Vienako Bigarren Eskola

XX. mende hasierako konpositore talde bat, A. Schönberg eta bere ikasleez osatua

 

Vienako Eskolaren bilera bateko argazkia, Richard Fish argazkilariak 1944 eta 1948 bitartean aterata

Vienako Bigarren Eskola (alemanez: Zweite Wiener Schule, Neue Wiener Schule) XX. mendearen hasieran Arnold Schönbergek eta haren ikasleek, bereziki Alban Bergek eta Anton Webernek, Vienan osatutako konpositore taldea izan zen. Hasiera batean haien musika estilo erromantiko-berantiarrak markatutako tonalitate hedatuak definitzen zuen arren, laster zentru tonalik gabeko musika espresionista guztiz kromatikoa bilakatuko zen, atonalitate izenez ezagutua. Beranduago, Schönbergek hamabi tonuen teknika serial bat garatuko zuen, dodekafonismo deiturikoa. Adorno pentsalariak esan zuenez, behin dodekafonismoaren ideia ondo osaturik eta uztarturik, hau "botila batean sartutako mezu izugarria" da, etorkizun ezezagun eta zalantzagarri bati zuzendua.[1] Teknikaren garapena gertatu zen arren, ez zen lankidetzaren ondorio izan, ezta denbora-lerro zuzen batean jazo ere. Halaber, ez zen Schönbergen irakaskuntzaren zuzeneko emaitza izan, hau zeharo tradizionala eta kontserbadorea baitzen, haren argitaratutako zenbait testuliburutan ikus daitekeenez. Testuliburu hauek ere erakusten dute nola Vienako Bigarren Eskola ez zen zehazki Schönbergen metodo serialaren garapenetik sortu, baizik eta haren eragin artistiko eta sortzailetik.

Kideak aldatu

Schönbergez gain, eskolako kide nagusiak Alban Berg eta Anton Webern izan ziren, haren konposizioko lehen ikasletarikoak izan zirenak. Biek dagoeneko ekoitzita zuten estilo erromantiko-berantiarrean musika oparo eta talentuduna, baina Schönbergen irakaskuntzatik disziplina eta norabide artistiko berria jaso zutela zeritzoten. Belaunaldi hartako beste zenbait kide Ernst Krenek, Heinrich Jalowetz, Erwin Stein eta Egon Wellesz izan ziren, eta geroxeago Eduard Steuermann, Hanns Eisler, Robert Gerhard, Norbert von Hannenheim, Rudolf Kolisch, Paul A. Pisk, Karl Rankl, Josef Rufer, Nikos Skalkottas, Viktor Ullmann eta Winfried Zillig. Schönbergen ezkonanai zen Alexander Zemlinsky noizbehinka Vienako Bigarren Eskolako partaidetzat ere hartzen da, nahiz eta hau ez zen inoiz Schönbergen ikasle izan eta inoiz ez zion tonalitatearen ikusmolde tradizionalari uko egin.

Bergek eta Webernek erabateko kromatismora jarraitu zioten Schönbergi, eta biek bereganatu zuten era batera edo bestera haren teknika dodekafonikoa. Hala ere, hau ez zen kasua izan bere gainerako ikasleentzat; batzuk denbora luze baten ondoren bereganatu zuten teknika, beste batzuk aldiz ez zuten inoiz guztiz aplikatu. Gerhard kataluniarra, Hannenheim transilvaniarra, Skalkottas greziarra, Zillig eta beste hainbat ikasle berantiar ere eskolako kidetzat hartu ohi dira, nahiz eta gehienek (Gerhard salbuetsita) ez zuten Schönbergekin Vienan ikasi, Berlinen eskaintzen zituen masterclassetan baizik.

Orokoreean eskolako partaidetza ez da Schönbergek 1933an AEBetan izan zituen ikasleetara zabaltzen (hala nola John Cage, Leon Kirchner eta Gerald Strang), ez eta Vienako Bigarren Eskolako estiloan lanak idatzi zituzten konpositoreetara (adibidez, Glenn Gould pianista kanadiarra). Hala eta guztiz, Schönbergen ikasleek izandako beste zenbait ikasle, tartean Bergen ikasle izandako Hans Erich Apostel eta Webernen ikasle izandako René Leibowitz, Leopold Spinner eta Ludwig Zenk, eskolako partaidetzat hartu ohi dira.

Vienako Lehen Eskola aldatu

Alemaniar musika literaturak Schönbergen eskolari "Wiener Schule" edo "Neue Wiener Schule" modura egiten dio erreferentzia. "Vienako Lehen Eskola" inoiz izan ote den ala ez eztabaidagarria da. Sarritan pentsatu ohi da terminoak XVIII. mende amaieran eta XIX. mende hasieran Vienan egondako estilo klasikoko maisuei, hala nola Joseph Haydni, Wolfgang Amadeus Mozarti, Ludwig van Beethoveni eta Franz Schuberti, egiten diola erreferentzia. Mozartek eta Schubertek Haydnekin ikasi ez bazuten ere, Mozart eta Haydn bata bestearekiko miresle izan ziren. Beethovenek, ordea, jaso izan zituen Haydn maisuaren irakaspenak, nahiz eta ez zuen harekiko Bergek eta Webernek Schönbergekiko izan zuten ikasle erlazioa bezain erlazio estua izan.

Erreferentziak aldatu

  1. Volbach, W. R.; Adorno, Theodor W.. (1950). «Philosophie der neuen Musik» Books Abroad 24 (4): 394.  doi:10.2307/40089560. ISSN 0006-7431..

Kanpo estekak aldatu