Urbasa-Andia natura parkea

Urbasa-Andia natur parkea Sakana hegoaldean eta Lizarrako merindadeko iparraldean kokatzen da. Guztira 21.408 hektareako azalera du, gehiena pagadiz eta larrez osatuta. Natura parkeko punturik baxuena 835 metrotara dago eta altuena 1.492 metrotara. Gailurrik altuenak Beriain (1492m), Dulantz (1243m), Urbasako gaina (1154m) eta Santa Marina mendiak dira[1].

Urbasa-Andia natura parkea
Datu orokorrak
Motanatura-parke
Azalera27.857,68 ha
Geografia
Map
Koordenatuak42°52′34″N 2°05′20″W / 42.876°N 2.089°W / 42.876; -2.089
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia

Nafarroako Gobernuak 1997ko otsailaren 27an izendatu zuen natura parke[2]. Mendilerro biak partzuergoak dira, jabea Nafarroako Foru Erkidegoa izanik.

Geografia aldatu

 
Urbasa-Andia mendigunea

Natura parkea lau zatitan banatuta dago[1]:

Osatutako eremuak muga hauek ditu[3]:

Parkean dauden mendiak hauek dira:

Geologia aldatu

Estratigrafia eta paleogeografia aldatu

Urbasa-Andiako arroka gehienek itsasondoan sedimentatu ziren materialetatik sortu ziren. Urbasa-Andiaren historia geologikoan zehar itsas mailak aldaketa ugari eduki zituen. Itsas ingurunearen sakoneraren arabera sedimentazio ezberdinak eman zen. Bartan aurkitutako fosilak horren adierazle dira. Nagusiki bi sedimentazio ingurune nagusi bereizten dira[4]:

  1. Hego-mendebaldeko goi-ordokia: Sakonera txikiko itsas ingurunea zen. Organismo karedunak (koralak, briozooak, algak...) bizitzeko baldintzak zeuden, besteak beste, argia zutelako. Ingurune honetan, organismo karedunen prezipitazioz eta trinkotzeaz sortutako kareharriak dira arroka ugarienak.
  2. Ipar-ekialdeko ezponda eta hondo abisala: Apurtutako arrokak lehorraldearen eta itsas hondoaren artean metatzean sortutako ingurune inklinatua zein sakonera handiko itsasondoak ziren. Bertan ez zegoen argi nahikorik organismo karedunak bizitzeko. Nagusiki lokatza sedimentatzen zen, eta honen litifikazioz tupak eratu ziren. Itsas mailaren aldaketek bereziki eragin handia eduki zuten sedimentazio ingurune honetan.

Historia geologikoa aldatu

Urbasa-Andiako arroka zaharrenak ipar-ekialdeko ezponda eta hondo abisaletan eratu ziren tupak dira. Arroka hauek Goi Kretazeoko Santoniar estaian eratu ziren duela 85 milioi urte. Bertan ekinodermatuen fosil ugari topatu dira.

Goi Kanpaniar eta Behe Maastrichtiar periodoetan, duela 69 eta 67 milioi urte artean, itsas maila nabarmen jaitsi zen. Urbasa eta Andiako inguruneek somerizazio prozesua jasan zuten, hau da, sedimentuen pilaketa gero eta sakonera txikiagoko itsasoetan eman zen itsas mailaren jaitsieraren ondorioz. Hala, hondo abisalak goi ordokiaren parte izatera iritsi zen. Garai berean, harea kantitate handiak sedimentatu ziren goi ordokietan Nafarroa hegoaldeko hainbat lurralde itsasondotik azaleratzearen ondorioz. Honek organismo karedunak bizitzea eragotzi zuen eta kareharria beharrean hareharriak eratzea. Aipatzekoa da, ez dagoela garai honetako materialik Urbasan ezta Andian ere, sedimentatutako hareharriak gerora higatuak izan zirelako. Bada, ordea, honen ebidentzia Alaitz eta Entziako mendateetan.

Kretazeo amaieran, duela 67 eta 65 milioi urte artean, itsas maila igo zen. Hala, organismo karedunak berriro ere ugaritu ziren Urbasan. Olazagutiako igoeran dauden kareharriak dira honen ebidentzia esanguratsuenak. Andia, ordea, sakonera handiko ingurunean geratu zen eta tupak eratu ziren kareharrien ordez.

Paleozenoaren eta Eozenoaren arteko trantsizioan, duela 55 milioi urte, itsas mailak posizio gorena hartu zuen. Urbasan zein Andian sakonera handiko itsas ingurunean geratu ziren, tupen sedimentazioa izanik nagusi. Kareharrien metaketa Urbasa-Andiaren hego mendebaldean eman zen, Arabako Entzia mendilerroan, hain zuzen.

Ypresiar eta Luteziar artean, duela 55 eta 44 milioi urte artean, itsas maila jaitsi zen. Urbasan eta Andia hegoaldean kareharriaren somerizazioa eman zen. Andia iparraldean eta Beriaingo mendilerroan tupak sedimentatu ziren. Garai honetan itsas mailaren jaitsiera hain nabarmena izan zen, non Urbasako mendilerroa itsasondotik azaleratu baitzen. Euriteek Urbasan aurrez sedimentatu ziren materialak nabarmen higitu zituen, honen ebidentzia izanik Urederra iturburuaren goialdean agertzen diren arrokak.

 
Makroforaminiferoak

Luteziar eta Behe Bartoniar periodoetan, duela 44 eta 40 milioi urte artean, itsas maila berriro igo zen, Urbasa ur azpian geratuz. Urbasan alga koloniak ugaritu ziren, arrezife egitura ugari eratuz. Andian, ordea, makroforaminiferoak ziren nagusi. itsas korronteek makroforanimiferoak goiko guneetatik beheko guneetara desplazatzean estratifikazio gurutzatua deritzen geruza inklinatuak eratu ziren. Honen adibideak Lizarragan aurkitu dira.

Goi Eozenoan, duela 40 eta 34 milioi urte artean, itsas maila jaitsi zen. Garai honetan goi-ordokiko somerizazioa mugatua zegoen eta igeltsudun tupak eratu ziren. Igeltsudun tupen gainean harearria metatu zen, olatuek eratutako ripple egiturak nabarmenak direlarik. Honek, garai honetan, itsasoaren eta lurrazalaren arteko muga Urbasan kokatua zegoela adierazten du.

Eozenotik Oligozenorako trantsizioan Urbasa-Andia behin betiko azaleratu zen. Hori dela eta Oligozeno eta Miozeno periodoetako arrokak, duela 34 eta 5 milioi urte artekoak, lurrazalean sedimentatu ziren. Garai honetako arrokak oso urriak dira, eta Lizarrako sakonunean aurkitzen dira gehienak.

Tektonika aldatu

Goi Kretazeoan Iberiar plaka eta Eurasiar plaka bananduak zeuden. Iberiar plaka iparralderantz desplazatzen joan zen harik eta bi plakek talka egin zuten arte. Bi plaken arteko eremuan tolesdurak eta failak eratu ziren eta urpean zeuden hainbat material azaleratu ziren Pirinioak sortuz. Urbasa-Andian gertatu zen Oligozenoko itsas erregresioa piriniar sistemaren eraketarekin erlazionatuta dago.

Aktibitate tektoniko horren ondorioz lurrazalean zeuden hainbat material ekialde-mendebalde norabidearekin tolestu ziren. Parke-naturaleko arroka geruza gehienek U luzatuaren forma dute, geruzen erdialdean arroka gazteenak eta kanpoaldean arroka zaharrenak aurkitzen direlarik. Tolesdura mota honi sinklinal deritzo, eta Urbasan, Andian eta Beriain-Satrustegin agertzen dira. Bestetik, Ergoienako haranean U forma alderantzikatua duen antiklinala ageri da. Tolesdura mota honetan, geruzen erdialdean arroka zaharrenak aurkitzen dira eta kanpoaldean arroka gazteenak.

Ekialde-mendebalde norabidea duten tolesdura hauek deskribatzea konplexuagoa da failak kontuan hartuz gero. Faila hauek, nagusiki, ipar-hego norabidea dute. Urbasan nahiko urriak dira, Santa Marina ermitako faila eta Otsaportilloko faila aipagarrienak izanik. Andian, ordea, faila sistema bat ageri da mendilerroaren erdialdean. Failarik garrantzitsuena Zunbeltzekoa da, Urbasa eta Andia bereizten dituen malkarra eratzen duelako.

Andiako faila sistemaren sorrera bi gertaera geologiko nagusiren ondorio da. Gertaeretako bat, Iruñeko failatik sakonera handian zegoen Triaseko buztina irtetea izan zen. Material hauen kanporaketak eratutako tentsioen ondorioz hainbat faila eratu ziren diapiroen inguruan, besteak beste, Andian. Andiako faila sisteman eragina eduki zuen beste gertaera Gareseko antiklinalaren handitzea izan zen.

Geomorfologia aldatu

Urbasa eta Andiako mendilerroak behin betiko itsasondotik irtetean, eurite, elurte eta beste hainbat faktorek arrokak higatu dituzte. Erosio prozesu nabarmenena material bigunek jasan dute, besteak beste, Eozenoko tupek eta buztinek. Jatorrian tupak zeuden gainazaletan orain sakonuneak agertzen dira, material bigunak erabat higatu baitziren. Hala ere, lurrazalean dauden arroka ugarienak kareharriak dira, eta hauek ez dira tupak bezain erraz higatzen.

Higadura agenteen eragina handiagoa da gune altuetan. Tolesdura antiklinaleko tontorrak, besteak beste Ergoienagako haranak, erosio sendoa jasan zuen. Kasu honetan, lurrazalean zegoen kareharria baztertua izan zen higidura handiaren ondorioz. Honen ostean, tupak azaleratu ziren, eta hauek material bigunak izanik, erabat higatu ziren. Hori dela eta, gaur egun harana ikusten dugu jatorrian tontorrik altuena zegoen lekuan. Tolesdura sinklinala duten mendilerroek, besteak beste Urbasako eta Andiako mendilerroek, kareharrizko geruza sendoa dute gainazalean. Hauen altuera jatorrizko Ergoienagako tontorrarena baino baxuagoa izanik, bi mendilerroek ez zuten higidura sendoa jasan eta bertako kareharria ez zen erabat baztertua izan. Hori dela eta, jatorrian baxuak ziren mendateak gaur egun mendirik altuenak dira. Fenomeno honi erliebe iraulia deritzo.

 
Urbasa-Andiako koba baten sarrera

Karst aldatu

Kareharriak azido karbonikoarekin erreakzionatu eta disolbatzean karst sistema eratzen da. Exokarsta lurrazalean agertzen diren egiturek osatzen dute. Egitura esanguratsuenak lenarrak, poljeak, soluzio dolinak eta iturburuak dira. Endokarsta, aldiz, lur barneko egiturek, besteak beste, akuiferoek, koba bertikalek eta koba horizontalek osatzen dute.

Lenarrak morfologia irregularreko egiturak dira kareharriak azido karbonikoarekin erreakzionatu eta disolbatzean eratutakoak. Poljea inguruan altxatutako eremuak dauzkan haran laua da. Euriteetan akuiferoetara doazen errekak ageri dira bere erdialdean. Honen adibide dira Urbasako Lautada eta Zaldibe.

 
Urederra ibaiaren iturburua

Dolinak metro bat eta zortzi metro bitarteko diametroa duten sakonuneak dira. Bertako arrakaletatik ura xurgatzen da barneko galerietara igaroaz. Urak arrakalen alboetako kareharria disolbatzean, arrakalak zabaldu egiten dira koba bertikalak eta horizontalak eratuz. Ura lur barnean beherantz doa material iragazgaitzekin topo egiten duen arte, Goi Kretazeoko tupekin hain zuzen ere. Sakoneko tupa eta lutita iragazgaitz hauek, lur barnera perkolatu den ura kanporantz bideratzen dute, behean arroka iragazgaitza eta goian arroka iragazkorra, Paleozenoko kareharria, duten pasabide horizontaletatik.

Ur hau lurrazalera igarotzen den guneei iturburu deritze, eta Urederrako iturburua da natura-parkeko adibide esanguratsuena. Urederra Urbasako iturburu nagusia da, 4,5 metro kubiko segundoko emaria du eta 175 kilometro karratutan infiltratu diren urak kanporatzen dira. Andiako iturburu nagusiak Riezu eta Arteta dira, 2,25 metro kubiko segundoko emaria eta 3,25 metro kubiko segundoko emaria dutenak hurrenez hurren. Aipatzekoa da iturburuak ez direla nahikoa lur barneko ur guztia kanporatzeko. Hori dela eta, perkolatu den ura behin behinekoz akuiferotan bilduko da lurrazalera kanporatu arte.

Klima aldatu

Urbasa-Andiak klima ozeanikoaren eta kontinentalaren arteko muga ezartzen du. Klima ozeanikoaren eragina iparraldeko mendi-hegaletan eta mendilerroaren gailurretan nabari da. Bertara ozeano atlantikotik datozen ipar-ekialdeko aire hezeak iristen dira. Hala prezipitazioak ugari dira urte osoan zehar, nahiz eta udan eskasagoak izan. Horrez gain, tenperatura aldaketak nahiko lausoak dira. Natura-parkearen hegoaldeko haranetan klima kontinentala ageri da. Prezipitazioak urriagoak dira eta tenperatura aldaketak bortitzagoak, hau da, uda beroagoak eta negu hotzagoak dira[4].

Asimetria klimatikoaren adierazle diren datuak (1971)
Estazioa Altitudea (m) Prezipitazioak (mm) Anplitude termikoa (°C)
Altsasu 520 1.153 14,5
Urbasa-Bioditza 885 1.253 14,3
Iratxe 480 673 16,9

Prezipitazioei dagokionez, iparraldeko eta hegoaldeko hegaletan nabari den bariazioa itzal orografikoaren ondorio da. Ipar-ekialdetik datozen fronte hezeek iparralderantz orientaturiko hegaletan eragiten dituzte prezipitazioak. Hasiera batean hezea zen airea jada lehorturik igarotzen da hegoaldera. Hori dela eta, hegoaldean iparraldean baino urriagoak dira prezipitazioak. Hilabeterik euritsuena Abendua da eta lehorrena Uztaila. Lurzorua, urtean berrogei bat egunez dago elurrez estalia, bataz beste.

Altitudeak eragin nabarmena du tenperaturan. Altitudean 100 metro igo hala, 0,6 °C jaisten da tenperatura. 1000 metroko desnibel ezberdintasuna duten bi puntu hartuz gero, goiko kotan (Beriain, 1494m) ia urte osoan zehar egin dezake izoztea, aldiz, punturik baxuenean (Altsasu, 520m) izozteak oso urriak dira.

Klimaren eragina faunan eta floran aldatu

Klimaren eragina nabarmena da floran. Natura-parkeko iparraldean pagoak dira nagusi eta hegoaldean arteak eta erkametzak.

Urbasa-Andia klima ozeanikoaren eta kontinentalaren arteko muga izateak, eurosiberiar eta mediterranear faunek espazio berbera partekatzea ahalbidetzen du. Eurosiberiar espezie batzuk gailurretako uhandrea (Triturus alpestris), kantauriar sugegorria (Vipera seoanei), kaskabeltz txikia (Parus palustris) eta muxar grisa (Glis glis) dira. Mediterranear jatorria duen adibidea apo lasterkaria (Epidalea calamita) da.

Kasu batzuetan, eurosiberiar eta mediterranear faunaren banaketa bat dator eurosiberiar eta mediterranear landarediarekin. Beste batzuetan, ordea, posible da mediterranear jatorriko animaliak pagadietan topatzea eta eurosiberiar jatorriko animaliak arteetan topatzea.

Fauna[4] aldatu

Pagadia aldatu

Basoan dauden goroldio, belarkara, zuhaixka eta zuhaitzen dibertsitatearen arabera nitxo ekologiko gehiago edo gutxiago egongo dira. Baso konplexuetan animalia dibertsitate handiagoa egongo da, eta baso sinpleetan animalia dibertsitatea txikiagoa. Esaterako, udaberrian pagoei hostoak irtetean argi gutxi iristen da lurzorura. Hori dela eta zuhaixka eta belarkara gutxi agertzen dira, eta animalien dibertsitatea ere txikia da.

Pagoak mantentzen duen hezetasuna onuragarria da anfibioentzat ugaltzeko putzuak behar dituztelako. Anfibioen adibide batzuk, arrabioa, baso-igel gorria, txantxikua, apo arrunta, eta gailurretako uhandrea dira. Azken hau Iberiar Penintsulan soilik kantauriar mendikatean, Urbasan, Andian, Aralarren eta Lokizen agertzen da. Apo lasterkaria ere ageri da pagadietan nahiz eta mediterranear klimako joera eduki.

Pagoaren hezetasuna anfibioentzat onuragarria den bezala muskerrentzat ez da onuragarria. Hala ere, pagadietan ziraunak, mendebaldeko musker berdea, aspis sugegorria, sugandila bizierrulea eta horma-sugandila aurkitzen dira.

Pagadiko hegazti bereizgarrienak kaskabeltz txikia (Parus palustris), garrapoa (Sitta europaea) eta gailupa (Pyrrhula pyrrhula) dira. Pagadiko hegazti ugarienak, aldiz, txonta arrunta, (Fringilla coelebs), txantxangorria, (Erithacus rubecula), pinu-kaskabeltza, (Parus ater), zozoa, (Turdus merula), txepetxa, (Troglodytes tro­glodytes), erregetxo bekainzuria, (Regulus ignicapillus), kaskabeltz handia, (Parus major), birigarroa, (Turdus philomelos), amilotx mottoduna, (Parus cristatus), eta eskinosoa (Garrulus glandarius) dira.

Alpetar kakalardo adarluzea eta apolo tximeleta pagadietan aurkitzen diren ornogabe babestuak dira.

Pagadiko ugaztun aipagarrienak satitsu buztankarratua, (Sorex araneus), satitsu txikia, (Sorex minutus), lursagu gorria, (Myodes glareolus), sagu lepahoria, (Apodemus favicollis), eta muxar grisa (Glis glis) dira. Ugaztun handiagoa ere ageri dira, adibidez azeria (Vulpes vulpes), azkonarra, (Meles meles), erbinudea (Mustela nivalis), basurdea (Sus scrofa) eta basakatua, (Felis sylvestris). Orkatza (Capraeolus capraeolus) desagertua izanagatik, gaur egun badira orkatza. Ale batzuk euren kabuz inguruko natur eremuetatik etorri ziren. Beste batzuk, aldiz, gizakiak eginiko birpopulaketaren ondorio daude bertan.

Ur ekosisteman aldatu

Uren ezaugarri fisiko-kimikoak nahiko ezberdinak dira natura-parkeko gune ezberdinetan eta honek eragin nabarmena du ur ekosistemetako faunaren distribuzioan. Goi-ibilguko urak gardenak dira mantenugai faltarengatik. Gune honetan aurkitzen diren ur-laster eta ur-jauzi ugariak onuragarriak dira uraren oxigenaziorako. Inguruko landareen hostoak arroketara finkatzen diren ornogabe bentonikoek prozesatzen dituzte. Behe-ibilguko urak, ordea, epelagoak, geldoagoak eta mantenugaietan aberatsagoak dira. Honek guztiak algen hazkuntza handiagoa ahalbidetzen du.

Goi-ibilguan agertzen diren arrainak amuarraina, (Salmo trutta), ezkailua (Phoxínus phoxinus) eta ortzadar-amuarraina (Oncorhynchus mykiss) dira. Azken honek piszifaktorietatik alde egiten du goi-ibilguetara. Barboa (Barbus bocagei), eta hegoaldeko loina txikia (Chondrostoma toxostoma), ohikoagoak dira behe-ibilguetan nahiz eta goi ibilguetan ere aurki daitezkeen.

Anfibioak nahiko ugariak dira, besteak beste, aipagarrienak ur-igel arrunta (Pelophylax perezi), eta apo arrunta (Bufo bufo) dira. Muskerretan ingurune urtarrak oso gustuko dituzten suge gorbataduna (Natrix natrix) eta suge biperakara (Natrix maura) dira aipagarrienak.

Goi-ibilguetan agertzen diren hegaztiak ur-zozoa (Cinclus cinclus) eta buztanikara horia (Motacílla cinerea) dira. Lehenak, harriak astintzen ditu ornogabeen bila, eta bigarrena uretatik kanpo dauden intsektuez elikatzen da. Martin arrantzalea (Alcedo atthis), behe-ibilguetan agertzen da eta arrain txikiak janez elikatzen da.

Ur ekosistemetako ugaztun aipagarrienak ur-satitsua (Neomys fodiens), eta mendebaldeko ur-arratoia (Arvícola sapidus) dira. Mustelidoen hainbat espezie agertzen dira erreketan, besteak beste, ipurtatsa, (Mustela putorius,) eta ur-ipuratsa (Mustela lutreola) azken hau Urederran, Egan eta Arakilen agertzen delarik. Igaraba (Lutra lutra), duela urte gutxi desagertu zen natura-parkean.

Fauna harpetarra aldatu

Natura-parkeko egitura endokarstikoetan bizi diren ugaztunak ferra saguzar-handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra saguzar txikia, (Rhinolophus hipposideros), eta arratoi belarria (Myotis myotis) dira.

Fauna harpetarra hobeto ezagutzeko ikerketa sakonagoak egin dira Urbasako Karstetan, Olazagutiako mendatetik 440 metro ekialdera aurkitzen den koba batean hain zuzen ere [5]. Bertan 17 espezie ezberdin identifikatu dituzte, espezie mota bakoitzeko ale gutxi aurkitu direlarik (populazio dentsitate baxua). 17 espezie hauen kategoria ekologikoak troglofilo, troglobio, stygofilo eta stygobio dira, azken biak urtarrak direlarik. Espezie hauetariko batzuk Tertziariokoan sortuak dira eta baldintza gogorretan bizitzera egokituta daude.

Fauna harpetarra aztertu zuten lekutik gertu errepidea igarotzen da. Neguko elurteetan errepidean erabiltzen diren gatzek fauna harpetarrean kalteak eragingo ote zituen aztertu nahi zuten. Lortutako emaitzek, ordea, ez dute hori baieztatu, izan ere, fauna akuatikoko kopeopodo ugari topatu dira. Adituen ustez, errepideetako gatzek kopeopodoei eragin ez izanaren arrazoia kopeopodoek gatz kontzentrazio ezberdinetan bizitzeko duten gaitasuna izan daiteke. Gaitasun hau kopeopodoak jatorrian krustazeoekin erlazionatuta zeudelako mantenduko lukete.

Fauna babestua aldatu

94 hegazti espezie, 30 ugaztun espezie eta 17 narrasti eta anfibio espezie zenbatu dira. Hauetatik, urtxintxa, azeria, basakatua, azkonarra, sai arrea, belatza edo lepazuria dira nabarmenenak. Desagertzeko zorian dauden bi espezieak ondorengoak dira:

Flora[4] aldatu

 
Pagadi bat

Pagadiak aldatu

Pagadiak dira natura parkeko landare komunitate nagusiak. Pagoak 12.000 hektarea baino gehiagotan aurkitzen dira. Urbasan dago pagadi gehien. Andian ez dago ia pagadirik, larreak izanik nagusi azken honetan.

Pagadietako landarediaren estrategiak

Gainerako landareek hainbat estrategia dituzte pagadien itzalek eratutako baldintza gogorrei aurre egiteko:

  • Udaberriko geofitoek garapen azkarra eta galkorra izaten dute pagadien itzalak agertu baino lehen. Garapen azkar hau udazkenean zein neguan biltegiratzen dituzten erreserbei esker gauzatzen dute. Bizi zikloa periodo motzean amaitzen dute. Estratega hau duten eta Urbasa-Andia natura parkean aurkitzen diren espezie batzuk ondorengoak dira: Isopyrum thalictroides, Ranunculus ficaria, Erythronium dens-canis, Allium ursinum, Corydalis bulbosa, Scilla lillio-hyacinthus, Anemone nemorosa, Arrum maculatum, Cardamine flexuosa, Cardamine hirsuta, Symphytum officinalis... Badira Espainian, Pirinioetatik salbu, ezohikoak diren klase honetako landareak, besteak beste, Convallaria majalis, Lilium pyrenaicum eta Lilium martagon.[6]
  • Beste estrategietako bat fotosintesi aparatuak urte osoan zehar aktibo edukitzea da. Hala, udako fotosintesi eskasiak udazkeneko eta udaberriko baldintza faboragarriekin konpentsatzen dira. Estrategia hau duten zuhaitz eta zuhaixka batzuk garatxo-belarra, huntz arrunta, gorostia eta hagin arrunta dira. Estrategia berbera duten belar batzuk ondorengoak dira: Helleborus viridis subsp. occidentalis, Hepatica nobilis, Saxifraga hirsuta, Carex brevicollis, Carex flacca, Avellinia flexuosa, Festuca rubra, Vincetoxicum hirundinaria... dira.
  • Baso hostogalkorretan aurkitzen diren landareen estrategia nagusia argi intentsitate baxuetan jarduteko mekanismo fotosintetikoak dira. Hala, landare hauek balantze energetiko positiboa edukitzen dute udan. Estrategia hau duten landare batzuk luzean hazten dira, esaterako Brachypodium sylvaticum, Bromus ramosus, Festuca gigantea, Hordelymus europeaus eta Melica uniflora. Beste batzuk multzokatu egiten dira, adibidez, Carex sylvatica, Sanicula europaea, Ranunculus tuberosus, Carex pilulifera, Athyrium filix-foemina, Dryopteris filix-mas, Mycelis muralis, Luzula sylvatica, Vicia sepium, Lathyrus montanus eta Viola spp. Azkenik, beste landare batzuk lurrazalean zabaltzen dira ahalik eta azalera handiena hartzeko. Honen adibideak dira Lamiastrum galeobdolon, Ajuga reptans, Glechoma hederacea, Veronica officinalis, Veronica montana, Veronica chamaedrys, Lysimachia nemorum, potentilla sterilis, Fragaria vesca... dira.

Pagadi motak aldatu

Urbasa-Andian aurkitzen diren pagadi motak ondorengoak dira: Pagadi azidofilo atlantikoak, pagadi basofilo onbrofiloak eta pagadi basofilo xerofiloak [6]. Hiru hauen artean ugariena pagadi basofilo onbrofiloak dira. Bertan indikatzaile garrantzitsuak diren bi espezie aurkitzen dira dira: Hegoaldeko elorri zuria eta pulmonaria longifolia.

Pagadi guztiek ez dituzte baldintza (topografia, plubiometria, lurzoru...) berberak. Gainera gizakiak modu ezberdinetan eragin du hauetan. Honek guztiak dibertsitate floristikoa ahalbidetzen du [6].

  • Buztinetan aberatsak diren lurzoruek ura biltzeko gaitasun handiagoa dute. Inguru hauetan pagoez gain astigar ugari ageri dira, adibidez, Altsasuko kortan.
  • Zona hezeenetan pagoa ahuntz-sahatsarekin, Salix caprea batera agertzen da. Beste batzuetan, intsusa beltza, Sambucus nigra agertzen da ahuntz-sahatsaren ordez, adibidez, Bagaioko errekan.
  • Gune harritsuetako landaredia arroken substratuez baliatzen da hozitzeko eta orbelak eragiten dituen zailtasunak ekiditeko. Gune hauetan ohikoak diren landareak iratzeak dira, besteak beste, Asplenium scolopendrium, aspelium trichomanes eta Saxifraga hirsuta. Arroketako arrakaletan geranioak, basoetako mingotsak eta osinak agertzen dira.
  • Lurzoru lehor eta errakitikoetan, besteak beste, Agiletako gailurrean, Otsaportiloko dolinetan eta Legunbeko tontorretan, zuhaixka eta zuhaitz ugari agertzen dira: Tilia platyphyllos, Fraxinus excelsior, corylus avellana, Sorbus aria eta Rhamnus alpinus. Haitzetan ageri den espezie esanguratsuena hagin arrunta da, Otsaportilloko karretera inguruan 500 urte dituzten aleak agertzen dira. Aipatzekoa da azken hau monumentu natural gisa izendatuta dagoela.

Azken hamarkadetan botanikoek Urbasa eta Andiako pagadiak ikertuak dituzte bertako biodibertsitatea dela eta.

Ametz ilaundun aldatu

Ametz ilaundunak distribuzio submediterranearra du, Iberiar Penintsulan nagusiki Pirinioetan agertzen delarik. Urederrako Erreserba Naturalean agertzen dira Ametz Ilaunduak, eta garrantzi ekologiko handiko basoak eratzen dituzte. Urederrako Erreserba Naturala pagadietatik arteetara joanez, Ameskoa aldera, kokatzen da. Buztindun kareharrietan eta tupetan aberatsa den lurzoruan agertzen dira ameztiak.

Baso mota honen ezaugarri esanguratsuena izaera semikaudufiloa da. Zuhaitz honek hostoak ez ditu galtzen udaberria heldu arte, eta hostoak erori bezain laster agertzen zaizkio berriak. Hori dela eta, pagadien eta artadien artean duen posizioa nabarmen bereizten da.

Florari dagokionez nahiko baso dibertsoa da. Ametz ilaunduez gain, artea eta lizarra bezalako zuhaitzak agertzen dira. Zuhaixkei dagokionez, hegoaldeko elorri zuria, elorri beltza, marmaratila, hainbat arrosa espezie ( Rosa arvensis, R. agrestis, R. squarrosa eta R. nitidula ), Amelanchier ovalis eta ezpel arrunta agertzen dira. Hauez gain, huntza, apomahatsa, eta atxaparrak (Lonicera xylosteum eta L. etrusca...) ere bai agertzen dira. Lurzoruko belarkara ere bai aberatsa da: Pulmonaria longifolia, Hepatica nobilis, Agrimonia eupatoria, Cirsium tuberosum...

Baso mota hau mendebaldeko eta Araba-Nafarroako asoziazio piriniarrean sailkatu da, eta mendebaldeko distribuzioaren muga osatzen du. Hori dela eta, balio ekologiko handia du.

Bestelako landaredia aldatu

Pagadi eta harizti pubeszenteez gain bada bestelako landaredia. Txilardiak Entziako lurzoru podzolikoetan ageri dira, hareharri ugari duten lurzoru azidoetan hain zuzen. Sastrakek dibertsitate handia dute. Sagarminagan, Zalbiden eta Urbasa hegoaldean ezaugarri ezberdinak dituzten sastrakak ageri dira. Hauen garrantzi ekologikoa eta botanikoa dela eta kontserbatu beharrekoak dira. Larreak urte luzeetan zehar eman den abeltzaintzaren ondorio dira, Urbasako Larretik Zunbeltzeraino hedatzen direnak. Arroketako landaredia bereziki San Donaton eta Urederrako iturburuan ageri da. Baso laborantzari dagokionez nagusiki pagoa landatu da. XX. mendearen hasieran koniferoak landatzeko saiakerak egin ziren baina bertako biztanleriaren babes eza zela eta oso urri landatu ziren.

Landare espezie hauen artean bizi-estrategia ezberdinak ageri dira. Estres toleratzaileak direnek, esaterako txilardiek, lehiakiderik gabeko lekuak bilatzen dituzte, energiaren zati handi bat estresa gainditzeko bideratzen dutelarik. Landare erruderalek, esaterako osinek, jaiotze tasa handia dute asalduraren ostean ageri diren soilguneak azkar kolonizatzen dituztelarik. Lehiakideak diren landareak, adibidez pagoak, urriagoak baino lehiarako hobeak dira. Aipatzekoa da, basoko landaredia bere osotasunean erreparatuko bagenu talde batean edo bestean hain erraz sailkatuko ez genituzkeen landareak topatuko genituzkeela.

Giza aktibitatean eragina basoan aldatu

Landare jatorriko ikatza basotik eskuratzen zen produktuetako bat zen. Lan honetarako pagoak gazte zirelarik mozten ziren, enborretik ernaberritzera behartuz. Hala, pagoak baxuak ziren eta enbor bat baino gehiago zituzten. Ziklo hau behin eta berriro errepikatzen zen harik eta landareak ernaberritzeko gaitasuna galtzen zuen arte. Hori gertatzean, pago berri bat landatzen zen eta zikloa berriro abiarazten zen. Basoko pago gehienak funts honetarako erabiltzen ziren. Gaur egun, praktika hauek burutzen ez direnez, pagoek altura handiagoa dute. Hala ere, pago askok produkzio honen arrastoak kontserbatzen dituzte, adibidez enbor bat baino gehiago edukitzean. Arbizuko Sareetan ikatz produkzioaren arrastoak dituzten pago ugari daude.

Beste zuhaitz batzuk adar ugariko enbor lodiak eduki zitzaten mozten ziren, adaburu handiak osatuz. Hauek abereek itzala edukitzeko, sutarako egurra eskuratzeko, hostoekin behiak elikatzeko eta ezkurrekin txerriak elikatzeko erabiltzen ziren. Egitura hau duten zuhaitzak galtzen ari dira, batzuk estuago bilakatu eta basoaren parte izaten amaitzen dute. Beste batzuk, larrera zabaltzen dira alboetako zuhaitzen heriotzaren ondorioz.

Basoaren trataera hauek galtzen ari dira gaur egun taulak egiteko kalitatezko egurra nahi delako. Produkzio honetara bideratutako basoetan pagoak lodiak eta altuak handitzen dira.

Abeltzaintza basoan eragiten duen aktibitateetako bat da. Garrantzitsua da leheneratzen ari diren basoak hesitzea, izan ere, abereek pago gazteak hil edo kaltetu ditzakete eta kasu honetan, zaharrak hiltzean ez dute ondorengorik ordezkatzeko. Basoko landaredia gehiengoaren estaldura gutxitu egiten da abeltzaintzaren ondorioz. Beste batzuk, ordea, onura jasaten dute ,esaterako, mandabelarrak, iratzeak etab. Osinak ugaritu egiten dira animalia gorotzen inguruan. Honek ez du esan nahi basoa eta abeltzaintza ezin direnik uztartu. Abeltzaintzaren ondorioz eskuratu diren balore estetiko eta ekologikodun paisaiak lor daitezke, honen adibidea da Altsasuko korta.

Landare babestuak[6] aldatu

44 landaredia komunitate bereizi dira natura-parke honetan. Komunitate hauen garrantzia neurtzeko erabiltzen diren indikatzaileetan oinarriturik, 44 landare komunitate hauetatik 6 Lehentasunezko Interesa dute.

Basoetan aipatzekoa da Olazagutiako erkametzaren presentzia da, izan ere, ingurune eurosiberiarrean dagoen landaredia mediterranearren errepresentazioa da.

Monumentu natural diren bi zuhaitz ere badaude: Otsaportiloko hagina eta Limitazioko pagoa.

Kontserbazioa aldatu

Iberiar otsoa Urbasa-Andian bizi izan zen, gizakiak azken alea 1923an hil zuelarik[4]. 1981ean ale bat agertu eta hil zen [7]. Gaur egun otsoa Urbasa-Andian desagertua dago. Azken urteotan Euskal Herrian, batez ere Karrantza, Artzentales, Salbada, Gibijo eta Valdegovia inguruetan agertu dira otsoak. Euskal Herrian, Burgosko iparraldean eta Kantabriako ekialdean 15-25 inguru daudela estimatu da [8].

Abereek jasan ditzaketen otso erasoak nola kudeatu eztabaida dakarren gaia da, eta zalantzarik gabe, landu beharrekoa otsoa berriro ere Euskal Herrian ikusi nahi bada.

Bestetik, Urbasa-Andiako kontserbazio arazo batzuk anfibioen ugalketa eremuak hondatzearekin erlazionatuta daude. Honen arrazoiak ondorengoak dira: [7]

  1. Abereak putzuak zapaltzea eta kutsatzea.
  2. Putzuetako landarediaren hazkuntza handiegia eta putzuetan materialak sedimentatzea lokatza eratuz.
  3. Lokatza baztertzeko dragatzea prozesuak anfibioen ugal-garaian edo hibernazio garaian egitea.

Urbasa-Andian Nafarroako anfibio espezieen %80 aurkitzen da. Anfibio populazioen joerak ezagutzeko asmoz, populazio hauen jarraipena egin da Urbasa-Andian eta inguruko beste natura-parkeetan, besteak beste, Aralarren, Izkin eta Valderejon [9]. Mendilerro ezberdin hauetako anfibio populazioek joera berdintsuak dituztela ondorioztatu da. Hala ere, mediterranear jatorriko anfibio populazioetan ezberdintasunak sumatzen dira inguruko mendilerro ezberdinen artean. Izkin eta Valderejon, mediterranear jatorriko anfibio populazioak ia desagertzear daude. Urbasa-Andian dauden mediterranear jatorriko apo lasterkarien (E. calamita) eta apo pikartaen (P. punctatus) populazioak, ordea, ugariak dira. Hala ere, datozen urteetan arreta berezia ezarri beharko zaie Urbasa-Andiako mediterranear jatorriko anfibioei, Arabako mendilerroetako joerak segituz, populazio hauek eduki ditzaketen banako kopuruaren gutxitzeak detektatzeko.

Gizaki aztarnak aldatu

Parkean orain dela 100.000 urte bizi ziren gizakien aztarnak aurkitu dira. Dirudienez, ehizatik bizi ziren. Orain dela 7.000 urte abeltzaintza egiten hasi ziren lehenengoz. Trikuharriak ere bai aurkitu dira.

Irudi galeria aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Nafarroako Gobernua, ed. Parque Natural Urbasa-Andía. .
  2. 340/2001 Foru Dekretua, abenduaren 4koa, Urbasa eta Andia Mendiak erabili eta kudeatzeko Plan Zuzentzailea onesten duena
  3. 3/1997 Foru Legea, otsailaren 27koa, Urbasa eta Andiako Parke Naturalari buruzkoa
  4. a b c d e El Parque Natural de Urbasa y Andía.. Caja de Ahorros de Navarra 1998 ISBN 84-87120-61-X. PMC 43837703. (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).
  5. Galán, Carlos. (2018). NOTAS SOBRE LA FAUNA CAVERNÍCOLA DE LA SIMA URBASA 11 (NAVARRA).. Aranzadi Zientzia Elkartea.
  6. a b c d Berastegi, Asun. (2011). Valor de conservación de la flora y la vegetación de las Sierras de Urbasa-Andia (Navarra).. , 177 - 198 or..
  7. a b Bergerandi, A.. (2006). PARQUE NATURAL DE LAS SIERRAS DE URBASA Y ANDÍA. Ministerio de medio ambiente.
  8. M, Elosegi Irurtia, Migel. (1997-02-01). «Otsaila, otsoaren hilabetea ote?» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).
  9. Gosá, Alberto; Garin-Barrio, Ion; Rubio, Xabier; Laza-Martínez, Aitor; Cabido, Carlos; Fernández, Ane. (2019-11-11). «Seguimiento de anfibios en espacios protegidos del País Vasco y Navarra. II. Parque Natural de las sierras de Urbasa y Andía y Zonas Especiales de Conservación de la sierra de Aralar y Roncesvalles-Selva de Irati (Navarra).» Munibe Ciencias Naturales  doi:10.21630/mcn.2019.67.14. ISSN 0214-7688. (Noiz kontsultatua: 2021-04-10).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu