Zumar hostozabala (Ulmus glabra) Ulmazeoen familiako eta Ulmus generoko zuhaitz hostoerorkorra da. Altitude handiagotara iristen da zumar hostotxikia baino. Baso hostoerorkor hezeetan hazten da, batez ere ibai bazterretan eta trokarteetan. Eskualde Eurosiberiarrean banatzen da, Asiako mendebaldean eta ia Europa osoan.

Zumar hostozabal
Iraute egoera

Daturik gabe  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRosales
FamiliaUlmaceae
GeneroaUlmus
Espeziea Ulmus glabra
Banaketa mapa

Subespezieak aldatu

Lindquisten arabera, bi subespezie ditu:[1]

  • Ulmus glabra subsp. glabra
  • Ulmus glabra subsp. montana (Stokes) Lindqvist

Morfologia aldatu

Altuera handiko zuhaitza da, 40 metroraino iritsi daiteke. Adaburua zabala da, obalatua, gaztetan obal-eliptikoa eta heldutasunean borobilagoa bilakatzen dena. Enborra zartatua, suberosoa eta marroi-gris kolorekoa da, eta zumar hostotxikiarena baino haritsuagoa.

Hostoak aldatu

Zuhaitz hostoerorkorra da. Hosto bakun handiak ditu, 8-17 zentimetro luze. Akuminatuak, eliptikoak eta ilaundunak dira, baina azpialdea ilegabea edo ile mototsekin nerbio galtzarbeetan. Berde ilunak dira, baina azpialdea argiagoa izaten da. Ertza eskabridoa eta bitan zerratua dute, hortz bereiziekin. Oina nabarmenki asimetrikoa da, izan ere hosto oineko gingil biribildua kandua bezain luzea edo luzeagoa da. Beste ezaugarri bereizgarria punta trikuspidatua da. Hostoen antolamendua txandakatua da. 14-20 nerbio pare izaten ditu, paraleloak, pinatuak eta nabariak. Pezioloak iletsuak dira.

Loreak aldatu

Lore hermafroditak ditu, hostoak baino lehenago ateratzen direnak. [[Infloreszentzia] biribildu ia eserietan antolatzen dira, 10-20 lore-multzo dentsoak osatuz. Periantoa monoklamideoa da ez baitu petalorik. Ginezeoa bikarpelarra da, eta androzeoan 4-5 kanpo estamine ditu. Anterak gorrixkak dira, eta gainerako atalak marroi-horixkak.

Fruituak aldatu

Samara da fruitua, 25 mm artekoa eta hegal zabala, ziliatu gabea eta fina du. Obalatua da eta punta muxarratua du, baina muxarra ez da erdian kokaturik dagoen hazira iristen. Gaztea denean kolore berde argia du eta haziak marroia; heltzean samara marroi-horia bilakatzen da.

Banaketa aldatu

Europa gehienean eta mendebaldeko Asian banaturik dago; urriagoa da ipar-ekialdeko Europan eta eskualde mediterraneoan. Iberiar penintsulan, grafiosiak asko murriztu du haren banaketa area. Dentsitate handieneko guneak iparraldean daude, Kantauriar mendikatearen ekialdetik Kataluniaraino.

Euskal Herrian Kantauriko isurialdean aurkitzen da nagusiki, baina mediterraneoan ez da falta, ibai handien ertzeko ibarbasoen parte baita.

Ekologia aldatu

Lurzoru emankor eta sakoneko ibarretan eta baso misto hostozabaletan hazten da. Kareharrizko zoruak ongi jasaten ditu, eta lur eremu arin eta freskoetan bizi da. Hezetasun erdi-altuko guneak nahiago ditu, urte sasoi lehorrik gabekoak.

Fenologia aldatu

Loraldia martxo eta apirila artean gertatzen da, hostoak garatu baino lehen. polinizazio anemofiloa dute eta haziak maiatza-ekaina bitartean heltzen dira.

Erabilerak aldatu

Egurra ez da zumar hostotxikiarena bezain estimatua. "Zumar zuria" deitzen zaio, eta altzarigintzan eta, batez ere, ontzigintzan erabiltzen da, gogorra eta baldintza hezeetan usteldurarekiko erresistentea baita.

Hostoekin aziendak elikatu daitezke, eta enborraren azala astringente gisa erabili izan da, taninotan aberatsa delako.

Garai batean, hiri eta herrietako lorategietan jartzen ziren maiz, baina gero eta gutxiago landatzen dira, grafiosiak eragiten dituen kalteak direla-eta.

Espezieen arteko elkarrekintzak aldatu

Zumar hostotxikiarekin batera bizi den lekuetan, bereziki Kantauriko isurialdean, bien arteko hibridoa azaltzen da, Ulmus x hollandica Mill. Bi espezieen arteko ezaugarri morfologikoen nahasketa duelako bereizten da.

Ophistoma ulmi onddo askomizeteak zumarra zoltzen du, eta grafiosi izeneko gaixotasuna eragiten. Scolytus scolytus kakalardo eskolitido zulatzailea da bektorea esporen sakabanaketan, zumarraren hostoez eta egurraz elikatzen baita. Onddoa zuhaitzaren sisteman sartzen da, osoa kutsatuz eta garraio sistemaren kolapsoa eraginez. Hostoak zimeltzen eta horitzen hasten dira eta, hilabete gutxiren buruan, zuhaitza ihartzen da. Jatorria Asiaren ekialdean duela uste da, bertako zumarrak erresistenteagoak baitira. Gaixotasuna Asiara, Europara, Estatu Batuetara, Kanadara eta Zeelanda Berrira barreiatu da.

Bestalde, zumar hostoen gainean Platychora ulmi onddo saprobioa hazten da.

Erreferentziak aldatu

  1. Lindquist, B.. (1931). Two varieties of North West European Ulmus glabra. Bot. Exch. Club Rep..

Kanpo estekak aldatu