Bolinkoba Abadiñon, Bizkaian, dagoen kobazuloa da, Untzillatx mendiaren magalean, Atxarte inguruan, Asuntze errekatik berrogeita hamar metro gainetik,[1] Abadiñoko udalerriaren Mendiola auzoan. Urkiola eta Gorbeia mendien artean dauden kobazuloetako bat da. Goi Paleolito eta Brontze aroko hainbat aztarna azaldu dira bertan.

Bolinkoba
Map
Kokapena
Koordenatuak43°7′31″N 2°38′18″W
Ezaugarriak
AztarnakBai

Bolinkobako aztarnategia ondoz ondoko kanpainetan induskatu zuten Telesforo Aranzadi eta Jose Miguel Barandiaranen taldeek (1932-33), baita Lorianako Markesak (1939-1940?) eta Maria Jose Iriarte Chiapussok ere. XXI. mendeko lehen hamarkadan berriz induskatu zen eta bi maila berri antzeman ziren (Aurignac aldi eboluzionatua eta Mousteriar aldia), testuinguruan ondo kokaturiko datazio batzuk ere lortu ziren, eta baita material arkeologiko batzuk, zeinak datu paleoanbientalekin batera, aztarnategiaren berreraikuntzan aurrera jarraitzen ahalbidetzen zuten.[2]

Maila ezberdinetan, harri eta hezurrezko tresnez gain, batez ere ehizarako tresnak, alderdi sozial edo sinbolikoekin erlazionatutako beste elementu batzuk ere agertzen dira. Aurkitutako objektuen artean, kostaldetik ekarritako, zulatutako eta apaingarri pertsonal moduan kateatutako 19 Littorina obtusata izeneko oskolez egindako lepoko bat nabarmendu daiteke.[1] Itsas gasteropodo maskorrez (Littorina obtusata eta Nassarius reticulatus) eginiko bi zintzilikari agertu ziren M.J. Iriarte-Chiapussok egindako indusketetan (2008-2014). Aurkikuntza horiek, koban berean T. Aranzadik eta J.M. Barandiaranek aurreko mendeko 30eko hamarkadan egindako indusketa arkeologikoetan azaldu ziren ezaugarri bereko beste batzuekin erlazionatuta daude. Indusketa haietan, material askotarikoz egindako zintzilikario piezak aurkitu zituzten: hezurrezkoak, orein hortzezkoak, eta Atlatikoko zein Mediterraneoko muskuiluen oskolez egindakoak.[3]

Erreferentziak

aldatu
  1. a b «BizkaiKOA» www.bizkaikoa.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  2. Iriarte Chiapusso, María José; Arrizabalaga Valbuena, Álvaro. (2015). «El yacimiento arqueológico de bolinkoba (abadiño, bizkaia). Crónica de las investigaciones en la cavidad. Secuencia estratigráfica y cronología numérica.» Kobie .Bizkaiko Arkeologi Indusketak = Excavaciones Arqueológicas en Bizkaia (6): 5–88. ISSN 2341-3689. (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).
  3. Álvarez-Fernández, Esteban. Las conchas marinas perforadas de Bolinkoba (Abadiño, Bizkaia). (Noiz kontsultatua: 2025-02-17).

Bibliografia gehiago

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu