Xabier Lizardi

euskal idazlea

Jose Maria Agirre Egaña,[1] ezagunagoa Xabier Lizardi goitizenez (Zarautz, Gipuzkoa, 1896ko apirilaren 18a - Tolosa, 1933ko martxoaren 12a) euskal idazlea izan zen, batez ere olerkaria. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Tolosako enpresa batean sartu zen lanean. Euskaltzaleak elkartea sortzen lagundu zuen, eta bere garaiko ekintza kultural eta politikoetan parte hartu. Gipuzkoa Buru Batzarreko kide eta buruzagi izatera iritsi zen. Esteban Urkiaga Lauaxeta (1905-1937) eta Nicolas Ormaetxea Orixerekin batera, bere aroko olerkari hoberena dugu. Biotz-begietan, 1932an argitaratua, kritikariek oso aintzakotzat hartu zuten. Xabier Lizardi hil eta gero, Aitzolek haren Umezurtz olerkiak argitaratu zituen.

Xabier Lizardi

(1933)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJose Maria Agirre Egaña
JaiotzaZarautz1896ko apirilaren 18a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntzaeuskara
HeriotzaTolosa1933ko martxoaren 12a (36 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: pneumonia
Hezkuntza
HeziketaMadrilgo Unibertsitatea
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakantzerkigilea, poeta eta idazlea
KidetzaEuskaltzaleak
MugimenduaEuskal Pizkundea
Izengoitia(k)Juan EL caballo loco
Genero artistikoaolerkigintza
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Literaturaren Zubitegia: 223 Musicbrainz: 94aa5582-dadb-4845-bc97-e7c9afc444cb Edit the value on Wikidata

Gerra Zibilaren aurretiko olerkari lirikorik behinena, izadiaren —izadi edertuaren— olerkaria izan zen. Lizardiren prosa haren poesia bezain originala da. Itz lauz izeneko bilduman lehen mailako idazle, estilo pertsonal eta moderno baten jabe ageri da.

Bizitza aldatu

Hamar urte zituela, Tolosara aldatu zen familia, eta han hasi zen berreskuratzen erdi galdua zuen euskara. 1916an Bilboko Euzko-Deyan idazten hasi zen, lanak Zarauztar Sabin eta Samaiko Zulo izengoitiez izenpetuz. Urtebete geroago (1917) Zuzenbide ikasketak amaitu zituen Madrilen. Perot fabrikako kudeatzaile izateko kontratatu zuten Tolosan bertan(1923).

Arrasaten 1927an ospatutako Euskeraren Egunean gailendu zen eta han lehen aldiz Xabier de Lizardi izengoitia erabili zuen. Euskararen aldeko ekintzaile nekagaitz agertu zen: euskarazko egunkari bat argitaratzeko asmoa landu zuen; Larramendiren ohoretan egin ziren literatura jaiak antolatu zituen, eta ekinaldi askotako lankidea izan zen (Errenteriko Euskeraren Eguna, Segurako Ume Euskaldunaren Eguna, Bergarako Euskeraren Eguna, Kirikiño Sariaren antolakuntza, eta abar).

Euskaltzaleak elkarteak, Lizardi bazkide zuela, sakabanatuta zeuden olerkariak bildu nahirik, Euskal Poesiaren Eguna antolatu zuen Errenterian Luis Jauregiren omenetan (1930). Bertan esku hartu zuen Lizardik, hiru poesia aurkeztuz. Hurrengo urteko ekitaldirako, Tolosan Emeterio Arreseren ohorez idatzitako Urte-giroak ondu zuen, «Lizardiren obrarik garaiena» (Aitzol). 1932an Biotz-begietan, olerki bilduma ospetsua, eta bi antzerki lan, Laño ta izar eta Bi aizpak argitaratu zituen. Urte berean, Kirikiño Saria irabazi zuen Etxe-barne bizia izeneko artikuluarengatik. 1933an 36 urte besterik ez zituela, pneumoniak jota hil zen.[2]

Hil ondoren, Lizardiren beste liburu bat plazaratu zen: Umezurtz-Olerkiak (1934). Urte berekoa da Itz lauz izeneko artikulu bilduma. Geroago, 1953, Ezkondu ezin zitekeen mutilla antzerki lana agertu zen.

Lanak aldatu

 
Xabier Lizardiren omenezko monumentua Zarautzen

Poesia aldatu

Antzerkia aldatu

Artikuluak aldatu

Aipamenak aldatu

Lizardi olerkia eta abestia aldatu

Mikel Laboak abesti bat sortu zuen Bernardo Atxagaren Lizardiren omenez idatziriko olerki baten hitzetan oinarrituta. 1985ean argitaratu zuen Sei albumean,[3] baita geroago 1997ko Zuzenean albumean ere.[4]

Ni ez naiz Mikel Laboa komiki-liburuko gutxienez 8 orritan irudikatzen da Laboak abestia nola sortu eta grabatu zuen. Grabatzeko estudioan sartu eta egin zuen lehenengo saioa nahikoa izan zen grabazioa borobiltzeko, estudioan grabazioa ikusten ari ziren Jean Phocas soinu-teknikaria, Iñaki Salvador musikaria, eta Marisol Bastida guztiz hunkitu zirela. Abestiaren inguruko fantasiazko irudiak.[5][6]

Doinua erritmoaren aldetik tangoa denez, Laboak dantzatu ere egiten zuen abestia interpretatzen zuenean, pianoan Iñaki Salvador aritzen zela.[7]

Hau da Bernardo Atxagakren olerki ezaguna:[8]

Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka
eta gu ere hire zain geundela
esan zioagu
ez hintzela aspaldi azaldu
etxetik
eta belatzean eseri gaituk denok
erlojuak janez
baina mezularia bidali diagu Alosko torrea
eskilara luzetan
beleak uxatzen
ote hintzen ikus zezan
gero kanpaiak entzun dizkiagu
zakurrak zaunkaka
orduan sortu haiz bidetik
balantzaka
eta hirekin aurrez aurre jarri garenean
zerraldo erori haiz gure oinetan
eta gorpu gogor hintzen
udazkenaren tronoan
hertsi dizkiagu begiak
adiosik ez
eta goizaldean
muxika hezur batetan sarturik
o petit poete
pirotekniarik gabe lurperatu haugu
baratzan.

Erreferentziak aldatu

  1. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  2. (Gaztelaniaz) «Jose Maria Agirre» Euskomedia (Noiz kontsultatua: 2017-02-12).
  3. «6» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
  4. «Zuzenean» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
  5. (Ingelesez) «'Ni ez naiz Mikel Laboa' liburuan aipatzen diren abestien zerrenda» Spotify (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
  6. Larratxe, Joseba. (2022). Ni ez naiz Mikel Laboa. Joseba Larratxe - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-02).
  7. de la Maza, Gabi. Lizardi (Mikel Laboa). Euskal Karaokeak - Youtube (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).
  8. «Lizardi» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-12).

Bibliografia aldatu

  • Mujika, Luis Mari: Lizardiren estetikara beste hurbilketa bat. - Egan, 2011-3/4, 197-212.
  • Mujika, Luis Mari: Lizardiren estetikara beste hurbilketa bat. - Egan, 2013-1/2, 81-96.
  • Otaegi, Lourdes: Lizardiren poetika pizkundearen ingurumariaren argitan. -Donostia: Erein, L. G. 1994.
  • Otaegi, Lourdes (eta Paulo Iztueta, ed.): Lizardi, gutunak (1928-1932). -Donostia: Utriusque Vasconiae, L. G. 2007.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Xabier Lizardi