir su dimisión, www.20minutos.es, 2012-04-12.
  58. (Gaztelaniaz) Basagoiti, dispuesto a reactivar la investigación del caso Cabacas en el Parlamento de Gasteiz, www.naiz.info, 2013-04-05.
  59. (Gaztelaniaz) Declaración de la Junta de Portavoces del Ayuntamiento de Bilbao, Arabatik bloga, 2013-05-01ean kontsultatua.
  60. (Gaztelaniaz) Azkuna se niega a convocar la junta de portavoces tras la muerte de Iñigo Cabacas, Bilboko branka, 2012-04-10.
  61. (Gaztelaniaz) El Ayuntamiento de Bilbo convoca una concentración en memoria de Iñigo Cabacas, www.naiz.info, 2012-07-05.
  62. (Gaztelaniaz) "La imagen que dio la Ertzaintza tiene que ser lavada y eso se logra haciendo justicia", www.deia.com, 2013-04-05.
  63. (Gaztelaniaz) El padre de Iñigo Cabacas pide que no se repita aquella 'barbarie', www.eitb.eus, 2013-04-05.
  64. (Gaztelaniaz) Las Juntas de Bizkaia piden a la Ertzaintza que no use pelotas de goma, www.eitb.eus, 2012-05-03.
  65. (Gaztelaniaz) Interior ofrece a la familia Cabacas una indemnización para cerrar el caso judicial, www.deia.com,2012-07-11.
  66. (Gaztelaniaz) La familia Cabacas sospecha de un 'pacto de silencio' en la Ertzaintza, www.eitb.eus, 2013-05-03.
  67. «Zuen laguntza behar dugu»[Betiko hautsitako esteka], www.berria.info, 2013-05-04.
  68. Oraingoz, ezezkorik ez[Betiko hautsitako esteka], www.berria.info, 2013-05-04.
  69. a b Erantzun bateratua adosten ari dira Athleticeko peñak, berria.info, 2012-04-11.
  70. (Gaztelaniaz) «Una rueda de prensa que acaba a porrazos y una sentada clamorosa» gara.naiz.info 2012-04-13.[Betiko hautsitako esteka]
  71. (Gaztelaniaz) 4 jóvenes que protestaron ante Ares, primeros procesados en el caso Cabacas, Bilboko Branka, 2012-12-05.
  72. (Gaztelaniaz) La Ertzaintza censura un mural de la txosna de Komantxe, Bilboko Branka, 2012-08-19.
  73. Polizia ereduari “xake” egiteko deia egin dute Cabacasen erailketaren urtemugan, topatu.info, 2013-04-05.
  74. Polizia ereduari xake!, Bilboko Branka, 2013-04-04.
  75. (Gaztelaniaz) La plataforma 'Iñigo Gogoan' exige justicia y convoca una marcha para el sábado[Betiko hautsitako esteka], www.deia.com, 2013-04-03.
  76. (Gaztelaniaz) «No fue un accidente», claman en la manifestación por Cabacas, www.naiz.info, 2013-04-13.
  77. Iñigo Cabacas zena gogoan, justizia eskatu dute goizean Bilbon, www.berria.info, 2013-04-10.
  78. «Eskuak zikin dituztenen aurpegia garbitu nahi dute», www.berria.info, 2013-04-25.
  79. (Katalanez) Del 18 al 21M, 4 jornades a l’entorn de l’ús bales goma amb la Plataforma Iñigo Gogoan, www.acampadadebarcelona.org, 2013-05-24an kontsultatua.
  80. Arartekoak bukatu du Iñigo Cabacasi eta Xuban Nafarrateri buruzko ofiziozko espedientea, www.ararteko.net, 2013-05-26an kontsultatua.
  81. «20.000 sinadura bildu dituzte, Ertzaintzaren buruaren izendapena atzera bota dezaten» naiz.info 2014-01-10.
  82. Ehunka lagunek omenaldi hunkigarria egin diote Iñigo Cabacasi, zauritu zuten lekuan[Betiko hautsitako esteka], Bilboko Branka, 2012-04-09.
  83. (Gaztelaniaz) El último adiós a Iñigo Cabacas, www.diariovasco.com, 2012-11-04.
  84. (Gaztelaniaz) Homenaje a Iñigo Cabacas y demanda de justicia dentro y fuera de San Mamés[Betiko hautsitako esteka], www.gara.info, 2013-04-16.
  85. (Gaztelaniaz) Basauri rendirá un homenaje a Íñigo Cabacas en sus fiestas patronales, www.elcorreo.com, 2012-10-05.
  86. (Gaztelaniaz) La familia de Iñigo Cabacas exige «justicia» y otro modelo policial, www.gara.info, 2013-04-06.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Iñigo Cabacas auzia  
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Iñigo Cabacas auzia
Wikidatan datu irekiak daude honi buruz: Iñigo Cabacas auzia