Artikulu hau saskigintzako zuntzari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zume (argipena)».

Zume edo zumitza da landare-zuntz edo ehun bat, zume edo sahats espezie batzuetako adarretatik eratorritakoa[1]. Ehun hauekin egindako langintza edo artisautzari zumegintza esaten zaio.

Saskia egiten zume zuritu gabearekin.

Sahatsaren familiako zuhaixka batzuetatik ateratzen da zume lanerako egokia, nagusiki Salix viminalis edo zume jatorra deritzonetik, baina baita zume hauskorretik eta zume gorritik.

Lanketa aldatu

Ehun hau sortzeko landarearen zurtoinak eta adarrak erabiltzen dira, bere osotasunean edo zerrenda mehe eta luzeetan xehetua.

Zumea erabiltzen da altzariak, saskiak eta bestelako objektu erabilgarriak egiteko.

Zumea lantzen da bi eratan, bere azala osorik gordez, edo azal hori zurituta. Zume zuritua erabiliz egiten den elementua zuria izaten da, eta zuritu gabearekin egiten dena, berriz, marroi iluna, zumearen azalaren kolorekoa. Gaur egungo gai batzuk zume zurituz eginak izan arren, ondoren tindagai koloredunetako bainuontzietan sartzen dituzte, kolorea emateko. Zenbaitetan, berniza ere ematen zaie[2].

Zume zurituarekin, lan finagoak egiten dira, hala nola txanbilentzako estalkiak, besaulkiak, ogiarentzako saskitxoak eta abar. Zuritu gabeko zumea, aldiz, lanerako tresnak egiteko erabiltzen zen nagusiki: mahatsa biltzeko saskiak (erabilera ohikoenetakoa), lepo-otarreak, zaranak, lastoa biltzeko otarreak, eta abar.

Bestalde, Euskal Herriko udal batzuetan zume adarra aginte-makilaren aldaera bat da[3].

Erreferentziak aldatu

  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-18).
  2. «::: Euskonews & Media ::: Artisautza :::» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-06-18).
  3. kuarrenta. Makilak, zumeak eta lantzak, agintarien ikurrak. (Noiz kontsultatua: 2019-06-18).

Kanpo estekak aldatu