Bero-bolada
Beroaldia edo bero-bolada eskualde batean gertatzen den aparteko bero egoera iraunkorra da. Egun batzuetako batez besteko tenperatura minimo eta maximo zehatzak gainditzen direnean gertatzen da, ikuspuntu meteorologiko batetik. Ez da nahastu behar egun jakin batean gerta daitekeen bero punta batekin. Eskualdeko klimaren araberakoa da; hala, Donostian eta Berlinen ezberdinak lirateke beroaldia definitzeko irizpide zehatzak.

- Artikulu hau meteorologia-gertakariari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Beroaldi».
Euskal Herrian, beroaldiak udan gertatu ohi dira, eta Azoreetako antizikloiarekin loturik agertzen dira; hain zuzen, antizikloia Europa gainean dagoelarik gertatzen ohi dira beroaldiak, iparretik etortzen diren beheraguneak blokeatu eta Espainia eta Afrika Iparraldeko beroa datorrenean.
Suteekin lotuta etortzen da sarritan, euri faltak ekarritako lurraren lehortearekin batera.
Historia Aldatu
2003ko Europako bero-bolada azken urteotako aipagarriena da, baina behin eta berriz munduan zehar gertatzen ari den fenomenoa da, gero eta sarriagotan agertzen dena. Izan ere, erregistratutako lehendabiziko beroaldia Ipar Amerikan jasan zuten 1901ean, eta hurrengoa 1936an izan zen. Ordutik saltoa egin behar dugu 1976 arte, Britainia Handian eta Europan pairatutakoarekin. 1980ko hamarkadan, bestela, 1980an eta 1988an Ipar Amerikan eta 1983an Europan.
1990eko hamarkadatik aurrera, esan bezala, gertakari errepikakorra da. 1992an Venezuelan, 1995ean Espainian, Britainia Handian eta Europan orokorrean, baita Chicagon (AEB) ere, 1998an Indian, AEBetan eta Mexikon eta 1999an berriro ere AEBetan.
2000tik aurrera, AEBetan 2001, 2003, 2005 eta 2006an (azken honetan Europan ere bai), Argentinan 2009an (neguan) eta 2013an, Errusiako mendebaldean 2010ean, Indian 2015ean eta Txilen 2017an.
Osasun-arazoak Aldatu
Sukar moduko hipertermia, eragile infekziosoek ekartzen ez dutena, lehenengo zeinua da gizakiengan. Sintoma nagusiak beherakoa, buruko mina, botagura eta botaka aritzea, zorabioak, takikardia, ezinegona eta milagiak ditugu. Bereziki ume txikiengan eta adineko pertsonengan gertatzen da, termoerregulazio sistemaren alterazio fisiologikoengatik. Deshidratazioa da ondorioetako bat. Halaber, sinkopeak gertatu daitezke tentsio arterialaren jaitsieragatik. Estresa areagotuz gain, indarkeria eta krimen tasa ere gorantz joaten dira.
Hilkortasunari dagokionez, beroaldiak dira klimarekin lotutako fenomeno guztien artean hilgarrienak.