Uztaileko Egunak 1917ko uztailaren 3tik uztailaren 7ra[oh 1] Errusiako Behin-behineko Gobernuaren aurka, soldadu, marinel eta industria-langileek manifestazio armatuak egin zituzten. Otsaileko Iraultzarekin alderatuta, giroa nahasia, ilunagoa eta haserreagoa zen. Orokorrean, Errusiako Iraultzaren pasarte garrantzitsutzat hartzen da.

1917ko uztailaren 4an egindako manifestazioa

Behin-behineko gobernuak Boltxevikeei leporatu zien biolentzia erabili izana, eta alderdiaren aurka jo zuen, bere dispertsioa ekarriz eta hainbat lider atxilotuz. Vladimir Lenin Finlandiara joan zen, eta Leon Trotski izan zen atxilotuetako bat. Uztaileko Egunen ondorioz boltxevikeen indarra ahuldu zen Urriko Iraultza baino lehen.

Aurrekariak aldatu

Manifestaldi horiek, Lehen Mundu Gerraren jarraipenaren kontra hasi ziren, batez ere aurreko egunetan izan zen ofentsiba militarra (ofentsiba horrek ez zuen alemaniar frontea puskatzerik lortu eta gainera langile eta baserritar jatorriko soldadu asko alferrik hil ziren) eta langileek eta baserritarrek jasaten zuten gosea zirela eta. Gainera, kontuan hartu behar da Behin-Behineko Gobernua krisian zegoela, izan ere, uztailaren 2an kadeteek (Georgi Lvov lehen ministroak izan ezik) Gobernua utzi zutela, Gobernuak Ukrainaren autonomia onartzearen kontrako protesta gisa. Gobernuko ministro sozialistek eta hauen alderdiek, eseristek eta mentxebikeek, liberalak Gobernura itzul zitezen saiatzeak eta Gobernu sozialista bat eratzeari edota are Sobietaren peko Gobernu bat aldarrikatzeari uko egiteak (Tseretelik Sobieten Komite Exekutiboak Ohiz-kanpoko bilera batean gai honi buruz hitz egitea proposatu zuen) langile eta langile jatorriko soldadu askoren ezinegona piztu zuen[1].

Beste arrazoi batzuk ere izan baziren, adibidez, anarkistak ekainean Gobernuak eurek okupatu zuten Durnovo etxaldetik desalojatzearen erabakiarekin haserre zeuden; eta gainera, Petrogradeko goarnizio militarra (ezker erradikalerako joera zuena), zurrumurruen arabera, Gobernuak frontera bidaltzeko asmoa zuen; adibidez Ametrailatzaileen Lehen Unitatea[oh 2].

Manifestazio hauen helburua Sobietek (gehiengo eserista eta mentxebikea zutenek) boterea hartzea zen, ez manifestazio hauek berez botere hartzea. Bestetik boltxebikeek (manifestariek hurbilekotzat zuten alderdiak) ez zuten ez boterea hartu nahi, ez Sobieten kontra aurrez-aurre joan nahi. Stalinek uztailaren 23an Rabotxi i Soldat (Langilea eta Soldadua) egunkarian azaldu zuen bezala:

Manifestariek ez zuten Sobieta uzkaili nahi (…) Sobietak boterea har zezan baizik (…) Baina Komite Exekutiboko kideek ez zuten iraultzaren bidea jarraitu nahi izan. Stalinek, boltxebikeen mitin batean, manifestazioak alderdi sozialistei eginiko gonbidapen bat bezala deskribatu zituen. Bestetik, Leninek, manifestazioak deitu baino pixka bat lehenago, uztailaren 1ean, manifestazioaren izpiritua iragartzen zuen artikulu bat atera zuen Nor da erantzulea? izenburupean, bertan Mentxebikeek eta eseristek iraultza traizionatuko ez balute, Sobieten Komite Exekutiboa maiatzean boterean zegokeen esan zuen; praktikan hori zen manifestazioek eskatzen zutena.

Gertaerak aldatu

Manifestazioaren deialdi eta ardurak aldatu

Uztaileko manifestazioaren aurrean, Alderdi Boltxebikeak oro har posizio ofizial aldakorra izan zuen, eta sekula ez zuzendaritzakoa, eta are gutxiago manifestazioa erradikaltzearen aldekoa. Izan ere, Alderdiaren posizio ofiziala, Sobietetan (langileen ordezkari ziren organoetan) gehiengoa lortu arte, matxinada armatuak edo boterea hartzeko saiakerak errealistatzat ez jotzean zetzan. Are gehiago, uztailaren 2an, Petrogradeko Konferentzia Boltxebikean Moisei Volodarskik ukatu egin zuen alderdiak beste manifestazio bat deituko zuenik, eta Erakunde Militar Boltxebikeari “parterik ez hartzeko” agindua eman zion Komite Zentralak. Haatik, muturreko boltxebike askok manifestaldi horiek Behin-behineko Gobernuaren aurkako matxinada bihurtu nahi izan zituzten; muturreko jarrera honek batez ere oinarri militantean izan zuen babesa, zuzendaritzaren artean, Andrei Bubnov izan zen manifestazioak Alderdi gisa babestearen aldeko kiderik nabarmenena (Vera Slutskaiak ere bat egin zuen).

Horrez gain, Erakunde Militar Boltxebikeak ere manifestazioak babestu zituen, baina ez boterea asaltatzeko asmoz (Erakunde honetako kide batek, Nevskik, aitortu zuen: gure lanak, Erakunde Militar Boltxebikearenak, ernaldu zuen manifestazioaren izpiritua, hau da, ordena zuzenik zegoenik ere ez zuen esan). Stalinek gerora idatzi zuen moduan Manifestazio hau, apirilekoa izan zen bezala, kalearen haserrearen, masen oldarkortasunaren emaitza izan ziren. Trotskiren arabera Boltxebikeek bereak eta bi egin zituzten hau manifestazio soil batetan gera zedin (…) baina manifestariak boterea uzkailzteko prest zeuden.

Eskuineko zein Gobernuaren aldeko prentsak, Alderdi Boltxebike osoa egin zuen erantzule, Boltxebikeen Estatu-kolpe saiakera izango balitz bezala. Richard Pipes historiagileak ere posizio hau babesten du, Uztaileko Egunak “Leninek inoizko hanka-sartzerik handiena” bezala deskribatzen baititu, eta egungo bertsio ezaguna boltxebikeen desitxuraketaren ondorio bailitzan aurkezten du. Egun horietan Nikolai Sukhanov mentxebikeak ere antzeko akusazioak egin zituen, Lenin, Trotski eta Lunatxarski buru zirela Gobernu berri bat aldarrikatu nahi omen zuten manifestariek.

Ez zen halakorik izan, aurreko egunetan, Lenin bera oporretan zegoen Finlandian Damian Bedni poeta boltxebikearekin eta Vladimir Bontx-Bruievitxekin; eta Petrogradera manifestazioen berri jakin orduko itzuli zen, uztailaren 4an iritsi zelarik (manifestazioak uztailaren 3an hasi ziren). Robert Service bere biografoaren arabera, uztailaren 4an esnatu zenean, Leninek oraindik ez zekien ezer. Manifestazioak hein handi batean espontaneoak izan ziren, nahiz eta oinarriko militante boltxebike askok eta behe-mailako ordezkari boltxebike askok (eta hein txikiago batean, ezkerreko eserista batzuek) tropak kalera ateratzeko asmoa izan eta horretan ekin. (Ez zen hau anarkisten kasua izan, hauek kolektibo edo mugimendu bezala saiatu baitziren manifestazio jendetsu eta armatuak antolatzen). Serviceren arabera: Boltxebikeek eta Mezhraionkak ez zituzten manifestazioak antolatu, baina bereak eta bi egin zituzten euren oinarriko militanteen espektatibak handitzeko.

Uztailaren 3a aldatu

Uztailaren 3an hasi ziren manifestazioak, batez ere Ametrailatzaileen Lehen Erregimenduaren iniziatibaz, eta batez ere anarkisten bultzadaz[oh 3]. Erregimendu horrek beste unitate militarrengana eta langileengana ordezkariak bidali zituen, eta Putilov fabrikako langileen (Petrogradeko fabrikarik handiena, greban zegoena) eta Kronstadteko marinelen babesa lortu zuen. Arratsaldeko hiruetan, oraindik, Alderdi Boltxebikea ez zegoen manifestazioekin ados, eta ez manifestatzeko deia egin zuen. Arratsaldeko lauetan heldu zen agindu hori, Stalinek Manifestazioarekin bat ez egiteko erabakia hartu genuen esan zuen, eta Stalin berak erabaki hori baieztatu zuen arratsaldeko 5etan; hala ere, arratsaldean manifestazioak boltxebikeen egoitzara egin zuten, Alderdiaren babesa lortzeko asmoz (Alderdikide asko manifestazioan zeuden, batez ere Erakunde Militar Boltxebikekoak, Semaxko buru).

Alderdiak ez zuen manifestazioak geratzerik lortu, eta beraz manifestazioekin bat egin zuen, nahiz eta botere-hartzerik ez ikusi. Stalinek zioen bezala, "arratsaldeko zazpietan (…) gure Alderdiko kide batzuk atera ziren manifestariei itzultzeko konbentzitzen saiatuz, eta hauek txistu egin zieten (…) orduan bat egitea erabaki genuen, izaera baketsua emateko asmoz”; Kamenevek esan zuen moduan “gu ez gara manifestazioa deitu dutenak, baina behin egon badaudela, hauek antolatuak izan daitezen dagokigu".

Boltxebikeen iradokizuna Tauride jauregira joatea zen, han Petrogradeko Sobieta biltzen baitzen, Sobietari boterea har zezaten konbentzitzera. Arratsaldeko 7etan bi aldetako tropak posizioak hartzen ari ziren, eta 8etan manifestazioa hasi zen. Bidean tiroketak izan ziren, eta 60 edo 70 mila soldaduk egin zuten bat, babesik gabe zegoen jauregiaren aurrean (bidean tiroketa batzuk izan ziren). Langileek nahi izango balute, boterea hartu ahal izango zuketen, baina ez zen hori haien helburua, baizik eta Sobietak boterea har zezan. Sobietak ez zuen halakorik nahi, nahiz eta boltxebikeek proposatu zuten mozio bat, “Gobernu sobietarraren aldekoa” onartu zuten, eta goizaldean, manifestazioak erretiratu egin ziren. Stalinen arabera, gauerdian 30.000 pertsona zeuden oraindik kaleetan.

Uztailaren 4a aldatu

Uztailaren 4ko manifestazioak jendetsuagoak izan ziren, egun hori greba batekin hasi baitzen. Kasu honetan Alderdi Boltxebikeak manifestazioak babestu zituen hasieratik, baina aurreko egunean bezalaxe, Sobietekin konfrontaziorik bilatu gabe, Borondatea adieraztera deitu zituzten langileak eta soldaduak (aurreko gauean hartu zuten erabakia, leloa “Botere osoa Sobietentzat!” izango zen). Erabaki honen bultzatzaile nagusia Stalin izan zen: Alderdia ezin da zurikeriatan ibili esan zuen eta berak idatzi zuen uztailaren 4ko proklama (Stalinen arabera, aurreko egneko gaueko 11etan hartu zen erabakia). Egun horretan Erakunde Militar Boltxebikeak hasieratik manifestazioekin bat egin zuen, baina ez ofentsiba bezala.

Alderdi Boltxebikeak egun horretan protestekin bat egin zuen, baina Sobietek boterea har zezaten helburuarekin, ez Sobietaren zuzendaritzaren kontra egitearen helburuarekin. Petrogradera egun horretan iritsi zen Lenin, Alderdi Boltxebikearen egoitzan bildutako manifestariei moderazioa eskatu zien (Antza denez, Alderdiaren egoitzara iristerakoan, oso haserre zebilen manifestazioekin bat egin zuten muturreko boltxebikeekin: “Jipoia jaso beharko zenuketen!” esan omen zien). Egun horretan milioi erdi manifestari bildu ziren Sobietaren egoitzaren aurrean, baina aurreko egunean bezalaxe, helburu argirik gabe. Gobernuaren aldeko frankotiratzaileek Nevski eta Liteini kaleen bidegurutzean manifestarien kontra tiro egin zuten, 400 bat hil zituztelarik, honek manifestariak are gehiago haserretu zituzten.

Manifestazio hauen kontraesanek, egun honetan, 1917ko pasarterik ezagunenetako bat gertatu zen; langileek Behin-behineko Gobernuaren egoitza inguratu zutelarik, Viktor Txernov eseristen alderdiburua eta Nekazaritza Ministroa manifestariak lasaitzera atera zenean, hauek atxilotu egin zuten; batek Txernovi ukabila erakutsiz: Har zak boterea eskura ematerakoan, putasemea hi! oihukatu ziolarik. Trotskiren esku-hartzeak utzi zuen Txernov aske. Egun horretan Gobernuak frontetik tropak erretiratzea eta Gobernuaren alde borrokatzeko Petrogradera ekartzea adostu zuten. Hau indartzeko, Pereverzev Justizia ministroak Lenin eta alemaniarrak lotzen zituen ustezko frogak aurkeztu zituen (berez bukatu gabe zegoen ikerketa bati zegozkionak), gerora froga horiek faltsuak zirela atzeman zen, Stalinek negoziatu zuen Sobieteko lehendakari Txkheidzerekin irain horiek prentsan atera ez zitezen, eta Txkheidzek egunkarietara hots egin zuen; baina egunkari gehienek hasieran zurrumurruak ateratzeari uko egin bazioten ere –eskuin muturreko Zhivoe Slovo (“Hitz Bizia”) izan zen bakarra- Pereverzevek bere kontu atera zituen).

Hala ere, Sobietak botererik hartuko ez zuenez (Leninek gerora esan zuen “Spiridonova eta mentxebike internazionalistak prest zeuden boterea hartzeko”), manifestariak, etsiturik erretiratu egin ziren; nahiz eta nahi izango balute, boterea hartzeko gai izan baziren. Kronstadteko marinelek Peio eta Pauloren gotorleku-kartzela hartu zuten erretiratzen ari zirelarik.

Uztailaren 5a aldatu

Uztailaren 5ean Gobernuaren aldeko tropak Petrogradera iristen hasi ziren, eta jada Gobernuaren aldekoak indartsu sentitzen hasi ziren. Sobietak eskuineko eseristen mozio bat onartu zuen, koaliziozko Behin-behineko Gobernuari babesa adierazten ziona. Egun horretan boltxebikeen kontrako errepresioa hasi zen, adibidez, Gobernuaren aldeko tropek Pravda egunkariaren erredakzioa saltatu zuten, egunkaria itxiz (Lenin atxilotzear izan ziren, baina honek ihes egin zuen minutu batzuk lehenago, Stalinek konbentzituta), eta alderdiak egoitza bezala erabiltzen zuen Ksexinskaia Jauregia inguratu zuten. Eskuineko herritarrak, Lenin eta alemaniarrak lotzen zituen informazio sentsazionalistek hauspotuta, boltxebikeak jipoitzera eta Gobernuaren defentsan atera ziren. Bestetik, langileak bi egunetan helbururik eta zio konkreturik gabe manifestatu ostean, atsekabetuta desmobilizatu egin ziren, eta boltxebikeek manifestazioak deskonbokatu egin zituzten (Antza denez, Sobieteko buruetako batekin, Mikhail Liberrekin akordioa lortu ostean hartu zuten erabaki hori). Eseristek eta mentxebikeek (edo behintzat alderdi hauen zuzendaritzek) nahiago izan zuten burgesia liberalarekin eta inperialismoarekin aliantzan jarraitu, langile iraultzaileekin bat egin ordez.

Uztailaren 6tik aurrera aldatu

Uztailaren 6aren goizaldean Gobernuaren aldekoek Ksexinskaia Jauregia hartu zuten, eta boltxebikeen kontrako jazarpena handitu egin zen. 6an bertan, boltxebikeek, langileei greba bertan behera uzteko eta uztailaren 7an lanera itzultzeko agindua eman zien. Egun horretan Leninen, Zinovieven eta Kameneven kontrako atxiloketa ordenak eman zituen Gobernuak. Leninek eta Zinovievek klandestinitatera egin zuten, epaiketa justua izango ez zelakoan, eta bidean tropek hil egin ahal zituztelakoan. Egun honetan baita, Gobernuaren tropek Peio eta Pauloren gotorleku-kartzela hartu zuten.

Uztailaren 8an Georgi Lvovek lehen ministro postua utzi egin zuen eta Aleksandr Kerenski eseristak hartu zuen postua. Honela justifikatu zuen Lvovek bere dimisioa: Aukera bakarra dago, langileak desarmatzea eta Sobieta ixtea. Nik ezin dut egin, baina Kerenskik bai. Uztailaren 8an bertan Leninek epaitegien aurrean ez agertzeko erabakia hartu zuen, erabaki hori 15ean egin zen publiko[oh 4].

Ondorioak aldatu

Boltxebikeen irakurketak aldatu

Uztaileko Egunetan langileen porrotaren arrazoi nagusia zuzendaritza falta eta helburu konkretuen falta izan zen. Izan ere, alde batetik ez zuten boterea hartu nahi, beste batzuk har zezaten baizik, baina ez zuten ezta ere boterea hartzeko hautagairik: Sobietak ez zuen botererik hartu nahi, eta boltxebikeek ez zuten boterea hartzea posible ikusten. Beste alde batetik, manifestariek programa finkorik ere ez zuten, ez zegoen argi “Gobernu sobietarra” otsaileko iraultzaren erreformak handitzeko ezarri nahi bazuten, edo bigarren iraultza (sozialista) bat egiteko nahi bazuten (boltxebikeek programa argia zuten, baina esan bezala, ez zuten boterea hartu nahi).

Leninek esan zuen moduan Uztaileko egunetan boltxebikeek ez zuten eraikin bat bera ere hartu. Leninek uztailaren 7an egin zuen irakurketan, uztailaren 3-4ko manifestazioak, apirileko eta ekaineko manifestazioekin lotu zituen, eta masen suminduran ezarri zuen arrazoia. Bestalde, Petrogradetik at, manifestazio hauek apenas izan zuten oihartzunik, eta hala, oso zaila zen boterea hartzea eta litekeenez kontra agertu ahal zen baserrigunearen kontra huraxe mantentzea. Stalinek Alderdi Boltxebikearen VI Biltzar Nagusian esan zuen bezala: Bai, uztailaren 3an eta 4ean boterea har genezakeen, Sobieta boterea hartzera behar genezakeen. Baina botereari eusterik izango genukeen? Tokiko Sobietak, nekazal-probintziak, fronteko tropak gure kontra jaikiko ziratekeen. Trotskik egin zuen irakurketaren arabera Masek boterea Sobietentzat nahi zuten, baina hauek ez zuten botererik nahi (…) boltxebikeek boterea hartu zezaketen, baina honi eustea beste kontu bat da (…), proletalgoa ez baitzegoen borroka batetarako homogeneizatua. Trotskik ere badio Petrogradetik at manifestazioek oso oihartzun gutxi izan zuten. Stalinen arabera, urte batzuk geroago idatzi zuen Urriko Iraultza eta errusiar komunisten taktika liburuxkan adierazitakoa, [uztailean] Alderdiak ez zuen langile eta baserritarrez osatutako armada politiko bat (…) uztailekoa, apiriletik urrirakoan masen mugimenduaren gorakada joeran, Alderdiak mugimendu honen zuzendaritza hartzeko (…) eta armada politiko prestatzen laguntzeko urrats bat izan zen.

Stalinen arabera, uztaila garai horietan gure taktikaren arlo nagusia zen mentxebikeak eta eseristak isolatzeko ahalegin barruan ulertu behar da, Mentxebikeek eta eseristek osatutako Gobernu sobietar baten eraketak (…) boltxebikeei agitazio askatasuna eta iraultzaren garapen baketsuaren bidez Sobieten barruan gehiengoa lortzea ahalbideratuko zielako (…) Honek proletalgoaren diktadura ezartzeko baldintzak errazten zituen, mentxebikeak eta eseristak boterean jarriz (…) euren izaera agerian geratuko zelako eta masak eurengandik urruntzea eta isolatzea azkartu egingo zuelako. Leninek esan zuenaren arabera Ondotxo genekien orduan ez genuela gehiengorik Sobietetan. Beraz, Gobernuaren krisi baten aurrean, mentxebike eta eseristek nahiago izan zuten kadeteekin estuago lotu eta hauekin bat egin (Gobernura itzul zitezen eskatuz) boltxebikeekin bat egitea baino.

Behin-behineko Gobernuaren erantzuna aldatu

Behin-behineko Gobernuak langileen aurkako errepresio odoltsua burutu zuen eta Alderdi Boltxebike osoa errudun egin zuen; prentsa boltxebikea legez kanpo utzi zuen eta arduradun boltxebikeak atxilotzeko agindua eman zuen: asko espetxeratuak izan ziren (Kollontai eta Kamenev, adibidez) eta beste batzuek, Leninek eta Zinovievek adibidez, klandestinitatera igaro behar izan zuten; halere, Behin-behineko Gobernuak ez zuen Alderdi Boltxebikea deuseztatzerik lortu. Uztaileko egunen ostean, ez lehenago, hedatu zen Lenin eta boltxebikeak alemaniar espioi gisa deskribatzeko kanpaina. Eskuineko prentsak orduan Nekazaritza ministro zen Txernov eserista ere jomugan jarri zuen, honek 1915ean Zimmerwaldeko Manifestua (gudaren aurkakoa) sinatu zuela eta. Izan ere, eskuineko indar ezberdinek (kadeteek baita ere), Behin-behineko Gobernuarekiko eta hau babesten zuen Sobietarekiko geroz eta erretxazo handiagoa zuten, eta diktadura antzeko baten alde paratzen hasi ziren.

Sobieta bera ere Taurida Jauregitik atera-arazi zuten eta Smolni Institutura eraman zuten. Boltxebikeen egoera klandestino honek, abuztuko Korniloven altxamendua arte iraun zuen. Sobietak boterea hartzeari uko egin zionez eta gainera Gobernuarekin lerratu zenez, boltxebikeek Botere osoa Sobietentzat! leloa alde batera utzi zuten, eta lan politiko legala (posible zen neurrian) eta ilegala bilbatzeko erabakia hartu zuten. Lelo politiko hori alde batera uzteko erabakian, Leninek iraultzaren garapen baketsurako egokia (…) baina uztailaren 4aren osteko egoeraren aldaketaren ostean, ezinezkoa zela argudiatu zuen. Eseristen eta mentxebikeen artean, Uztaileko Egunetan gertatutakoak alderdien zatiketa eragin zuen koaliziozko Gobernuarekin loturak indartu zituztenen eskuin aldearen eta honekiko eszeptizismo geroz eta handiagoa zuen ezkerraren artean.

Oharrak aldatu

  1. Egutegi juliarreko datak, Gregoriar egutegian uztailaren 16tik 20ra gertatu zen.
  2. Petrogradeko Sobietaren “Lehen Dekretuaren” arabera, Gobernuak ezin zuen troparik mugiarazi Sobietaren baimenik gabe; Richard Pipes historiagile eskuindarrak erabaki hau babesten du, ezen “inongo Gobernu demokratikok ezin du utzi bere armada erradikalen erabakien menpe egon dadin”
  3. Pipesek okerbidez Ametrailatzaileen Erregimendua boltxebikeekin identifikatzen du: momentu horretan, Alderdi Boltxebikea ez zegoen ekainekoaren ostean bigarren manifestazio jendetsu bat konbokatzeaz konbentzituta. Komite Zentraleko Tomski kideak, “manifestazioa espontaneoa eta elementu batzuek bere kasa deitutakoa” izan zela zioen eta “orain, ekimena gure eskuetan hartzea arriskutsua zitekeen” esan zuen
  4. Leninek, antza denez hasieran entregatu nahi zuen, baina Stalinek eta Ordzhonikidzek konbentzitu zuten halakorik egin ez zezan, epaiketa baino aurretik hilko ez zuten bermerik ez zegoela eta)

Erreferentziak aldatu

  1. Artikulu honetan erabiltzen den testuaren gehiengoa CC-0 lizentzia librea duen [k17.eus k17.eus] webgunetik hartu eta moldatua izan da.

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu