Zumarraga

Gipuzkoako udalerria

Zumarraga Gipuzkoa erdialdeko udalerri bat da, Urola Garaia eskualdean dago, itsas mailatik 356,9 metro gorago dagoena. 18,23 km² ditu, eta 9.668 biztanle zituen 2021. urtean. Urola ibaiak berez hirigune bat osatzen duten Zumarraga eta Urretxu udalerriak banatzen ditu.

Zumarraga
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Zumarraga udalerriaren ikuspegia Antioko baselizatik.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaUrola Garaia
Izen ofizialaZumarraga
AlkateaMikel Serrano Aperribay (en) Itzuli
Posta kodea20700
INE kodea20080
Herritarrazumarragar
Ezizenaotamotzak
Kokapena
Koordenatuak43°04′59″N 2°19′00″W / 43.083055555556°N 2.3166666666667°W / 43.083055555556; -2.3166666666667
Map
Azalera19,42 km²
Garaiera356,9 m
Distantzia53 km Donostiara
Demografia
Biztanleria9.681 (2023)
45 (2022)
alt_left 4.937 (%51) (%49,5) 4.791 alt_right
Hazkundea
(2003-2013)[1]
-% 0,78
Zahartze tasa[1]% 17,34
Ugalkortasun tasa[1]‰ 50
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 77,49 (2011)
Genero desoreka[1]% 13,35 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 12,19 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 43,76 (2010)
Etxeko erabilera[2]% 32.26 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1661
Webguneahttps://www.zumarraga.eus

Geografia aldatu

Urola ibaiak banatzen ditu Zumarraga eta Urretxu. Orobat, Antzuola, Azkoitia, Azpeitia, Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Legazpi mugakide ditu.

 
Urretxu eta Zumarraga udalerriak 2008. urtean Irimo mendiaren gurutzetik ikusita.

Historia aldatu

Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Henrikek, XIV. mendearen erdialdean Petri I.a Gaztelakoa bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zela, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11n, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.a Gaztelakoak eman zuen 1385ean, eta Henrike III.a Gaztelakoak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetzapean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertako kide izan zen 1660 arte. Zumarragak 1661ean hiribildu titulua jaso zuen.

Hasiera batean Zumarraga hainbat gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigu baina Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobal baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.

Zumarraga eta Urretxu udalerrien eta Irimo mendiaren ikuspegi panoramikoa Antioko igoerako errepidetik ikusita.

Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiziko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektoarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; hiltegia inauguratzea eta hamabostean behin, ostegunean, merkatua jartzea, 1865ean, inguruko baserrietako produkzioa saltzeko; udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zuten estetika irizpide zeharo berrizaleei jarraiturik; hilerri berria zabaltzea, 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutena; 1890ean Eskola Berriak inauguratzea; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarri zituztenak, demografia hazkunde izugarria eraginez -biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen-, 1977an 12.619 biztanleko kopurura ere heldu zen. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak aldatu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen eta kopurua egungo 10.053 biztanlera jaitsi zen.

 
Zumarragaren ikuspegi orokorra Irimo mendiaren magaletik. 2009ko abenduaren 28a.

Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakigarria gertatu den elementua baitugu, herrian hiru geltoki izatera heldu da eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea -gaurko RENFE-, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu horrek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikaziogunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean.

Zumarraga izan zen Migel Lopez Legazpikoaren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk birmoldaketa izan zuena eta Legazpi Dorretxea edo Jauregi Haundia izenak dituena.

Ekonomia aldatu

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian BEGaren arabera: Lehen sektorea %0,4. Bigarren sektorea %14,5. Hirugarren sektorea %81,2. Eraikuntza %3,9.[3]

Industria (siderurgia, zurgintza, kimikoa, ehungintza) da ekonomi jarduera nagusia. "Esteban Orbegozo" enpresaren egoitza (beroko ijezketa) dago bertan. Abeltzaintza (esnea, haragia), nekazaritza (barazkiak) eta basogintza ere badira, garrantzi gutxiagokoak baina. Bigarren sektoreak lanean ari diren zumarragarren erdiak baino gehiago biltzen ditu eta ia erdiak hirugarrenak.

Demografia aldatu

XX. mendearen lehen erdian egonkor mantendu zen Zumarragako populazioa. 1950eko hamarkadatik aurrera, eta 20 urtez, hazkunde handia gertatu zen, eta biztanle kopurua ia laukoiztu egin zen gehien bat Espainiatik etorritako immigrazioaren ondorioz. 1970eko hamarkadatik aurrera, berriz, krisi ekonomikoaren ondorioz biztanle kopurua jaisten hasi zen. XXI. mendearen lehen hamarkadan aurrera jarraitu zuen populazioaren gutxitzeak.

2021an 9.668 biztanle zituen herriak. Horietatik %24,48k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %8,44 ziren.[3]

Zumarragako biztanleria

Politika aldatu

 
Zumarragako udaletxea.

2011ko udal hauteskundeak aldatu

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz, PSE-EE alderdiko Mikel Serrano hautatu zuten alkate berriro.[4]

2015eko udal hauteskundeak aldatu

2015eko udal hauteskundeetan PSE-EEk berretsi egin zuen bere nagusitasuna, eta gehiengo osoa eskuratu zuen. Mikel Serranok errepikatu egin zuen alkate gisa.[5]

2019ko udal hauteskundeak aldatu

2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: PSE-EEk 2.515 boto (7 zinegotzi). EH Bilduk 1.241 boto. (3 zinegotzi). EAJ-PNVk 912 boto (2 zinegotzi). Podemos-IU-Equok 321 boto (zinegotzi 1). PPk 115 boto.[6] Mikel Serrano izendatu zuten alkate.[7]

Udal hauteskundeen jarraipen historikoa aldatu

Zumarragako udalbatza

Alderdia

2015

2019

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
8 / 13
2.626 (% 51,81)
7 / 13
2.515 (% 49,28)
Euskal Herria Bildu
2 / 13
974 (% 19,23)
3 / 13
1.241 (% 24,31)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
2 / 13
893 (% 17,63)
2 / 13
912 (% 17,87)
Irabazi -> Ahal Dugu
1 / 13
417 (% 8,23)
1 / 13
321 (% 6,29)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak aldatu

Hauek izan dira Zumarragako azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[8]
Jose Luis Ruiz Idigoras[8][9][10] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
Juan Mari Garitano[9][10] 1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
Jose Julian Irizar[9][10] 1987 1991 Eusko Alkartasuna
Jose Julian Irizar[9][10] 1991 1995 Eusko Alkartasuna
Anton Arbulu Ormaechea[9][10][11] 1995 1999 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Aitor Gabilondo Ruiz[9][10] 1999 2003 Eusko Alkartasuna-Euzko Alderdi Jeltzalea
Anton Arbulu Ormaechea[9][10][11] 2003 2007 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Anton Arbulu Ormaechea[10][12] 2007 2008 a Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Mikel Serrano Aperribay[4][10][13][14] 2008 2011 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Mikel Serrano Aperribay[4][10][13][14] 2011 2015 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Mikel Serrano Aperribay[5][10][13][14] 2015 2019 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Mikel Serrano Aperribay[7][10][15][14] 2019 2023 Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra
Mikel Serrano Aperribay[14] 2023 Jardunean Euskadiko Alderdi Sozialista - Euskadiko Ezkerra

a Alkateak ez zuen legegintzaldia bukatu.

Kultura aldatu

Euskara aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Goierriko gipuzkera» eta «Urolaldeko gipuzkera»
Zumarragako hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, Euskal Herriko Ahotsak[16] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Goierriko euskaran[17] [18]kokatzen da Zumarragako hizkera. Urolaldeko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Goierrikoak, baina Urolaldekoan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Nortasun beteko hizkera da Goierrikoa, batasun handikoa, nahiz eta gorabeherak badiren mendebaletik ekialdera, hau da, Segura, Zegama eta Legazpitik Zaldibia edo Legorretara. Ataungoa ere berezia da, ziurrenik, bakarti samar eta Nafarroako mugan dagoelako. Abaltzisketak eta Ikaztegietak Tolosaldearekin lotura egiten dute, eta Urretxuk eta Zumarragak[19], berriz, Goierri eta Urolaldearen artekoa.

2016an herritarren %51,06 euskalduna zen.[3]

Festak eta ospakizunak aldatu

  • Ekainaren 23a, Donibane bezpera: Euskadiko plazan eta inguruko baserrietan San Joan bezperako sua pizten da.
  • Uztailaren 2a, Santa Isabel: Herriko jai garrantzitsuenak. Erromeria ospatzen da Antioko baselizaren inguruan. Goizean herriko alkatea eta zinegotziak oinez igotzen dira Antioko ermitara, txistulariekin batera. Ondoren, hamaikak aldera, ezpata-dantza dantzatzen da ermitan. Eguerdian herri bazkaria egiten da inguruetan, gehienbat koadrilan. Eta 8ak aldera herrira jaitsiera egiten da. Jaitsierak geldiunea izaten du Eitzaga auzoan. Izan ere, auzokideek txanpaina banatzen dute hor. Ondoren herriko plazaraino jaisten dira kalejiran, jaitsiera amaitzen den lekura.
  • Uztailaren 10a, San Kristobal: Geltokietako auzoko jaiak. Asto lasterketa ospatzen da, besteak beste. Jai hauek auzokideen artean antolatzen dituzte, eta, hortaz, auzokideen bazkaria ere egiten dute jaietan. Herri kirolak eta bertso afaria ere izaten dira.
  • Abuztuaren 15a, Amabirjinaren eguna, ezpata-dantza dantzatzen da parrokian.
  • Abenduaren 13a, Santa Luzia: Urretxu-Zumarragan antolatzen den urteko feriarik garrantzitsuena. Hainbat lehiaketa eta erakusketa antolatzen da, besteak beste, ganadua, errezil sagarrak, ardoa eta kapoiak erakusteko.

Ondasun nabarmenak aldatu

 
Antioko baseliza.
 
Legazpi dorretxea, Migel Lopez Legazpikoaren jaiotetxea.
  • Iruarrietako Estazio Megalitikoa
  • Antioko ermita. Zumarragako parrokia izan zen XVI. mendean Andre Maria eliza eraiki zen arte. Harriz eta zurez egindako eraikin honek harlanduzko sei zutabe ditu, eta horiexek eusten diote sabaiari. Bi pisu ditu eta goikoa egurrezkoa da. Tronpeta itxurako leihoak ditu, gezileihoak, gotiko estilokoak. Bisita gidatuak antolatzen dira turistentzat.
  • Legazpi dorretxea. Urdaneta hiribidean dago kokatuta. Jauregi hau harriz, egurrez eta zementuz egina dago. Gipuzkoako dorretxerik handiena da, hiru pisu baititu. Bertan Migel Lopez Legazpikoa bizi izan zen, eta gaur egun herriko musika eskolaren egoitza da.

Eskulturak aldatu

  • Itziar eskultura, Jorge Oteizak bere emaztearen omenez egindakoa. 3 mm zabal den altzairuzko irudi abstraktu bat da eta trintxeran dago kokatuta.
  • Txistulariei omenezko eskultura. Jesus Segurolaren eskultura, txistulari baten irudia da eta, hau ere, trintxeran dago.
  • Trikitilarien omenez egindako eskultura. Brontzez eginiko bi trikitilariren irudia da eta Elizkaleko biribilgunean kokatuta dago.
  • Eitzako frontoian dagoen Pilotaria.
  • Migel Lopez Legazpikoa konkistatzailearen eskultura. Euskadi enparantzaren (herriko plaza) erdialdean dago.
  • Ignacio Busca Sagastizabalen soingaina Zumarragako alkate izandako musika konpositore honen izena daraman auzoan dagoen bustoa.
  • Goruntz "Pirulo" izenarekin ezagutua, Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Kalebarren-Areizaga enparantzan kokatua.
  • Aizkolariari omenaldia 2,45 metroko garaiera duen eskultura hau galdatutako brontze patinatuz landua dago eta hamabost zentimetroko idulki batean, brontzezko oinarri baten gainean, kokatzen da, Agurtzane Iturberen diseinuaren arabera. Aginaga auzoan kokatuta dago.
  • Jira-Bira: Lurrak gure Lurrean Ezkio-Itsasoko Pott zeramika lantegian egindako eskultura multzoa. 6 metroko garaiera duten bi figura estilizatuk osatzen dute, eta horietako bakoitza ardatz bertikal batean txertatutako hainbat piezatan banatzen da. Eitzako biribilgunean kokatua.
  • "Bizitzaren Aingerua" eta "Heriotzaren Aingerua" Kanposantuan kokatua.

Ekitaldiak aldatu

Larunbatero herriko plazan azoka ospatzen da. Bertan eguneko produktuak saltzen dira, hala nola, arropa, denetariko janariak e.a.

Urtean bitan Butak 21 elkarteak zineklub zikloak antolatzen ditu. Film ez-komertzialak ematen dituzte bi ostiralean behin gauetan.

Zumarragar ospetsuak aldatu

 
Migel Lopez Legazpikoaren omenezko estatua Euskadi plazan.

Mendiak aldatu

  • Beloki. Herritik ikusten den mendia da. Tontorrean burdinaz egindako gurutze handi bat du, haren kanpaitxoarekin. Gailurretik Urretxu eta Zumarragako ikuspegi paregabea dago.
  • Izazpi. 973 m-ko mendia. Berez mendiaren tontorra Ezkio-Itsason kokatuta dago. Tontorretik paisaiaz gain, itsasoa ikusten da egun argitsuetan, eta eguraldia lagun bada, baita Pirinioak ere.
  • Samiño. 932 m-ko mendia.
  • Argixao. 605 m-ko mendia.

Zerbitzuak aldatu

Hedabideak aldatu

Kulturguneak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. a b c «Web Eustat. Zumarragako datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  4. a b c «Oihane Zabaleta eta Mikel Serrano dira Urretxuko eta Zumarragako alkateak» Otamotz 2011-06-11 (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  5. a b «Mikel Serrano: "Zumarragarrei entzutea izan da gure garaipenaren giltza"» Goierriko Hitza 2015-10-02 (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  6. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  7. a b «Osatu dira Urretxuko eta Zumarragako udalbatzak» Otamotz 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-07-22).
  8. a b (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2021-08-11).
  9. a b c d e f g «Zumarraga» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  10. a b c d e f g h i j k l (Gaztelaniaz) «José Luis Ruiz y Mikel Serrano en el homenaje de Eudel en Gernika» El Diario Vasco 2019-04-05 (Noiz kontsultatua: 2022-12-28).
  11. a b «Arbulu Ormaechea, Antón» Auñamendi Eusko Ikaskuntza (Noiz kontsultatua: 2022-12-28).
  12. (Gaztelaniaz) «Arbulu dejará hoy la Alcaldía de Zumarraga para ocupar un cargo directivo en Feve» El Diario Vasco 2008-07-05 (Noiz kontsultatua: 2022-12-28).
  13. a b c (Gaztelaniaz) «La participación será uno de nuestros ejes transversales» El Diario Vasco 2019-05-22 (Noiz kontsultatua: 2022-12-28).
  14. a b c d e «Goierriko 22 udaletako udalbatzak osatu eta alkateak izendatu dituzte» Goierriko Hitza 2023-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-10-16).
  15. «Makilak aldatu dira eskuz» Goierriko Hitza 2019-06-17 (Noiz kontsultatua: 2021-05-11).
  16. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-14).
  17. «Goierrikoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  18. «Zumarraga - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-13).
  19. «Urretxu eta Zumarragako euskara. Zaharrenen ahozko altxorra ondorengoei CDan utzia» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-09-21).

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa