Utricularia Lentibulariaceae familiako landare intsektujaleen generoa da. 215 espezie inguru dira, kontinente guztietan banaturik daudenak, Antartikan izan ezik. Ur gezako habitatetan eta lurzoru hezeetan hazten dira.

Utricularia
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaLamiales
FamiliaLentibulariaceae
Generoa Utricularia
Banaketa mapa

Normalean uretako izaki bizidun mikroskopikoez elikatzen badira ere, noizean behin arrainkumeren bat harrapa dezakete. Landare hauen ezaugarri morfologikorik nabarmenena, beren harrapakinak harrapatzeko uraren azpian azaltzen dituzten "utrikulu zurrupatzaileak" izeneko xurgatze tranpak dira. Harrapaketa mekanismo hori landare karniboroetan garatu den sistemarik konplexuena da, eta berari esker uretan ugari diren ur arkakusoak, eltxoen larbak, protozooak... eta noizbait arrainkumeren bat harrapatzen dute. Utricularia minor eta Utricularia australis dira genero honek Euskal Herrian azaltzen dituen espezieak.[1][2]

Erreferentziak aldatu

  1. Euskal Herriko landare karniboroak. Argia aldizkaria, 2002ko abenduak 15, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-5-10).
  2. Iglesias-Carrasco, Maider. Nueva cita de Utricularia australis R. Br. en el País Vasco.. Munibe Ciencias Naturales. Natur zientziak, ISSN-e 0214-7688, 61, 2013, 149-152 orrialdeak, aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-5-10).

Kanpo estekak aldatu