Politikak
Wikipedia:Politikak
Lasterbidea
Politika formalak
Politika informalak
Beste politika batzuk

Bandalismoa, Wikipedian, asmo txarrez egindako edozein aldaketa da: informazio baliagarria ezabatzea, testua txarrago egiten duen aldaketaren bat egitea, edota iraingarria nahiz gezurrezkoa den orriren bat sortzea, besteak beste. Norbaitek aldaketa horiek asmo onez egin baditu, hobetzeko asmoarekin, hori ez litzateke bandalismoa izango.

Bandalismoa Wikipediak behin eta berriz nozitzen duen arazoa dugu. Nahiz eta hasieran arazo larria dirudien, bandalismoak ez du aurrerabiderik izaten Wikipedian. Izan ere, Wikipediaren erabiltzaile gehienek asmo onez jarduten dute, eta eguneroko edizioen artean bandalismo ekintzak gutxienak izaten dira. Beraz, gehien-gehienetan luzaro gabe beste erabiltzaileren batek ekintza horiek ezabatzen edota lehengoratzen ditu. Bandalismoa, oro har, erregistratu gabeko erabiltzaileek egiten dute, hau da, Wikipedian izena emanda ez dauden erabiltzaileek; hala ere, haien IP helbidea erregistratuta geratzen da.

Bandalismoa egiten duenari blokeoa ezarriko dio administratzaile batek, Wikipediari kalte egiten jarraitzea galarazteko neurri hori beharrezkoa dela baldin baderitzo. Blokeo horrek irauten duen bitartean, erabiltzaile kontu horretatik edo IP helbide horretatik Wikipedian editatzeko baimen gehienak ezeztatuta egongo dira.

Nola detektatu bandalismoa

Bandalismoa detektatzeko modurik arruntena azken aldaketen orria patruilatzea da. Horrela, IP helbide batek aldaketa berri bat egitean ikusi ahal izango duzu; eta, benetan bandalismoa baldin bada, aldaketa atzera bota ahalko duzu. Zure jarraipen zerrendan dituzun orrialdean noizbehinka begiratuz ere bandalismoari aurre egin diezaiokezu.

Zer den bandalismoa

  • Orriak sortzea: zentzurik ez duten, gezurrezko informazioa dakarten edo iraingarriak diren orriak sortzea.
  • Ezabatzea: informazio baliagarria kentzea.
  • Zaborra eranstea: txorakeriak jartzea.
  • Graffitiak egitea: sinadura edo edozein marrazki egitea.
  • Iraintzea: artikulu baten gaia den pertsonari edo beste edonori irain egitea.
  • Txisteak jartzea.
  • Eduki desegokia txertatzea: gezurrezko informazioa jartzea edo edukian iruzkinak idaztea.
  • Lankide orriak aldatzea: orri horietan baimenik gabe aldaketak egitea.
  • Spam egitea: publizitatea jartzea.
  • Jarrera desegokia: Wikipediako arauei jaramonik ez egitea.

Zer ez den bandalismoa

  • Probak egitea: lankide berriek proba gisa egindako aldaketak. Lankide berriekin eskuzabal jokatzea da wikilarien ohitura. Asmo txarrik nabari ez denean, jakina.
  • Estilo txarra: wikiestiloa edo artikuluen egitura ezagutzen ez denez, ez errespetatzea.
  • Nahi gabe desinformatzea: nahi gabe, zuzena ez den informazioa jartzea.
  • Baimenik gabeko aldaketak: Wikipediako arau-orrietan edo orri berezi batzuetan aldaketak egitea. Gehienetan, orrialde horiek mota babes berezia dute.

Erabiltzaile anonimoen kokalekua jakiteko

Erabiltzaile anonimoen ekarpenetan, esan bezala, haien IP helbidea erregistratzen da. IP helbide hori nongoa den jakiteko, ondorengo webgune hauek balia ditzakezu:

  • (Ingelesez) ARIN (Ipar Amerika)
  • (Ingelesez) RIPE NCC (Europa, Ekialde Ertaina eta Erdialdeko Asia)
  • (Ingelesez) APNIC (Asia eta Ozeania)
  • (Gaztelaniaz) LACNIC (Latinoamerika eta Karibea)
  • (Ingelesez) AfriNIC (Afrika)
  • (Ingelesez) IPLigence

Txantiloiak

IP helbide bat bandalismoa egiten badabil, {{IP bandaloa}} txantiloia jar iezaiozu bere eztabaida orrian. Data ere jartzea komeni da, honela:

{{IP bandaloa|2010-01-23}}

Aldiz, izena duen erabiltzaile bat bada bandalismoa egiten ari dena, jar iezaiozu {{bandaloa}} txantiloia bere eztabaida orrian. Hor ere, data jartzea komeni da. Adibidez:

{{bandaloa|2010-01-23}}

Bandalismo ekintzan artikulu berria sortu bada, eta berau ezabatu egin behar bada, jar ezazu {{ezabatu}} txantiloia artikuluan, administratzaile batek ezabatu dezan. Adibidez:

{{ezabatu|bandalismoa}}

Aldiz, lehendik zegoen artikulu bat aldatu bada, begiratu orriaren historia eta desegin bandalismo ekintzan egin diren aldaketak.