Biktimologia diziplina anitzeko zientzia bat da, biktimizazioa, bere kontrolak, bere ondorioak eta bere konponbideak ikertzen dituena. Zientzia honek, biktimizazio prozesua ez ezik, desbiktimizazio prozesua ere aztertzen du. Zentzu zabalean, Biktimologiak biktima guztiak hartzen ditu aintzat, bai delituenak, bai fenomeno naturalenak. Alabaina, zentzu hertsian, biktimologiak delituen biktimen aztertzen ditu [1].Bi biktima-mota daude: zuzenak eta zeharkakoak. Biktima zuzenak -lehen mailako biktimak- delitua eta bere ondorioak zuzenean pairatzen dituzten pertsonak dira. Zeharkako edo bigarren mailako biktimek, berriz, delituan ez parte hartu arren, horren ondorioak jasotzen dituzte[2]. Gaur egun, delituen biktimen ikerkuntza kriminologiaren ikerketa eremu nagusienetako bat da.

Tren istripua Zumaian (1941)

Biktimologiaren historia aldatu

Biktimaren lekua Zigor Zuzenbidearen esparruan aldatu

Biktimologiaren sorrera Zigor Zuzenbideak biktimei aitortutako estatusaren ondorioa da. Estatus hori aldatuz joan da, eta bilakaera horretan hiru ideiak izan dute garrantzi berezia[3]: protagonismoarena, neutralizazioarena eta aurkikuntzarena.

Hastapenean, biktimak protagonismo berezia zuen aitortua delitugilearen zigor-prozesuan. Izan ere, delituaren biktima edo haren senideak ziren  delituari, delitugileari edo haren komunitateari erantzuteko ardura zutenak. Bestela esanda, biktimak zein bere familiak zigorra erabakitzeko ahalmena zuten. Hala ere, zigorra ezin zen edozein motatakoa izan, mendekuak muga bat baitzuen, hain zuzen ere, portaeraren eta erantzunaren arteko proportzionaltasunarena[3].

Ilustrazio Frantsesaren garaian ikuspegia aldatu, eta  ulertu zen arrazoia zela legitimatzen zuena. Honen ondorioz, gizartearen ordezkariari, hots, Estatuari, esleitu zitzaion zigortzeko ahalmena, ius punindia deritzona. Honek biktimen neutralizatzea eragin zuen, haien parte hartzeak objektibotasuna kaltetzen baitzuen[3].

Azkenik, XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera berriro aintzatetsi zen biktimen garrantzia zigor-prozeduran. Garaiko adituek pentsatzen zuten Estatuak biktimak ahazten eta batzuetan apaltzen zituela. Hau zela eta, ondorioztatu zuten biktimei estatus bat eman behar zitzaiela Zigor Zuzenbidearen barnean. Estatus honen ezaugarriak arreta, asistentzia, parte hartzea eta babesa ziren[3].

Biktimologiaren hastapenak: Von Hentig eta Mendelsohn aldatu

Biktimologia hitza Frederick Werthamek erabili zuen lehen aldiz 1945. urtean ean erabili zuen, "The show of violence" liburuan[1].

Izan ere, biktimologia Europan jaio zen, XX. mendeko hogeitamarreko hamarkadan. Ez zen ausazkoa izan garai eta leku horretan jaiotzea. Garai horretan hainbat autore europarrek biktimaren figuraren inguruan hausnartzen hasi ziren arlo juridiko, psikologiko eta sozialean[1].

Biktimologiaren ikerketak, hasieran, biktima zuen abiapuntu: biktimaren ezaugarriak, biktimarioarekin (delitugilearekin) zituen harremanak eta biktimen portaera ikertzen zuen. Abiapuntu hau oso kritikatua izan zen, bazirudielako biktimaren errua zela[4].

Korronte honetan kokatzen dira Hans Von Hentig eta Benjamin Mendelsohn, Biktimologiaren aitatzat hartzen direnak. Bi autoreek II. Mundu Gerraren ostean biktimario eta biktimen arteko elkarrekintza prozesuak aztertu zituzten. [3]

Hans Von Hentig[3] aldatu

1948an “Delitugilea eta bere biktima” liburua idatzi zuen. Esaten da liburu honetan  egin zela biktimen lehen trataera sistematikoa. Liburuaren laugarren atalean Von Hentig-ek kritikatu zuen orain arte kriminologian gailendu zen ikuspuntua: soilik delitugileari arreta ematea, alegia. Honen ordez, proposatu zuen biktimari eta delitugileari arreta bera ematea. Von Hentig-entzat biktima delituaren elementua zen, eta bere rola aztertu zuen delituaren sorkuntzan. Beste hitz batzuetan esanda, Von Hentig-entzat biktima delituaren sortzailetako bat da, biktima askok haien biktimizazioa eragiten dutelako: bai delitugileak zirikatzeagatik, bai delitura eraman dezakeen egoera bat sortzeagatik.

Benjamin Mendelsohn[3] aldatu

Mendelsohn-ek biktimaren parte hartzearen garrantziaz idatzi zuen, baina ez bakarrik biktimaren rolari buruz. Mendelsohn-ek biktimologiaren interes garrantzitsuenak zehaztu zituen: biktimari babesa eman beharra eta krimen arloko politika biktimaren prebentzioan oinarritu beharra. Honetaz gain, biktimologiaren independentzia berretsi zuen kriminologiarekiko.  

Biktimologia dizplina gisa: Ekintzaren Biktimologia eta Biktimologia Kritikoa aldatu

Ekintzaren Biktimologia[3] aldatu

Ekintzaren Biktimologia 50-60ko hamarkadetan sortu zen, garai hartako teoria biktimologikoen kritika moduan. Ekintzaren Biktimologiarentzat ez da garrantzitsua pertsona bat zergatik den biktima, baizik eta  behin biktima dela, zer egin daiteen berarekin. Honen ondorioz, Ekintzaren biktimologiak biktimen eskubideen defentsa aldarrikatu zuen. Horretarako 3 proposamen egin zituen:

Biktimologia Kritikoa[3] aldatu

Ekintzaren Biktimologiaren garaikidea da. Biktimologia Kritikoaren oinarriak hurrengoak dira:

  • Makroegitura sozio-ekonomikoak  talde zehatzetara bideratzen den egiturazko biktimizazioa eragiten du (langileak, atzerritarrak, etab.), injustizia eta desberdintasun sozialan oinarrituta.
  • Biktimak manipulatzea salatzen du, biktimologikoak ez diren helburuak lortzeko.
  • Segurtasunarekiko obsesioa salatzen du, hiritarren arteko mesfidantza hedatzen duena, hiri harresiak sortzeko.
  • Biktimizazioaren eraikuntza salatzen du. Laguntza-zerbitzuak areagotzean, biktimek haiekiko menpekotasuna garatzen dute eta biktima estatusari atxikitzen dira.

Biktimologiaren egoera gaur egun aldatu

Biktimologia diziplina zientifiko bezala 1973an jaio zen, Jerusalemen Biktimologiako Lehen Nazioarteko Sinposioa ospatu zenean[3]. 1980-90ko hamarkadetan biktimologia diziplina zientifiko gisa finkatzen joan zen eta gaur egun etengabe garatzen ari da[4].

Garapen horri esker, teoria berriak sortzeaz gain, beste hainbat lorpen egin dira biktimologiaren arloan: araudi berria, biktimei konpentsazioa, konponketa eta bitartekaritza, biktimizazioaren ondorio negatiboez errekuperatzeko laguntzak, batzuk aipatzearren[4].

Araudi mailan, aurrerapausurik handiena NBEko Asanblada Orokorraren 40/34 Ebazpena da, 1985eko azaroaren 29koa, zeinak Delituen eta botere-abusuen biktimentzako Oinarrizko Justizia Printzipioei buruzko Deklarazioa onartu baitzuen[4].

Nazioarte mailan Biktimologiaren Mundu Mailako Erakundea dago. Erakunde horrek hiru urtetan behin sinposioak antolatzen ditu[4]

Biktimologia motak aldatu

Biktimologia Feminista aldatu

Lehen biktimologoak gizonak izan arren eta ikerketen populazioa gizonak izan arren, mugimendu feministak indarra hartu zuen diziplina honetan ere. Biktimologia feministarentzat, Zigor Zuzenbideak biktima berbiktimizatzen zuen. Horren adibiderik argiena genero-indarkeriarena da. Gainera, biktimologia feministak kritikatu zuen lehen biktimologoek indarkeria delituen biktima emakumea errudunesten zutela, bereziki, indarkeriak izaera sexuala bazuen. Azpimarratu beharra dago autore batzuen arabera ez dagoela berez biktimologia feministarik; horien arabera ikuspuntu bat da[1]. Ikuspuntu honen barnean 3 postulaturekin lan egin da: generozentrismoaren errefuxa; patriarkatua emakumeek biktimizazio eta kriminalizazioaren faktore azaltzaile bezala; eta emakumeak botererik gabeko minoria bat direlaren eta horren ondoriozkontrol agenteen aldetik diskriminazio eraginkorra jasotzen dutelaren ondorioa[1].

Biktimologia Konparatu edo Kulturala aldatu

Biktimologia konparatuak proposatzen du aldagai kulturalak kontuan hartzea. Honen arrazoia da, hain zuzen ere, biktima eta biktimazio kontzeptuak zein horiekiko gizartearen erreakzioa historian zehar eta lekuaren arabera aldatzen direla[1].

Kriminologia Positiboan oinarritutako Biktimologia aldatu

Ikuspegi honen oinarria da biktimen berreskuratzeko gaitasuna eta desbiktimizazio prozesuen ikuspegien zabalkundea. Biktimologia mota honek barkamenari buruzko teorizazioa burutzen du[1].

Kriminologia Berdean oinarritutako Biktimologia aldatu

Ingurumenaren aurkako arau-hauste kasuetan gertatzen den biktimizazioa aztertzen du. Kasu honetan erabiltzen den markoa hirugarren belaunaldiko giza eskubideak dira[1].

Biktimizazioa eta desbiktimizazioa aldatu

Biktimizazioa aldatu

Biktimizazioa gertakari traumatiko baten ondorioak pairatzeko prozesua da, gertakaria delituzkoa izan ala ez. Delituen ondorioz jasandako biktimazioak bi alderdi ditu. Alde batetik, mikrobiktimazioa dago, Zigor Kodean aurreikusitako delituen biktima multzoa dena. Bestetik, makrobiktimazioa dago, bidegabeko egitura sozio-ekonomikoek eragindako biktima multzoa dena [3].

Biktimizazioa 2 faktoreen menpe dago[3]:

  • Faktore indibidualak: adina, sexua, nortasuna, biktimaren autobabesa, menpekotasunak, delitugileekin harremana, etab.
  • Faktore sozialak: marjinalitatea, pobrezia, bazterketa, estigmatizazioa.

Biktimizazio prozesuak aldatu

Biktimologiak 3 biktimizazio prozesu bereizten ditu[3]:

  • Lehen mailako biktimizazioa: Delitu edo gertaera bortitz baten ondorioz pertsona batek modu zuzenean edo zeharka kalte fisiko edo psikologikoak pairatzeko prozesua da.
  • Bigarren mailako biktimizazioa: Biktimak Zigor Sistemarekin, osasun eta gizarte zerbitzuekin eta bestelako eragileekin, publiko zein pribatuekin, duen harremanean du jatorria.
  • Hirugarren mailako biktimizazioa: Zigorraren kostu gehigarriak jasatean gertatzen da. Honen barnean sartzen dira estigma sozialaren ondorioak. Biktimizazio hau jasaten dutenak, beste batzuen artean, delitugileak eta haien senideak dira.

Biktimizazio inkestak aldatu

Biktimologiaren arazoetako bat ezkutuko biktimizazioa da. Estatistika ofizialek ez dituzte burututako delitu guztiak erakusten, biktimek salatutakoak baizik. Hau dela eta, 70eko hamarkadan, biktimen ikerketa indibiduala alde batera geratu zen, biktimizazio inkesten mesedetan. Inkesta hauen helburua zen biktimizazio maila zehaztea, biktimen populazioa eta horren ezaugarriak zehaztearren. Informazio hau lortzeko, inkestak egiten dira, eskualde-, estatu- zein nazioarte-mailan[4].

Biktimizazio inkestak galdeketa egituratuak dira. Hurrengo faktoreen inguruan galdetzen dute: delitu baten biktima izatea, eta, baiezkoaren kasuan, zein delitu pairatu den, delitugilearen ezaugarriak, delitua gertatu zen lekua eta ordua, salatu zen ala ez, eta azkenik, polizien, fiskalen eta epaileen tratua [3].

Biktimen sailkapenerako irizpideak[1] aldatu

Biktimologiaren barnean biktimen sailkapenerako bi irizpide nagusitzen dira: biktimaren ekarpenaren irizpidea eta biktimaren arrisku eta zaurgarritasunaren irizpidea. Lehenengoak biktimaren onarpenarekin eta inguruabar aringarritzat hartzen diren biktimaren jokaerekin zerikusia du. Bigarrenak, ordea, zigorraren inguruabar astungarriekin eta biktimak babesteko aurreikuspenekin zerikusia du (hala nola, urruntze-aginduak).

Zaurgarritasunaren irizpidea arrisku-kolektibo baten kide izatearekin identifikatu da. Zaurgarritasunaren barnean, 4 faktore dira kontuan hartu beharrekoak:

  • Zaurgarritasun pertsonala: ezaugarri psikobiologikoei egiten die erreferentzia: adina, sexua, oreka emozionala, gaixotasunak eta adikzioak.
  • Erlazio-zaurgarritasuna: biktima eta erasotzailearen artean ematen den botere desoreka du oinarri. Honen adibidea genero-indarkeria da.
  • Testuinguru ahultasuna: biktimizazioa gertatzen den habitat sozialari erreferentzia egiten dio. Hau lotzen da pertsona batek bere bizitzan zehar garatzen dituen rolekin: etxebizitzan, eskolan, lanean, Interneteko mundu birtualean, bai eta Justizia Administrazioarekin duen harremana biktima eta lekuko moduan.
  • Ahultasun soziala: Egiturazko ezaugarrietan oinarritzen da, hala nola, ezaugarri kulturalak, sozialak, ekonomikoak eta politikoak. Makrobiktimizazioarekin lotuta dago. Horren adibiderik argiena botere abusuen biktimena da.

Desbiktimizazioa aldatu

Desbiktimazia biktimaren bizitzaren berreraiketa prozesua da. Hau lortzeko, ezinbestekoa da biktimak gertakari traumatikoa integratzea, gertakarian trabatu beharrean. Desbiktimazioaren helburua da biktimaren estigmatizazioa, biktimazioaren iraupena eta biktima izaeraren ustiapena ekiditea[3].

Desbiktimizazioan justizia sistemako eragileak, segurtasun indarren kideak, gizarte zerbitzuetako langileak, osasun arloko profesionalak, politikoak, komunikabideak eta biktimak laguntzeko erakundeak parte hartzen dute[2].

Aurrezaintza politikak aldatu

Biktima izateko arriskua ez da modu uniformean banatzen biztanleriaren segmentu guztietan. Badaude arrisku handiagoa dituzten kolektiboak. Hau azaltzen duten faktoreak 4 dira, arestian aipatutakoak: faktore pertsonalak, egoerazkoak eta testuinguruari eragiten diotenak[3].

Faktore hauei lotutako biktimizazio arriskua murrizteko, aurrezaintza politika 3 eremutan oinarritzen da[3]:

  • Lehen mailako aurrezaintzak bizi-baldintzak hobetzea eta segurtasun-maila areagotzea du helburu, delituak burutzeko aukerak murriztearren.
  • Bigarren mailako aurrezaintzak biktima izateko arriskua murriztu nahi du, babesa eta arriskuak murrizteko estrategien bidez.
  • Hirugarren mailako aurrezaintzak berbiktimazioa ekidin nahi du, hots, biktima beste delitu baten biktima izatea ekiditea du helburu. Asmo honekin, talde eta egoera konkretuetan esku hartzen du.

Biktimari Laguntzeko Zerbitzua aldatu

Delituaren Biktimaren Estatutuari buruzko 4/2015 Lege Organikoak honela definitzen ditu Biktimari Laguntzeko Zerbitzua: irabazteko asmorik gabeko entitate publiko eta pribatuak. Haien gaineko eskumena Justizia Ministerioa edo justiziaren arloan eskumena duten Autonomia Erkidegoek dute. Lege horrek zerbitzu hauen gutxieneko funtzioak zehazten ditu: biktimen eskubideei, kalte-ordainari eta zerbitzu espezializatuei buruzko informazioa ematea; biktimei laguntza emozionala eskaintzea; laguntza ekonomikoari aholkularitza ematea, arriskuei eta bigarren mailako biktimizazioari buruzko laguntza eskaintzea eta justizia konpontzaileko zerbitzuei eta antzekoei laguntza ematea, beste hainbat funtzioen artean[1].

Biktimari Laguntzeko Zerbitzua jardueraren oinarria da biktimak komunitatean eskuragarri dauden zerbitzuetara bideratzea. Biktimari Laguntzeko Zerbitzuen jarduera garrantzitsuenak bi dira, informazioa eta laguntza morala, alegia. Zenbait Biktimari Laguntzeko Zerbitzuen biktimei urgentziazko laguntza eskaintzen diete, hala nola, seme-alabekin laguntza, garbiketa, puskaturiko objektuen ordezkapena, beste hainbat zerbitzuen artean. Honetaz gain, biktima kategoria konkretu batzuei laguntza berezia bermatzen dieten programak eskaintzen dituzte: bortxaketen biktimak, umeak, familia barneko indarkeriaren biktimak, batzuk aipatzearren. Bestalde, aipagarriak dira zerbitzu hauen menpe dauden bortxaketagatiko krisi guneak eta tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako aterpeak [4].

Justizia Konpontzailea aldatu

Justizia sistema tradizionalarekiko desilusioak Zigor Sistemarekiko alternatibak bilatzera bultzatu zuen. Honen ondorioetako bat Justizia Konpontzailearen jaiotza izan zen. Justizia sistema alternatibo honen helburu nagusia da biktimaren erreparazioa bermatzea delitugilearen aldetik, bai eta akordioan onartutako betebeharrak betetzea ere [4].

Nazio Batuen Erakundeak 1992an Justizia Konpontzailearen estandarrak zehaztu zituen. Estandar hauen arabera, justizia konpontzailea “arau-hauste jakin baten ondorioz kaltetuak izan diren alderdi guztiak arau-haustearen aurreko erreakzioa eta etorkizuneko inplikazioak konpotzearren elkartzeko prozesua” da. Helburuak 3 dira: biktimaren konponketa materiala, soziala eta emozionala; arau-hauslearen birgizarteratzea (berrerorketa ekiditeko); eta komunitatearen barnean delituaren aurrezaintzarako eta arazoen konponketarako estrategien sustapena [1].

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g h i j k Varona, Gemma. (PDF) Asistencia a las víctimas de experiencias traumáticas. Introducción a la victimología.. (Noiz kontsultatua: 2017ko martxoaren 22a).
  2. a b Morcillo Rodríguez, Noelia. (PDF) Victimología. (Noiz kontsultatua: 2017ko apirilaren 4).
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p q Subijana Zunzunegui, Ignacio José. (PDF) Asistencia a las víctimas de experiencias traumáticas. (Noiz kontsultatua: 2017ko martxoaren 26a).
  4. a b c d e f g h Fattah, Ezzat A.. (2014). «Victimología: pasado, presente y futuro» Revista Electróniva de Ciencia Penal y Criminología 16 ISSN 1695-0194. (Noiz kontsultatua: 2017ko martxoaren 26).

Ikus gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu