Bibliografia, ohiko adieran, liburu eta beste dokumentuen zerrenda eta deskribapena egiten dituen erreferentzia-lana eta lan horiek osatzeko irizpideak aztertzen dituen jakintza-arloa da. Historian zehar, orokorrean liburutegien zientzia edo bibliologia moduan ulertua izan bada ere, egun bibliografia bi ikuspuntutik aztertzen da batez ere: alde batetik, bibliografia zerrendatzailea edo bibliografia sistematikoa bereizten da, liburuak eta dokumentuak zerrendatzeko bibliografiaren adiera arrunteko eginbidearekin bat datorrena; bestetik, bibliografia analitikoa dago, liburuaren deskribapen fisikoa egiten duena eta horren ekoizpena aztertzen duena. Horietaz gainera, bibliografia historikoa (liburuak objektu historiko moduan aztertzen dituena) eta bibliografia testuala (liburu baten bertsio egokiena bilatzen duena, jatorriko testua oinarri) terminoak ere aipatu eta erabili izan dira. Artikulu hau bibliografia zerrendatzaileari buruzkoa da, liburu zerrendei buruzkoa alegia; argi utzi behar da, ordea, liburu zerrenda batek bibliografia izena hartzeko irizpide zehat eta kritikoei eta lan-plangintza zorrotz bati jarraitu behar diola.[1][2]

Bibliografiaren helburuak aldatu

Zerrenda gisa, bibliografiaren helburuak anitzak dira:

  • gai, egile, garai, toki edo hizkuntza batean argitaratu diren liburu eta beste dokumentuen erregistroa egitea;
  • irakurleak eta ikertzaileak behar duen liburu edo dokumentua aise bilatzeko tresna eraginkorra izatea;
  • liburuen bilduma bat osatzeko hautapen-irizpidea izatea;
  • liburu eta dokumentuak ebaluatu eta kritikatzea, bereziki bibliografia anotatuen bitartez.

Bibliografia motak aldatu

Liburu-zerrendak, eta beraz bibliografia eta bibliografiko hitzak har ditzaketen entitateak, mota askotakoak dira. Hala nola, katalogo bibliografikoak eta errepertorio bibliografikoak daude: katalogo bibliografikoak liburutegi baten funtsa osatzen duten dokumentuak zehazten dituzte; erreportorio bibliografikoa, berriz, egile, gai eta beste irizpide batzuei jarraiki (hizkuntza, lekua, ...) argitaratu diren dokumentuen zerrendatzea da.[1] Katalogo bibliografikoak eskuzkoak nahiz automatizatuak (online) izan daitezke. Eskuzkoak zerrenda moduan edo fitxa bibliografikoen bitartez osa daitezke eta egilearen, gaiaren eta izenburuaren arabera ordena daitezke. Errepertorio bibliografikoak egilearen eta gaiaren arabera ordenatu ohi dira.

Bibliografia izena hartzen duten liburu-zerrendak unibertsalak, nazionalak (erregistro helburuarekin eratzen direnak) eta lokalak ere izan daitezke argitaratze-lekuaren arabera, berezituak edo gai jakin bati loturik nahiz orokorrak. Hizkuntza ere irizpide bat izan daiteke bibliografia bat osatzeko. Lehen mailako eta bigarren mailako bibliografiak ere badaude, biltzen den dokumentu iturriaren arabera. Beste irizpide bat kronologikoa da: bibliografiak garaikideak (egun eskura dauden liburuak zerrendatuz), retrospektiboak (iraganean argitaratu eta eskura ez dauden liburuak zerrendatzen dituztenak, gehienetan gai jakin bati loturik) eta prospektiboak (argitaratzeko asmoa duten lanen zerrenda). Bibliografia komertzialak ere izan daitezke, liburu saltzaile batek eskaintzen dituen liburuak biltzen dituztenak, katalogo bat osatzeko.[3]

Bibliografia hautatuak ere badaude, liburutegi bat osatzeko oinarrizko liburuak eta dokumentuak zehazten dituztenak. Beste alde batetik bibliografia kritikoak daude, gai bati buruz argitaratutako liburuen kritika edo aipamen laburra egiten dutenak.

Erreferentziak aldatu

  1. a b NAUMIS PEÑA, Catalina. (2008). «Registro bibliográfico y referencia bibliográfica: una revisión conceptual» Revista Interamericana de Bibliotecología (1): 227-245..
  2. (Ingelesez) Belanger, Terry. «Descriptive Bibliography» The Bibliographical Society of America.
  3. (Gaztelaniaz) Sanz de Ormazabal, Iñigo. (1992). De libros y bibliotecas: sobre biblioteconomia y bibliografias del País Vasco y Navarra. , 277-280 or..

Kanpo estekak aldatu