Vervinsko bakea Henrike IV.a Frantziakoak eta Filipe II.a Espainiakoak 1598ko maiatzaren 2an Vervinsen (gaur egun Aisne departamenduan) sinatu zuten bake ituna da. Hitzarmen honek Henrike II.ak eta Filipe II.ak berak sinatutako Cateau-Cambresisko bakearen (1559ko apirilaren 3a) klausulak berretsi eta berri batzuk erantsi zituen.

Testuingurua aldatu

Henrike III.a Frantziakoa hil zenean (1589) legezko oinordekoa Henrike Nafarroakoa zen. Baina Liga Katolikoak ez zuen onartu higanot bat Frantziako errege izan zedin. Ligak Espainiako Filipe II.aren laguntza jaso zuen. Flandesen zeuden Alessandro Farnese osteak Parisen sartu ziren eta han egon ziren ia gatazka amaitu arte[1]. Errege izan ahal izateko 1593an Henrikek protestantismoaz arnegatu zuen, eta 1594ko martxoaren 22an Parisen sartu zen.

Hala ere hiri askok Henrike Nafarroakoa onartu gabe jarraitu zuten. Karlos Mayennekoa buru zuen Liga Katolikoak, diru eta tropa espainiarren sostenguarekin, ez zuen amore ematen. 1595eko urtarrilaren 17an Frantziak gerra deklaratu zion Espainiari. Ondoko urtean Frantziak, Ingalaterrak eta Probintzia Batuek Espainiaren aurkako ituna sinatu zuten. Alberto Austriakoak Calais[2] (1596ko apirila), Ardres (1596ko maiatza) eta Amiens (1597) hartu zituen Espainiarentzat[3]. Baina espainiarrak ez zeuden egoera hobean. 1596an ingelesek Cádizko badian zegoen itsas armada espainiarra suntsitu eta hiria harpilatu zuten[4].

Gerrak estatuen indarrak eta finantzak agortu zituen[1]. Horiek horrela Frantzia eta Espainiak, Alessandro Mediciren bitartekotzarekin, bakea negoziatu zuten. 1598ko maiatzaren 2an bake hitzarmena sinatu zen.

Edukia aldatu

Hitzarmen honen arabera:

  • Frantziak Calais, Ardres, Doullens, Metz, Toul eta Port-Louis berreskuratu zituen.
  • Espainiak Charolais bizkonderria eta Cambrai atxiki zituen.
  • Filipe II.ak Henrike Nafarroakoa Frantziako erregetzat ezagutu zuen[5].

Erreferentziak aldatu

  1. a b Álvaro ARAGON RUANO: Vervins-etik Pirinioetako Bakea arte: balidoen aroa Espainian eta Frantzian.[Betiko hautsitako esteka] Los Papeles de Pedro Morgan, II
  2. The history of Calais Calais.ws
  3. Jean MEYER: Vervins Paix de (1598) Encyclopædia Universalis
  4. Saqueo de Cadiz (1596) Ingenierosdelrey.com
  5. Vervins Grands Traités de la France

Kanpo estekak aldatu