Van der Waalsen indar

Atomo edo molekula apolarren arteko erakartze-indar ahulak, Londonen indarrak eta dipolo-dipolo indarrak barnean hartzen dituztenak.

Kimikan eta fisikan, Van der Waals-en indar terminoa molekularteko indarren osotasuna adierazteko sinonimo gisa erabiltzen da. Indar hauek molekula egonkorren artean sortzen dira, eta ahulak dira lotura kobalente edo ionikoekin alderatuz gero. Historikoki izena indarren multzo osoa adierazteko erabili da, J. D. van der Waals fisikari nederlandarrak, indar hauei bere izena eman zionak, molekularteko indar erakarlea eta aldaratzailea, biak aintzat hartu baitzituen.

Definizioa aldatu

Van der Waals-en indarrak molekulen, elementu aske diatomikoen eta banakako atomoen arteko behin-behineko erakarpen eta aldarazpenak barne hartzen ditu. Lotura kobalenteak eta lotura ionikoak ez bezala, Van der Waals-en indarrak ez dira egonkorrak, partikulen uneko polarizazioaren ondorioz sortzen baitira. Elektroiek ez daukate kokapen finkorik atomo edo molekulan; haatik, mekanika kuantikoan oinarritutako probabilitateen arabera banatuta daude. Hori dela eta, gerta daiteke elektroiak modu orekatuan banatuta ez egotea eta haien arteko karga elektrikoak ere orekatuta ez egotea.

Oro har, molekularteko potentzialak molekula-konplexuen kolapsoa eragozten duen alde aldaratzaile bat dauka. Aurrekoaren kontrapisu gisa, alde erakarle bat ere badauka. Azken honek hiru osagai dauzka:

  1. Kargen arteko elkarrekintza elektrostatikoak (molekula-ioien kasuan), dipoloen artekoak (inbertsio-zentrorik gabeko molekulen kasuan), kuadrupoloen artean (simetria kubikoa baino baxuagoa daukaten molekula guztien kasuan) eta, oro har, multipolo iraunkorren artean. Elkarrekintza elektrostatikoari Keesom-en elkarrekintza edo Keesom-en indarra ere deritzo.
  2. Bigarren erakarpen-iturria Debye-ren indukzioa da ("polarizazioa" ere deitzen zaio), hau da, molekula baten multipolo iraunkorraren eta beste molekula baten multipolo induzituaren arteko elkarrekintza. Elkarrekintza hau debye-tan neurtzen da.
  3. Hirugarren erakarpenari London-en dispertsioa deritzo. Gas nobleek jasaten duten erakarpen-mota bakarra da, baina edozein molekula-bikotetan agertzen da, beren simetria kontuan hartu gabe.

Zenbait testutan "Van der Waals-en indarra" deitzen zaio indar hauen guztien multzo osoari, baina beste batzuetan erakarpen-indarrak soilik adierazteko erabiltzen dute (gainera, Van der Waals-Keesom, Van der Waals-Debye eta Van der Waals-London indarrak bereizten dira) eta, azkenik, beste batzuetan London-en dispertsio indarra adierazteko soilik erabiltzen da. Beraz, "Van der Waals-en indar" terminoa testu batean aurkitzean, egilea zein eskolatakoa den kontuan izan behar da.

Van der Waals-en indar guztiak (gas nobleen atomo biren artean gertatzen direnak salbu) anisotropikoak dira, hau da, molekularen orientazio erlatiboaren araberakoak dira. Indukzioa eta dispertsioa erakarleak dira beti, baina elkarrekintza elektrostatikoa molekularen errotazioaren funtzioan aldatzen da, eta erakarlea edo aldaratzailea izan daiteke molekulen kokapenaren arabera.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu