Zahatoa[1] eta zahagia likidoak, ardoa gehienetan, gordetzeko erabiltzen diren larru zurratuzko bi edukiontzi dira.[2] Zahatoak ("zahagi" hitzaren diminutiboa) litro bat edo biko edukiera izaten du eta oraindik baliatzen da, aire folkloriko batez, gehienetan. Zahatoan, artzainek, baserritarrek eta marinelek edariak garraiatzen eta fresko atxikitzen zituzten.[3]

Ardo zahatoa
Satiroa zahagia lepoan eta anfora eskuan (K.a. 360-350, Louvre museoan)

Enologia alorreko eskakizunak gaurkoak bezain zorrotzak ez zirenean, zahatoak ardoari zapore ona ematen ziola esaten zen.

Historia aldatu

Antzinako Greziako Homerok kontatzen du Ulisesek Polifemo mozkorrarazi zuela, ardoz beteriko zahagiaren laguntzaz.[3]

Hasieran, zahagiak oraingoak baino handiagoak ziren; hots, fabrikatzeko erabiltzen ziren animalien neurrikoak. Xahako horiek egiteko, animaliaren azal osoa erabiltzen zuten, eta handienek 120 litro har zezaketen. Lurrezko eta berinazko ontziak baino arinagoak, sendoagoak eta malguagoak zirenez, hasieran, ura, ardoa, eztia eta olioa garraiatzeko erabiltzen zituzten, zaldiz ala itsasontziz. Hain zituzten kalitate tekniko onak, non zibilizazio guztiek berenganatu baitzituzten.[3]

Euskal Herrian, Ordiziatik Iruñera eta Hendaiara, eskualdeko lehengaiak erabiliz xahako naturalak egiten zituzten artisau andana bat ziren.. Eskualde osora sartu zen, eta eguneroko objektu bihurtu.[3]

Ezaugarriak aldatu

Zahagiak, ehun bat litrorainokoak, XX. mendearen erdialdean erabiltzen ziren oraindik, ardoa (maiz, mando gainean) garraiatzeko, baina beirazko garrafoiek, zurezko bukoi txikiek eta neurri guztietako plastikozko ontziek betirako ordezkatu zituzten, besteak beste, horrelako ontzien mantentze-lanak nekoso xamarrak zirelako.

Ahuntz, aker, txerri edo txahal larru ondu edo zurratuz egiten ziren: zahatoa, hanka bateko larruarekin osatzen zen; zahagia egiteko, berriz, animalia osoarena baliatzen zen.[4][5]

 
Zahagi-dantza (Markina-Xemein, 2019)

Zahatoak estualdean daukan (garai batean, adarrezko) piezak bi tamainako zuloak ditu: zabalena irekita, ardoa sartzeko. Hori itxita, zahatoari esku batetik eutsi eta bestearekin presioa eraginez, txulo txikiagotik irteten da ardo-haria edatunaren ahorantz. Lehenaldian adarrezko ziren piezak gaur egun plastikozkoak dira. Besoan eraman ahal izateko soka gorri txirikordatu bat daukate.

Iragazgaitza da bataren zein bestearen larrua, likidorik gal ez dadin: hori lortzeko, bikea ematen dio zahatogileak merkaturatu aurretik.

Erreferentziak aldatu

  1. «zahato - OEH - Orotariko Euskal Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-19).
  2. Agirre, Edorta. (2022). Amantala ta mantela. Pamiela, 458 eta hurr. or. ISBN 978 84 9172 259 5..
  3. a b c d elkartea, IPARLA BAIGURA KOMUNIKAZIOA. (2021-07-15). «Las Tres ZZZ zahatoa» Kazeta.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-19).
  4. Zahagi-dantza dela eta | danbolin. (Noiz kontsultatua: 2023-03-19).
  5. Agirre, Edorta. (2014). «Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa» calameo.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-05).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu