Ireki menu nagusia

BiografiaAldatu

Familia judu aberats batean hazi eta hezia. Hamasei urte zituela, Alderdi Sozialistako kide egin zen. Engelbert Dollfussen erregimen autoritarioak alderdia legez kanpo utzi zuenean (1934), Kreiskyk, beste kide batzuekin batera, Gaztedi Sozialista Iraultzaileak taldea sortu zuen. Kreisky kartzelan sartu zuten (1935-1936), eta saldukeriaz kondenatu zuten.

Eragozpenak eragozpen, zuzenbide-ikasketak amaitzea lortu zuen 1938an. Urte horretan bertan, naziek preso hartu zuten, eta kontzentrazio-esparru batera bidaltzekotan egon ziren. Bere familiako beste hogei kidek ez bezala, berak ihes egitea lortu zuen, Suediara.

Bigarren Mundu Gerra bukatu orduko, Stockholmera bidali zuten enbaxadore (1946-1950). Handik itzulitakoan, Austriako lehendakariaren kabinete pertsonalaren bigarren buru izendatu zuten, eta Kanpo Arazoetako idazkariorde (1953-1959).

Garrantzi handiko eginkizuna bete zuen Austriaren burujabetasuna lehengoratzeko negoziazioetan (1955). Gero, Legebiltzarreko kide (1956-1983), Kanpo Arazoetako ministro (1959-1966), eta Alderdi Sozialistako buru (1967-1983) izan zen, eta Austriako kantziler 1970etik 1983ra bitartean.

Sekularizazioa, goi-mailako irakaskuntza eta liberalizazio soziala bultzatu zituen, ekonomiaren modernizazioa, lanpostuen sorrera eta gizarte-laguntzaren onurak handitzea sustatzeaz gainera. Bere beste lehentasunetako bat neutraltasun aktiboa bultzatzea izan zen. Judu agnostikoa izanik, arabiarren eta israeldarren arteko gatazkan alderdikeriarik gabe jokatzeko gai ikusten zuen bere burua. Baina bake-elkarrizketetan Palestinaren Askapenerako Organizazioaren parte-hartzea bultzatu eta Israelgo buruzagi nagusiak gogor kritikatu izanak judu askoren haserrea piztu zuen. Austriako nazi zaharren aurrean izan zuen jarrera ere oso eztabaidatua izan zen. Bere lehen gobernuko hamaika ministrotatik lau nazi izandakoak ziren. Nolanahi ere, bera izan zen Austriako politiko inportanteena Bigarren Mundu Gerraren ondoren, itzal handikoa nazioarteko diplomazian, eta estatu bateko lehen gobernuburu judu eta alemanez hitz egiten zuena.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bruno Kreisky  

ErreferentziakAldatu