Istripu zerebrobaskularra (IZB), garuneko hodietako istripua (GHI)[1] edo buruko isuria[2] laster garatzen den burmuinaren galera funtzional akutua da, bururako odolaren garraioaren asalduraren ondorioz gertatutakoa, iskemiak eraginda (odolbilduek edo enboloek) edo odoljario bat direla kausa.
Garai batean enbolia hitza erabiltzen zen iktus edo istripu zerebrobaskularrari aipamena egiteko. Apoplexia ere sinonimoa da.
Burmuineko neuronek energia asko behar dute: horregatik, burmuinak oxigeno eta glukosa asko behar ditu. Esan ohi da burmuinak gorputzak behar duen energiaren % 25 kontsumitzen duela, organo txikia izan arren [3]
Iskemia dagoenean, odola ez da burmuinetara iristen eta iktusa sortzen da. Iskemia hodi-uzkurduraren ondorioz edo odolbildu baten ondorioz sortzen da. Istripu zerebrobaskularraren beste kausa bat odoljarioak dira, burmuineko arteria edo zain bat puskatzen denean. Bigarren hori ez da hain ohikoa, istripu zerebrobaskularren eragile nagusia iskemia baita