Bildots mistikoa

Jan van Eycken margolana

Bildots mistikoaren adorazioa (nederlanderaz: Het Lam Gods), Ganteko erretaula ere deitua, XV. mendeko poliptikoa da, margolaritza primitibo flandestarraren maisulana. Hubert van Eyck hasi zen erretaula pintatzen eta haren anaia Jan van Eyckek amaitu zuen, Hubert 1426an hil baitzen.

Bildots mistikoaren adorazioa
Jatorria
Sortzailea(k)Jan van Eyck eta Hubert van Eyck
Sorrera-urtea1432
IzenburuaDéus Het Lam eta The Adoration of the Lamb
MugimenduaPrimitibo flandestarra
KomisarioaJoos Vijd (en) Itzuli eta Elisabeth Borluut (en) Itzuli
Ezaugarriak
Materiala(k)olio-pintura, oak panel (en) Itzuli eta panel (en) Itzuli
Dimentsioak3,75 (altuera) × 3,4 (altuera) × 5,2 (zabalera) m
Genero artistikoaarte sakroa
Egile-eskubideakjabetza publiko
Deskribapena
OinarrituaApokalipsia
Honen parte daSeven Wonders of Belgium (en) Itzuli
Iconclass48C75, 11D, 11G, 71, 11H, 47I2133 eta 11D1311
Kokapena
LekuaSan Bavonen katedrala (Gante)
Paue
Neuschwanstein
Q820370 Itzuli
BildumaSan Bavonen katedrala (Gante)
Inbentarioa10000092 eta 426
Koordenatuak51°03′11″N 3°43′36″E / 51.053171°N 3.726544°E / 51.053171; 3.726544
Map
Argumentu nagusiaLamb of God (en) Itzuli
Historia
ErakusketakEuropeana 280
Gertaera nabarmenak1934ko apirilaren 10a
arte lapurreta San Bavonen katedrala (Gante)
Kontserbazio-zaharberritzea
Q124539664 Itzuli
BideoaYouTube

Ezaugarriak aldatu

Erretaula honek hainbat berezitasun ditu, besteak beste neurria (3,75 × 2,60 m itxia, 3,75 × 5,20 m zabalik), eskola hartako ezaugarri nagusia neurri txikiko lanak egitea baitzen. Horretaz gainera, berezia du egitura: poliptikoa da, 20 oholez osatua, eta horietako zortzi (ertzetakoak) bi aldeetatik daude margoturik. Azkenik, aipatzekoa du ikonografia, konplexua baina oso argia, teologian jantzia zen margolari batek osatua inondik ere.

Beste ezaugarri berezia zurezko laukian duen idazkuna da. Bertan aipatzen dira, batetik, elizan bedeinkatu zeneko data (1432ko maiatzaren 2a) eta, bestetik, zehatz-mehatz azaltzen du Hubert van Eyckek hasi eta Janek amaitu zuela lana.

Egileak aldatu

Ikerlariek hainbat saio egin dute erretaula horretako zein atal egin zuen anaietako batek eta zein besteak jakiteko. Baina ez dago oinarri sendorik arazo honi irtenbidea emateko. Hala eta guztiz ere, azterketa gehienen arabera, Hubertek erdiko irudi nagusiak egin zituen: Ahalguztiduna, Andre Maria eta Joanes Bataiatzailea; izan ere, gainerakoak baino hieratikoagoak dira, handiagoak, arkaikoagoak oro har. Janen bi dozena inguru lan ezagutzen dira, horietako bederatzi 1432 eta 1439 bitarteko data dutenak; Huberti buruz, aldiz, bi edo hiru agiri besterik ez dira ezagutzen, eta ez dago margolanik ziur harena dela esan daitekeenik.

Deskribapena aldatu

 
Erretaularen kanpoaldea

Gizakundea da Bildots mistikoa erretaularen kanpoaldeko irudi nagusia. Goialdean Zakarias eta Mikeas profetak eta Eritrea eta Kumana sibilak daude, eta inguruan idatzirik Salbatzailearen berri emateko erabili zituzten esaerak dituzte, filakteria gotikoetan idatziak.

Beheko zerrendan bi San Joanen eskulturen marrazkiak daude, nitxoetan sartuta eta kolore bakarraz margoturik. Santu horiek zerikusi zuzena dute margolanaren gai orokorrarekin: Joanes Bataiatzailea Ganteko katedraleko eta hiriko zaindari delako batetik, eta bestetik bere ohiko ezaugarria daramalako, Jainkoaren Bildotsa alegia; Joan Ebanjelaria, berriz, Bildots mistikoaren ikuskizunaren igarle izan zelako agertzen da.

Barnealdean Bildots mistikoaren adorazioa irudikaturik dago: arkumea aldare baten gainean dago, odola kalizera dariola; inguruan aingeruak daude, Nekaldiaren tresnak dituztela eskuetan. Aldarearen aurrean Bizitzaren Iturria ikus daiteke, perlak, diamanteak eta errubiak darizkiona. Iturriaren alde banatara, zirkulu erdia osatzen dutela, profetak eta apostoluak daude; eta lau izkinetan, lau erromesaldi talde (aitalehenak, elizgizonak eta emakumezko santuak), lorez batetako zelaira doazela. Irudiaren goialdean, erdi erdian, usoak, Espiritu Santuak alegia, argi izpiak igortzen dizkie erromesei.

Margolanaren bi aldeetara, lau ohol estutan, gizarteko estamentuak ageri dira: Epaile Justuak, Kristoren Zaldunak, Eremutarrak eta Erromesak. Erretaularen goiko aldean, berriz, pertsonaia hauek agertzen dira: erdian Ahalguztiduna, alde banatara Andre Maria eta Joanes Bataiatzailea; alboko tauletan aingeru musikagileak, eta azkenik, Adam eta Eva.

Lanaren azterketa aldatu

Erretaulan informazio asko dago, esanahiez josia eta ez beti asmatzen erraza. Miniaturaz apaindutako liburuetan ez bezala, zeinetan marrazkiek testuaren itzulpena egiten baitute, lan honetan latinezko esapideek irudien esanahia eta zentzua argitzen dute. Erretaula, oro har, edozein kristauk uler zezakeen, baina latinez zekitenek eta teologian jakitunek barnera zezenketen bakarrik lanaren esanahi osoa.

Gaur egun, azterketa hori osatzeko hainbat datu falta dira; esate baterako zelairako bidean diren pertsonaien artean ziur asko garai hartako jende ospetsua izango zen. Honez gainera, erretaularen behealdea galdu egin zen XVI. mendean; infernu bat azaltzen zuela, beste berririk ez dago.

Ganteko erretaula-k Flandriako pinturaren ezaugarri nagusiak erakusten ditu. Van Eyckek mundu ikusgaiaren analisi zehatza egiten du bere lanetan, lan honetan bereziki. Bizitzaren Iturrian, esate baterako, ur zurrustak ez dira ibilbide osoan berdinak, eten egiten dira, tantak osatzen dira, aparra ere sortzen dute eta uraskako ur geldia ukitzen dutenean zipriztindu eta gainerako ur tantekin nahasten dira; prozesua oso-osorik deskribatzen du, transparentzien eta distiren bidez. Ordura arte ez zen pinturaren historian irudi horren parekorik egin, eta ez zen handik berrogeita hamar urtera, Leonardo da Vinciren lanen garaia arte, halakorik berriz egin.

Van Eycken lan hori Herbehereetako pinturan erabateko ospea izan zuten espezialitateen abiapuntua izan zen nolabait: paisaia, erretratua, izadi hila, etxe barruetako eszenak. Paisaia asmatua bada ere, errealitatetik hartutako osagaiekin lotzen du. Esate baterako, erretaularen ohol nagusian urrutira ikusten diren eraikuntzak ere; Utrechteko katedralaren dorrea eta Ganteko bertako San Nikolas katedralekoa, besteak beste, ezagunak dira. Landareak era askotakoak dira (hainbat urtarotan ikus daitezkeenak eta atzerrian loratzen direnak), eta ez daude edonola jarrita, apaingarri huts moduan alegia, helburu sinbolikoen arabera baizik.

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu