Xirula, txirula nahiz txülüla aldaerak erabiltzen dira hiru zuloko haize instrumentu hau izendatzeko. Gaskoieraz flabuta eta frantsesez galoubet izena hartzen du. Azken aldian asko zabaldu da Hego Euskal Herrian edozein motatako flautei (bi eskutako flauta zuzenak bereziki) txirula deitzeko ohitura. Horrek sor dezakeen nahastea ekiditeko asmoz, xirula darabilgu hemen soinu-tresna hau izendatzeko.

Xirula
Deskribapena
Motaopen flutes with internal duct with fingerholes (en) Itzuli
Hornbostel-Sachs sailkapena421.221.12

Egitura aldatu

Txistua bezala, hiru zuloko flauta zuzena da. Hiru zuloak hodiaren behealdean ditu, bi aurrealdean eta bat atzealdean. Txistua baino laburragoa da eta doinu altuagoa ematen du, hiru tonu eta erdi gorago (do tonalitatean dago, gutxi gorabehera). Tonu altu horrek berezitasun eta bizitasun handia ematen dio, askotan nota batean bi harmoniko batera entzuten dira gainera eta, maiz, beste soinu-tresnen gainetik entzun ahal izaten da bere hotsa.

 
Xirula. Soinuenearen JMBA bildumako 847 zk., M. Gastelluk egina.

Itxura eta egitura aldetik ere baditu txistuarekiko desberdintasunak. Dirudienez, xirulak aldaketa edo eboluzio gutxi izan du. Ezpelaren zurez egiten da, dena puska bakarrean (ahoko takoa izan ezik). Batzuetan soinu-tresnaren goiko eta beheko muturrak adarrez sendotzen dira, hauek baitira kolperen bat hartuta puskatzeko arriskurik handiena duten atalak.

Jotzeko era aldatu

Hodiaren goialdean, ahoko tutu txikian putz eginda aire korrontea alakara bideratzen da, haren aurka lehertu eta hodiaren baitako aire-gorputza bibrarazita soinua sortzeko. Xirula esku bakarraz jotzen da (ezkerrekoa normalean) eta, ohituraz, bestearekin ttunttuna jotzen da. Ttunttun hori Hegoaldeko ttunttun edo danbolinaz bestelakoa da: kolpekatutako kordofonoa da, xirula jotzeko erabiltzen den beso berarekin gorputzaren kontra heltzen dena. Hartara, jotzaile bakarrak doinua, azpiko pedal-nota eta erritmoa eskain ditzake aldi berean. Hatz-joko arruntaz (zulo osoak tapatu eta irekiaz eta hodi muturreko zuloa erabili gabe) hamabiko bitarteko eskala diatonikoa ematen du.

Hedadura aldatu

Euskal Herriko ipar-ekialdean jotzen da gehienbat, Zuberoan nagusiki, han ez baita festa eta dantzarik xirularik gabe, baina Nafarroa Beherean ere erabili izan da, eta Lapurdin ere bai lehenagoko garaietan. XX. mendean Hegoaldean ere erabiltzen hasi zen, dantza taldeen inguruan bereziki, baina ia erabat Zuberoako dantzei lotua eta oso apalki, oraindik nahiko ezezaguna baita eremu haietan.

Taldekatzea aldatu

Xirula jotzen duen musikariari xirulari, txirulari edo txülülari esaten zaio, baita xirula eta ttunttuna jotzen baditu ere. XIX. mende arte bederen, frantsesez tambourin esan izan zaio ordea musikari honi, eta hitz horren euskal ordaintzat “tanborina”, tanburina eta danburia agertzen dira. Azken aldaera hau ordea, Willem J. van Eys-en Dictionnaire basque-français[1] lanean agertzen da lehenengoz jasoa, eta musikaria ez baina, soinu-tresnaren deskribapena da definizioan ematen duena. Danbolinaren kasu berean geundeke, soinu-jolea eta tresnaren izenen arteko metonimian.

XX. mendearen erdi alderako ttunttuna erabiltzea atzendu samarra zegoen Zuberoan, eta talde arruntena xirula hutseko xirulariak eta atabalak osatu dute. XX. mendearen amaieran ordea, berriro hasi zen indartzen ttunttunaren erabilera eta, gaur, ohikoa da berriz ere xirula eta ttunttuna jotzen dituen bakarlaria. Xirulariek beste soinu-tresna joleekin batera ere osatu dituzte taldeak nolanahi ere: historikoki arrabita edo biolina eta ttunttuna duen xirulariak osatutako bikotea izan da erabiliena, askotan atabala ere haiekin.

XX. mendean akordeoiarekin batera (diatonikoa nahiz kromatikoa) sarritan jo izan da xirula eta, gaur, Euskal Herri osoan barrena erabiltzen da akordeoi eta musika bandako soinu-tresnekin osatutako zenbait fanfarre eta txarangatan ere.

Historia aldatu

Gaur egun, txistu eta xirularen arteko ezberdintasunak nabarmenak dira eta zehaztuta daude: bakoitzak baditu bere itxura, hotsa eta neurriak, baita ttunttun ezberdina lagun ere, eta lurraldez ere bereizi samarra dago bien esparrua. Baina dokumentazio historikora jota, badirudi garai batean ez zela halako alderik. Harizko danbor edo ttunttunaz batean jotako xirula edo txilibituak oso zabalduak zeuden XIX. mendera arte, Iparraldean nahiz Hego Euskal Herrian.

Aita Donostiari jarraiki[2], Tuteran agertzen dira XVI. mendean, eta XVII.ean, Iruñeko sanferminetara gerturatutako musikoen artean behin baino gehiagotan aipatzen dira, batzuetan haien jatorria ere bai: 1640an Martin de Gazolaz-ek atera zituen bi dantzetako bat ttunttunaz izan omen zen (salterio aipatzen da), bestea txirimiaz. 1641 eta 1643an, Arizkundik Martin eta Joan de Martearena agertu ziren ttunttuna eta danborra jotzera, eta Nafarroa Beheretik, aurrenekoan, bikotean arrabita eta ttunttuna jotzera Juan de Gorroz eta Guillen de Garroch eta, bigarrenean, “Anton Gorri y compañeros” bi ttunttun, arrabita eta bi dantzarirekin. 1697an, Pedro de Echeverria danbolinarekin beste sei lagun ziren etorriak: danbolina, ttunttuna eta arrabita joleak (“julares, salterio y rabel”).

XVIII. mendean, eta Iruñeko sanferminetatik atera gabe, Jesus Ramosek[3] aipatzen digunez, txistulari eta danborreroen atzetik, ttunttuna edo salterioa duten xirulari hauek dira ugarien agertzen direnak, eta egiaz, asko dira mende osoan barrena. Deigarria da, Aita Donostiak dioen eran, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabatik batere ez dela agertzen4. Nafarrak ugari dira ordea, baina hemen ere aipatzekoa da baztandarrak direla gehienak (Erratzu, Irurita, Berroeta eta, bereziki, Arizkundik etorritako asko), baina badira bakan batzuk Luzaide, Gesalatz edo Malerrekatik etorriak, baita Petilla Aragoiko bat ere. Zuberotar batzuk ere badira, ez asko ordea, lapurtarrak gehiago (Baiona nahiz Donibane Lohizunekoak). Eta, deigarriena, xirulari hauetan gehienak Nafarroa Beherekoak direla: mende hasieran noizbehinka agertzen dira eta, 1740tik aurrera ia urtero, gehienetan arrabita joleekin taldean, eta maiz talde bat baino gehiago.

Xirulari eta ttunttun joleen historia egin gabe dagoen honetan, Xabier Itzainak[4] berriki egindako ikerketek argi piska bat dakarte XIX. mende arte hauen erabilera Ipar Euskal Herrian zenbaterainokoa izan den uler dezagun. XVII eta XVIII. mendeetarako, Donibane Lohizune eta Ziburuko artxiboak aztertuak ditu5, eta horiekin inguruko herrietako datuak ere ondu, eta lagin gisa hartutako kostaldeko eskualde horretan erakusten duten bizia eta lehentasunezko erabilera esanguratsuak dira oso, aldeak alde, auzoko gipuzkoar danbolinteroen pare agertzen baitira hein handi batean.

XIX. mendean azkar egin zuen atzera xirulak. Xabier Itzainari jarraituz berriz ere, Lapurdiko kostaldean badira oraindik ttunttunaren aipamenak, baina hark dioen eran, badirudi xirula laster umezurtz geratu zela. 1903ko argazki batzuk aipatzen zaizkigu, kaskarot talde batekin xirulak, atabalak eta soinu ttipiak (akordeoi diatonikoak) lagun dituenak[5]. Barnealdean atzeratzea geroxeago zetorren nonbait, eta 1874an Hazparneko tobera mustretan oraindik tanburina eta arrabita agertzen omen ziren.

1880-1890 urteetako Lore-Jokoetako norgehiagoketan, ttunttunik gabe baldin bada ere, dantza jauzi osoak menperatzen zituzten xirulari lapurtarren azken belaunaldia aipazen da: Jean Olhagaray uztariztarra, Joseph Zubieta eta Baptiste Dunat makearrak, Pierre Laxalde kanboarra, Pierre Sosaya hazpandarra[5].

Xirula-jole ospetsuak aldatu

XX. mendeko xirulari zuberotarren artean aipagarrienetakoak berriz, hauek izan daitezke: Pierre Onnainty Lexarduart lakartarra (Lakarri, 1872 – Bordele, 1938), Jean Jantto Berhorekin ikasia, bi xirula batean jotzen ere ba omen zekiena eta ttunttunaren defentsan biziki aritua, beti berekin eramaten omen zuen eta. Atharratzeko primetan lehenengo saria jaso zuen ttunttunaz. Bigarren saria, Xotalek. Simon Patalagoiti Ximun Xotal hau ere lakartarra zen (Lakarri, 1898 – Bretagne de Marsan, 1964) eta Jean-Mixel Bedaxagarrek dioen eran, harrigarriko txülülari elegantaren fama ützi du Züberoan[6]. Xotal ere ttunttunaren babesle handia zen, eta azken ttunttun joletzat jo izan dute askok, hurrengo belaunaldiak etorri diren arte. 1914ko gerraren ondoren hasi omen zen maskaradetan jotzen, eta Pierre Ager Garat-Arhane atabalari sonatua lagun zuela Parisen eta Iruñean ere izan zen xirula-ttunttunen eta Zuberoako dantzen erakusten.

Liginagako Arnaud Laxague Allande Etxahun, Lexarduarten ikaslea, izan zen beste xirulari handietako bat, Atharratzekoan ttunttunaz hirugarren saria jaso zuena (Liginaga 1901 – 1974). Eta XX. mendeko bigarren belaunaldi horretan ospe handienekoak, beste bi: Jean Johañe Copen (Iruri, 1907 – Maule, 1982), hurrengo belaunaldiko askoren irakaslea, eta Pierra Bordazaharre Etxahun-Irurikoa (Iruri, 1908 – Paue, 1979). Etxahun-Irurik, bertsolari, kantari, doinu eta pastoralen egile lanetan aunitz eman bazion Zuberoari eta Euskal Herriari, xirularen ezagutzen eta zabaltzen egindako lana ez da gutxiagorako. Hau ere Pierre Ager Garat-Arhane atabalariaz ibili zen urte askotan.

XX. mendea eta XXI.aren zubian ere bi xirulari handiren izenak aipatu behar dira, xirula nahiz ttunttuna eta hauen tradiziozko musikak indartu eta bizirik ematen, baita bide berriak irekitzen eta eskola sortzen ere, lan handia egin dutenak: Jean-Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, 1953) eta Mixel Etxekopar (Gotaine-Irabarne, 1963). Azken honen eta beste zenbaiten ekimenez, 1989tik Xiru jaialdia ospatzen da urtero Gotainen, xirula eta honen inguruari XXI. menderako bultzada eman diona.

Erreferentziak aldatu

  1. van., EYS, Willem J.. (1873). Dictionnaire Basque-Français.. PMC 559141108. (Noiz kontsultatua: 2022-01-23).
  2. Donostia, A.. (1952). Instrumentos musicales del pueblo vasco. Bartzelona, ezezaguna, 73-76 or..
  3. Jesús, Ramos,. Materiales para la elaboración de un censo de músicos populares de Euskal Herria, a partir de los instrumentistas llegados a Iruñea en el siglo XVIII.. PMC 971714456. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).
  4. X., Itçaina. (2018a). Les ménétriers dans la société d’ordres en Labourd: quelques hypothéses á partir des données lacunaires d’Ancien Régime. Actes du 1er séminaire anuel en thnomusicologie de la France, SFE-Inóc Aquitània, 2017.
  5. a b Itçaina, X.. “Par principle et par règle”: jauzietaz eta jauzien soinularietaz. In J.M. Bedaxagar (ed.) Aitzina pika… Züberoako jauzien, sonüegileen eta dantzarien ingürüan…. Sü Azia, 45-55 or..
  6. 1953-), Bedaxagar, Jean Mixel (. (2018). Aitzina pika __. Sü Azia, 33 or. ISBN 978-2-9544626-4-6. PMC 1124907837. (Noiz kontsultatua: 2022-01-20).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu