Urretxindor arrunta (Luscinia megarhynchos) muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, Europan eta hego-mendebaldeko Asian bizi dena[2]. Hegazti honen kantua famatua da oso eta honi esker askotan agertu da literaturan eta arte munduan.

Urretxindor arrunt
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1) [1]
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMuscicapidae
GeneroaLuscinia
Espeziea Luscinia megarhynchos
Brehm, 1831
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa2,65 g (pisua jaiotzean)
Zabalera24 cm
Kumaldiaren tamaina4,5
Eguneko zikloaeguneko
Errute denbora14 egun
Luscinia megarhynchos megarhynchos

Bere kantuagatik da ezaguna urretxindorra. Arrek emea erakartzeko abesten dute eta abesti errepertorio oso handia dutela frogatu izan da. Beste txori askok ez bezala, urretxindorrek gauez ere abesten dute ugaltze-sasoian zehar, erraza suertatzen delarik hauek bereiztea orduan. Hegazti hau klima mediterraneoarekin lotuagoa dago eta beraz, Euskal Herriko hegoaldean azaltzen zaigu baitik bat, nahiz eta Bizkaian bikote ugaltzaileren bat ere deskribatu izan den.

Deskribapena aldatu

Urretxindorrak itxuraz bereiztea ez da hain erraza suertatzen eta kantuagatik bereizi ohi da batik bat. Izan ere, ezaugarri bereizgarri askorik gabeko txori txikia da, txantxangorria baino zertxobait handiagoa. 14-17 zentimetroko luzera du eta 20-24 zentimetroko hego-zabalera. 18-23 gramo pisatu ohi du.

Arre kolorekoa da eta sabelaldea argiagoa du. Isats zabala du, gaztaina kolorekoa eta begi beltz handiak, eraztun zuri batekin apainduak. Arrak eta emeak itxuraz antzekoak diren arren, askotan arrak handiagoak dira, hego-zabalera handiagoarekin. Aldiz, emeak astunagoak dira, arren tasa-metabolikoak azkarragoak baitira, kantua dela eta.[3]

Antzeko espezieak

  • Lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaceus): Urretxindorrak 10 luma ditu isatseak eta lezkari arruntak 12.
  • Benarriz gorrizta (Locustella luscinioides): Urretxindorrak 10 luma ditu isatsean eta benarriz gorriztak berriz, 12.
  • Errekatxindorra (Cettia cetti): Errekatxindorra txikiagoa da, ilunagoa eta hego motzagoak ditu.

Kantua aldatu

Ez dago txoririk urretxindorrak bezain sakon eta gogotsu kantatzen duenik. Kantu erabat aldakorra du eta beraz, abeslari moduan duen gaitasunagatik da ezaguna urretxindorra.

Kantu ozena du, txistu, borbor eta bestelako soinuekin. Hala ere, bere kantuaren ezaugarri bereizgarrienetako bat, in crescendo doan txistua da. Egunez kantatzen du baina abestiak, gauerdira arte luzatu daitezke, beste hegaztiak dagoeneko kantari ez dauden arte, eta orduan gailendu egiten da. Hori dela eta, urretxindorraren izen arruntak gauarekin zerikusia du hizkuntza ugaritan.[4]

Berriki deskribatu denez, hiriguneetan urretxindorren kantua ozenagoa da, errazago bereizi dadin.[3]

Arrek emeak kantuen bidez erakartzen dituzte. Ar zaharrenen ugalketa-arrakasta askoz handiagoa da, kantu errepertorio luzeagoa izaten dutelako eta baita urteetan zehar irabazitako lurraldea ere handiagoa izaten delako. Gazteena baino % 53 luzeagoa da zaharren errepertorioa eta 180-260 abestiz osatuta dagoela frogatu da.[5]

Banaketa aldatu

Europa hegoalde eta mendebalde guztian zehar hedatzen den espeziea da. Populaziorik handienak Italia, Frantzia, Kroazia, Bulgaria eta Espainian agertzen dira[6] eta horiek, kopuru totalaren ia %80a osatzen dute.

Iberiar penintsula ia osoan zehar agertzen da baina eskualde eurosiberiarrean ez da hain arrunta.[7] Euskal Herriko hegoaldean izaera autoktonoa du, eta Arabako eta Nafarroako erdialde-hegoaldean hedatzen da batik bat. Hala ere, Bizkaia mendebaldean eta hegoaldean bikote ugaltzaileak behatu izan dira (Karrantzan, Enkarterrin, Ganekogortako mendigunean eta Orduñan).[8]

Euskal Herriko iparraldean udako migratzailea baino ez da. Hala ere, eremu mediterraneo azpikantauriarrean baino ugariagoa da eta eremu atlantikoan, berriz, ia erabat falta da.[8]

Habitata aldatu

Zuhaixkak ugari diren lekuetan bizi da; esaterako, larreetan, baratzeetan, ibar-basoetako oihanpean, ibai-ertzetan, hesi-bizietan eta herriguneetako parkeetan. Giro fresko eta laiotzak nahiago ditu eta ez da agertzen mendi garai eta zonalde elkorretan.[9]

Elikadura aldatu

Urretxindorra batik bat intsektujalea da eta lurrean aurkitutako kakalardo]]ak, inurriak eta armiarmak jaten ditu. Intsektuen larbak ere jan ohi ditu maiz. Udazkenean, fruituez elika daiteke.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Ugaltze-sasoia oso garai gogorra da urretxindorrarentzako, abestean energia ugari gastatzen duelako. Arren abesti-maiztasuna maiz euren egoera fisikoaren adierazle izan daitekeenez, emeek abeslaririk onenak hautatuko dituzte.[10] Arrak oso lurraldekoiak dira eta hori babesteko beste arrekin borrokatuko dira.[11] Ahaleginak ahalegin, parekatze-arrakasta ez da oso altua eta arren % 49ak ez du bikoterik lortuko.[10]

Ugaltze-sasoia maiatza erdialdera hastean da eta ekainera luza daiteke. Emeak belar eta orbelaz habiak eraikitzen ditu zuhaixka trinkoetako adarretan. Emeak 4-5 arrautza errungo ditu, 21x16 mm eta 2,7 g-koak. Emeak 13-14 egunez inkubatzen ditu arrautzak baina guraso biak arduratuko dira txitak elikatzeaz. 11-13 egunen buruan txitek habia utziko dute baina urtea bete arte ez dute heldutasun sexuala lortuko.[10]

Bizimodua aldatu

Urretxindorrak kantua erabiltzen du komunikatzeko. Txistuak, ugaltze-sasoian erabiltzen dituzte eta txistu kopurua asko murrizten da arrek bikotekidea aurkitzen dutenean. Eme bat erakarri nahian dabiltzanean, arrek gauerdira arte abestu dezakete eta pisu asko galtzen dute orduan (Thomas 2002). Galera metaboliko horren ondorioz, arrek egunak jaki bila pasa behar izaten dituzte, gehiago abesteko denbora galduz baina era berean, predatzaileen atzaparretaz babestuz.

Kontserbazioa aldatu

Bere egoera ezezaguna da baina Euskal Herrian 4.000 bikote ugaltzaile daudela estimatzen da.[12]

Erreferentziak aldatu

  1. BirdLife International (2004). Luscinia megarhynchos. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006. www.iucnredlist.org. Jaitsiera data: 12 May 2006. Database entry includes justification for why this species is of least concern
  2. Svensson, Lars; Peter J. Grant. (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins.
  3. a b Thomas R.. (2002). «Costs of singing in nightingales» Animal Behaviour (63): 959-966..
  4. Kunc H, Amrhein V, Naguib M.. (2005). «Acoustic features of song categories and their possible implications for communication in the common nightingale (Luscinia megarhynchos)» Behaviour (142): 1083-1097..
  5. Kiefer S, Spiess A, Kipper S, Mundry R, Sommer C, Hultsch H.. (2006). «First-year common nightingales (Luscinia megarhynchos) have smaller song-type repertoire sizes than older males» Ethology (112): 1217-1224..
  6. Tucker GM, Heath MF.. (1994). Birds in Europe: their conservation status. Cambridge: BirdLife International.
  7. Purroy. (2014). Enciclopedia virtual de los vertebrados españoles. .
  8. a b Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I.. (1985). Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
  9. Hewson C, Fuller R, Day C.. (2005). «An investigation of habitat occupancy by the nightingale Luscinia megarhynchos with respect to population change at the edge of Its range in England» Journal of Ornithology (146): 244-248..
  10. a b c Schmidt R, Kunc H, Amrhein M, Naguib M.. (2006). «Responses to interactive playback predict future mating success in nightingales» Animal Behaviour (72): 1355-1362..
  11. Kunc H, Amrhein V, Naguib M.. (2006). «Vocal interactions in nightingales, Luscinia megarhynchos: more aggressive males have higher pairing success» Animal Behaviour (72): 25-30..
  12. Fernandez A, Galarza A.. (1985). «Estructura y estacionalidad de las comunidades de aves en distintos medios del tramo costero del País Vasco» Boletín de la Estación Central de Ecología (29): 59-66..