Bidaxuneko Printzerria
Bidaxuneko Printzerria Frantzia eta Nafarroako Erresumen mugan zegoen lurralde txiki burujabea izan zen, XVII. eta XVIII. mendeetan de facto printzerri independentea izan zena.
Printzerriaren mugak
aldatuBidaxuneko subiranotasuna ez zen Bidaxune elizatea baino handiagoa, hau da, Biduze ibaiaren ertzean eta Baionatik hogeita hamar kilometro ekialderantz dagoen Nafarroa Behereko udalerria.
Printzerria ezin da Agramondarren dukerriarekin nahasi, dukerria Frantziako eta Nafarroako erregearen menpean zeuden Agramondar leinuaren lurraldeek osatuta zegoelako.
Ipar Euskal Herrian Agramondar leinuak zuen jaurerria Lapurdiko Erango, Gixune eta Bardoze eta Nafarroa Behereko Burgue, Bidaxune, Akamarre, Samatze eta Erreiti elizateek osatu zuten. Jaurerriaren mugak, alde batetik, Biduze eta Lihurri ibaiek eta, bestetik, Amikuzeko basoa eta Bardoze eta Gixuneko zingira eta basoek osatzen zuten[1].
Printzerriaren kronologia
aldatuErdi Aroa: Bidaxune Nafarroako Erresuman
aldatuGoi Erdi Aroan Amikuzen Akizeko bizkonderriaren menpean zeuden lau jaun izan ziren: Agramont, Luxe, Burgue eta Sorhapuru. Agramondar leinua Bidaxuneko jaunak izan ziren. XII. mendean Amikuze Bearnok inbaditua izan zen 1171 arte[1].
Geroztik Iruñeko Erresumaren eragina nagusia izan zen eskualdean, batez ere 1180 eta 1200 artean Donibane Garaziko Mendiguren gazteluan gazteluzaina jarri zutenean. 1196an, Tartas eta Akizeko bizkondeak Antso VII.ari gorazarre egin zuenean, berarekin batera Agramondarrak ez ezik 27 baxenafar zaldunak joan ziren eta 1203ko abenduaren 17an egin zuten[1].
Nafarroako Erresumak XIII. mendean iparralderantz zabaldu eta Amikuze inbaditu zuenean, Bidaxune Nafarroako erregearen menpean geratu zen. Hala ere, menpekotasun hau nahiko anbiguoa izan zen: 1329ko irailaren 22an, Agramondar jauna zen Arnaud Guilen III.ak bere gazteluagatik lehendabizikoz Nafarroako erregeari gorazarre egin zionean, honela hitzartu zuen: «gaztelua Nafarroan ez bazegoen, edonork aurka egin bazuen, ituna berez baliogabea izango litzateke, nahiz eta Agramondarrentzat baliozkoa izan»[2]. 1385, 1409, 1429 eta 1434 urteetan Agramondar jaunek egindako gorazarreek ez zuten klausula murriztaile hau errepikatu[3].
Urteen poderioz, Amikuzen Agramont eta Luxe leinuek zuzendutako aldeen arteko liskarrak Euskal Herri osora zabaldu ziren, agramondar eta beaumondarren artekoak hain zuzen ere[1].
Bidaxunen Nafarroako erregeari egindako gorazarrea 1434an izan zen[4]. Agramondar jaunek elizataren egoera mende bat baino gehiago lausoa mantendu zuten.
Burujabetasunaren finkatzea
aldatuBidaxuneko burujabetasuna finkatzeko data 1570. urtekoa da, urte hartako urriaren 21ean hain zuzen ere. Egun hartan, Antonio I.a Agramondarrak, orduan Baionako alkatea zena, hiribilduaren korporazioaren aurrean Bidaxune «berak burujabea izanda, Nafarroako erregea eta Erreginak, bere nagusitasunean, beste gauza bat agindurik izan ezean» zela esan zuen. Murriztua bada ere, Agramondarrek bere Bidaxuneko lurraldean burujabetasuna aldarrikatu zuten publikoki lehendabiziko aldia izan zen.
Hala ere, aipatutakoa baino zaharragoa den beste ekintza bat dago, pribatua ordea, non Antonio I.a Agramondarrak «burujabetasuna» aldarrikatu zuen Bidaxunen: 1566ko testamendu batean emazteari Bidaxuneko «burujabetasunaren gozamena» utzi zion.
1570. urtearen bukaerarako, bere eskubide subiranoak aldarrikatzen zituzten ekintzak arin metatu ziren. Azaroaren 13an, Antonio I.ak Bidaxunen xedapena argitaratu eta, manamendu berriaren arabera, bera zen Justiziarako jaun burujabea[1]; 1575eko apirilaren 6an forua eman zion elizateari.
Oraindik ausartuagoa, Antonio II.ak erregean erabiltzen zuten formula bera «gure nahia delako» 1596ko irailaren 22an argitaratutako xedapen baten amaiaeran . Harrezkero, bere burua «subirano»tzat hartzen du, bere ezkontza kontratuan azaldu zuen bezala.
Hala ere, Bidaxuneko burujabetza zalantzarik gabe frogatzen zuten dokumentuak Henrike III.a Nafarroakoa —era berean Henrike IV.a Frantziakoa izan zena— emandako baimen eskutitzak dira. Eskutitz hauen arabera Bidaxuneko biztanleek bere Frantzia eta Nafarroako erresumetan bizi ziren biztanleek zituzten eskubide berak aintzatetsi zizkien (hau da inplizituz Bidaxune Frantzia edo Nafarroako elizatea ez zela aitortu zuen). Gainera dokumentu hauetan, Frantzia eta Nafarroako erregeak Antonio Agramondarra «Bidaxuneko lurraldearen subirano»tzat hartzen du[5].
XVII. mendeko hasieran Agramondar jaunak aurreko mendearen bukaeran, Espainia eta Nafarroa Garaiatik botata izan ondoren, Baionan errefuxiatutako judu sefardiak eta moriskoak hartu zituen.[1]
1610eko gertaerak: Luisa Roquelaurekoaren afera
aldatuEhizan izan ondoren itzulita, Antonio II.ak bere emaztea zen Luisa Roquelaurekoa Marsilien bere ezkutariaren besoetan aurkitu zuen. Amorruz beterik, iruzurtutako senarrak maitalea hil zuen, emaztea ihes egiten zuen bitartean.
Gertaerak Bidaxuneko burujabetasunaren izaera frogatu zuen, printzerri txikiaren estatu juridikoa gertaeraren ondorioek aldatu zezaketelako.
Lehendabizikoz, Antonio II.ak, arraroa bazen ere, emaztea Bordeleko Parlamentuaren aurrean izendatu zuen, agian Bidaxunen Frantziaren menpekotasuna aintzat hartuz. Bertan Roquelaureko baroiak bere alabaren izenean erantzun behar zuen. Hala ere, Frantzia eta Nafarroako errege berriak, Luis XIII.a Frantziakoa gazteak (hobe esanda bere aholkulariek, umea zortzi urte besterik ez zituelako) aferaren protagonistei eskutitza bidali eta zera esan zien «etxeko aferak hobe ezkutatzeko, bestela, zenbait prozeduren bitartez agerian uzten badira inoiz erabaki behar duenek ezagutuko dituztelako». Bordelen afera gaizki bideratuta izanda, Antoniok Bidaxuneko justiziaren azpian jarri eta kondesa heriotz-zigorra jaso zuen. Gertaeraren itxurarekin bat ez zetorrenez, Erret-Kontseiluak Bidaxunera ordezkaria bidali prozedimentuan zeuden aldeak ados jartzeko eta epaia herri txikiaren epaitegian apelatzeko. Hasieran Antonio II.ak argi eta garbi azaldu zuen bere jabetasuna eta ez zuen ordezkaria bere lurraldeetan sartzen utzi. Hala ere, azkenean sartzeko baimena eman zuen erregearen ordezkariak «ez pertsona publiko moduan (...) baizik eta pribatu moduan» Bidaxunen sartzen zela adierazi zuen aitorpena sinatu zuenean.
Epaia ez zen inoiz bete: kondesa egoera ezezagunean 1610eko azaroaren 9an hil zen, Pierre de l'Estoileren esanetan «pozoitua», Gédéon Tallemant des Réauxen esanetan «putzu sakon batean erorita» bere gelaren teilatua eraitsi ondoren.
Kondesa hil eta geroko prozedura ez zen aurrera joan. Erret-Kontseiluak Bidaxuneko epaiaz baliatuz—bere jabetasuna aintzat hartu gabe— gertaerari amaiera eman zion: erregearen ezabatze-eskutitzen (hobe esanda barkamen-eskutitzen) bitartez kondea eta «beste» parte-hartzaileak barkatzen du gertaera tristean izandako partaidetzagatik. Antonio II.ak lehenbailehen eskutitzak Bordeleko Parlamentuan erregistratu zuen, berriro Frantzia eta Nafarroako erregearen burujabetza Bidaxunen gertatutako zerbaiti buruz aintzat hartuz[6].
1611tik Frantziako Iraultzara arte
aldatuRaymond Ritterrek Bidaxunerne status juridikoa argitzeko beste gertaera bi aipatzen ditu garai hauetan.
Lehendabizikoa 1631ko urriaren 24an Pauen zeuden Nafarroako Gorteetako behin-behineko presidente batek Richelieu kardinalaren aurrean jarritako denuntzia da. Arrangurez, Bidaxune «lapur» eta «judu»en aterpe bihurtu zela esan zuen eta, bere ustez, 1611ko epaia zela eta Agramondar kondeek bere subiranotasuna galdu izan zutenez, hiribildura komisarioa bidaltzea iradoki zion[7]. Denuntzia ondoriogabea izanda ere, interesgarria da alde batetik garaikide batek mende hartako hasieran gertatutakoaren bere ikuspuntua azaltzen duelako eta bestetik burujabetasunaren ezaugarri nagusienetariko bat azaltzen duelako: Frantzia eta Nafarroako erresumetatik ihesean zebilen bi taldeen aterpea izatea, juduak eta gaizkileak hain zuzen ere[7].
Bigarrena 1710ean gertatu zen. Urte hartako maiatzaren 9an, Bidaxuneri buruzko ikerketa egitean Nafarroako Gorteetako Akusatzaile Nagusiak bere eskuduntza eutsi zuen[1]. Nafarroako Gorteetako epaiaren ondorioak garrantzitsuak dira oso, Akusatzailearen argudioak guztiz bereak hartu gabe, Bidaxuneko epailea bere aurrean agertzea «Akusatzaile Nagusiaren Bidaxuneko Jaurerria Nafarroan zegoen eta Jaurerriko epaitegiek erabakitzen zutena Nafarroako Gorteen aurrean apelatu zitekeela esan zuen salaketa erantzuteko» erabaki zuelako. Agramondar leinuak erabakiaren larritasunaz ohartu eta laster bere burujabetasuna kolokan jarri zuten epaiaren aurkako prozedura hasi zuten. Hortik aurrera gertatu zena ez da guztiz ezaguna: ematen du afera Erret-Kontseilura jo zuela non galdu zen. Amaiera, orduan, nahiko berezia da XX. mendean bere bila aritutako historialariek ez baitute Erret-Kontseiluaren epaia aurkitu. Raymond Ritterren ustetan epaia desagertzea, juridikoki erabaki heretikoa bazen ere, Agramondar leinuaren eskubide burujabeak aintzat hartzeko modu abila izan zen aurrekari arriskutsua ezarri gabe[8].
Printzerriaren amaiera
aldatu1790ko urtarrilaren 4an, Bidaxunek, Estatu Nagusietara ordezkariak bidali izan ez zituena, Louis Perret bidali zuen ordezkari Asanblada Nazionalaren aurrean izateko. Helburua honakoa zuen «Parisera joateko Agramondar dukearen izenean Bidaxunek subiranotasuna mantendu bazuen eta subiranotasunik izan ezean Asanblada Nazionalak sorberriak zituen barruti baten barruan bazegoen». Ordezkaria laster ailegatu eta Frantziaren banaketa administratiboaz arduratzen duen biltzarraren lanak jadanik nahiko aurreratuak ziren eta Bidaxuneko independentzia ez zuen arazoa suposatu. Apirilaren 16an hiribildua Frantziara lotu zen behin erregeak erresuma barrutietan banatzen zuen baimen-eskutitzak argitaratu zituenean. Bidaxune Nafarroa Beherean sartu eta kantonamenduaren hiriburu bihurtu zen, Lapurdiko Ustaritzeko barrutiaren menpean zegoena. Burujabetasuna behin betiko bukatu zen[9].
1793an, hiru urte geroago, herritarrek gaztelua erre zuten, berriro eraikiko ez zena[1].
Atzera begira: Bidaduxe, herrialde burujabea?
aldatuBidaxuneko burujabetasunaren galdera XIX. mendeko bukaeran berriro agertu zen, hala ere, orduan ez zen eztabaida juridikoa izan baizik eta historikoa. 1874an Agénor de Gramontek "Histoire et généalogie de la maison de Gramont" liburua argitaratu zuen. Liburuak, Agramondar leinuaren loriaren omenezkoa, Bidaxune benetako estatu bihurtu zuen, 1000 urtetik aurrera burujabea izan zena. Jean-François Bladék, berriz, bere kontra egin eta burujabetasunaren auzia Agramondar leinuaren gurariak besterik ez zela esan zuen. Hurrengo mendean Raymond Ritterrek bien lanetan metodo zientifikoaren eza kritikatu zuen eta ez zuen bion lanak bere ikerketetan kontuan hartu[10].
1907an Armand Brettek "Les Limites et les Divisions Territoriales de la France en 1789" argitaratu zuen. Aurreko eztabaida umorez aipatu eta Bidaxuneko subirotasunari buruzko bere deliberamendu propioak hartu zituen: bere ustez, apelatu ezin ziren epaiak ematen zuen epaitegiak izatea burujabetasunaren zalantza gabeko ikurra da, izan ere, burujabetasunaren ezaugarri finkatzailea da[11].
Lan historikoak zehatzago bihurtu ziren, Agramondar leinuan espezializatuko historialari bien ikerketei esker, Jean de Jaurgain eta Raymond Ritter hain zuzen ere. Biek sinatutako lanak, lehendabizikoaren heriotzaren ondoren bigarrenak bukatuta eta 1967an argitaratuta, eztabaida juridikoari buruzko eranskin zehaztua du, Jean Labrit 1939an auziari buruzko zuzenbide-tesian oinarrituta dagoena. Era horretan, Raymond Ritterrek argi eta garbi azaldu zuen Bidaxunen benetako botere burujabea izan zela. Era berean, botere horren existentzia Erdi Arora zabaltzen zuten bertsioak elezaharrak besterik ez zirela argitu zuen.
Azkenean, duela gutxi, 1984an hain zuzen ere, Jean Robertek Bidaxuneko Kantonamenduaren egoera historikoari buruz idatzi zuenean nahiko zorrotza izan zen burujabetasunaren tesiarekin. Adibidez, 1845eko Frantziako nobleziaren urtekarian gutxienez 33 feudo frantziarrek noizbait «burujabetasuna» edo «printzerria» izan zutela azaltzen du. Idazle honek nahiago zuen eguneko eremua instituzionala baino eta bere lanaren interes nagusia Bidaxuneko eguneroko bizitzan, egoera politikoaren arabera, higanot, katoliko edo juduen aterpea izatearen (baita kanpotik etorritako gaizkileak) ondorioak aztertzea izan zen[12].
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g h Auñamendi Entziklopedia: Bidaxune
- ↑ Jaurgain eta Ritter, 1. Liburukia, 42. orr.
- ↑ Jaurgain eta Ritter, 1. Liburukia, 59., 65., 69. eta 71. orr.
- ↑ Jaurgain eta Ritter, 1. Liburukia, 492. orr. eta baita Anne Zink «1474» "Pays ou circonscriptions", Sorbona, 2000 ISBN 2-85944-389-4, 35. orr
- ↑ Jaurgain eta Ritter, 1. Liburukia, 491-495 orr.
- ↑ Jaurgain eta Ritter, 1. Liburukia, 373-381 orr. eta Jean de Jaurgain, "Corisande d'Andoins, comtesse de Guiche et dame de Gramont", Eusko Ikaskuntza, 105-140. orr. Online[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b Jaurgain eta Ritter, 1. Liburukia, 496. orr.
- ↑ Jaurgain eta Ritter, 2. Liburukia, 674-675. orr.
- ↑ Jaurguain eta Ritter, 2. Liburukia, 678. orr. eta Jean Robert, 152. orr.
- ↑ Jaurgain eta Ritter,1. Liburukia, 430. orr.
- ↑ Arnaud Brette, "Les Limites et les Divisions Territoriales de la France en 1789", Édouard Cornély et Cie, 1907, II. Kapitulua online[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Jean Robert, 33-35. orr.
Bibliografia
aldatu- Jean de Jaurgain eta Raymond Ritter, "La maison de Gramont 1040-1967", Les amis du Musée Pyrénéen, Aturbe (Bi liburukiak)
- Jean Labrit, "Les Gramont, souverains de Bidache, et l'histoire du Droit", Rodstein, Paris, 1939.
- Raymond Ritter, "Bidache Principauté souveraine", Audin, Lyon, 1958
- Jean Robert, "Des travaux et des jours en piémont pyrénéen : Bidache", Jean-Pierre Gyss, Bärenbach, 1984, ISBN 2902912425.