Urdatx

Zuberoako udalerria

Urdatx, edo Santa Grazi okzitanieraz, Zuberoako hego-ekialdeko muturrean dagoen udalerria da, Basabürüa eskualdekoa. Tokiko ondasunik ezagunenak Kakuetako arroila eta Done Jakue bideko eliza erromanikoa dira.

Urdatx
 Zuberoa, Euskal Herria
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Zuberoa
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaOloroe-Donamaria
KantonamenduaEuskal Mendialdea
Izen ofiziala Sainte-Engrâce
AuzapezaAlbert Aguiar
(2008-2014)
Posta kodea64560
INSEE kodea64475
Herritarraurdaxtar / santagraztar
Ezizenakontrabandista salbajiak
Kokapena
Koordenatuak43°00′51″N 0°51′15″W / 43.0142°N 0.8542°W / 43.0142; -0.8542
Map
Azalera72,69 km2
Garaiera300 – 1.881 metro
Distantzia33 km (Maule-Lextarretik)
Demografia
Biztanleria193 (2018:  −7)
Dentsitatea2,9 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 14,88
Ugalkortasuna[1]‰ 51,24
Ekonomia
Jarduera[1]% 77,27 (2011)
Desberdintasuna[1]% 6,92 (2011)
Langabezia[1]% 0 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 70,52 (2010)
Erabilera% 41,13 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera1085. urtea
Webguneahttp://www.sainte-engrace.com/


Ikuspegi orokorra

Izena aldatu

Udalerriak Urdatx izenak du euskara batuan. Euskaltzaindiak, bere izen zerrendetan, Urdatx izenari ematen dio lehentasuna, Santa Grazi okzitanieratik dator.[2][3]

Izen bi horien ahoskerak hauek dira, Euskarazko Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan: [urðatʃ] eta [s̺anta gras̻i].

Geografia aldatu

Ingurune naturala aldatu

Urdatx udalerria Pirinioetako ipar mazelan dago, Uhaitxa ibaiaren haranean. Bi herrixkak osatzen dute: Santa Grazi kasernak eta Santa Grazi herriak, biak 113 departamendu-errepidean kokatuak. Eskola eta udaletxea kasernan daude, eliza, berriz, herrian, 5 kilometrora.

Orografia malkartsua du udalerriak eta hainbat mendi aipagarri daude haren lurretan: Binbaleta (1.758 m), Izarbe (1565 m), Jora (1.069), Lakhura (1.877 m) eta Ütziagaña (1618 m), besteak beste.

Kakuetako arroila ezaguna ere udalerrian dago.

 
Kakuetako arroila
 
Ehujarreko arroila

Hidrografia aldatu

Udalerria Uhaitzandiren ibaiadar hauek zeharkatzen dute:

  • Uhaitxa eta haren adarrek:
    • Abitola erreka
    • Behizarie erreka
    • Gahardoi erreka
    • Kakuetako arroileko erreka eta haren adarrak (Axura erreka, Althañeta erreka eta Larregorri erreka)
    • Heil erreka
    • Inkhazkubu erreka
    • Itzal erreka eta haren adarra (Agarratze erreka)
    • Lukhubiñe erreka
    • Montxola erreka
    • Murrubeltz erreka eta haren adarra (Basabarrondo erreka)
  • Letxartsu erreka
  • Ihitsaga erreka, Uthurtzeheta errekaren adarra, eta berau Uhaitzarena.

Udalerrian zentral hidroelektriko bat dago.

Udalerri mugakideak aldatu

Urdatx Bearnorekin da mugakidea ekialde eta ipar-ekialdean, eta Nafarroa Garaiarekin hegoaldean.

Historia aldatu

 
Santa Graziko eliza.

Urdatxen historia hango elizari lotua dago, Donejakue bideko etapa izatearen ondorioz Erdi Aroa bitartean garrantzia handia izan zuen kolejiatatik gelditzen den ondare ikusgai bakarra.

Kondairaren arabera Santa Grazia 303. urtean bere senargaia zen Narbonako duke batekin biltzeko Pirinioak zeharkatzeko prestatzen ari zela Zaragozan harrapatu zuten kristaua zen. Aragoiko hiriburuan martirizatua, lapur batek bere besoa lapurtu omen zuen Urdatx inguruko haritz baten azpian lurperatzeko. Beste hainbat mito bezala, idi batek aurkitu omen zuen erlikia hura, haritzaren oinean belaunikatu eta adarrak pizten baitziren. Horrela, bertan eliza eraiki zen. Haritza antzinako herrientzat zuhaitz sakratua zen eta horrek eliza leku sakratu aurre-kristau batean eraiki zela adierazi lezake.

Erreferentzia zaharrenaren arabera Urdatxen 12 kalonjedun kolegiata zegoen. 1085ean Antso V.a herrialdeaz jabetu eta kolejiata Leireko monasterioaren esku utzi zuen.

XII. mendearen erdialde inguruan Urdatxeko kolegiata gune gorenean zegoen. Santa Graziko elizaren ondoan Done Jakue bideko erromesak hartzen zituen ospitalea zegoen. Zuberoako parrokiarako erromeri leku bezala ere hartu zen. Nafarroa, Aragoi eta Bearnoko printzeak bisitatu zuten.

Gorabehera politikoek Kolegiataren gainbehera eragin zuten. XIV. mendean Frantziako eta Ingalaterrako erregeen arteko gatazkak (Ehun Urteko Gerra) izan ziren. XV. mendean, berriz, frantsesen eta gaztela-aragoitarren arteko liskarrak izan ziren Nafarroaren kontrola izateko, eta XVI. mendean, Frantziako erresuma porrokatu zuten Erlijio Gerrak ditugu. Santuaren erlikia galdu egin zen, Santiagorako erromesaldiak ia eten ziren, eta ospitalea erori. Iraultzarekin Estatuak erlikia konfiskatu eta saldu zuen. Eliza bakarrik gelditu zen.

1841. urtean eliza monumentu historiko izendatu zuten. Haren zaharberritzea 1983an hasi zen.

Demografia aldatu

Biztanleriaren bilakaera
1793 1800 1806 1821 1831 1836 1841 1846 1851
1.057 1.258 1.056 1.275 1.457 1.402 1.340 1.451 1.337
1856 1861 1866 1872 1876 1881 1886 1891 1896
1.229 1.221 1.174 1.045 1.013 999 994 941 931
1901 1906 1911 1921 1926 1931 1936 1946 1954
902 883 889 851 727 815 772 628 589
1962 1968 1975 1982 1990 1999 2009 2014 2020
566 529 510 391 319 250 - - -

2006ko biztanleria INSEEk emandako behin-behineko datua da

Kultura aldatu

Maskaradak aldatu

Herriak antolatutako azken maskaradak 1994an eta 2010ean izan dira[4].

Urdatxeko Junes Casenave[5] (Ahotsak proiekturako).

Euskara aldatu

1968an 500 bat biztanle zituen, eta % 95 ziren euskaldunak. 2010ean, ordea, 200 bat baizik ez ziren hor bizi, hizkuntzaren transmisioa etenda dago familia gehienetan, eta eskolan frantsesez baino ez da irakasten[6]. Euskalkiari dagokionez, zubereraren aldaera den Basabürüako hizkera[7][8] gailentzen da herrian.

Ondasun nabarmenak aldatu

 
Urdatxeko disko itxurako hilarriak.

Urdatx ezaguna da bata bestearen alboan dituen XI. mendeko Santa Graziko eliza erromanikoa eta hilarri tradizionalak dauzkan hilerria direla eta.

Elizarekin batera Kakuetako arroila da udalerriko turismo-erakarlerik nagusiena.

Urdatx 870 kilometroan zehar Mediterraneotik Pirinioetara doan GR 10 ibilbidean dago.

2010eko uztailaren 1etik aurrera La Verna kobazuloa ere dago ikusgai, munduko 10. gelarik handiena.

Eliza aldatu

 
Elizako erromanikoaren kapitel narratibo bat.

Leireko monasterio nafarrak sortu zuen Urdatxeko eliza (Santa Graziko eliza) 1085. urtean, Donejakue Bidea egiten zuten erromesentzako ospitale bat ere bazuela. Hala, Konpostelarako bidean geltoki garrantzitsua bihurtu zen, Pirinioak zeharkatu baino lehenagoko eremuan.[9]

Eraikin erromanikoa dugu, laukizuzen itxurako oinplanoa duena. Zirkuluerdiko itxurako absideetan bukatzen diren hiru nabetan zatitua dago, erdikoa alboetakoak baino zabalagoa dela. Halaber, lauki itxurako kanpandorre batez hornitua dago.

Azpimarratzekoak dira kanpoko ataria eta barneko 12 kapitel apainduak. Azken hauek hainbat aldiz zaharberritu dituzte eta jatorrizko kokapena aldatua egon daitekeela ohartarazi beharra dago. Kapitelon apaingarriek gai ezberdinak irudikatzen dituzte, besteak beste, Jesusen jaiotza, zenbait animalia, lehoiek jandako kristauak edo Salomon erregea Sabako erreginarekin.

Urdaxtar ospetsuak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. Euskaltzaindia: 99. araua: Zuberoako herri eta herritarren izenak.
  3. Euskaltzaindia: Euskal Onomastikaren Datutegia.
  4. [1][Betiko hautsitako esteka], Aikor.
  5. «Casenave Harigile, Junes - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-14).
  6. Santa Graziko azken maskaradak?, Argia, 2.261. zkia., 2010eko urtarrilaren 23a.
  7. «Basabürüa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  8. «Santa Grazi - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  9. Santa Graziko udala

Kanpo estekak aldatu

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Zuberoa