Protobulgariar

Bulgar» orritik birbideratua)

Protobulgariarrak edo bulgar izenarekin ezagututakoak (baita huno-bulgarrak ere) VII. mendean Estepa Pontikoan eta Volga ibaiaren arroan bizi zen herri erdi-nomada bat izan zen. Etnikoki Oghur hizkuntzako turkiarrak zirela uste da, jatorri eszitiar-sarmaziarreko eta alanoko zenbait elementu gehituta. Eztabaida dago ea protobulgariarren elementu sarmaziar horiek turkiar sarmaziartuen ondorio ala sarmaziar turkiartutako ondorio diren. Bestalde, talde honek Eurasiako estepan zehar mendebalderantz izan zuen migrazioan beste talde etniko batzuk integratu zituen bere baitan.

Bulgar herrialdearen kokalekua 650. urtearen inguruan.

Jatorriz Asia erdialdeko nomadak ziren, baina VII. mendean sedentario bihurtu ziren, Estepa Pontikoan Bulgaria Handia sortuz. 668. urtean Khazar Inperioan sartu ziren. 680an Asparukh khanak Eszitia Txikia konkistatu zuen, Mesiarako bidea irekiz, eta Lehen Bulgariar Inperioa ezarri zuen. Hiru mende geroago, X. menderako, inperio hori eslaviartuta zegoen.

670. urtearen inguruan Volga ibaiaren arroan beste estatu bat sortu zuten protobulgariarrek, Volgako Bulgaria. Protobulgariar hauek XIII. mendera arte mantendu zuten haien nortasuna eta Mongolen Inperioaren lehen erasoari eutsi zioten 1223an. Hala ere, azkenean azpiratuak izan ziren eta haien hiriburua, Bolghar, mongolen Urrezko Hordaren hiri nagusietako bat bihurtu zen. Geroago, Volgako tatariar bihurtu ziren eta gaur egungo Tatarstan osatu zuten.


Kanpo estekak aldatu